San Andres ermita (eu)

    Sorapediatik
    San Andres ermita
    San Andres ermita. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
    Estiloa Herrikoia
    Mendea XVI-XVII
    Kokapena San Andres
    Mota Eraikina


    Kanpo aldeko irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Barrualdeko irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)

    Korua (1987)

    Korua

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Azalpena

    Ermita Itsasoi baserriko lurretan eraiki zuten, Itsasoegigoitia izeneko tokian<ref<Jatorrizko agirian, gaztelaniaz agertzen da: En el lugar llamado Ysasoeguigoytia.</ref>. Izena Iriaungo San Andres jarri zioten.

    Forma laukizuzena du, eta sarrera oinetan, albo batera, hegoaldera hain zuzen. Eguraldia zela eta, alde honetan aterpea zuen, ateraino heltzen ez zela (begira Indalecio Ojangurenen argazkia). XX mendeko erdialdean aterpea luzatu zuten, ate ingurua banestuz. Atariaren ezkerraldean, kanpoko aldean eta Artetatik datorren bidearen ondoan, iturria dauka.

    Presbiterio aldean zerua edo hauts-babesa du, Soraluzeko ermitetan onena, Arrate santutegian dagoenaren oso antzekoa. Oinetan korua dauka.

    Kanpotik etxea eta eliz ataria dauzka erantsita, frontoi moduan ere erabilia. Garai batean etxean ermita zaintzailea bizi zen; aspalditik hutsik zegoela, eta Udalarena zenez, bertan San Andrespe elkartea antolatu dute.

    Eliz ataria, berriz, hegoaldean dauka, eta bi fasetan eraiki zuten. XIX mendean ez zen ateraino heltzen, baina XX mende hasieran mendebalderuntz luzatu zuten, ermitaren atea azpian hartzeko. Behin bukatuta, ataria izateaz gain frontoi moduan ere erabili izan zuten.


    Artelanak

    San Andres ermitako artelanak bilduma ederra osatzen dute. 1979 urtean Juan San Martinek San Andres ermita Plaentzian artikulua idatzi zuen Donostiako Hoja del Lunes, ermita honen ondareaz jakinarazten:

    1997ko urriak 30n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian balizko arkeologia gune moduan izendatu zuten.


    Historia

    San Andres ermita 1558. urtean eraiki zen, eta 1610ean Jeronimo de Larrea eskultoreari San Andresen irudia nagusitzen deneko erretaula bat egiteko eskatu zitzaion, 1622an Joan de Arriola pintoreak urreztatu eta polikromatua izango zena, hain zuzen ere.

    Gorago aipatu denez, ermita Itsasoegi lurretan eraiki zen (Itsasoegigoitia izeneko tokian), eta irisgarritasuna arazo larria zen, bai herritik ermita berrira, baita honetatik gorago zeuden herri lurretara, handik Azkoitia eta Azpeitiara pasatzeko. Lur jabeek baimen guztiak eman zituzten aipatu bideak egiteko, baina... inguruko baserrietakoek ez zuten baimenik bideak erabiltzeko. Hau da, Izarre, Guenetxe, Etxebarri, Barrenetxe eta Uzkatekoek (Eyçaguirre, Goenechea, Echeberria, Barrenechea y Urruzcarate) bide zaharretatik ibili behar ziren, eta ezin zuten beraiek, ezta animaliez, ezta buruan karga zutela bide berriak inondik inora erabili.

    Datu hauek Oñatiko Protokoloen Artxiboko dokumentu batean (3663 paper sorta. Joan de Churruca Eskribaua) agertzen dira, eta Javier Elorza Maiztegi soraluzetarrak argitara ekarri zituen[1] 1985. urtean.

    Aldarearen ingurua babesten duen zerua edo egurrezko ganga XVII. mendearen lehenengo erdialdean eraiki omen zuten, forma eta eraikuntza mailako ezaugarriak aztertuta.

    Ermita guregana ia bere horretan heldu da, jatorrizko konfigurazioa gordez. Hori dela eta, XX mendeko azken urteetan auzokoek auzolanean zaharberritzeari ekitea erabaki zutenean, ekimena babestua izan zen, baina ermitaren balio arkitektonikoa bereziki azpimarratuz, eta elementurik esanguratsuenak ahalik eta gehien errespetatuz, egurrezko egitura, koroa, zeramikazko zorua, zerua, pulpitua, erretaulak eta irudiak, alegia.

    Oro har, nahiko ondo gordeta bazegoen ere, estalkia zen eraikinean arazo gehien zituen alderdia, euri ura zirrikitu ugarietatik filtratzen baitzen. Presbiterioaren alderdian, aspaldiko itogin batek egurrezko zerua larriki kaltetua zuen, eta zati oso bat erabat botatzekotan egon ziren.

    Zaharberritze lan hauek 1987 eta 1988 urteetan egin zituzten: Lanak estalkia erabat berritzearekin hasi ziren, zurajea sendotuz narriatutako gapirioak ordeztuz eta lata eta teilak berriztatuz. Egurrezko ganga berrosartu zen, egur guztiari xilofagoen aurkako tratamendua eman zen, adreiluzko lauzatxoen zoladura osatu eta garbitu zen eta hormak pintatu ziren. Lanak aurrera eramateko Gipuzkoako Foru Aldundiak 1.500.000 pezetako (9.000 euro) dirulaguntza eman zuen.


    Herri-sinismenak

    Baziren Soraluzen usadio zaharrak ermita honekin lotuta.

    Haginetako mina kentzeko auzokoek kandela pizten zuten Santa Luzia eta Santa Apolonia koadroren aurrean.

    Eta ume totelak San Andres ermitara ekartzen zituzten amek, sendatzeko[2].


    Han, han, han! Nun, nun, nun?

    Soraluzeko herriak, bere metereologia zentru berezia izan zuen garai batean eta bere eguraldi gizona ere bai, Jose Urizar Arteta (Arteta baserrikoa).

    Arteta baserrikoak urte askoan izan dira San Andresko ermitako kanpaiak jotzearen arduradunak. Joxe Artetak, San Andresko tontorretik urrutira hodei tontor beltzen bat (orea zetorrela) antzematen zuenean (uda partean batez ere), gainontzeko baserritarrak jakinaren gainean jartzen zituen, euri edo txingor zaparradak heldu aurretik egiten zihardutenari laga eta azkar etxeratu zitezen.

    Haizeak jotzen zuen norabideagatik, lainoen abiadurarengatik edo euren altitude edo berak bakarrik somatzen zituen beste zantzu berezi batzuengatik ekaitza zetorrela igartzen zionean San Andresko ermitako kanpaiak jotzen zituen abisu emateko: Han, han, han!. Kanpai hots honek, gero, erantzuna izaten zuen: Nun, nun, nun? erantzuten zuen kaleko kanpandorreko Santa Barbara kanpaiak, soinu baxu eta sakonez. Eta Santa Ana monjen konbentuko kanpaia ere ez zen ixilik geratzen.

    1973. urtean Juan San Martinek ohitura honen berri eman zuen Ore-kanpaiak izeneko artikuluan, Donostiako Hoja del lunes-ean.

    Gerra garaian ere, sistema berbera erabili izan zen herria bonbardaketaz abisatzeko.


    Erreferentziak

    1. Fundación de la ermita de San Andrés. Javier Elorza Maiztegi
    2. El culto de dulía, protodulía, hiperdulía y latría en Gipuzkoa. Antxon Aguirre Sorondo. Boletin de la R.S.B.A.P. LIX 2003-2 (401-500 orr.) eta LX 2004-1 (51-120 orr.).