Komunikabideak. Aintzinako sarea (eu)

    Sorapediatik
    Komunikabideak historian zehar ikusteko, Komunikabideak (eu)
    Soraluze ingurua (Pieter van der AA 1707)

    Soraluze inguruko errege bideak

    XVIII mende bukaeran Maltzagako lotunea zabaldu arte, Soraluze zen ingurutako komunikabide gune garrantzitsuena. Eta halaxe agertzen da 1707 urteko Nouvelle Carte de Biscaye avec les grans chemins (Pieter van der AA) mapan.

    Mapa Beschryving van Spajen en Portugal (Espainia eta Portugaleko kutiziak) liburuan agertzen da eta, lojikoa denez, oso zehatza ez da. Baina bertan ikusi daitekeenez, bost bide elkartzen ziren Soraluzen.

    Zehatzago aztertuz, bertan agertzen da hego-ipar ardatza, Deba arroaren bidez Gasteiz itsasoarekin lotzen zuena. Bergara eta Osintxu bidez Soraluzera heltzen zen, eta handik Elgoibarrera.

    Bigarren ardatza mendebalde-ekialdekoa zen; aurrekoak baino garraio gutxiago zuen, distantzia luzeetan (Bilbao-Donostia, esateko) itsasotik azkarrago zelako. Ardatz honetako mendebaldean ez da Eibar agertzen, Elorrio baizik (Elorrio >> Udala >> Soraluze). Eta ekialdean bide bakarra izango zen, behintzat Irukurutzetara heldu arte, eta handik aurrera bitan, hirutan zabalduko zen[1].

    Aintzinako bide sare hau erromatarren garaitik edota aurretik antolatuta egongo zen.

    Eta sare honek herriko hainbat erabaki baldintzatu zituen: herria non egin (bidegurutzean, Deba ibaiaren ibiaren ondoan), ermitak non jaso (bide bazterrean), dorretxeak non eraiki (bidesariak kobratzeko toki errezenean)… Eraikin asko, gaur egun mendian sakabanatuta agertze bazaizkigu ere, garai betean denak erregebide ertzetan egin zituzten.

    Mapa kargatzen...


    Aizkorriko galtzada (Xabier Eskisabel 2009)

    Erregebideak nolakoak ziren

    Aintzinako erregebideetan pentsatzerakoan, erromatar galtzadak etortzen zaizkigu burura: metro bateko zimentuak, harri landuzko zorua eta zabalak, oso zabalak (6-12 metro). Baina ezaugarri horiek erromatar galtzada garrantzitsuenek zituzten, 'viae publicae zirenek (viae praetoriae, viae militares edo viae consulares izan).

    Euskal Herriko erregebide nagusiak erromatarren viae vicinales izandakoak ziren, edo hauen antzera eraikitakoak. Trafiko gutxiago zuten, eta geografia zailagoa zeharkatzen zuten; beraz, ezaugarri eskasagoak zituzten. Zimentuak eta harri landuzko zorua izan beharrean, lur zanpatuzko zorua zuten, ertzetan harri handiek eusten zutela; aldapetan, berriz, zoruak harrizkoak izan zitezkeen, baina ez landuak. Eta 3-4 metrotako zabalera zuten, inoiz estuagoak.


    Ardatz nagusia: Deba Arroko errege bidea

    Trazadura

    Ardatz honek Arabako lautada itsasertzearekin lotzen zuen. Deba ibaiaren albotik zetorren, baina Deba arroaren estuasunek trazadura baldintzaten zuten: Deba ibaiaren ezkerraldetik eskumaldera (eta alderantziz) pasatzen zen, tokiko ertzak eta ibien kokapenak kontutan hartuta.

    Honetaz gain, Deba arroak bi estuasun nabarmen ditu, gaur egun ere: Maltzagakoa bata, eta Mendaro eta Deba artekoa bestea.

    Lehena saihesteko, Soraluzetik hasita mendi magaletik egiten zuten gora errege bideek, Maltzagako amildegiak baino altuagotik, gero Elgoibar eta Azitainera jaisteko.

    Mendaro eta Deba arteko labarrak saihesteko, bide onena ibaia bera zen. Altzolan ibai portua antolatu zuten, eta handik behera alatan[2] garraiatzen zuten merkantzia guztia: aukera errazagoa eta merkeagoa zen.

    Errege bidea Ezozia ondotik pasatzen zen

    Soraluzeko tartea

    Erregebidea Osintxura eskumaldetik zetorren, eta bertako ibia zeharkatu eta gero (gerora zubia egin zen) ezkerraldetik Soraluzerantz jotzen zuen. Bidea gaur eguneko errepidearen paraleloan zihoan, gutxi gora behera, Herlaibia lehen eta Andikokalera heldu arte.

    Puntu honetan bideak Deba ibaiaren beste aldera pasatzen zen, Ibaizabal ibitik. XV edo XVI mendean zubia eraiki zuten bertan, pasabidea errazteko.

    Soraluzen sartzen zen eta segituan ezkerrera jotzen zuen, Kalebarrenetik aurrera. Herritik irten eta metro batzuk aurrerago Arregia jauregiaren aurretik pasatzen zen, jauregia eta harkaitzaren artean, hain zuzen.

    Gaur eguneko Gabolatsetik egin eta gero, aldapan gora hasten zen altura hartzeko, Maltzagako labarrak saihestu ahal izateko. Ezoziako santutegia eta Espilla baserriaren artean pasatzen zen, eta zuzenean Santa Cruz[3] ermitaren aldera jotzen zuen.

    Iturbe Zar eta Iturbe Barritik pasa ezkero, bideak Soraluzeko udalerria atzera lagatzen zuen, eta Elgoibarren sartzen zen, Azkueko San Bizente ermitaraino[4] jaisten, eta hemendik herri kaskora.

    Erregebide ondoko eraikinak

    Aintzinako Soraluze eta Herlaibia erregebide inguruan sortu ziren, biak ala biak ibien ondoan: bata Deba ibaiarenean, eta Erlai errekarenean bestea.

    Soraluzeko etxe zaharrenetakoak ere erregebide ondoan eraiki zituzten, erregebidea etxearen eta harkaitzen artean pasatzen dela: Arregia dorretxea eta Atxuriko etxea. Bidaiariei bidesariak kobratzeko? Espilla baserria ere, herriko zaharrenetakoa, erregebidearen ertzean zegoen.

    Eta herriko hainbat eraikin erlijioso ere erregebide ertzean egin zituzten: Ezoziako santutegia, Santa Cruz ermita, Maala ermita.


    Zeharkako ardatza: Azitaingo eta Eibarko errege bidea

    Trazadura

    Zeharkako ardatzaren lehenengo zatia mendebaldekoa da, Bizkaia aldekoa.

    Azitaingo eta Eibarreko errege bidea Andikokalen nasten zen, Deba ibaiaren ezkerraldean. Bideak Baltegietatik aurrera jotzen zuen Olabarrenara heldu arte. Handik Igaratera pasa, eta Sagar-errekatik gora Barrena baserriraino.

    Bazen beste balizko bide bat, zaharragoa agian, Herlabian hasten zena, Erlei errekako ibian bertan, Deba arroko errege bidean. Atxuri kaletik segi beharrean, Erlei errekatik gora segitzen zuen altura hartzeko eta gero Txaratik aurrera egiten zuen. Zupide jauregitik zetorren bidearekin bat egiterakoan gora hasten zen, San Martzialerantz. Ermita albo batean lagata, Sagar-erreka bailaran sartzen zen, altura jeisten Barrena baserriaren atzetik pasatuz eta errekaren beste aldera zeharkatuz[5].

    Barrena inguruko Ugarroagako bidekurutzetik erregebideak Eitza aldera jotzen zuen, berriro altura irabazten. Eitzatik aurrera errege bidea nahikoa laua zen Iraolabeitia baserriraino, Zabaletik ere pasatzen zela, mendiari buelta emanaz.

    Iraolabeitiatik gora egiten zuen, Irureko plazaraino. Hemendik, Maltzagako amildegia albo batera lagata, Azitainera jeisten zen. Azitainetik Eibarrera Ego ibaiaren ezkerreko aldetik joaten zen, lau lau.


    Erregebide ondoko eraikinak

    XII mendean Nafarroako erregeak Don Celinos bere lehengusua mendebaldeko marka defendatzera bidali zuenean, honek gaur eguneko Irureko plazan bertan ezarri zen, bere jende, ganau eta txakurrekin. Bera eta bere taldea babesteko Irure zaharra jaso zuen, errege bidearen ertzean. Modu honetan mugako bideak zaindu, bidesariak kobratu... ahalko zuen eta.

    Handik urteetara, Irure hotza zelakoan, Don Celinos honek semeari utzi zion bertako etxea eta Azitainen eraiki zuen berria, gerora Unzueta jauregia[6].

    Eta Iruretarrek beste etxe handiagoa jasotzerakoan, Irure Handikoa, hau ere errege bidearen ondoan eraiki zuten.

    Herriko hiru ermita ere errege bidearen ondoan eraikita daude: Irureko San Esteban, Zabaleko Santa Ageda eta Ernizketako San Martzial.

    Santutxua[7], Olabarrena ondoan zegoena, errege bidearen ondoan egin zuten.


    San Andres ermita (Indalecio Ojanguren)

    Zeharkako ardatza: Azkoitiarako bidea

    Trazadura

    Zeharkako ardatzaren bigarrengo zatia ekialdekoa da, Gipuzkoa aldekoa.

    Plaza Barriaren ondoan hasi, eta errepideak gora egiten zuen Elizburu kaletik gora, eta parrokiaren atzetik gero. Zeleta eta Bozkoitxi albotik pasa, eta pixkat igo eta gero Keixeta errekara heltzen zen, Keixetako errota albo batean utzita. Behin erreka ibi batez zeharkatuta, gora egiten zuen Artetaraino eta handik San Andres ermitaraino.

    Ermitatik aurrera nahikoa zuzen segitzen zuen erregebideak, San Andres eta Ipiñarrieta baserrien ondotik pasatzen Askabeitiraino.

    Hemendik Mendigainera igotzeko erregebideak eskumara jotzen zuen, Atxolin Txiki azpian Mendigaineko bidearekin bat egin arte. Mendigaina jarraituz, Pagobedeinkatu, Kurutzebakar eta Irukurutzetatik pasatzen zen. Mendigaineko tarte honetan erregebidea nahiko ondo gordetzen da.

    Irukurutzetatik aurrera erregebidea itsasertzera zihoan, baina barrutik: Azkoitia, Azpeitia, Zestoa, Meaga eta Zarautz.

    Erregebide ondoko eraikinak

    1558 urtean San Andres ermita eraiki zuten Azkoitiarako erregebidearen ondoan, Itsasoi baserriaren lurretan.


    XVIII mendeko errepide berria eta baserrietako bideak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Ekonomia aldetik, XVIII mendea oso ona izan zen. Garraioa handitu zenez, aurreko erregebideak txiki geratu ziren eta, traketsak zirenez, errepide berria egitea erabaki zuten: Bergaratik Eibarrera eta Altzolako portura.

    Horretarako Maltzagako lotunea zabaldu zuten, errepide berria ibaiaren ondotik eramanez. Ondorioz, bidariek eta garraiolariek aurreko errege bide zaharrak erabiltzeari utzi zieten.

    Errege bide zahar hauek baserritarren erabilgarri geratu ziren, batez ere Soraluzeko herri kaskoa bailarekin eta baserriekin lotzeko. Gainontzekoak galdu ziren, erabilera faltaz.

    Eta baserritarrek hainbat urteetan erabili izan dituzte herrira jaisteko, oinez, mandoz edota idi gurdiz. ideen mantenimientua ere baserritarren esku geratu zen. Trafikoa askoz gutxiago izanik, bideek gutxiago sufritzen zuten eta, inoiz apurtzekotan, konpontzerakoan estutu egiten zituzten.

    Egoera hau 1970 hamarkada arte behintzat mantendu izan zen. Orduan mendiko errepide berriak egin ziren, kotxe, ranrober eta kamioiendako. Batzutan aurreko errege bideen gainetik egin bazituzten ere, gehienetan trazadura berriak egin zituzten. Bide zaharrak, nahiz eta baten batzuk eusten saiatu, sasiek jan egin dituzte.


    Bitxikeriak

    Aintzinako sarean erregebide errazena Bergararakoa zen, Deba ibaiaren ondotik lau-lau zihoalako. Eibarrakoa eta Elgoibarrakoa, berriz, askoz zailagoak ziren, Maltzaga gainetik menditik joaten zirelako. Horregatik, Soraluzeko ospittaletik eskaleak inguruko herrietara eruan behar zirenean, 4 errial eskaleko ordaintzen ziren Bergarara eramateko, eta 6 errial, berriz, Eibarra edo Elgoibarra[8].

    Bazen beste bide bat, Elorriorakoa, Sagar-errekako Ugarroagako bidekurutzean hasten zela eta errekaren barrena zihoana. Gainontzekoek baino garrantzi gutxiagokoa izan arren, oso erabilia zen, inguruan hainbat ola zahar izan zituen eta (lehengaiak eta armak garraiatzeko ezinbestekoa zen bidea eta).

    Erreferentziak

    1. Mapak bi bide erakusten ditu, bata Azpeitiara eta Zestoara bigarrena, inolako zentzurik ez daukana.
    2. Ala. Ibaietan erabiltzen zen garraiatzeko ontzia; luzea, estua eta fondo gutxikoa izaten zen.
    3. Santa Kruz, gaur egun San Roke ermita.
    4. Gaur egun Azkueko San Roke.
    5. Agiri zaharretan puntu honi Ugarroagaco vide-curuzia esaten zitzaion.
    6. Gaur egun La Salleko ikastetxea dago bertan.
    7. San Salvador ermita, Espiritu Santuaren ermita edo Humilladeroa.
    8. Merzedariak ehun urte Soraluzen. Javier Elorza (Soraluzeko Udala 1996).