Armagintza II ibilbidea (eu)

    Sorapediatik

    Badira bi ibilbide Soraluzen geratu diren armagintzaren aztarnak erakusten dituenak.

    Biak zubi nagusitik irtetzen dira. Ibilbide hau Mutxaneko errotara doa (2.150 bat metro), eta bestea Olearaino (900 bat metro).

    Bi ibilbideak osagarriak dira, eta nahi bada batera egin daitezke.

    Mapa kargatzen...


    Ibilbidea

    Armagintza beste ibilbidearen moduan, ibilbide hau ere zubi nagusitik hasten da, baina errekaren ezkerraldeea joko dugu. Sagar-errekako ibilbidearen zatia bada ere, bakarrik armagintzarekin zerikusia duena hartuko dugu kontutan. Gainontzeko puntuei buruzko informazioa lortzeko Sagar-errekako ibilbide osoa begiratu hemen.

    Hasiera: Zubi Nagusia

    Hasierako puntua herriko Zubi Nagusia izango da. Ibaian gora begiratu eta, eskumaldean, Erregetxe zaharra izan zena ikusiko dugu.

    Erregetxea baino lehen Uribarrikoa etxea izan zen. XV. mende bukaeran Garçia de Ulybarry jauna Arrasatetik Soraluzera etorri zen, eta aurki herriko arma merkatari garrantzitsuena bihurtu zen; irakurtzen eta idazten jakin ez arren, herriko pertsona aberatsena izan zen. XVI. mende hasieran Uribarrikoa etxea jaso zuen. Urte batzuk geroago (1534) semeak, Juan Garcia de Uribarrik, Udalarekin batera Ibaizabaleko errota sortu zuen.

    XVI. mendeko erdialdean Uribarri dorrea Erret Lantegia izateko alokatu zuten, armak bildu eta aztertzeko, eta 1573. urtean, Soraluzeko Suzko Armen Lantegia sortu zutenean, bertan ezarri zuten. Hurrengo berrehun urtetan bi aldiz handitu behar izan zuten, baina XVIII. mende bukaerako nahikoa hondatuta zegoen.

    Gerora etxebizitzak egiteko erabili bazuten ere, oraindik jatorrizko eraikinaren aztarnak ikus daitezke, errekalderako bi arku handiak, esateko.

    Zubiaren beste aldetik, ibaian behera, herriko kiroldegia ikus daiteke. Bertan, 1862. urtetik 1975. arte, Fabrika zaharra egon zen. S.A. Euscalduna enpresak jaso zuen, fusilak eta errebolberrak egiteko, eta gero The Placencia de las Armas Company Limited eta Sociedad Anònima Placencia de las Armas enpresek erabili zuten, kainoiak ekoizteko. Hortik kainoi fabrika izena.

    Arane pasealekutik ibaiaren ezkerretik segi, Igareta errotako presaraino (150 m).

    Geraldia: Igareta (Malmero) errotako presa

    Aurrean daukagu Igareta presa, berriz, La Euscalduna baino askoz zaharragoa da.

    Soraluzeko lehen errotak, segururena, erreketan egingo ziren, errezago eta merkeago zelako. Baina agirietan agerten den lehena honako hau da, Igereta edo Igaretakoa. Ertaroan errotei igera esaten zitzaien, Soraluzen behintzat. Hortik dator izena, Igareta edo Igereta gaur egun Erroteta izango zen.

    Igareta hau, hasieran ogi errota izan zen, Placencia de Soraluce hiribildua sortu eta urte gutxira sortuta, orain dela 700 bat urte, Iruretarrek eta Udalak erdibana.

    Iruretarrak herriko jauntxoak ziren, "diru zaharra". Nafarroako erregeak hona bidali zituen XII. mendean, eta Eibar eta Soraluze arteko bidean (orduko Bilbao Behobia autobidean) ezarri zituen, Iruren, bidea zaintzeko... eta bidesariak kobratzeko. Urte batzutara erregea bisitan etorri zitzaienean, orain dela 900 bat urte, zezenketa eskaini zioten, Europako lehena edo lehenetarikoa.

    Errota eraikitzerakoan, Iruretarrek inbertsioa egin zuten diru iturriak dibertsifikatzeko. Udalak, bere aldetik, helburu bikoitza zuen: gastuetarako diru iturri polita ateratzeaz gain, laboreak ehotzeko edo apurtzeko prezioak apal mantentzeko aukera zuen, herritarren mesedetako: moturia ehuneko 4,69koa zen (64 libratako hiru).

    Gaur egun presa besterik ez da gordetzen. Oso luzea da, 50 metrotik gora, XVI. mendeko Gipuzkoan eta inguruan gordetzen den handiena. Sarrerako erretenaren gainean Arane pasealekua eraiki zuten, eta errotaren eraikina etxe gorria dagoen tokian zegoen.

    Agiri zaharren arabera, hasieran presa egurrezkoa zen, eta 1500. urte inguruan harrizkoa egin zuten, altuagoa. Bi teoria daude, biak oraindik egiaztatzeke. Batzuk uste dute harrizko presa egiteko egurrezkoa "forratu" zutela; hau da, egurrezko presa oraindik harrizko presa barruan dagoela. Beste batzuk, berriz, egurrezko presa metro batzuk gorago zegoela uste dute.

    Igareta errota irin errota moduan sortu zuten, eta XVI. mende hasieran burdinola txikia (ferreria sotil) ere ba zen, eta gero barrena, beti ogi errota izateari laga barik. XIX. mendean, armagintzaren gainbeherarekin, ogi errota izan zen, eta XX. mendean zentral elektrikoa ezarri zuten bertan: Malmero zentrala (Galarraga zentrala).

    Ibaiaren beste aldean Arregia dorretxea zen, gaur egun Arregia jauregia. Oso puntu egokian kokatuta dago, Gasteiztik itxasorako (Debarako) bide ondoan. Alde batean dorretxea, bestean harkaitza, Arregitarrek bidaiariak babesten zituzten… eta bidesaria kobratzen ere. XVI. mende hasieran etxeko jauna Pero Perez de Arregia zen, "diru zaharra", baina Juan Garcia de Uribarriren bazkidea. Olabarrena presa sortzerakoan berak ere parte hartu zuen.

    Aurrera segi, Mendikute jauregi azpitik pasa eta, Gabolatseko zubira heltzerakoan, erdiraino heldu (200 m).

    Geraldia: Gabolatseko zubia

    Zubi honen azpian urak bare bare daude. Honaino heltzen da beste presa baten ur azalera: Ibaizabal edo Olabarrena presa, hain zuzen.

    Hasiera batean Igaretako errotaren jabeak Iruretarrak eta Soraluzeko Udala ziren. Baina 1474. urtean Enrique IV.a hil zenean, Gaztelan gerra zibila sortu zen. Juana alabari tokatzen zitzaion erregina izatea, baina Isabel izekoa ez zegoen ados, eta aurre egin zion. Azkenean, Isabelek Juana Gaztelatik egotzi eta koroa eskuratu zuen: Isabel Katolikoa.

    Gerra Gipuzkoaraino heldu zen. Portugaleko erregea, Juanaren senarra, Burgosen zegoen. Eta Frantziako erregeari, Juanaren aldekoa ere, bat egitea bururatu zitzaion… baina horretarako Gipuzkoa zeharkatu behar zuen. Eta Gipuzkoa Isabelen aldekoa zenez, armetan jarri zen.

    Garai hartan udalek soldaduak jarri behar zituzten, eta soldatak zein gastuak ordaindu ere. Soraluzeko Udalak ez zuen dirurik, eta Igareta errotaren bere erdia Iruretarreei saldu behar izan zien, oso merke. Hirurogei urte geroago udalkideak oraindik gogoratzen ziren, erdiprezioan baino merkeago saldu omen zutela. Gainera, salmentaren baldintza bat moturia ez aldatzea zen. Baina iruretarrek ez zute berba gorde: hirurogei urtetan %5etik %12 t'erdira igo zuten, herritarren kaltetan.

    Arrazoi hauetatik, eta ordurako herria asko hazi zelako, 1534. urtean Udalak errota berria eraikitzea erabaki zuen. Horretarako bi bazkide aberats bildu zitzaien: Juan Garcia de Uribarri eta Pero de Arregia, eta aukeratutako tokia Ibaizabal izenekoa izan zen. Erabakia ez zitzaien batere gustatu iruretarrei, presa berriaren ur azalera Igareta presaren irteeraraino heltzen zelakoan.

    Zubia zeharkatu eta ezkerrera hartu, Ezozibidetik gora. Biribilgunera heltzerakoan balkoira heldu (200 m).

    Geraldia: SAPA (fabrika berria)

    Ibaiaren beste aldean SAPAren Fabrika berriaren eraikinak topako ditugu. Ezkerrtik hasita eta hurrenez hurren tratamendu termikoen nabe garaia, nabe luzea, bulego eraikina, bigarren nabe luzea, tailer-eraikina eta ekonomatoa. Bulegoen bestekaldean lurpeko probalekua (babestokia edo refugioa ere) eta biltegiak daude.

    Fabrika berria Sociedad Anònima Placencia de las Armas-ek eraiki zuen gerra aurrean, fabrika zaharra txikia geratu zelako. Horretarako inguruan zeuden bi benta (Benta Zarra eta Benta Txuria) bota zituzten.

    Hemendik Mendiola industrialderako bidea hartu, eta Olabarrena presa parean geratu (180 m).

    Geraldia: Ibaizabal (Olabarrena) presa

    Garai batean inguru honi Ibaizabal esaten zitzaion, eta bertan ibia zegoen. Eibartik Elgoibarrera zetozen garraiolariek hemen zeharkatzen zuten Deba ibaia, herriraino joan beharrean.

    1534. urtean Udalak eta herriko "diru berriek" errota egin zuten hemen. Juan Garcia de Uribarrik eta Pero Perez de Arregiak diru iturri berriak eskuratzeko (dibertsifikazioa), eta Udalak moturia jeisteko.

    Iruretarrek, hasarretuta, auzitan jarri zituzten. Azalean, aitzaki teknikoak ziren, presa berriaren azkena (repompa) beren presaren irteeraino heltzen zela, eta ur handiak zetozenean beren presak ezin zuela lanik egin. Baina, auzian bertan azaldu zenez, benetako arrazoiak konkurrentzia zen, diru iturri oparoa agortuko zitzaiela. Lau urte ostean epaia Udalaren aldekoa izan zen.

    Beste errotekin alderatuta, errota berri honek bi ezaugarri zituen. Alde batetik, hasiera-hasieratik erabilera bikoitza zuen: toki batean errotarriak zituen, eta alboan burdinola txikia (ferrería sotil). Bestetik, presa gainean zubia eraiki zuten, ibia ordezkatzeko (segururena, diru iturri osagarria). Zubi honek harrizko ostikoak (oinak) zituen, eta pasabidea, berriz, egurrezkoa.

    Hamar urte geroago egurrezko pasabidea egoera txarrean zegoen, eta Soraluzeko Udalak konpondu zuen: ez da harritzekoa, orduko alkatea Juan Garcia de Uribarri bera zen eta. Berrehun urte geroago, Lamoten grabatuan (1756) ez da zubirik ikusten, baina bai harrizko ostikoak. Mendiola industrialdea egin zutenean (1971) zubia berregin zuten, kamioiak aurrera eta atzera ibiltzeko. Eta ostean desegin zuten, XVI. mendeko ostikoak botaz.

    Ibaizabal errotan ogi-errota eta burdinola baziren ere, azken honek ez zuen asko iraun, eta toki berean barrena ezarri zuten, errotaren indarraz baliatzeko. Erabilera honek izen berria ekarri zion errotari: Olabarrena. Urte luzeetan jabeek errenta politak jaso zituzten baliabide hauek alokatzen.

    Sasoi batean pila[1] ere egon zen bertan, ehunak jotzeko makina hain zuzen. XIX. mendean utzi egin zioten barrena moduan erabiltzeari, eta XX. mendean zentral elektrikoa ezarri zuten bertan.

    Gaur egun Olabarrenaren bi ertzak geratzen dira: presa alde batetik, sortu zenetik ikutu ez dena, sarrerako erretenaren zati bat etxe horren azpian, eta irteerako erretena bestetik.

    Aurrera segi, beti ibaiaren ondotik, eta oinezkoentzako zubiaren parean geratu (180 m).

    Geraldia: Igarate errota

    Izenak adierazten duenez, Igarate oso zaharra da: Igarate << Igerate << Igereta. Lehen aipamenak 1471. urtekoak dira, Domenja Loiolakoak bertan jaioa zela azaltzen duela. Beraz, XV edo XIV. mendekoa da.

    Hemen ere, irin errota zena barrena bihurtu zen, XVI. mende hasierako birmoldakera industrialean. Lehenetarikoa izan zen, barrena zaarra esaten zioten eta.

    XIX. mendean, 1860. inguruan, fusilak egiteko lantegia eratu zuten bertan, eta errota ez zen gehiago erabili. Gero, hemen altzatu zuten The Placencia de las Armas Company Limited zuzendariarentzako etxea[2], sahiesbidea egiterakoan bota zena.

    Gaur egun geratzen diren aztarnak lurazpian daude, ibai ondoko bi uztai handien barruan. Ezkerrekoa Sagar-erreka pasatzekoa zen, eta eskubikoa Igarate errotaren irteera.

    Hemendik oinezkoen zubia pasa eta Sagar-errekatik gora segi, GOL enpresaren azpiraino (275 m).

    Geraldia: Errotabarri

    Errotabarri XX. mendearen bukaeran bota zuten, GOL enpresa zabaltzerakoan.

    Bere historia besteen oso antzekoa da: XVI. mende hasieran irin-errota zena alokatu zuten barrena ezartzeko bertan. Eta XIX. mendean, fusilen kainoiak zulatzeko teknologia aldatu zenean, barrena izateari utzi eta ogi-errota bihurtu zuten atzera.

    Mendeetan zehar errota honek izen asko izan ditu. Aurteingo igera (tarteko errota) eta Aurtengo bolua hasieran, beherago Igarate eta gorago Sagarraga zeudelako; Arçubiaga (Arzubiaga eta Alzubiaga) gero, bertara sartzeko harrizko zubia zeukalako. Eta Errotabarri, atzera ogi-errota bihurtu zutenean.

    Gaur egun ezer gutxi geratzen da: izena eman zion arkua (Arzubiaga) eta errotaren irteera uztaia, horma berrian guztiz sartuta. Gorago bere presa ere gordetzen da oraindik.

    Sagar-errekatik gora egin, eta GOL enpresa pasa eta gero (125 m) ezkerretik segi, Oruesagasti enpresa pareraino (beste 70 m).

    Geraldia: Barrena

    Puntu honetan aintzinako hiru aztarna ikus daiteke.

    Alde batetik, Arçubiaga edo Errotabarriren presa. Errotatik urruti dagoenez, oso baxua da. Hemendik abiatzen zen sarrerako erreten luzea. Gorago dagoen Sagarraga errotaren presa altuago da, gertuago dagoelako.

    Atzean ikusten den baserriak Galtzaidukua du izena. Altzairua lantzeagatik omen dator, aditu batzuen ustez.

    Eta Oruesagasti lantegia dagoen tokian Barrena izeneko baserria zegoen. Izenaz gain, presa ere geratzen da, lantegiaren atzekaldean.

    Barrena ez da armagintzarekin zerikusia duen Sagar-errekako toponimo bakarra. Gorago daude Olakorta eta Bolinegi errekak, Ibarrola eta Gaztandola baserriak...

    Atzera egingo dugu Sagar-errekako errepidea berriro hartzeko (70 m) eta, San Martzialeko bidegurutzea pasata, Sagarraga industrialdeko goiko aldean geratuko gara (450 m).

    Geraldia: Sagarraga industrialdea

    Industrialde honen azpian Sagarraga baserria zegoen. Bertakoek alboko Sagarraga errota ustiatzen zuten, eta armagintzari lotuta bizi dira mendeetan.

    Pedro de Sagarragak, esateko, 950 moskete egin zituen 1597. urtean. Eta orandik 1960. hamarkadan bertan bizi zen Oria familia armagintzan aritzen zen, industria laguntzaile moduan.

    Bitxikeri moduan, 1598.eko izurritean baserria ospitale moduan erabili zuten, bi aldiz. Eta izurria bukatzerakoan, eraikina desinfektatu zuten… goitik behera errez! Bi alditan. Baserriari Nafarranekua edo Naparra esan izan zaio[3], eta ehun metro gorago dagoen iturriari izena geratu zaio: Ospittal iturri[4].

    Hemendik Mutxaneko potzura (250 m) doan lurrezko bidea hartuko dugu, errepidearen ezkerretik.

    Bukaera: Sagarraga errota

    Gaur egun, nahiz eta erorita egon, Sagarraga errota Soraluzeko osoena izan daiteke.

    Oso zaharra da, Soraluzeko lehena burdingintzan aritu zena. 1494. urtean, Gipuzkoako burdinolen errolda egin zenean, bertan agertzen da. Baina aurki, XVI. mende hasieran barrena bihurtu zuten, diru gehiago ematen zuelako. Pedro de Sagarragak 950 moskete egin zituen 1597. urtean.

    Aintzinean, eta errepidea egin baino lehen, Elgetarako bidea Sagar-errekaren ondotik zihoan. Lehen eraikina, segururena, sutegirako erabiliko zuten. Metro batzuk gorago burdinola txikia eta barrena izandakoa dago, albo batean ur irteera erakusten duela. Eraikin honek, goiko aldean, antepara eta errota beraren tokia zituen, gaur egun hutsik.

    Gorago sarrerako erretena ikus daiteke, gaur egun lurrak estalia. Eta, multzoaren beste puntan, presa dago. Arçubiagakoa baino askoz altuagoa, gertuago delako. Gainontzekoen moduan, presa egurrez eraikiko zuten hasieran, eta geroago harrizko estalia jarri. Oraindik ikusten zaio egurrezko egitura, aurreko presarena izan daitekeena, edo harrizko presa egiterakoan porlana gogortu artean jartzen zena.

    Eta, multzoaren aurrean, putzua, udan tokia ezin freskoagoa bainurako. Urte askotan mutil soraluzetarren udako jomuga.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Ibilbidea luzatzeko aukerak

    Sagar-errekako ibilbideak errepidetik gora jarraitzen du, segi nahi eta gero.

    Edo Azurtzaraino joatea nahi bada, Debabarreneko Aisialdia eta Turismoaren Mahaiak prestatutako Soraluze - Sagarerreka ibilbidea egin daiteke.


    Erreferentziak

    1. Gazteleraz batán.
    2. Gazteleraz La casa del Director.
    3. Izurriteari nafarreria esaten zioten.
    4. Kukupe izenez ere ezagutzen da.