Bilakaera urbanistikoa. Desarrollismoa (eu)

    Sorapediatik
    Bilakaera urbanistiko osoa ikusteko, Bilakaera urbanistikoa (eu)

    Aurrekariak. Kañoi fabrikak

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Kañoi fabrikak (eu)

    Sistema gremiala desegin zutenean José Ignacio de Ibarra e Iribecampos jaunak enpresa handi eta modernoa egitea erabaki zuen. Horretarako, 1860ko urriak 16an Villalegre eta San Millán-go markesari (Luciano Porcel y Valdivia jaunari) txara inguruko lurrak erosi zizkion, gaur egun kiroldegia dagoen tokia, hain zuzen. Hurrengo urtean La Euscalduna enpresa sortu zuen, eta Fabrika zaharra eraiki. Euscalduna fabrika ere esaten zioten.

    Durango-Zumarraga trenbidea 1888 urtean zabaldu zuten. Trenbidea ibaiaren eskumako ertzetik egin zuten eta, herri kaskoa sahiesteko, ibai-kotatik nahikoa gora egin zuten trenbidea. Elizaren atzekaldean geltokia eraiki, eta aurrean enparantza zabaldu zuten. Geltokira bertara heltzeko Erregetxetik hasita Kotxebidea zabaldu zuten.

    Fabrika zaharrean leku falta zela, eta irisgarritasun eskasa zuenez, lantegi berri bat (Nueva Fábrica de Placencia de las Armas) eraikitzea erabaki zuten. 1916-1926 urteetan fabrika berriaren eraikin nagusiak sortu zituzten (bi nabe, bulegoak, prensa lantegia eta ajuste lantegia). Gerra ostean eraikin laguntzailekin osatu zuten: biltegia (1938), ekonomatoa (1941), babes antoaereoa (1942) eta kainoi probalekua (1946-1953).

    Gerra aurretik, eta ostean ere, lantegi txikiak hazten hasi ziren, eta eraikin berriak egin zituzten: Sacia, Amuchastegui, Aranguren...

    Aldi honetan ere bi erakunde publiko sortu eta beren egoitzak egin zituzten: Babesetxe-Ospitalea 1896 urtean Atxuri kaleko Mendizabal etxean, eta Bigarrena Maristen ikastetxea 1909 urtean Elizburu kalean.


    Soraluze 1950 urtean (Baldomero de Blas 1950)

    1943.eko Gipuzkoako Plan Urbanistikoa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    1943. urtean Gipuzkoako Plan Urbanistikoa onartu zen. Soraluzeri buruz esaten zena:

    Mendiaren eta ibaiaren artean erabat sartuta dagoen herria, industria zein etxebizitzen aldetik zabaltzeko aukera gutxi duena. Errepidearen sahiesbidea proiektatu da, Deba ibaiaren ezkerreko hegaletik apur bat altxatuz.

    Hala ere, ondorengo hamarkadetan herria bikoiztu zen, industria zein biztanle aldetik. Saihesbidea bai, azkenean ezkerreko hegaletik egin zuten.


    Lantegiak eta industrialdea

    Gerra osteko estuasunak arinduta, 1950tik aurrera Espainiako ekonomiak gora egin zuen nabarmen. Soraluzen, Euskal Herriko beste hiri eta herri askoren moduan, industria loratu zen, batez ere torlojugintza.

    Ordurako martxan ziren lantegiak hazi ziren, ehundaka langile hartuz: Amuchastegui, Aranguren, Arizaga, Barrenechea, Gol, Lete, Oruesagasti, Sacia, Ucin… Lantegi hauek gero eta handiagoak egin ziren.

    Eta beste lantegi berri asko zabaldu ziren, asko eta asko etxeazpietan.

    Gerora begira, 1970 hamarkadan enpresari batzuek Mendiola industrialdea sustatu eta egin zuten baina, 1973eko krisia zela eta, enpresek urteak eman zituzten hara mugitu arte.


    Etxegintza

    Lantegien hazkundeak eskulana ezinbestekoa zuen eta, Euskal Herriko beste hiri era herri askoren moduan, Soraluzera etorkin asko etorri ziren 1950 eta 1960 hamarkadatan.

    Biztanle hazkundeari aurre egiteko, herriko etxe askori solairu bat edo bi gehitu zitzaien: Kalebarren, Santa Ana, Gabolats, Errabal… Etxeak altuagoak zirenez, kaleak ilunagoak egin ziren, eta itxura estuagoa hartu zuten.

    Hala ere, oraindik ez zen nahikoa. Eta hurrengo hogetamar urteetan auzo eta kale berriak sortu ziren: 1950 hamarkadan Gabolatsen (iturri inguruan), Alejandro Calonge eta Serafin Achotegi, Sagar-erreka, Arraikua eta Loralde; 1960 hamarkadan Gabolats garaia, Ezozibidea eta Zeleta; 1970 hamarkadan Estaziño kalea, Errekalde bukaera, Gipuzkoa etorbidea eta Santa Ana komentuaren lurretan eraikitako etxeak.


    Trena desagertu

    1973 urtean trena kendu zuten, eta trenbidea errepidea bihurtu zuten, Ezozibidea eta Estaziño kalea zuzenean lotuz, herrigunetik pasa beharrean. Gainera, Arraikua eta Loralderako irismena asko hobetu zen.


    Hurrengoak. Hirigintza ordenatua

    Gehiago jakiteko, Bilakaera urbanistikoa. Hirigintza ordenatua (eu)


    Erreferentziak