Urteurrenak. Apirila (eu)
- Urteko urteurrenak ikusteko, sakatu hemen.
1516 urtean Gipuzkoako Anaidiaren Batzordea Elgoibarren bildu zen, eta besteen artean probintziako urteko gastuak herrien artean banatu zituen. Soraluzek ordaindu beharrekoa apirilean heldu zen herrira. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | ||
1 | 1910 urtean Unión Obrera olgetako elkartea sortu zuten. Egoitza Kalegoen (Santa Ana kalean) zeukan, 2 zenbakiko lehen solairuan. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
3 | Franco osteko lehen udal hauteskundeak izan ziren. Ordutik hona, lau urtetan behin egin izan dira, apirila-maiatzean. EAJ-k 6 zinegotzi lortu zituen: Miren Alberdi, Jesús M. Akizu (alkatea), Ion Aramburu, Domingo Osa, José Urresti eta Julio Zuloaga. | |
7 | Felisa Oregi Oregi Zabale baserrian jaio zen, 1931.eko apirilak 7an. Gaztea zela, gaixotu zen eta urteak egin zituen ohean, gaixotasun mingarria omen zuen. Egoera latz hartan, erlijioan topa zuen indarra eta itxaropena. 27 urtekin hil zen, 1958.eko azaroak 7an. | |
8 | Frantzisko Antonio Orbe Larreategi-ren etxeari Felipe V.ak Gaztelako titulua eman ziolako, 1736ko apirilaren 8an Udalak bi zezen sokamuturrean erabiltzeko erabakia hartu zuen. Aitzakia, Orbe jaunaren amaren arbasoak soraluzetarrak zirela. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
10 | 1774 urtean Pedro de Aldazabal-Insausti Azurmendi jaio zen, Soraluzen. Konbentzio gerra (1.793-1795) sortu zenean, Pedro de Aldazabalek Soraluzetik alde egin zuen, Cadiz aldera, eta bertan ezkondu. Karrera luzea eta oparoa egin zuen: La Carracan (Cádiz) hasi zen lanean, armagile; gero, Jerez de la Frontera, Ceuta eta Ripoll (Girona). Bartzelonako Santa Maria de Jonqueres ospitale militarrean hil zen (1821/09/13), ofizialen gelan, hori bai. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
10 | 1815 urtean Soraluzen jaio zen José Ignacio Ybarra eta Yribe Campos. Armagile ospetsu eta indartsua izateaz gain, Gipuzkoako diputatua izan zen Hernaniko Batzar Orokorretan (1855) eta herriko alkatea gero (1860). Gremio sistemaren gainbehera aurrikusita, bere kasa hasi zen: José Ybarra izan zen, seguruena, Soraluzeko lehen enpresa gizon independientea. Ekoizpen ahalmen handia eratu zuen, fusilak milaka egiten zituen eta. Sistema gremiala desagertzerakoan, 1861 urtean La Euscalduna enpresa sortu zuen, fusilak egiten jarraitzeko: Fabrika zaharra eraiki zuen, eta 80 bat armagile soldatapean hartu. Zortzi urte geroago, berriz, Juan de Aldasoro y Uribe bazkidearekin ika-mika garratzak izan zituen, eta enpresatik alde egin zuen. Ibarra, Gurruchaga, Vea-Murguía y Cia enpresa zabaldu zuen Azpeitian, La Azpeitiana fusil lantegia sortuz. Asmatzailea ere bazen: 1867/03/09an asmakizun-abantaila erregistratu zuen, bost urtetarakoa, errekamaratik kargatzen diren suzko armen sistema, gerra eta ehiza armentzat erabilgarri. Hirugarren karlistada (1872-1876) sortu zenean karlisten alde egin zuen. Bizirik zituen hiru semeak ere dezente nabarmendu ziren: Juan Víctor, José Francisco Leopoldo Doroteo eta Luis Raimundo. | |
12 | Errotabarri baserrikoek Sagar-errekako ura erabiltzeko baimena lortu zuten: aspalditik erabiltzen ari zirela Soraluze udalerrian dauden Sagar-errekaren eta bere adarren Gambi-errekaren eta Ospital-errekaren ur soberakinak etxebarruan erabiltzeko eta Errotabarri errotan beren zekaleak apurtzeko; hau dena errekan gora Zabala, Unzurrunzaga y Compañía enpresak eta Eibarko Udalak urak ustiatu eta gero. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
13 | Bartolomé de Arluciaga zerga biltzaileak, Santos de Aranguren ardo gorrien tabernariari auzia jarri zion, azken honek zerga berria ordaintzen ez zuela eta. Zerga berri hau Bergara-Altzola errepidea ibai ondotik egiteko ezarri zuten, Maltzagatik; errege bide zaharra Ezozia eta San Roketik zihoan eta. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
14 | 1088 urtekoa da Placencia erreginaren azken aipamena. Normandiatik etorria, Iruñeko Antso IV erregearekin ezkondu zen 1068 urtean, eta bi seme eta alaba izan zituzten. Senarra 1076an hil zuten, Peñalen erreka zuloan (Funes inguruan). Semea koroatu beharrean, lengusu hiltzailea erregetu zuten; eta titulua aldatu: Iruñeko erregea izan beharrean Nafarroako erregea izatera pasa zen. Ez dakigu Placencia erregina noiz hil zen, baina bai Naxerako Erret Panteoian hilobiratu zutela, zegokion tokian. Gaurko bere hilobia, gainontzekoekin batera, mende batzuk geroago egin zuten. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
14 | 1920 Andoni de Astigarraga jaio zen Soraluzen. Gerra ostean garaian Argentinara erbesteratua, kultura handiko gizona izan zen. Argentinako Eusko Jaurlaritzan aritu zen urte luzeetan, eta Euzko Deya aldizkaria eta Ekin argitaletxearen sorreran parte hartu zuen. Euskaraz zein erdaraz asko idatzi zuen, Naciòn Vasca, Euzko Deya, Alderdi, Laurak Bat, Danak Bat... aldizkarietan, askotan ezizenekin. Bi liburu ere idatzi zituen: Riqueza y economía del País Vasco (1945) eta Historia documental de la guerra en Euzkadi (1955). Buenos Airesen hil zen, 1991 urteko abuztuak 8an. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
15 | La Humanitaria sorospen elkartearen arauak egokitu zituzten. Egoitza Errabal kalean zuen, 1. zenbakiko lehen solairuan. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
15 | 1957 urtean Florencio Aspe apaiz soraluzetarra hil zen, Beasainen. Bertako parrokoa izateaz gain, idazlea (Zarauz'ko erriya 1921) eta marrazkilaria ere izan zen. Beasaingo Udalak omenaldia egin zion, eta kale bati Florencio Aspe izena eman ere. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
16 | 1967 urtean Los Mansos soraluzeko musika taldeak debuta izan zuen Eibarko La Boleran. Taldekideak: Ramon Aranzasti, Juan Luis Ibarzabal, Ramon Pia, José Martín Rodríguez… | |
16 | 2008 urtean ahotsak.eus webgunea aurkeztu zuten, bertan 60 bat soraluzetarren lekukotasunak jasotzen direla. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
17 | 2019 urtean Aurea Etxaniz soraluzetar erraketista Caracasen hil zen. Familiak Soraluzera ekarri zituen errautsak, berak oso maitatua zuen toki batean lurperatzeko. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
21 | Napoleonek, Baionan zegoela, Ducos brigada jeneralari agindu zion eskuadroian irtetzeko bi kainoiekin, eta Soraluzeko biltegietatik 15.000 arma eskuratzeko, Donostiara eramateko gero. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
21 | Juanita Nieto Soraluzeko raketista zen, gerra aurretik Kataluñako frontoietan aritzen zena. Gerra bukatu berria, Bartzelonako Les Corts espetxean sartu zuten, 1.939.ko apirilak 21an. Hamar aste geroago askatu zuten, uztailak 8an. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
22 | José Sirvent Dargent Malagan jaio zen, 1899 urtean. 1935 urtean SAPAren zuzendariordea zen, eta gerra garaian zuzendari izendatu zuten. Irailak 22an karlistak Soraluzen sartu baino lehen, Bilbora eraman zuten gainontzeko langileekin; baina Bilbotik ihes egin zuen, Escort izeneko destroyer ingelesean, frankisten alde lan egiteko. Gerra ostean Instituto Nacional de Industria sortu eta zuzendu zuen. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
22 | 1924 urtean Ramiro Larrañaga jaio zen Soraluzen. Armagile familiakoa, bera ere grabatzailea izan zen. Jakinminak bultzatuta, herriko historia ikertzen eta zabaltzen hasi zen; eta aurki konturatu zen Soraluzeko armagintzak munduan izan zuen eraginaz. Orduan Euskal Herriko armagintza landu gabe zela, berak zabaldu zuen bidea, ikertzaile porrokatua bihurtuta. Jarduneko bi ardatz nagusi horietan, Soraluzeko historia zein Euskal Herriko armagintza, berak sortutako lanak ezinbestekoak dira oraindik. Eragin nabarmena izan du Soraluzen, bere liburu eta artikuluekin bertako identitatea sendotzen lagundu zuen eta. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
22 | 1934 urtean Juventud Socialista elkartearen arautegia onartu zuten. Egoitza Errabal kalean izan zuten, 9 zenbakian. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
23 | 1878 urtean Luis Raimundo Ybarra Cortazar Smith & Wesson errebolberrentzako gasez bidezko zorroen erauzketa sistema Estatu Batuetan patentatu zuen. José Ignacio Ybarra Yribe Campos ospetsuaren semea zen, militarra, eta sistema hau 1.871 urtean garatu zuen. Frogak egiteko, prototipoa Lefaucheux errebolber bati ezarri zion. Privilegio de invención ere eskatu zuen. Lau urte geroago Estatu Batuetan patentatu zuen. Azkenik, 1.881 urtean patente hau Espainian erregistratu zuen. Dena dela, ez zuen lortu Espainiako armadak bere sistema derrigorrezkoa ezartzea, "gomendatua" baizik. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
23 | 1931ko apirilean Errepublikako lehen Udalbatza eratu zuten. Barne antolamentuko erabakiak hartzeaz gain, Jose Mari Lete zinegotziak Alfonso XIII plazarako izena berria proposatu zuen: Plaza Zarra; onartu zuten. Bestetik, Venantzio Iñurrieta zinegotziak zera proposatu zuen, ur-ekarri berria inauguratzeko zela, eta Plaza Barriko iturriko ur-ekarriaren mendeurrena zela eta, biak batera ospatzeko; Udalbatzari ez zitzaion gaizki iritzi. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
25 | 1937 urtean frankistek Eibar bonbardeatu zuten, biharamunean erasoa jotzeko eta Eibar zein Ermua hartzeko. Eibar ia osorik ere zen, eta harekin batera Soraluzeko agiri zaharrenak, sortze-gutuna ere, seguraski. Agiri hauek Policarpo Larrañagak Eibarra eruanda zituen herriko historia ikertzeko. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
25 | Jose Maria Orbegozok Orbea zentrala erosi zion Manuel Egiazu Lezetari, Embalajes Ansola lantegia bertan zabaltzeko. Manuel Egiazu honek zentraleko langilea zen, eta aurreko urtean (1969ko maiatzak 29an) zentrala erosi zuen. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
26 | Armendiako 1671 urtean Pedro Ochoak ortu nagusia eman zion Soraluzeko Udalari, Eçoyziako Andra Mari ermitaren aterpe berria egiteko. Ordainketan, beste lur batzuk eskuratu zituen. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
26 | 1940 urtean Espainian Auzi Orokorra zabaldu zuten (Espainian gorrien agintaldiari buruzko Auzi Orokorra, Ministerio Fiskalak eraikitakoa).
Soraluzeko kasuan sei pertsonen hilketak ikertu zituzten: Serafín Achótegui, Manuel Lersundi, Francisco Gárate, Agustín Arrieta, José Ormazábal eta Ignacio Oyarzábal. Hiru lagun salatu zituzten: Jose Mari Lete (ordurako fusilatua), José Vázquez eta Manuel Múgica (aurretik fusilatua ere). | |
27 | Bi egun aurretik Maltzagako frontea apurtu zutela eta, 1937ko apirilak 27an Udalbatzak eskolak berriro martxan jartzea erabaki zuen, arriskua aldendu zelako. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
30 | 1524ko apirilak 30an, Sesiako guduan, arkabuzari batek Frantziako Pierre de Terrail, Bayardeko jauna eta Bayardo zalduna ezizenez, hil zuen. Jaun honek, gudako ohorea zela eta ez zela, ahal zituen arkabuzari guztiak urkatzen zituen. Hil eta gero arkabuzen industriak aurrera egin zuen, Soraluzera urte oparoak ekarriz. | |
30 | Bazkideen arteko liskarrengatik, 1869an José Ignacio de Ybarra e Yribecampos Zuazubizcar, Isla y Cía sozietatetik banandu zen. Orduan sozietate komanditarioa zena sozietate anonimo izatera pasa zen, eta izen berria hartu zuen: S.A. Euscalduna. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
30 | Durango Zumarraga trenbidea zabaltzeko lanetan, 1886 urtean Maltzaga eta Bergara arteko zatiari ekin zioten. Bi urte geroago zabaldu zuten: 1888.ko uztailak 1an. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) | |
30 | 1913 urtean La Humanitaria sorospen elkartearen arauak onartu zituzten. Egoitza Errabal kalean zuen, 1. zenbakiko lehen solairuan. (Gehiago jakiteko, sakatu hemen) |