Labaderogain (eu)

    Sorapediatik

    Kokapena

    Labaderogain herriko kaskoaren erdi erdian dago, Udaletxe aurrean. Bertatik irtetzen dira Kalebarren, Kalegoen (gaur eguneko Santa Ana) kalea), Udaletxeko aldapa eta zubi nagusia.

    Plaza moduko honek 12 metrotako zabalera dauka, eta 34 bat metrotako luzeera.

    Labaderogainek ez dauka etxebizitzarik esleituta, eta ez dago herriko kale-izendegian; hau da, ez dauka ezagupen ofizialik.

    Mapa kargatzen...


    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Historia

    Toki hau betidanik izan da herriko zilborra.

    1343. urtean Placencia de Soraluce modu ofizialean eratu zutenean, Alonso Jaun Erregeak Soraluze eta Herlaibiako biztanleak biltzeko agindu zuenean, herriko erdigunea Kalegurutzen zegoen.

    Gero, XVIII mende hasieran, Udaletxe berria egin zutenean, pareko etxeak bota zituzten, halako zabalgunea utziz Kalegoen eta Deba ibaiaren artean. Toki honek plaza baten funtzioak betetzen zituen, Lamoten grabatuan argi ikus daitekeenez (1756).

    Hogeitabost urte geroago, 1780. urtean hain zuen, Udalak erabaki zuen Zubi Nagusia berriro losatu, bi ertzetan hareharrizko espaloiekin. Espaloi bat "mojen kaleraino" (Kalegoen) helduko zen, "zubi osteko plazatxoa berdinduz" (Labaderogain)[1].

    XIX mendean garbitokia, ikuztokia edo labaderoa egin zuten bertan. Plaza Barriko iturriaren urei azken etekina ateratzeko, eraikina lur azpian geratu zen, eta sabaia kaleen alturan. Sarrera Jauregi etxearen parean egin zioten, errekarako bidean hain zuzen. Tokiari ordutik datorkio izena, labaderogain.

    XX mende hasieran komun publikoak eraiki zituzten sarrera ondoan, errekarako bidea estutuz. Beste aldean, Santa Ana 4ko etxearen ondoan beste bat eraiki zuten, Santa Ana 2. Planta trapezoidala eman zioten, Zubi Nagusiko sarrera ez oztopatzeko.

    1967. urtean, berriz, zubi nagusia zabaldu zuten Labaderogaineko zabalera osoa hartuz. Trafikoa labadero gainetik pasatu behar zenez, eta erabilera asko jaitsi zenez, berau itxi eta kondenatu zuten; modu honetan sabaia eusteko zutabeak sartu zituzten.

    XXI mende hasieran Santa Ana 2ko etxea hustu izan behar zuten, hondakin-egoeran zegoelako.


    Santa Ana 2ko etxea oraindik jaso gabe

    Eraikinak

    Nahiz eta kale-izendegian ez egon, hainbat etxek eta lokalek bertatik dute sarrera:

    • Santa Ana 1. Udaletxea bera.
    • Santa Ana 4. Ataria eta komertzioek Labaderogainen dute sarrera: Marimar harategia (aurretik Alejo Artolazabalen harategia) eta Bolintxo okindegia (aurretik Marcial Txurrukaren drogeria).
    • Santa Ana 2. Nahiz eta Santa Ana kalean ez egon, etxe honek bertako zenbakia zuen. Labaderogainetik zeukan sarrera, eta azpian Belarrak loradenda egon zen, eta aurretik Maria Torreren gozotegia. 2022. urtean bota zuten, erortzekotan zegoelako.
    • Kalebarren 2. Jauregi etxea, gaur egungo Abadetxea. Kalebarrenetik dauka sarrera nagusia, baina Labaderogainetik hanbat sarrera ditu:
      • Kaperara (aurretik Idigoras denda izandakoa)
      • Bulegoetara.
      • Sotora. Abadetxe ondoko errekarako eskilaretatik (komun publikoetara ere).
    • Zenbakirik gabe. Soraluzeko Gaztetxea, Abadetxe ondoan. Garai batean Juventud Gonzagaren egoitza, eta Soraluzeko Gazteriarena gero. Honek badauka beste sarrera bat beherago, errekarako eskilaretan. Sasoi batean Betania zegoen bertan, Caritasen egoitza eta umeentzako aise tokia.


    Erreferentziak

    1. "Habiéndose tratado y conferenciado de la necesidad en que se halla la puente principal de esta villa de una sólida composición de su calzada, acordó y decretó se proceda a hacerla de nuevo, hechando en sus dos ceras cintas de losa arenisca labrada, tirando esta por un lado y parte de la casa de la viuda de Andres de Aguirre y sus hijos hasta el esquinazo en que se da buelta para la calle de las monjas, igualándose o terraplenando la plazuela que se halla siguiente a dicho puente" (Soraluzeko Udal Artxibategia Akta liburua 1766-1782 1780/04/30).