Komunikabideak. Trenbidea (eu)

    Sorapediatik
    Ferrocarriles Vascongados (mapa).png
    Komunikabideak historian zehar ikusteko, Komunikabideak (eu)

    Soraluze trenbide sarean

    Trenbidearen obligazioa (1887)

    Durango-Zumarraga trenbidea

    XIX mendearen bukaeran, Bilbao eta Donostia ez ziren trenez lotuta, gurdiz eta diligentziaz baizik. Gauzak zein pertsonak garraiatzeko Mirandako buelta egin behar zen: Bilbao >> Urduña >> Ebroko Miranda >> Gazteiz >> Altsasu >> Zumarraga >> Donostia.

    Halako buelta handia ekiditzeko, Ferrocarril Central de Vizcaya enpresa sortu zuten Bilbao-Durango trenbidea egiteko (1882). Arrakasta handia lortu zutenez, trenbidea luzatzea erabaki zuten, Zumarragaraino hain zuzen. Modu honetan Donostiarako bidea asko mozten zen: Bilbao >> Durango >> Eibar >> Soraluze >> Bergara >> Zumarraga.

    Trenbidea lau zatitan eraiki eta zabaldu zuten:

    • Durango-Zaldibar. 1887.ko uztailak 1an zabaldu zen.
    • Zaldibar-Elgoibar (Karkizano). 1887.ko irailak 22an zabaldu zen.
    • Maltzaga-Bergara. 1888.ko uztailak 1an zabaldu zen.
    • Bergara-Zumarraga. 1888.ko abuztuak 26an zabaldu zen.

    Trenbidea bukatu zenean, Bilbaotik mugarainoko garraiobide azkarrena (bidaiariak, merkantziak) trenbidea zen, eta Soraluzetik pasatzen zen.

    Bilbao-Zumarraga zerbitzu zuzenak Gaceta de Madrid-en agertu ziren (1891/09/26): Bilbotik Zumarragara (81 kilometro) 3 ordu eta 52 minututan, goizeko 6:00tan irtenda. Eta bueltako bidaia 4 ordu 2 minututan arratsaldeko 3:40tan.

    Durango Zumarraga trenbidea. Mapa (Peter Christener 2017).png

    Elgoibar-Donostia trenbidea

    Zumarragarainoko trenbidea eginda, Bilbotik Donostiarako bidea asko murriztu zen, bai denbora zein kostuan. Arrakasta bikoitza izan zuen, merkantzia zein bidaiarien aldetik.

    Baina oraindik koxka bat zegoen, trenbideen zabalera: Bilbaotik Zumarragarainoko trenbidea metro bateko zabalera zuen, eta handik Donostiarainokoa zabalera iberikoa zuen[1]. Bidaiariek tren batetik jaitsi eta bestera igo behar zuten, baina merkantzia-bagoiak trenbide batetik bestera pasa ezin zirenez, bagoiez aldatu behar ziren; honek denbora eta kostua gehitzen zuen garraioari.

    Horregatik, Elgoibar - Donostia trenbidea zabaldu zuten, zatika (Elgoibar - Deba alde batetik, Donostia - Zumaia bestetik eta, azkenik, Deba-Zumaia). 1901 urtean martxan zen trenbide berria, eta 1906 urtean tren konpania guztiak batuta Ferrocarriles Vascongados enpresa sortu zuten, sare hau ustiatzeko.

    Ondorioz, ardatz nagusia Bilbo-Donostia bihurtu zen, eta Maltzaga-Zumarraga, berriz, adarra. Soraluzek ez zuen 20 urte iraun komunikabide ardatzan.

    Gasteiz eta Lizarrarako trena

    Beste aldetik, XIX mendean Gasteiz eta Bilbo trenez zuzenean lotzeko proiektuak egin ziren, baina ez ziren gauzatu. Azkenik, eta gehiegizko inbertsioak ez egiteko, Ferrocarriles Vascongados-en sarea erabiltzea erabaki zuten, lotunea bergarako Mekolalden eginez.

    Lanak 1887 urtean hasi baziren ere, hainbat aldiz eten ziren diru faltaz eta enpresen porrotez. 1897 urtean Estatua egin zen kargu eta, gorabehera askoren ostean, 1919 urtean Mekolalde-Gasteiz tartea inauguratu zuten. Hamar urte geroago Gasteiz-Lizarra tartearen ttanda izan zen.


    Trenbidearen trazadura

    Mapa kargatzen...

    Distantziak

    Soraluzeko geltokia Maltzagako korapilotik 3,129 kilometrotara zegoen, eta Bilboko Atxuri geltokitik 57,217 kilometrotara.

    Soraluzeko geltokiko trenbide hondartza 230 metro luze zen.

    Soraluzeko lurretan trenbideak 5.100 metro zituen.

    Tartea Luzeera
    Maltzagako mugatik geltokiko tuneleraino 2.840 m
    Geltokiko tunela 100 m
    Geltokiaren aurreko trenbide hondartza 120 m
    Geltokiaren osteko trenbide hondartza 110 m
    Geltokitik Arkaitzeko tuneleraino 550 m
    Arkaitzeko tunela 60 m
    Arkaitzeko tuneletik Osintxuko mugaraino 1.330 m
    Guztira 5.100 m

    Azalpen orokorra

    Maltzaga-Zumarraga gaur egun. Soraluzeko tartea lehen hiru minutuetan (Enrique Diez 2020)

    Behin Maltzagako geltokitik irtenda, trenbidea Maltzagako zubitik sartzen zen Soraluzeko udalerrian. Zubi honek Deba ibaia zeharkatzen zuen eta, Y baten forma zuenez, Maltzagatik zetorren trenak bi aukera zituen: ezkerrera Elgoibar eta Donostiara eta eskumara Soraluze eta Zumarragara.

    Maltzagako tren lotunea
    Ezkerrean merkantzia geltokia, Soraluzeko lurretan
    (Lorenzo Oregi Zabale 1956)

    Behin Soraluzeko lurretan sartuta, Maltzagako merkantzia geltokia zegoen; bertan maniobrak egiten ziren, merkantzia trenak osatzeko eta banatzeko. Zortzi trenbide zituen: lau bertan mozten ziren eta beste lauak berriro elkartzen ziren gero Donostiara jarraituz, Soraluzetik Maltzagara zetorren trenbidea guruzatzen. Merkantzia geltokiak denetara 120 bagoi har zezakeen.

    Hortik aurrera trenbidea, Deba ibaiaren ezkerretik beti, poliki poliki altura irabazten zuen, Soraluze atzetik pasatzeko.

    Soraluzeko geltokia puntu gorenean zegoen. Geltokiak bi trenbide zituen, zerbitzu orokorrentzat; hirugarren trenbidea merkantzia kaia egiten zuena eta bazterbidea edo apartaderoa. Geroago, 1943 urtean, bigarren bazterbidea eraiki zuten, bere tope eta guzti, geltoki aurreko enparantza erdi erdian.

    Geltokia pasata trenbideak behera egiten zuen Olea pareraino, eta gero ibaiaren paraleloan jarraitzen zuen Egotza errekaraino, tartean Arkaitzeko tunela pasatze zela . Puntu hartan Osintxuko (Bergara) lurretan sartzen zela.

    Arkaitz baserria trenbide ondoan
    (J.C. Astiazarán 1979)

    Trenbideak bi tunel zituen: geltokikoa (100 metrotakoa, hasieratik eraikita) eta Arkaitzekoa (60 metrotakoa, 1910 hamarkadan eginda trazadura zuzentzeko). Maltzagakoa kenduta ez zuen zubirik, errekak azpitik pasatzeko egindako pasabideak ez baziren, behintzat.

    Hobekuntzak eta aldaketak

    Zabalik egon zen epean trenbideak hainbat egokitzapen eta hobekuntza izan zituen:

    • (1888). Trenbidea inauguratu zuten.
    • (1889). Geltokian jarritako egurrezko txosna bota zuten, geltoki berria eraikiz.
    • (191x). Olea inguruan tarte bat zuzendu zuten, eta Arkaitzeko tunela zabaldu.
    • (1919). Trenbidea elektrifikatu zuten.
    • (1921). Merkantzia geltokia zabaldu zuten.
    • (1943). Bigarren bazterbidea eraiki zuten, bere tope eta guzti, geltoki aurreko enparantza erdi erdian.
    • (1962). Orratzak talonatzeko ekipoa ezarri zuten, langile gutxiago erabiltzeko eta gastuak murrizteko.
    Soraluzeko geltokia (Paisajes Españoles 1959)

    Gerra garaikoak[2]

    Gerra sortu zenean, Gipuzkoa Errepublikaren aldean geratu zen. Frontea asteetan egonkortu zen Oria ibaiaren arroan eta Arlaban inguruan, eta Soraluze inguruko tren zerbitzuak, nahiz eta gerrak eragina izan, ez ziren eten.

    Baina irailaren erdialdera Gipuzkoako frontea erortzen hasi zen. Irailaren 20ko iluntze aldera pregoia jo zuten herrian, erreketeak bazetozela esanez, eta zortziretan Bilborako trena zegoela, dohainik, nahi zuenak hartzeko. Jende askok alde egin zuen herritik: urte bereko azaroan egindako kontaketaren arabera, 1.120 lagun falta ziren herrian.

    Irailak 22an erreketeak Soraluzen sartu ziren. Haiek gelditzeko asmoz, bi egun geroago errepublikarrek Maltzagako zubia dinamitatu zuen (1936/09/24). Erreketeek, bere aldetik, trenbidea ere apurtu (Mendiola baserrian, trenbideak bira egiten zuen lekuan, errailak moztuta eta errekara begira jarrita zeuden) eta errepidea moztu zuten.

    Frontea bertan egonkortu zen zazpi hilabetetan, baina 1937 urteko apirilean nazionalek frontea apurtu eta, Bizkaiko bidean, Eibar eta Ermua apirilak 26an erori ziren. Hamar egun geroago, 1937ko maiatzak 6an 61 Dibisioko Injeniariek zubia berraikitzeari ekin zioten, behin behineko aurretik eta behin betiko gero. Lanak amen batean egin zituzten, hilaren bukaeran (hau da, maiatzak 31an) Donostiako lehen trena Durangoraino heldu zen eta.

    Tarte guzti horretan, bonbardaketetatik babesteko lekuak jarri ziren herrian. Erregetxe ondoko karkaba zen bat, abadetxea bestea, eta geltokiko tunela ere erabili zuten (bereziki Maristetako ume eta irakasleek).


    Bergararako txartela
    Ezozibidea. Demetrio Galàn Doncel elurretan. Ezkerrean, trenbidea (1970ko abendua)

    Tren zerbitzuak

    Donostiarako trenbidea zabaldu zutenean, Bilbao, Donostia eta Zumarraga lotzen zituzten trenak Maltzagan gurutzatzen ziren; eta Gasteizeko trenbidea zabaldu eta gero, denak Maltzagan elkartzen ziren.

    Maltzagara heltzen aurreko trena Zumarraga eta Gasteizkoa zen: aurretik bi tren hauek Mekolalden elkartzen ziren, eta elkarretik lotuta Soraluzera heltzen zen, eta hemendik Maltzagara. Bertara heldu eta erdiko trenbidean geratzen zen.

    Handik gutxira Donostiako eta Bilboko trenak heltzen ziren, eta alboetan geratzen ziren. Halaxe markatzen zuten iragarkiak: Tren a Durango y Bilbao (Durango eta Bilborako trena), Tren a Deva y a San Sebastián (Deba eta Donostiarako trena) eta Tren a Zumárraga y Vitoria (Zumarraga eta Gasteizerako trena).

    Behin bidaiariak trenez aldatu eta gero, Donostirakoa eta Bilborakoa abiatzen ziren, eta ostean Zumarraga eta Gasteizerakoak Soraluzeruntz, azken biak elkartuta. Soraluzetik aurrera Mekolalderaino, eta han banatzen ziren.


    Soraluzeko geltokia itxirik (José Berrueta)

    Bukaera

    Soraluzeko trenbidearen bukaera hiru epetan egin zen. Lehena 1967ko abenduaren 31an, The Anglo Vasco-Navarro Railroad Company itxi zutenean. Gasteizerako zerbitzuak desagertu ziren.

    Bigarrena 1971ko otsailak 28an, Maltzaga-Zumarraga adarra itxi zutenean. Soraluzeko geltokia zerbitzuri gabe geratu zen. Hala ere, istalazioak mantendu ziren Bergarako azpiestazio elektrikoa martxan zegoelako, eta katenaria erabiltzen zen indarra Maltzagaraino eramateko.

    Azkenean, 1975 urte inguruan Maltzagan egin zuten azpiestazio elektriko berria, eta Bergarakoa itxi zuten. Orduan Soraluzeko trenbidearen istalazio guztiak desegin zituzten.


    Deba bailarako tranbia

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    2000 urteko hamarkadan Eusko Jaurlaritzak Eskoriatza eta Maltzaga lotuko zituen tranbiaren proiektua bultzatu zuen. Tranbia berri honen laugarren fasea (Bergara-Maltzaga) Soraluzetik pasako zen.

    Proiektua 2005 urtean aurkeztu zen Debagoieneko herritan, baina gobernuaren aldaketa batetik, eta udalek jarritako alegazioak bestetik, azkenean bertan behera geratu zen.


    Ondorioak

    XVIII mende bukaeran, Bergara-Altzola errepide berria zabaldu zutenean, Soraluze komunikabide gunea izateari laga zion: Hegoalde-Iparralde ardatzak indarra galdu zuen, eta Ekialde-Mendebalde ardatza Maltzagatik pasako zen aurrerantzean.

    1888 urtean, Durango-Zumarraga trenbidea Soraluzera heldu zenean, gure herria Ekialde-Mendebalde ardatzean jarri zen berriro. Baina egoera berriak ez zuen asko iraun, 1906 urterako Ekialde-Mendebalde ardatza berriro Maltzagatik pasa zen, oraingoan trenez.

    Trenbideak onura handiak ekarri zizkion orduko biztanle eta lantegiei, garraioa erraztuz eta merketuz. Gerra ostean, errepideen hobekuntzarengatik, eragina askoz txikiagoa izan zen, batez ere merkantzia garraioan. Eta 1960 hamarkadatik aurrera, familia gehienek automobila erosi zutenean, bidaiari asko galdu zituen.

    Hala ere, trenbidea kentzea oso erabaki okerra izen zela ikusten ari gara. Gaur egungo garraio publikorako joera dela eta, azpiegitura oso interesgarria da, bai trenen maiztasuna handituz (Bilbao-Donostia lerroan gertatu den moduan) edota metro moduan ustiatzeko (Ermua-Eibar lerroa).


    Erreferentziak

    1. Zabalera iberikoa = Gaztelako 6 oin = 1668 mm.
    2. Isiltasuna hausten. Soraluze 1936 lan taldea (Soraluzeko Udala 2015).