Dolmenen ibilbidea (eu)
Dolmenen ibilbidea PR-Gi 94 | |
---|---|
Egilea | Debegesa |
Urtea | 2013 |
Hiria | |
Tamaina |
Mapa zertan den
Mapa honek Dolmenen ibilbidea (PR-Gi 94) erakusten du. Erakusten ditu, hobeto esateko, delako ibilibide hori bostetan bereizten duela:
- PR-Gi 94. Elgoibar - Karakate
- PR-Gi 94. Soraluze - Gizaburua
- PR-Gi 94. Bergara - Iturriberri
- PR-Gi 94. Karakate - Iturriberri
- PR-Gi 94.2 Kurutzebakar - Iturriberri (Aizpuruko saihesbidea)
Mapak bide bakoitzeko bere ezaugarriak, azalpenak eta profil altimetrikoa erakusten ditu. Gainera, Elosua-Soraluze Estazio Megalitikoaren azalpen orokorra ekartzen du, hainbat argazkiz lagunduta. Testuak euskaraz eta gazteleraz daude.
Mapa Debegesak atera zuen, erakunde hauen laguntzaz: Soraluze, Elgoibar eta Bergarako Udalak, Leader Europako programa eta Gipuzkoako Mendizale Federakuntza.
Elgoibar - Karakate
Azkue auzotik (San Roke) abiatzen da ibilbidea hegoalderantz, mendebaldeko hegaletik Karakatera igotzeko bidearekin bat egin arte. Larre eta pinudi artean, Iturbe baserrira iritsiko gara. Une horretan, bideak ezkerretara egiten du, eta aldapan gora joango gara, ia Karakateko tontorrera iritsi arte.
Soraluze - Gizaburua
Ezozia auzotik abiatzen da Gizaburua inguruan Karakate-Irukurutzeta banalerroarekin bat egiten duen bidezidorra. Balio handiko baso atean barrena, trikuharriak eta tumuluak dauden lekuraino eramango gaitu bideak, Mendiola errekaren soinuak entzunez.
Bergara - Iturriberri
Aranerreka auzotik abiatuko gara, eta Iturriberriraino eramango gaituen bidean aurrera egingo dugu, Lasturrieta eta Aranerdikoa baserrietarako bidea hartuta. Baso eder baten babesean, Bergara eta Antzuola udalerrietako mugetatik igarotzen den bidera iritsiko gara. Bideari jarraituz, Elosua gainera eta Iturriberriko atsedenlekura (Gorla) helduko gara.
Karakate - Iturriberri
Karakatetik Iturriberri ingururaino, bidezidor bat doa banalerroan zehar (igoera saihestu eta ibilaldi lasai bat egin nahi duena autoz joan daiteke Karakateraino). Bertan, estazio megalitikoko historiaurreko kulturaren aztarnak, trikuharri eta tumulu forman ageri direnak, ikusi ahal izango ditugu.
Ikuspegi zabalek Euskal Herriko mendigune garrantzitsuenen handitasuna erakutsiko digute, eta Gizaburuako tumulura iristean, ibilbide honen benetako esanahiaz jabetzen hasiko gara. Iruiyako (Irubieta), Aizkoingo eta Naasiko Goenako (Nasiko Goena) megalitoek gidatuko gaituzte Kurutzezarraren muinoraino, eta, bertan, Arribiribilletako trikuharria ikusi ahal izango dugu. Muino zabal batean, Irukurutzetako trikuharria aurkituko dugu, eta, handik metro gutxira, izen bereko gailurra.
Puntu honetan, beheranzko bideari ekingo diogu, Agirrebururaino zabaltzen den mendilerroaren paraleloan. Bidean, Keixetako (Kerexeta), Keixetako Egiya norte (Kerexetategi iparrekoa), Keixetako Egiya sur (Kerexetategi hegokoa) eta Maurketako trikuharriak eta tumuluak ikus ditzakegu. Pagadiaren babesean, Kerexetako gainera eta Agerreburuko (Agirreburu) trikuharrira iritsiko gara. Sorusaitzako gailurra saihestuz, asfaltozko bide bat aurkituko dugu, Labeaga baserri ingurura eramango gaituena. Ondoren, bide zabal eta garbi bati jarraituz, Iturriberriraino iritsiko gara.
Kurutzebakar - Iturriberri (Aizpuruko saihesbidea)
Kurutzebakar gailurraren inguruetan hasten da Iturriberri aldean bidezidor nagusiarekin bat egingo duen ingurabidea. Kutzebakaarreko (Kurutzebakar) tumulua dagoen gailurrera iritsi ondoren, bideak beherantz egiten du gogoz, Soraluze eta Bergara udalerriak mugatzen dituen banalerroari jarraituz.
Aitzpuruko zabala (Aizpuruko zabala) trikuharrira heldu ondoren, artadian zehar aurrera eginez, Soraluzetik eta Osintxutik datozen bideekin eta gure ibilbidearekin bat egiten du bideak Pol-Polerantz. Bidearen azken zatia ia laua da erabat, eta, bertatik, Agirre baserriaren inguruetara iritsiko gara. Hemen, bideak PR nagusiarekin bat egiten du. Ingurabide honek zirkulu formako ibilaldia egiteko aukera ematen digu, Iturriberriko atsedenlekutik hasita.
Soraluzeri buruzkoak
Bide horietatik bat (Soraluze - Gizaburua) Soraluze udal esparruan dago, eta bigarren bat (Karakate - Iturriberri) Soraluze eta Elgoibar arteko mugetatik doa, gero Bergarara aldera jotzeko.
Bitxikeriak
Arribiribiletaren argazkia dauka, baina oraindik etzanda.
Erreferentziak
- Dolmenen ibilbidea (Karakate-Iturriberri). Debabarrena Turismoa.
Mapa ekartzeko biltegi digitalera joan.