Armendia baserria (eu)
Armendia | |
---|---|
Izen formala | Armendia |
Bailara | Ezozia |
Altuera | 215 m |
Hedadura | 10 Ha |
Kaletik | 1,8 km |
Bertako familia
Iribar-Belategitarrak
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Baserriaren inguruko kontuak [1] [2] [3]
Armendia abizena Soraluzekoa da, eta mendi harritsua esan nahi du.
Baserria eraikin errektangularra da eta bi isurkiko teilatua du, gailurra fatxada nagusiaren perpendikularra duela. Kanpoko hormak harlangaitzezkoak ditu, eta ertzak eta beheko oineko leiho inguruak harlanduzkoak. Beheko aldena, halaber, gezileihoak ditu.
Goiko oinetan egurrezko bilbadurak ditu agerian, eta oholarteak harlangaitzezkoak. Albo-fatxada batean, goiko aldean, oinetxearen armarri barrokoa ikus dezakegu: urrezkoa gaztelu gorriaz (gules) bi zuhaitz orlegi (sinople) artean; eskumakoan, zilarrezko (sable) otsoa kate urdinez (azur) enborrari lotua. Baina Soraluzeko beste batzuk heraldika hau erabili zuten: zilarrezkoa, zilarrezko (sable) bi basurdekin zutik jarrita. Buelta guztia gorria (gules), pikoduna.
Teilategalean egurrezko pieza landu batzuk ere aipagarriak ditu. 1994. urtean, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz, estaldura konpondu zuten.
Barruko aldea oso aldatua du. Badu oraindik jatorrizko egituraren pieza bat edo beste, baina nabaria da etxe barruan berrikuntza eta aldaketa asko egin dituztela, batzuk orain dela ez asko, baserriaren alde bat ostalaritzarako erabiltzearren: gaur egun berrogetamar urtetik gora darabil jatetxe moduan, eguneko menua eta karta.
XVI. menderako bazen Armendia baserria. Lope Martínez de Isastik ere aipatzen du geroago, 1625ean, oinetxe hau.
Soraluzeko Udalaren 1649tik 1704ra bitarteko Akta Liburuan irakur daitekeenez, 1671ko apirilaren 26an Udalak eta Pedro Otxoa Armendiakoak lur batzuk trukatu zituzten. Armendia baserriko nagusiari baserriko sagastiaren ondoan zeuden lur batzuk eman zizkion Udalak, Ezoziako Andra Mariaren baselizako ataria egiteko hark Udalari eman zizkion lurren "trukean eta ordainez".
Antonio Ochoa de Armendia jaunak, baserri honen jatorrikoa, bere kaparetasuna (edo hidalguia) Mutrikun frogatu zuen 1707. urtean. Bertako Armendia doktorea Oñatiko Unibertsitatearen errektorea izan zen.
1725. Martin Ochoa de Armendia zen baserriaren jabea, eta garai berean Ventura de Armendia agertzen zen casilla de Armendia izenekoan.
1728. urtean Soraluzeko Udalak Manuel de Mendiola sindiko prokuradorea ahalbidetu zuen 850 dukateko auzia hasteko. Berme gisa, 25 jauntxok (eta gainontzeko biztanleek) beren ondasunak bahian eman zituzten; tartean Martin Ochoa de Armendia zen, Armendia baserria eta Araneta etxetxoa hipotekatu zituela[4].
1766 urtean Udalen osaketa legez aldatu zenez, 1776 urtean 16 lagunek Udalari eskatu zioten milarista moduan onartzeko, norberak bere "etxea" jarriz berme gisa, eta Udalak onartu zituen (1776/10/13). Tartean Bartolomé Antonio de Armendia zen, Armendia baserri-oinetxea aurkeztu zuela.
XIX mende hasieran Justo Antonio de Armendia zen jabea. Aurrerago, Ernizketa, Ezozi eta Irigoinekin batera, Arcadiaco Kondearen jabetza izan omen zen Ernizketa[5].
1890. urteko erroldaren arabera, bertan Francisco Churruca Alberdi bizi zen, 26 urtekoa; ez zekien irakurtzen ezta idazten. Francisco Churruca hau 1936 urtean hil zen, 80 urte zituela.
Erreka aldera errota zeukan, Armendia errota. XIX mendean martxan zegoen oraindik, José Salaverría ardurapean, baina XX mende bukaeran, aparkamientua egiterakoan, desegin zuten.
Erreferentziak
- ↑ Soraluzeko baserriak. (78. orrialdea)
- ↑ Caseríos de Guipuzcoa. (300. orrialdea)
- ↑ Soraluze. Monografía histórica. (241 orrialdea)
- ↑ (Soraluzeko Udal Artxibategia. Eskritura Publikoen Erregistroa 1728/10/25).
- ↑ Karlistada batean jabea eta bere semea, liberalak, bertara etorri omen ziren, eta ganbaran gordeta bizi ziren. Karlistek jakin zutenean, baserrira etorri zitzaien eta kanpotik aitari deitu zioten. Aitak ganbarako lehiatila batetik burua agertu eta... danba! tiroa bota zioten eta bertan geratu zen seko. Semeak ortutik hanka egin zuen, Ezozia baserria, eta handik ihes egin zuen. Paretan geratu zen odol arrastoa handik urte askotara ikus zitekeen oraindik.