Soraluze - Kortazar ibilbidea (eu)
1993 urtean Debabarreneko Aisialdia eta Turismoaren Mahaiak fitxategi bi argitaratu zituen, Debabarreneko herrien inguruetako ibilbideak proposatuz. Ibilbide hauek oinez zein mendiko bizikletaz egiteko aproposak dira.
Soraluze - Kortazar ibilbide hau bertan agertzen zen- Honetaz gain beste bi ibilbide agertzen ziren, Soraluze - Sagarerreka eta Soraluze - Krabelin-aitz.
Ibilbidea
lbilbide honek Kortazarreko Haitzeraino eramango gaitu, Aita Barandiaranek Trikuharrien lbilbidea izenez bataiaturikoaren abiaburura alegia 700 metrotik gorako altueran egiten den ibilaldi polita da eta lrukurutzeta tontorreraino ailegatzen da.
- Udaletxetik abiatuz, Jasokundearen Santa Maria la Real elizaren ondoko eskaileretatik edo errepidetik Estazio kalea pasa eta Zeleta ingururaino igoko dugu.
- Gune honetan hirigunetik atera eta San Andreserako bidea hartuko dugu.
- Aipaturiko gunetik 700 metrora, Txurruka auzorako bidegurutzea eskuinean utzi eta ezkerreko bidea, iparraldera doana, hartuko dugu eta...
- ...600 m-ra Argarateko harkaitzekin egingo dugu topo.
- Soraluze eta Deba ibaiaren ikusmira bikainez gozatzen dugularik, aurrera jarraituko dugu errepidea utzi gabe, Argarateburu baserriaren ondotik pasatuko gara, gero Barrenetxe eta Urruzkarate baserrietatik igarotzeko ondoren, Obe baserriaren albotik pasatu eta bi kilometro baino zertxobait gehiago egin ostean, San Andres baserrira helduko gara eta berorren ondoan izen bereko baseliza aurkituko dugu. Toki horretan bolatoki bat dago.
- Eskuinaldean Txurrukako bidegurutzea utzita, ezkerralderantz joko dugu (ipar-ekialdeko norabidean) Goenetxe baserri ondotik pasatu eta gero, Izagirre baserri azpitik eta ondoren Goenetxe-etxetxo baserriaren gainetik iragango gara San Andresetik 2 kilometrora gutxi gora-behera.
- Bidegurutze bat dugu, ezkerreko aldera jo ezkero San Roke eta Ezozia baselizetarantz eramango gaituena. Guk eskuinetik jarraituko dugu, lehendabizi ekialderantz (altuera hartuz joango gara) eta ganaduentzako itxidura bat pasatu ondoren...
- ...aurreko bidegurutzetik kilometro batera, gutxi gora-behera, Urkiazelaiko inguru idilikora eta Manditurrira helduko gara.
- Jarraian, Euskal Herriaren ikusmira ederrez gozatuz bi kilometro igo ondoren, Kortazarreko Haitzera helduko gara: Soraluzetik 8 kilometrora daude.
- Kortazarreko Haitzean mendiz mendiko ibilbide eder bat hasten da, Irukurutzetako tontorreraino heltzen dena. lbilbidean zehar hainbat gailur daude, hala nola, buzoi eta guzti dauden Akelarre eta Atxolin; dena den, gailurrik gehienak oinean duten bidetik ingura daitezke.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Leku interesgarriak
A. Argarateko haitzak
Jatorri bolkanikoa duten formazio bitxiak dira, urpeko erupzioetatik sortutako laben ondorioz eraturikoak eta kuxin -edo almohadila- egitura dutenak.
B. San Andres
Baserri-auzoa da eta bertan auzoari izena ematen dion Santuaren baseliza dago, 1542an eraikitakoa bera. Errenazimentuko eskulturaren lagin bikainak ditu, hala nola, pulpituko panelak, alboko aldareko sagrarioa.
Auzoak bolatokia ere badu.
C. San Roke
Ezoziko Amaren Santutegitik berrehunen bat metro gorago, Bera Kruzen antzina-antzinako basaeliza dago, geroago San Roke izena hartu zuena: arestian berritu da.
Mendebaldera ematen duen fatxadako Erdi Aroko leiho-baoak bere zahartasunaren lekuko dira. Baseliza honi dagokio Errenazimenduko bi taila eder dituen aldare hormakonka bat, Valladolideko San Roke eta San Sebastian eskolaren eragina duena.
D. Ezozia
Ezoziko Amaren Santutegia hirigunetik bi kilometro ingurura dago. Bertara joateko errepide asfaltatu zabal bat dago, Ezozia etorbidean hasi eta futbolzelai ondotik pasatzen dena.
Baselizaren plaza 1852an eraiki zen eta eusten dion murrutzarraren azpian, antzinako herribidea bateratzen den lekuan, ur ederreko iturri bat dago.
Inguruetan hainbat leinu-etxe daude, hala nola, Espilla (zati bat eroria badago ere, oraindik gordetzen du blasoia), Aldasoro, Mendiola, Irigoien, Armendia (kararrizko armarri, murruartekak) eta abar.
Santutegia XVI. mendekoa da eta balio artistiko handiko elementuak ditu, esate baterako, urbedeinkatu-ontzi gotikoa, egikera gotiko aparta duen Ama Birjinaren irudi fina, grabatu astrolatikoak, koruaren euskarri den zureriako grabatuak.
E. Urkiazelai
Zonalde idilikoa da, landa-bazkariak egiteko egokia. Bertan mahaiak, mendi-aterpe partikular bi eta, errepide ondoan kokaturik, Mando iturria dago.
F. Trikuharrien ibilbidea
Kortazarreko Haitzean Irukurutzeta gainean bukatzen den mendiz mendiko ibilaldi ederra hasten da.
Hona hemen toki hau bisitatzeko hainbat arrazoi: ia ibilbide osoan belarra, bi guneen arteko altuera-alde txikia (50 metro inguru 6 kilometroko ibilbidean), ikusten den paisaia zoragarria, ibilbidean zehar dauden historiaurreko trikuharri eta tumuluak etab.; trikuharriok egoki seinaleztatu ditu Aranzadi Zientzia Elkarteak.