Policarpo Larrañaga (eu)

    Sorapediatik
    Policarpo Larrañaga Aranguren
    (Don Poli)
    Policarpo Larrañaga Aranguren (zuri-beltzean).jpg
    Jaio Soraluze, 1883
    Hil Baiona, 1956
    Profila Abadea, sindikalista, musikaria


    Bizitza

    Soraluzen jaio zen 1883eko urtarrilaren 26an. Gasteizko Apaiztegian ikasi zuen, eta 1908 urtean apaiztu zen. Elgoibarren hasi zen lanean, baina aurki Eibarra lekualdatu zuten.

    Hiru arlotan nabarmendu zen: erlijiotasuna, sindikalgintza eta euskaltzaletasuna. 1911. urtean ELA-STV sindikatua sortzen langundu zuen, eta ordutik aurrera bere bultzatzaile sutsua izan zen.

    Gizon polifazetikoa genuen hura: pilotazale amorratua, musikazalea oso, piano eta organo-jolea, antzerkia ere biziki maite zuen. Esateko, 1920. urtean Eibarra bidali zutenean, besteak beste neska eta meakumeen artean lan egin zuen, euskal dantza eta antzerki taldeak antolatzen. Hala, 1921 urtean hogetamar bat neska eibartarrek berak sortutako Mendiko Eguna zarzuela eskaini zuten Donostian, Euskal Esnalea aldizkariak antolatutako lehiaketan. Hurrengo urtean Oiartzunen ehun dantzari agertu ziren, herriko txistulariak eta musika bandaz gain. Eta 1923 urtean Amets-larria opera ere sortu zuen, eta armagintza auziari buruzko (pleito armero) historia laburra argitaratu zuen.

    Sagardantza Eibarko zezenplazan (Indalecio Ojanguren 1922)

    Ez zen geldi geratzekoa: Eibarko erietxea, Congregación de Hijas de María, Cruceta aretoaren tribuna askeak, sindikalgintza katoliko askea lehen eta Euskal Langile Alkartasuna gero (Solidaridad de Obreros Vascos), Misioen zuzendaritza...

    Apaiztegian Leon XIII eta Pio XIren doktrina soziala irakurri eta ikasi zuenez, sindikalgintzan aritu zen lehen momentutik. 1923 urtean, M. Iriondo apaizarekin eta F. Basterrechea jeltzalearekin Asamblea de Pesca Marítima Vasca de la Sociedad de Estudios Vascos antolatu zuten baina, egoera politikoa zela eta, 1925. urtean bildu zen. Urte horretan bertan Boulogne-Sur-Mer-eko Arrantza eta Itsas Industriaren Nazio Biltzarrera agertu zen, euskal ordezkari moduan.

    Mitina ematen Eibarren (Indalecio Ojanguren 1932)

    Sindikalgintzan, batez ere, ELA-SOV babesten aritu zen buru-belarri. Aspalditik konturatu zen sozialismoaren aurrean sindikatu horiek ez zutela deus balio. 1929. urtean Mateo Múgica apezpikuak Ekintza Sozialaren Elizbarrituko Idazkaritzaren[1] zuzendaria izandatu zuen. Idazkaritza hau Bilbon zegoen, eta langile sindikatuei laguntzeko sortu zuen, doktrina eta moral katolikoaren barruan garatzeko baliabideak emanaz. Urte hartan bertan ELA-SOV-ek antolatutako lehen biltzarrean omendu zuen, Eibarren bertan: Don Poli zen ELAren 'kapellaua' eta Elizaren jerarkiaren aurrean bere babesle sutsua.

    Argia eta Yakintza aldizkariek zein El Día eta Euskadi egunkariek orrialdi sozialetan bere ekarpen doktrinala jasotzen dute. 1932eko irailak 11an Eusko Tostarteko Bazkuna[2] sortzen du, Ondarruan; eta 1933eko otsailak 12an Euzko Nekazarien Bazkuna Donostian. Biak ala biak ELA-SOVeri lotuta. Don Poliren jarduna beste apaiz jeltzaleekin batera (Aitzol, Onaindia...) uztartzen da: Emakume Abertzale Batza, dantza ikuskizunak, abestaldeak...

    1936 urtean, gerra sortzerakoan, desagertu zen eta hiltzat jo zuten. Baionan agertu zen atzera, euskal nazionalismoa eta apaiz jeltzaleak sutsuki defendatuz, propaganda katoliko-frankistaren kontra.

    1937 urtean Parisen argitaratu zuen Le nationalisme basque et la guerra civile en Espagne, Pierre Duhalde ezizenez sinatuta. Gorgonio de Rentería eta beste batzurekin euskal errefuxiatuak laguntza antolatu zuen eta, inoiz, naziek egindako artelanen eta bitxien kontrabandoa zelatatzen[3]. 1946 urtean, berriz, Persecuted, defamed, abandoned, the Basque clergy defending justice and brotherhood serves the church of Christ argitaratu zuen.

    Bizitzaren azken urteak Baionako katedralea eman zituen, 1956eko abuztuko 30an hil arte. Hala ere, ekarpen mardulenak hil eta gero egin zituen. Donostiako Auñamendi argitaletxeak eskuizkribuak jaso eta argitaratu zituen: Contribución a la Historia Obrera de Euskalerria eta Emakume Abertzale Batza. La mujer en el nacionalismo vasco. Lanek dokumentazio oparoa jasotzen dute eta mugimendu horiek ezagutzeko iturri aparta dira.


    Don Poli eta Soraluze

    Nahiz eta Eibarren bizi, edo agian horregatik, Don Poli ez zen jaioterriaz ahaztu. Hala, Juan Bautista Gisasolarekin batera Amabirginentzat ereserkia egin zuenean, bi izenekin zabaldu zuten: Ezoziko ama eta Arrateko Ama.

    Historiazale zenez, 1936 urtean Soraluzeko Udal Artxibategiaren agiri zaharrenak ikertzen ari zela, Eibarra eruan zituen, bera bizi zen komentura, lasaiago arakatzeko. Baina gerra sortu zenean, frontea Maltzagan geratu zen; 1937ko apirilak 25an, Eibar bonbardeatu zutenean, komentua erre zen, eta komentuarekin Soraluzeko agiri zaharrenak ere.


    Liburuak

    Hona hemen batzuk:

    • (1923) Breve historial del pleito armero (Eibar, José M.ª Eguren-ekin)
    • (1937) Le nationalisme basque et la guerra civile en Espagne (Pierre Duhalde, Paris)
    • (1946) Persecuted, defamed, abandoned, the Basque clergy defending justice and brotherhood serves the church of Christ
    • (1976) Contribución a la historia obrera de Euskalherria (Donostia, Auñamendi argitaletxea)
    • (1978) Emakume Abertzale Batza. La mujer en el nacionalismo vasco (Donostia, Auñamendi argitaletxea)

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Erreferentziak

    1. Secretariado Diocesano de Acción Social
    2. Sociedad de Pescadores Vascos
    3. Espías vascos. Txalaparta argitaletxea.