Tren geltokia (eu)

    Sorapediatik
    Soraluzeko geltokia

    Trenbidea

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen

    XIX mendearen bukaeran, Bilbao eta Donostia ez ziren trenez lotuta, gurdiz eta diligentziaz baizik. Gauzak zein pertsonak garraiatzeko Mirandako buelta egin behar zen: Bilbao >> Urduña >> Ebroko Miranda >> Gazteiz > Altsasu >> Zumarraga >> Donostia.

    Halako buelta handia ekiditzeko, Ferrocarril Central de Vizcaya enpresa sortu zuten Bilbao-Durango trenbidea egiteko (1882). Arrakasta ikusita, trenbidea luzatzea erabaki zuten, Zumarragaraino hain zuzen. Modu honetan Donostiarako bidea asko mozten zen: Bilbao >> Durango >> Eibar >> Soraluze >> Bergara >> Zumarraga.

    Trenbidea lau zatitan eraiki eta zabaldu zuten:

    • Durango-Zaldibar. 1887.ko uztailak 1an zabaldu zen.
    • Zaldibar-Elgoibar (Karkizano). 1887.ko irailak 22an zabaldu zen.
    • Maltzaga-Bergara. 1888.ko uztailak 1an zabaldu zen.
    • Bergara-Zumarraga. 1888.ko abuztuak 26an zabaldu zen.

    Gero, Elgoibar - Donostia zatiari ekin zioten eta 1901 urtean zabaldu zuten. Azkenik, 1906 urtean konpania guztiak batuta Ferrocarriles Vascongados enpresa sortu zuten, sare hau ustiatzeko. Orduan, lerro nagusia Bilbo-Donostia izan zen eta Maltzaga-Zumarraga adarra.

    Ferrocarriles Vascongados (mapa).png
    Maltzaga-Zumarraga gaur egun. Soraluzeko tartea lehen hiru minutuetan (Enrique Diez 2020)

    Soraluzeko geltokia

    Goian aipatu den moduan, trena 1888.ko uztailak 1an heldu zen Soraluzera, Maltzaga-Bergara zatia zabaldu zenean. Zati honen lanak bi urte lehenago (1886.ko apirilak 30an) hasi ziren.

    Geltokia Maltzagako korapilotik 3,129 kilometrotara zegoen, eta Bilboko Atxuri geltokitik 57,217 kilometrotara.

    Geltokiaren planoa 1925. urtean (Pedro Pintado Quintana)

    (handiago ikusteko, sakatu gainean)

    Hasiera batean egurrezko txosna jarri bazuten ere, bidaiariak babesteko, 1889 urtean geltokia eraiki zuten. Bi solairuko eraikina egiteko trenbide horretan erabiltzen ari ziren eredu estandarra jarraitu zuten.


    Geltokiko trenbide hondartzak 230 metro zituen, 120 metro Maltzaga aldera eta gainontzeko 110 metroak Osintxu aldera. Maltzaga aldera geltokiko tunela zegoen, eta geltokiaren lehen orratzak tunelaren muturrean zeuden.

    Trenbide hondartza honek bi trenbide zituen, zerbitzu orokorrentzat; hirugarren trenbidea merkantzia kaia egiten zuena eta bazterbidea edo apartaderoa. Geroago, 1943 urtean, bigarren bazterbidea eraiki zuten, bere tope eta guzti, geltoki aurreko enparantza erdi erdian.

    Langile gutxiago erabiltzeko eta gastuak murrizteko, 1962 urtean orratzak talonatzeko ekipoa ezarri zuten.

    Soraluzeko geltokia (paisajes Españoles 1959)
    Soraluzeko geltokia itxirik (José Berrueta)

    Maltzaga-Zumarraga adarra 1973 urtean itxi zuten. Sei urte aurretik, 1967 urtean, Gasteizko trena ere itxi zuten (The Anglo Vasco-navarro Railroad Company).


    Zerbitzuak

    Bergararako txartela

    Donostiarako trenbidea zabaldu zutenean, Bilbao, Donostia eta Zumarraga lotzen zituzten trenak Maltzagan gurutzatzen ziren; eta Gasteizeko trenbidea zabaldu eta gero, denak Maltzagan elkartzen ziren.

    Maltzagara heltzen aurreko trena Zumarraga eta Gasteizkoa zen: aurretik bi tren hauek Mekolalden elkartzen ziren, eta elkarretik lotuta Soraluzera heltzen ziren, eta hemendik Maltzagara. Bertara heldu eta erdiko trenbidean geratzen zen.

    Handik gutxira Donostiako eta Bilboko trenak heltzen ziren, eta alboetan geratzen ziren. Halaxe markatzen zuten iragarkiak: Tren a Durango y Bilbao (Durango eta Bilborako trena), Tren a Deva y a San Sebastián (Deba eta Donostiarako trena) eta Tren a Zumárraga y Vitoria (Zumarraga eta Gasteizerako trena).

    Behin bidaiariak trenez aldatu eta gero, Donostirakoa eta Bilborakoa abiatzen ziren, eta ostean Zumarraga eta Gasteizerakoak Soraluzeruntz, azken biak elkartuta. Soraluzetik aurrera Mekolalderaino, eta han banatzen ziren.

    Garai haietan, eta batez ere arratsaldetan, Soraluzeko geltokira jende asko joaten zen denbora pasa, kuxkuxeatzera. Mekolaldetik zetorren trena baino lehen heldu, eta begiratu zeintzuk zeuden trenaren zai, agurtu eta, beharbada, bidaiaren nondik norakoak galdetu; trena heltzen zenean etorritakoak agurtu ere; trena Maltzagara irtengo zen gero eta, ordutegia ondo, handik ordu erdi edo berrogei minututara trena etorriko zen atzera; orduan ere begiratu Bergarako trenaren zai zeudenak zein trenetik jaisten zirenak eta, inor ezaguna suertatu eta gero, berbari ekin.


    Erreferentziak