Bilakaera urbanistikoa. Hirigintza ordenatua (eu)
- Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)
Aurrekariak. Desarrollismoa
- Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Desarrollismoa (eu)
Gerra osteko estuasunak arinduta, 1950tik aurrera Soraluzen industria loratu zen, batez ere torlojugintza. Ordurako martxan ziren lantegiak hazi ziren, ehundaka langile hartuz: Amuchastegui, Aranguren, Arizaga, Barrenechea, Gol, Lete, Oruesagasti, Sacia, Ucin… Lantegi hauek gero eta handiagoak egin ziren. Eta beste lantegi berri asko zabaldu ziren, asko eta asko etxeazpietan.
Gerora begira, 1970 hamarkadan enpresari batzuek Mendiola industrialdea sustatu eta egin zuten baina, 1973eko krisia zela eta, enpresek urteak eman zituzten hara mugitu arte.
Euskal Herriko beste hiri era herri askoren moduan, Soraluzera etorkin asko etorri ziren 1950 eta 1960 hamarkadatan. Biztanle kopurua bikoiztu egin zen eta, nahiz eta herriko etxe askotan solairu bat edo bi gehitu, oraindik ez zen nahikoa.
Hurrengo hogetamar urteetan auzo eta kale berriak sortu ziren: 1950 hamarkadan Gabolatsen (iturri inguruan), Alejandro Calonge eta Serafin Achotegi, Sagar-erreka, Arraikua eta Loralde; 1960 hamarkadan Gabolats garaia, Ezozibidea eta Zeleta; 1970 hamarkadan Estaziño kalea, Errekalde bukaera, Gipuzkoa etorbidea eta Santa Ana komentuaren lurretan eraikitako etxeak.
1973 urtean trena kendu zuten, eta trenbidea errepidea bihurtu zuten, Ezozibidea eta Estaziño kalea zuzenean lotuz, herrigunetik pasa beharrean. Gainera, Arraikua eta Loralderako irismena asko hobetu zen.
Etxe berriak
1970 urteetako krisiak oso gogor jo zuen Soraluze. Orduan hasi zen biztanleak galtzen, oso azkar gainera: 1970 urtean 5.500tik gora bazituen ere, 2.015 urtean ez zen 4.000 biztanle izatera heltzen.
Bilakaera honek etxe asko eta asko hustu zuen, baina hala ere etxe berriak egin dira herrian. Alde batetik, familiak gero eta txikiagoak dira, eta bestetik ziren etxeak ez zituzten oso ezaugarri onak: asko eta asko egurrezkoak, txikiak, igogailu gabekoak...
Etxe berriak egiteko, gehienetan, ez da erabili orube berririk; lehendik zeuden eraikin handiak bota eta bertan eraiki dira: Santa Ana kalean (Aranguren, komentua, komentuko ortuak), Etxaburueta kalean (Sacia), Estaziño kalean (Ucin), Errabalean (Amuchastegui), Baltegieta kalean (Arizaga)...
Fabrika zaharra eta Arane polikiroldegia
1980 urte inguruan Udalak Fabrika zaharraren hondakinak erosi eta Arane polikiroldegia eraiki zuen. Aurretik pasealekua egin zioten, gerora Iturburu eta Andikokalekin lotu zutela.
Hiribildu historikoa eta Erregetxea
Erregetxea 1975 urtean bota zuten, bertan aparkalekua egiteko. 2000 hamarkadan urtean lur azpiko aparkalekua egiteko asmoa egon zen, baina ez zuen aurrera egin.
Hiribildu historikoa konpondu zuten, espaloiak kenduz eta lurzoru berria jarriz: Santa Ana kalearen Kalegoeni zegokion zatia, Labaderogain, Zubi nagusia, Kalebarren, Plaza Zaharra, Udaletxeko aldapa eta Etxaburuetaren aurreneko zatia.
Urte batzuk aurretik Plaza Barriari zati bat kendu zioten, ibilgailuen trafikoa errazteko asmoz.
Ibilgailuentzako bideak
1973 urtean Ezozibidea eta Mendiola industrialdea lotu zituzten. Modu honetan, eta industrialdearen zubia aprobetxatuz, bertatik errepide orokorra joan zitekeen, eta alderantziz.
1986 urtean sahiesbidea zabaldu zuten, herritik pasatzen zen trafikoa arinduz modu nabarmenean. Honek ahalbidetu zuen txandakako zirkulazioa jartzea, semaforoz kontrolatuta.
Handik urte batzutara, eta Eusko Jaurlaritzaren ZXXX programaren bidez, herri barneko sahiesbidea zabaldu zuten: Ezozibideko errotondan hasita, hegoalderuntz altura hartzen du trenbideraino, bertatik segi eta Olea parera heldu baino lehen behera egiten zuen, azkenik Alberdi presa aurretik ibaia zeharkatzen zuen herriaren zeharbideraino.
Hasieran bi norabidetakoa zen, baina gero norabide bakarrekoa bilakatu zuten, Bergaratik Maltzagarako trafikoa bertatik ekarriz; modu honetan aparkaleku asko sortuz. Gerora norabidea aldatu dute, Bergaratik Maltzagara zeharbide normaletik eginez, eta Maltzagatik Bergarara zeharbide berritik.
Oinezkoentzako bideak
Oinezkoentzat Iturburu pasealekua zabaldu zuten, Andikokaletik Iturbururaino, Arane polikiroldegi aurretik pasatzen dena.
Mendiola industrialdetik Sagar-errekara pasatzeko oinezkoentzako zubia egin zuten 1970 hamarkadan.
Horretaz gain, eta ur-zikinen hodi biltzailearen gainean, pasealeku modukoa egin zuten ibaiaren eskumaldean. Dena dela, momentuz irismen oso eskasa dauka.
Azken urteetan hainbat igogailu publiko zabaldu dute, irismena hobetzeko asmoz: Gabolatsetik Arraikuara, Galipotetik Frontoira, Estaziño kaletik Kanposantura, Atxuritik Zahar-Egoitzara (bi) eta Errekaldetik Gipuzkoa etorbidera.
Hiribildu historikoa konpondu zutenetik arratsaldetan eta asteburuetan ibilgailuentzat ixten dute.
Industrialdeak
1970 hamarkadan Mendiola industrialdea egin zuten baina, krisia zela eta, enpresek urteak eman zituzten hara mugitu arte. Industrialdera sartzeko zubia egin zioten errepide nagusitik, eta Ezozibiderekin lotu zuten ere.
Elektrika parean Carmelo Mendizabal lantegia eraiki zuten, zubi eta guzti. Alboan beste eraikin industriala ere egin zuten, bertan hainbat enpresek egoitza zutela: Mendizabal industrialdea.
2010 hamarkadan Sagar-errekako zabortegi gainean Sagarraga industrialdea zabaldu zuten.
Etorkizunean, Embalajes Ansola eta Maltzagako Arcelor Mittal esparruetan industrialdeak egiteko asmoa dago.