Sagarraga baserria (eu)

    Sorapediatik
    Sagarraga
    Naparra / Nafarranekua
    Sagarraga baserria. Hondarrak (Eli Lakuesta).jpg
    Izen formala Sagarraga-torre
    Bailara Irure
    Altuera 175m
    Hedadura 18 eta 14 Ha
    Kaletik 1,2 km


    Bertako familia

    Desagertu artean, Oria familia bizi zen bertan. 1972 urtean baserria zabortegi azpian geratu zen, eta geroago Sagarraga industrialdea eraiki zuten gainean.


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Baserriaren inguruko kontuak [1]

    Soraluzeko etxe zahar honen izenak sagardiaren tokia esan nahi du.

    Sagarraga oinetxea izan zen. Horretaz gain, ola ere izan zuten, eta inoiz ospital moduan erabili zuten. Nafarranekua izenak nafarreriarekin (biruela) lotura izan dezake: Sagarraga baserria herritik kanpoan dagoenez eta aldiberean gertu, oso toki aproposa zen hospital gisa erabiltzeko ospital moduan gaixotasun kutsakorrak zirenean, eta hortik gorago dagoen iturriaren izena: Ospittal iturri.

    Honetaz guztietaz Ramiro Larrañagak artikulua argitaratu zuen Boletin de la R.S.B.A.P. aldizkarian, Sagarraga: casa solar y ferrería izenekoa. Bertan kontatzen duenez, Juan de Arteaga izenekoak sei hilabete eman zituen bertan, nafarreria jota zegoelako; eta Pedro de Sagarraga izenekoari 1598. urteko izurritean bi aldiz erre zioten etxea, bertan nafarreriak jotako sendiak hil zirelako eta modu honetan kutsaketa ekiditzeko.

    Aipamen zaharrena XV. mende bukaerakoa da. Zerga sistema berria zela eta, Gipuzkoako burdinolen zerrenda egin zuten (Medina del Campo, 1497/08/18) eta, 200 bat izenen artean, Soraluzeko Sagarraga agertzen da[2].

    XVI. mendean María Francisca de Orduña agertzen da jabe moduan. 1635. urtean Juan de Sagarraga kaparetasuna litigatzen ibili zen. Eta Ignacio de Arizaga 1720. urte inguruan bertan egon zen bizitzen.

    Urte askotan baserri hau Conde del Valle-rena izana zen, baina azken urteetan jabeak bertako biztanleak ziren, Oria familia. Armagintzan aritzen ziren, beste lantegien azpikontratistak.

    1972 urtean, gutxi gora behera, Udalak Sagarraga baserria erosi eta bota zuen, alboan zegoen zabortegia zabaltzeko. Orduan idatzi zuen Ramiro Larrañagak delako artikulu hori.

    Ramiro Larrañagaren deiari erantzunez, Felix Abarrategi herrikosemeak armarria gordetzen saiatu zen: goiz batean Sagarragara joan zen, eta langileei 500 pezeta eskaini zien armarria gordetzeagatik. Hauek baietz, baina iluntzean berriro gerturatu zenean pareta denak botata zeuden eta armarria hondarretan desagertuta.

    Armarria honelakoxea zen: zatitua, goiko aldean gurutze lili loreduna, azpikoan gaztelua ur olatuen gainean, bi otso zutiturik albobanatan, eta zuhaitza eskuman; ez da kolorerik (esmalterik) ezagutzen. Beste heraldista batek, Julio de Atienzak, armarriaren antzeko deskribapena egin zuen.

    Urteekin, zabortegia zegoen tokian industrialdea eraiki zuten, eta Sagarraga izena jarri zioten.

    Errekan bertan Sagarraga olaren aztarnak ikus daitezke oraindik: presa edo antepara (Mutxan presa), ubidea, olaren paretak (Mutxaneko etxe zarra)… Goian aipatutako Pedro de Sagarragak 950 moskete egin zituen 1597 urtean.

    Pixkat gorago 1,70 metro inguruko sakonera duen putzua topako dugu, bainurako aproposa, ur freskoa gustukoa izanez gero. Automobilak zabaldu baino lehen ohitura handia ei zegoen herrian bertara joateko.

    Beheraxeago bolatokia eta jatorduetarako lekua ere bazegoen, santanderinoen bolatokia esaten ziotena, bolo palman jokatzeko erabiltzen zutena. Autopistako lanak zirela eta, gaur egun desagertuta dago.

    1997ko urriak 30n, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian balizko arkeologia gune moduan izendatu zuten.


    Erreferentziak

    1. Soraluze. Monografía histórica. (249 orrialdea)
    2. La industria del hierro en Guipúzcoa (siglos XIII-XVI). Luis Miguel Díez de Salazar (La ciudad hispánica 1985).