Soraluze - Azurtza ibilbidea (eu)
1993 urtean Debabarreneko Aisialdia eta Turismoaren Mahaiak fitxategi bi argitaratu zituen, Debabarreneko herrien inguruetako ibilbideak proposatuz. Ibilbide hauek oinez zein mendiko bizikletaz egiteko aproposak dira.
Soraluze - Azurtza ibilbide hau bertan agertzen zen- Honetaz gain beste bi ibilbide agertzen ziren, Soraluze - Kortazar eta Soraluze - Krabelin-aitz.
Ibilbidea
lbilbide honek (gutxi gora-behera 6 kilometro) Sagar-errekatik barrena Azurtzako landa berdeetara hurbiltzeko aukera eskaintzen digu, Topinburu, Galdaramiño eta Azkonabietako tontorretatik hurbil daude.
- Soraluzeren ipar-mendebaldeko sarrera izango da abiaburu, hau da, Maltzagako bidegurutzetik gatozela hirigunearen hasiera. Bariantearen hasieran gaudelarik, berau ezkerrean utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu, hainbat industri pabiloiren ondotik iraganez.
- Berehala bidegurutze batera helduko gara eta ezkerrera jo ezkero San Martzial ermitara helduko gara. Bidegurutzea utziz eskuinera hartuko dugu, antzinako zabortegi baten albotik pasatuz errepidean gorantz jarraitzeko.
- Ibilbidearen hasieratik kilometro bat pasatxora Ospittal iturri ondotik pasatuko gara. Gorantz jarraituko dugu...
- ...eta laster Arregibaso baserrira doan pistaren sarreran dagoen iturrira helduko gara. Iturri hori eskuinaldean utzita, aurrera jarraituko dugu...
- ...eta aurreraxeago, lehengo bidegurutzetik 500 metrora, hainbat metroko ur jauzi zoragarri batek liluratuko gaitu.
- 400 metro aurrerago, Sagar-errekako presa handira iritsiko gara.
- Errepideari jarraituz kilometro bat gorago, bailara zabaldu egiten da; landa artean dagoen lbarrola baserria eta errota abandonatuaren ondoko iturria ikusiko ditugu.
- Errepidean gora segitu, nekosta eta pagadien artean bailarako zonalde garaira heldu arte. Gero Bergaretxe baserri ondotik pasatuko gara eta berehalaxe...
- ...gure Basoetxe elkartea dagoen bidegurutzeraino helduko gara. Eskubira Topinburu, Salbador, Illordo eta Irurerantz aldera abia gaitezke errepideari jarraitu eta...
- ...goraxeago Azurtza baserrira ailegatuko gara. Oso toki polita da eta bertatik Galdaraminoko tontorrera joan daiteke erraz.
- Azurtza baserritik 500 metrora edo, ikusmira ederreko bidegurutze batera ailegatuko gara; bertatik Egoarbitza ikusten da. Bidegurutze horretatik hainbat norabide har ditzakegu Azkonabietarantz, Karabieta gainerantz, Elgeta-Eibar errepidera jaitsi edo Arraoz baserritik zehar Galdaramiñorantz joan.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Leku interesgarriak
A. Emeterio eta Zeledonio Santuen baseliza
San Martzialeko tontorrean dago, Hernizketa baserriaren ondo-ondoan. Bertako jaia iraileko lehen igandean izaten da. Baseliza honetan santu martirien erretaula plateresko bat dago. Aurreko, ezkerreko eta atzeko fatxadak hartzen dituen ataripe bat ere badu.
Jaiaren berezitasuna ohitura zahar batean oinarritzen da, karitatearen banaketan alegia. Honela gauzatzen da jaia, San Martzial egunean txahal bat akabatzen da. Okela zatika moztuta auzoan banatu eta limosna jasotzen da.
B. Sagar-errekako ur jauzia
Ibilbidearen gune honetan ur jauzi ikusgarri batek harrituko gaitu. Toki ezkutuan dago eta ingurua landareriaz gainezka du.
Errekak ur asko daraman garaian Sagar-errekatik barrena egiten den txango honen txokorik ikusgarriena da.
C. Ibarrola baserria
Hemen, ibili dugun bailara itxiaren eta begi bistan ditugun paisaia irekien arteko kontrastea agirikoa gertatuko zaigu.
Bailararen goiko aldearen hasiera da eta bertan zelai berde zabalez gozatuko dugu lbarrola baserriaren eta errota abandonatuaren ondoan dagoen iturrian freskatu ahal izango gara.
D. Azurtzako baserriak
Azurtza, Elgetako auzo polit bat den arren, Eibar eta Soraluzeko mugatik oso hurbil dago.
Santiagori eskainitako baseliza bat dago eta Jaiak uztailaren amaieran izaten dira.
Naturarekin harremanetan egun bat igarotzeko oso toki egokia da.
E. Ibilbide bukaera
Txangoari jarraipena emateko hainbat aukera eskaintzen dituen bidegurutzea Azkonabieta, Egoarbitza eta Galdaraminoko tontorrak hurbil ditugu hemendik.
Txango hau trabesia bihurtuz Elgeta, Bergara edo Eibarrerantz jo dezakegu