Txurruka bailara (eu)
Geografia [1]
Karakate mendiaren hego-mendebaldeko malda malkartsuan dago kokatua Txurrukako auzoa. Lur hedaduraz eta baserri kopuruz Soraluzeko mendi auzoetan txikiena da. Mendebaldetik, Bergarako Osintxu auzoarekin egiten du muga; Edurdungo, Egotza eta Egotza-Etxeko baserrien lurretan. Iparraldetik berriz, Irukurutzetako mendi tontorreraino heltzen dira Txurrukako lurrak, eta bertan, Elgoibar eta Azkoitiko lurrekin egiten du topo. Ekialdetik, Agirrebeiztegi baserritik harantzago joanez gero, San Andres auzoa dago eta hegoaldetik Deba ibaia, Artea-pea eta Zuloaga baserrien ondo ondoan.
Gainerako auzoetan bezela 70. hamarkadan egindako bide berriak izugarrizko iraultza suposatu zuen garraio eta komunikazio alorrean auzoko baserritarrentzat. Ohitturrira ezik, gainontzeko baserri guztietara heltzen da bide nagusia, Txurruka baserriraino galipotez estalitako bide erosoa dena.
Txurruka auzoko lurrak oso aldapatsuak dira eta ez oso egokiak nekazaritzarako eta abeltazntzarako ere. Azken urteotan baserri askok utzi diote nekazal eta abeltzantzako produkzioari eta lehenago soro izan ziren eta azken urteotan zelai bihurtuak zeuden hainbat lur eremutan pinua landatu da. Joera honek jarraitzen badu, laster Txurruka auzoa pinu baso izango da bere eremuaren ia osotasunean.
San Inazio elkartea
San Inazio ermitaren ondoan, 1978an eraikitako elkartea ere badago, San Inazio elkartea. Gaur egun 10 bat bazkide ditu elkarteak eta asteburuetan batzen dira jatorduren bat egin eta lagunarte goxoan egotera.
Txurruka jatetxea
Baserriez gain, bada Txurrukan izen bereko jatetxe bat ere. 1.972an zabaldu zuten Txurruka jatetxea, baserriko lanei utzi eta otorduak eskeintzen hastea erabaki zutenean. Ordutik hona ibilbide luzea egin du jatetxeak, eta gaur egun ezaguna da Deba bailaran eta baita bailaratik kanpo ere, eskeintzen dituen jaki eta zerbitzuaren kalitateagatik.
Jaiak
Urte askoan, Txurruka jatetxekoak izan dira San Ignazio eguneko erromeria antolatu dutenak.
Bi eguneko erromeria antolatu izan dute, uztailaren 30ean Kintanilla soinujole plaentxiarraren saioa eta 31an, auzokoen bazkaria antolatzeaz gain, Meza eta bertsolariak jarri izan dituzte, Egileor eta Narbaiza gehienetan.
2000. urte ingurian, gero eta jende gutxiago zetorrela eta, utzi egin zioten San Inazioetako erromeria antolatzeari.
Bitxikeriak [2]
Irukurutzeta Eguna
Garai batean, eguraldiak laguntzen zuenean (uda partean beti ere), Azkoitia, Elgoibar, Bergara eta Soraluzeko baserritarrak batzen ziren Irukurutzetako mendi tontorrera. Naturaren erdian eta soinujolearen laguntzaz, erromeria eder eta jendetsuak egin ohi ziren gerra osteko urteetan. Makina bat neska mutilek bertan ezagutu omen zuten elkar, herri ezberdinetako baserrien eta sendien arteko loturak sortuz.
Gaur egun, orduko jendetzarik batzen ez bada ere, maiatzeko lehenengo igandean, Irukurutzeta Eguna egiten da oraindik ere. Osintxuar, bergarar, elgoibartar, azkoitiar eta plazentziarrak batzen dira, goizean meza entzun eta arratsaldean, Irukurutzetako zelaian erromeria egiteko.
Bergarako Kapirixo eta Soraluzeko Atseden Txaboleta Elkartekoak dira, urtero urtero erromeri egun honi eusten diotenak. Atseden-Txaboleta 1974. urtean soraluzetar gazte batzuk Soraluzeko lekurik ederrenetako batean, Txurrukako Edurdungo baserria baino gorago dagoen tontor batean. 2002 urtean zortzi bazkide ziren.
Mendigaineko tumuloak
Inguruotan gizakia aspalditik bizi denaren agergarri, hamazazpi dira Plazentzia-Elosuako mendigaineko eremu megalitiko osoan zehar aurkitu diren dolmen eta tumuluak. Gizaburua, Sabua, Iruiya, Atxolin, Atxolintxiki, Aizkoin, Pagobedeinkatu eta Nahasiko-Goena dira Soraluzeko lurretan aurkitu direnak.
Arbasoek egindako harrizko monumentu hauek, Eneotito-Brontze aroko (oraindela 5.000 urte inguru) hilobi kolektiboak dira. Hilobi hauen balore arkeologikoa oso handia da eta historiaurreko bizimoduaren gaineko hainbat xehetasun eskeini dute bertan aurkitu diren objetu eta hezur ugariek.
1920an Joxe Migel Barandiaranen zuzendaritzapean, eta Soraluzeko baserritarrek lagunduta egin ziren indusketak izan dira eremu honetan egin diren ia bakarrak.
Bergarako Kapirixok eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ere seinalizazio, zainketa eta azterketa lanak egin zituzten XX mende bukaeran, eta 2015. urtean Arribiribilleta jaso: trikuharria edo dolmena zalakoan, Aranzadikoek aztertu eta gero zutarria edo menhirra zela konturatu ziren.
Bailarako mapa
Ermita
Txurruka auzoko ermita bakarra San Ignaziorena da, 1957. urtean auzolanean egindakoa.
Aintzineko garaian auzoan beste ermita bat izan zenaren zurrumurruak ere jasotzen ditu Ramiro Larrañagak Placencia de las Armas. Monografía liburuan. Hala dio berak jasotako testigantza bitxi batek: garai baten izan zuten ermita baina galdu egin zuten beronek zeukan irudia aldatu zutenean… hirugiharrea jarrita.
San Ignazio ermita |
Baserriak
2002eko datuak
Kopurua | 15 |
Desagertuak | x |
Hutsik | 10 |
Bizitzak | 25 |
Bizilagunak | 19 |
Bataz besteko adina | 57 urte |
Gaur eguneko baserriak
Izena | 1979 | 2002 |
---|---|---|
San Ignazio ermita | ||
Agarre | ||
Agarrebeiztei | ||
Azalia | ||
Azalia-etxetxo | (argazki barik) | (argazki barik) |
Edurdungo | ||
Egotza | ||
Egotza-etxetxo | (argazki barik) | |
Kanterazulo | ||
Madari | ||
Mendizabal | ||
Oitturri | ||
Txurruka | ||
Txurruka-berri | (argazki barik) | |
Txurrukazpi | ||
Unamuno | ||
Zuloaga |
Desagertutako baserriak
Gorago aipatutako Unamuno eta Oitturriz gain, bada beste baserria desagertu zena:
Urruzti
Txurruka baserriaren gertu zegoen, baina gaur egun ez da arrastorik geratzen.
1745. urtean casilla de Urrusti agertzen da, Bartolomé de Churruca jabea zela; baita Txurruka eta Azalia-etxetxo baserriena ere.
Madozen hiztegi famatuan (Diccionario de Madoz) agertzen da[3]:
URRIZTI, Txurruka ballarako baserria, Gipuzkoako probintzian, Bergarako epai-barrutian, Soraluzeko udalerrian (URRIZTI: cas. del valle de Churruca, prov. de Guipúzcoa, part. jud. de Vergara, térm. de Placencia).
Erreferentziak
- ↑ Soraluzeko baserriak. (96. orrialdea)
- ↑ Soraluzeko baserriak. (97. orrialdea)
- ↑ Diccionario de Madoz. Bavierako Estatu Liburutegia (Die Bayerische Staatsbibliothek)