Komunikabideak (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!
    Iruña-Veleiatik Tritium Tiboricum-erako balizko galtzada

    Erromatar garaiko balizko galtzada

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Hasiera batean erromatar aztarnak ager vasconum[1] delakoan agertu baziren, gero euskal itsasertzekoak aurkitu zituzten: Forua, Tritium Tiboricum, Menosca, Oiarso…

    XX mendean saltus vascomun[2]) lurretan hasi dira aztarnak agertzen, batez ere Oiarso aldean eta Deba arroan (Arrasate, Soraluze, Mutriku).

    Tartean agertu diren erromatar aztarna hauek kontutan hartuta, oso litekeena da bigarren mailako galtzada izatea Tritium Tiboricum (Astigarribia, Mutriku) ab Asturica Burdigalam galtzada nagusiarekin lotzeko, Kantauri isurialdeko beste hainbat tokitan gertatzen den moduan. Deba arroan Veleiatik etorrita Kurzetatik sartuko zen, edo Suessatio (Arkaia) edo Mariturri-tik hasita Arlabanetik. Bi kasuetan, erromatar bidea Soraluzetik pasatuko zen, bai ala bai: ibaiaren ezkerraldetik iritsiko zen, gaur egunean zubi nagusia dagoen tokiraino, eta bertan ibaia zeharkatu eta Debaren eskumaldetik, poliki poliki gora igotzen zen Maltzagako labarrak saihesteko; azkenean, Elgoibar aldera jaitsiko zen.

    Bide hau ez zuten erromatarrek asmatuko; aurretik izango zen, eta erromatarrek zabaldu eta egonkortu egingo zuten... nahiz eta benetako erromatar galtzada ez izatea.

    Balizko erromatar bide honen aztarnarik ez da oraindik agertu…

    …baina kontutan hartzen badira Deba arroko erromatar aztarnak, eta Kortazarreko Haitzak oso leku aproposa dela inguruak zelatatzeko, aukera honek kontutan hartzekoa dela ematen du.


    Soraluze ingurua (Pieter van der AA 1707)

    Aintzinako sarea

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XVIII mende bukaeran Maltzagako lotunea zabaldu arte, bide sarea erromatarren garaitik edota aurretik antolatuta egongo zen, ezzen asko aldatu. Eta Soraluze zen ingurutako komunikabide gune garrantzitsuena.

    Sare honek bi ardatz zituen, hegoalde-iparraldekoa eta mendebalde-ekialdekoa. Lehenak, Deba arroaren bidez Gasteiz itsasoarekin lotzen zuen. Bergara eta Osintxu bidez Soraluzera heltzen zen Deba ibaiaren ertzetik, eta hemendik Elgoibarrera, baina Ezozia eta San Rokeera igotzen, altura hartzeko eta Maltzagako labarrak saihesteko.

    Bigarren ardatza mendebalde-ekialdekoa zen; aurrekoak baino garraio gutxiago zuen, distantzia luzeetan (Bilbao-Donostia, esateko) itsasotik azkarrago zelako. Eibartik Azitainera Ego ibaiaren ondotik egin eta gero, Azitainetik gora egiten zuen, Irureraino. Arrazoia aurrekoaren berbera zen, Maltzagako labarrak saihestea. Iruretik Soraluzera jaiesten zen, bidea Zabale eta Sagar-errekatik pasatzen zela (agian, San Martzialetik aintzinean). Soraluzen ibaia zeharkatu eta San Andresetik eta Askabeititik Mendigainera heltzen zen. Altura galdu bage Irukurutzeraraino egiten zuen eta handik Azkoitiaraino jeisten zen, gero Azpeitia, Zestoa...

    Sare honek herriaren kokapena baldintzatu zuen: bidegurutzean bertan, Deba ibaiaren ibiaren ondoan. Eta beste eraikin zahar asko, gaur egun mendi eta bailaretan sakabanatuta agertzen direla, aspaldiko errege bideen errzetan eraikk ziren: Arregia dorretxea, Atxuriko etxea, Espilla baserria, Irure zaharra edo Hamengoa, Irure Handikoa...

    Eta gauza bera gertatu zen herriko ermita gehienekin, errege bide ertzetan kokatuta zeudela: Ezoziako santutegia, Santa Cruz ermita, Maala ermita, Irureko San Esteban, Zabaleko Santa Ageda, Ernizketako San Martzial eta San Andres ermitak.

    Errege bide hauek ehunka eta mila urtetan erabili izan ziren, Bergaratik Eibarrera eta Altzolako portura errepide berria egin zuten arte. Ondorioz, bidariek eta garraiolariek aurreko errege bide zaharrak erabiltzeari utzi zieten, eta baserritarren erabilgarri geratu ziren, 1970 hamarkada arte behintzat. Orduan mendiko errepide berriak egin ziren, kotxe, ranrober eta kamioiendako, eta bide zaharrak, nahiz eta baten batzuk eusten saiatu, sasiek jan egin dituzte.


    Mapa kargatzen...


    Errepide berria Iraola Etxebarriren parean (J.C. Astiazarán 1979)

    XVIII mendeko errepide berria

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Historiaurrean hasita eta XVIII mende arte Soraluze inguruko komunikabideak ez ziren asko aldatu. Hobetu bai, mende guzti horietan hobetu ziren: bideak zabalagoak egin ziren, Deba ibaia zein errekak zeharkatzeko zubiak egin ziren...

    XVIII mendean ekonomia suspertu zen eta, garraio lanak biderkatu zirenez, arazoak areagotu ziren. Gipuzkoako Batzar Orokorrek bultzatuta, 1752-1780 urteetan Kotxeen Errepidearen[3] proiektua aurrera eraman zuten. Bide hau Gatzagatik Behobiaraino joaten zen, aurreko errege bideak tarte batzuetan aprobetxatuz: Arrasate, Bergara, Urretxu, Beasain, Tolosa, Donostia eta Oiartzunetik pasatuz.

    1776 urtean Soraluzeko Erret Lantegiak eta Bergara, Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko udalek erregebide berria egiteko eskatu zuen: Bergaratik Eibarrera eta Altzolako porturako bide berria[4]. Proiektua Frantzizko Ibero jaunak egin zuen, aurretik Kotxeen Errepidearena egin zuena.

    Lanek 12 urte iraun zuten, 1776tik 1788 urteraino. Errepide berria egiteko aurreko errege bideen zati batzuk konpondu bazituzten ere, beste tarte batzuk berriak egin zituzten: Bergarako Zubizarra-Osintxu, Soraluze-Maltzaga, Maltzaga-Azitan eta Maltzaga-Elgoibar. Gaur egungo GI-627 eta N-634 errepideak trazadura bera erabiltzen dute, sahiesbide berrietan ezik.

    Sasoi hartan Gipuzkoan egiten zen moduan, herri lanak lau herriek ordaindu zituzten (Soraluzek, Bergarak, Eibarrek era Elgoibarrek), eta horretarako zerga bereziak ezartzeko aukera eman zien: ardoari, eskolei eta pertsonei. Lanak 1788 urtean bukatu baziren ere, haiek ordaintzeko zerga bereziak urte luzeetan kobratu behar izan zituzten, XIX mende hasiera arte gutxienez.


    Maltzagako tren lotunea
    Ezkerrean merkantzia geltokia, Soraluzeko lurretan
    (Lorenzo Oregi Zabale 1956)

    Trenbidea

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XIX mendearen bukaeran, Bilbao eta Donostia ez ziren trenez lotuta, gurdiz eta diligentziaz baizik. Gauzak zein pertsonak garraiatzeko Mirandako buelta osoa egin behar zen: Bilbao >> Urduña >> Ebroko Miranda >> Gazteiz >> Altsasu >> Zumarraga >> Donostia.

    Halako buelta handia ekiditzeko, Ferrocarril Central de Vizcaya enpresa sortu zuten Bilbao-Durango trenbidea egiteko (1882). Arrakasta handia lortu zutenez, 1888 urtean Zurmarragaraino luzatu zuten, Donostiarako bidea laburtuz: Bilbao >> Durango >> Eibar >> Soraluze >> Bergara >> Zumarraga. Trenbidea bukatu zenean, Bilbaotik mugarainoko garraiobide azkarrena (bidaiariak, merkantziak) trenbidea zen, eta Soraluzetik pasatzen zen.

    1901 urterako Bilbao eta Donostia lotu zituzten, eta Zumarragako zatia, Soraluzetik pasatzen zena, ardatz nagusiaren adarra bihurtu zen. Gasteizerako tartea urte haietan hasi ba zuten ere, 1897 urtean suztatzaileek kiebra jo zuten eta Estatua egin zen kargu. Gorabehera askoren ostean, 1919 urtean Mekolalde-Gasteiz tartea inauguratu zuten, eta beste hamar urte beranduago Gasteiz-Lizarra tartea.

    Zabalik egon zen urteetan hainbat hobekuntza izan zituen Soraluzeko tartean: Olea inguruan tarte bat zuzendu eta Arkaitzeko tunela zabaldu (1910eko hamarkada), trenbidea elektrifikatu (1919), bigarren bazterbidea eraiki (1943), orratzak talonatzeko ekipoa ezarri (1962)...

    Baina errepidearen konkurrentzia handia zen, eta jabearen (Espainiako estatua) orduko inbertsioak hutsaren hurrengoak ziren. Soraluzeko trenbidearen bukaera bi epetan egin zen: 1967ko abenduaren 31an Gasteizko trena kendu zuten, eta 1971ko otsailak 28an Maltzaga-Zumarraga adarra itxi zutenean, Soraluzeko geltokia zerbitzuri gabe geratu zen.

    Istalazioak beste launurtetan mantendu ziren, Bergarako azpiestazio elektrikotik indarra Maltzagaraino eramateko. Baina 1975 urte inguruan Maltzagan egin zuten azpiestazio elektriko berria, eta orduan Soraluzeko trenbidearen istalazio guztiak desegin zituzten.


    Saihesbidea

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1960 hamarkadan ekonomia berpiztu zen, eta honekin batera trafikoa ugaritu ere; gainera, ibilgailu astunak, kamioi zein autobusak, gero eta handiagoak ziren. Soraluzeko kaleak lehen bezain estuak ziren eta, ondorioz, egunero egunero trafikoa trabatuta geratzen zen, batzuetan ordu luzez.

    Hurrengo hamarkadan saihesbidea egiteko asmoa agertu zen. Hasierako diseinuan Deba ibaiaren eskumaldetik zihoan, baina azkenean ezkerraldetik egin zuten, Txaratik. Lanak 1983 urtean hasi ziren, eta saihesbidea 1985an zabaldu zuten.

    Saihesbidea 1.830 bat metro luze da, eta bi muturretan ditu norabide bakarreko lotuneak. Inguruko herrietako saihesbideekin alderatuta, Soraluzekoa askoz zuzenagoa eta aldapatsuagoa da: herria albotik baino goitik saihesten du eta. Horregatik hiru errail ditu trazabide guztian, bikoitza igotzekoa eta batekoa jaistekoa. Saihesbideak Erlei erreka gaineko zubia dauka, azpiko hiru pasabide eta oinezkoentzako zubi bat.

    Urteekin bi hobekuntza izan ditu: Igarateko erlaitza (2009) eta Irukurutzetako biribilgunea (2018).


    Autobidea Maltzaga aldera (Bidegi)

    Autobideak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Soraluzek hiru norabidetan ditu autobideko sarrerak: mendebaldera (Azitainen, 4,3 km-tara), ekialdera (Elgoibarren, 9,5 km-tara) eta hegoaldera (Bergaran, 11,8 km-tara).

    1967-1977 urteetan Bilbao-Behobia autobidea eraiki zuten. Soraluzeri dagokionez, Ermuako sarrera 1972/09/14an zabaldu zuten, Elgoibarkoa 1973/06/23an, Donostiakoa 1974/07/24an eta Behobiakoa 1975/09/05. 1990 hamarkadaren bukaeran Azitaingo sarrera zabaldu zuten, Soraluzendako oso mesedegarria izan zena.

    1970 hamarkadakoa da Burgos-Maltzaga autobidearen lehen proiektu. 1984 urterako Burgos-Aramiñon tartea besterik ez zuten zabaldu (84,3 km). Euskal aldundiek hartu zuten lekukoa... baina Gipuzkoakoak N-I errepidea bikoizteari eman zion lehentasuna eta, hura bukatuta, 2000 hamarkadan Araba eta Gipuzkoako Aldundiak ados jarri ziren Eibar-Gasteiz (edo Etxebarri-Maltzaga) autobidea egiteko.

    Soraluzeko udalerrian autobideak 3.960 bat metro egiten ditu. Bertako orografia malkartsuaren eraginez, erdia baino gehiago tunelean egiten du (Maltzagako lotuneko bi, Eitza eta Gallastegi), beste laurdena zubi gainean (Larreategi eta Sagar-erreka) eta, azkenik, bidearen azken laurden eskasa mendi magaletan.


    Deba bailarako tranbia

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    2000 urteko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak Eskoriatza eta Maltzaga lotuko zituen tranbiaren proiektua bultzatu zuen. Tranbia berri honen laugarren fasea (Bergara-Maltzaga) Soraluzetik pasako zen.

    Proiektua 2005 urtean aurkeztu zen Debagoieneko herritan, baina gobernuaren aldaketa batetik, eta udalek jarritako alegazioak bestetik, azkenean bertan behera geratu zen.


    Erreferentziak

    1. Ager vasconum = euskaldunen lur sailak; hau da, Ebro ibaiaren isurialdea: Araba eta Nafarroa).
    2. Saltus vasconum = euskaldunen basoa; hau da, Kantauri itsasoaren isurialdea: Bizkaia eta Gipuzkoa.
    3. Camino Real de Coches.
    4. ...construcción de otro nuevo desde Vergara a Eibar y puerto de Alzola...