Zubiak (eu)

    Sorapediatik
    Zubi Nagusia (Indalecio Ojanguren)

    Soraluze ibi baten ondoan sortua da, eta gero zubia eraiki zuten bertan. Zubi hau inguruko gune garrantzitsuena bihurtu zen ehundaka urtetan, XVIII mendean Bergara eta Altzola arteko errepide berria egin zuten arte behintzat.

    Ordutik aurrera egin diren zubi gehienak soraluzetarren mesederako izan dira; bertakoek erabiltzeko, alegia. XX mende bukaeran agertuko dira berriro bide nagusiekin lotutako zubiak: saihesbidearena eta autobidearenak.

    Bitxikeri gisa aipatu behar da ipar zein hegoaldetik Soraluzeko mugak bi zubik markatzen dituela, Maltzagako zubiak eta Mugarrikoak hain zuzen, nahiz eta udalerrian ez egon.


    Kokapena

    (Zubi baten izena ezagutzeko, gainean sakatu)

    Mapa kargatzen...


    Zubi zaharrenak

    Soraluzetik pasatzen ziren aintzinako bi errepideek, Deba ibaiaz gain, hainbat erreka zeharkatzen zituzten. Hasiera batean ibiak bilatu bazituzten ere, garraioa errazteko zubiak eraiki zituzten; egurrezkoak aurretik, eta harrizkoak gero.

    Zubi garrantzitsuena, dudarik gabe, Zubi Nagusia da. Arabatik itsasorako bideak Deba ibaia zeharkatzeko erabiltzen zuen ibiaren ondoan eraiki zuten. Berez, Soraluze herria ibi eta zubi honen ondoan sortu zen. XVI. menderako zubia bazegoen, XVIII. mendean berria egin zuten, eta 1831.eko ufalak uztai nagusia eraman zuenean 1845.ean beste uztai luze eta ausart batekin ordeztu zuten. Gero, 1967. urtean gaur eguneko zubi zabala eraiki zen, azpian oraindik zubi zaharra gordetzen duela.

    Arabatik itsasorako bide honek Erlei, Altun eta Ipintza errekak zeharkatzen zituenez, ibietan zubiak eraiki zituzten.

    Olabarrenako zubia 1534. urtean eraiki zuten. Leku berean ibia zegoen, Eibarko bidea eta Elgoibarkoa lotzen zituena Zubi Nagusira joan beharrean. Baina Ibaizabaleko presa eraiki zutenean ibia desagertu zenez, presa gainetik zubia eraiki zuten.

    Herlaibiako zubia, izenak dioenez, Erlei errekako ibian egin zuten, XVI. edo XVII. mendean. Errekaldean zegoenez, Errekaldeko zubia esaten zitzaion. Geroztik, bidea zabaldu, alboetan etxeak egin... garai bateko zubia errepide azpian ezkutatuta geratu da.

    Errege bideak Altun erreka zeharkatzen zuen Gabolats kalean. Hortatik Gabolatseko zubi zaharra esaten zitzaion. Zubi hau ere XVI. mendean harrizkoa egin zuten. Aurrekoaren moduan, gaur egun zubia kale azpian ezkutatuta geratu da.

    Azkenik, Ipintzako zubia erabiltzen zuten izen bereko erreka zeharkatzeko, Ezozia azpian; errepide berria zela eta, XX mende bukaeran erabiltzeari laga zioten.

    Zeharkako ardatzak, Bizkaitik eta Eibartik zetorrena gero Azkoitiara eta Gipuzkoa aldera pasatzekoak, bi erreka handi pasatzen zituen, Sagar-erreka eta Keixeta.

    Sagar-erreka Igaraten zeharkatzen zuen, bertan zegoen Igarateko zubitik. Herri lanak alde batetik eta ufalen triskantzak bestetik, gaur egun zubia errepidearekin bat eginda dago, urik beratik pasatzen ez dela.

    Keixetako zubia Azkoitiarako bidean zegoen, San Andres baino beherago. Oso berandu arte egurrezkoa izan zen, baina 1777. urtean harrizkoa egin zuten, euriteek zeharo ondatu zutelako. Urak eruanda, gaur egun aztarnak besterik ez dira geratzen.

    Deba ibaia zehakatzeko beste bi pasabide zahar ere izan dira, Gabolatseko harpasuak eta Errekaldeko harpasuak. XVIII. menderako eginak ziren, eta XX. mende hasieran Gabolatseko zubia eta Errekaldeko zubia egin arte erabili izan dira. Gaur egun deseginda daude harpasu hauek.

    XX. mende hasierako zubiak

    1888 Durango-Zumarraga trenbidea egin zutenean, Maltzagako zubiaz gain Zeletako zubia eraiki zuten, San Andres bailarako bide nagusia errespetatzeko. Ordutik hona zubia zabaldu izan zuten aurretik, eta goitik behera bota zabalagoa berregiteko bigarrenean.

    Urte batzuk geroago Maltzagako zentralerako pasabidea zein Orbea zentralerakoa egin ziren.

    Herria gero eta handiago egiten ari zela, 1910 hamarkadan Gabolatseko zubia eta Errekaldeko zubia eraiki zituzten, Gabolatseko harpasuak eta Errekaldeko harpasuak ordezkatzeko. Hasiera batean pasarela soilak ziren, baina gerora gogortu zituzten eta, Gabolatseko kasuan, ibilgailuentzat zabaldu ere.


    XX. mende bukaerako zubiak

    1956. urtean Maltzagako zentralean Gabilondo lantegia ezarri zuten, eta pasabidea zubi berriaz ordeztu zuten. Urte batzuk geroago gauza bera egin zuten Orbea zentralaren pasabideaz, Ansola lantegirako zubi berria eraikiz.

    1970.eko hamarkadan, besteak beste, Mendiola eta Mendizabal industrialdeak egin ziren Soraluzen. Errepidetik sartzeko bakoitzari bere zubia egin zioten: Industrialdekoa eta Mendizabalekoa.

    Urte haietan ere Sagar-errekako pasabidea ere egin zuten, oinezkoentzat, Mendiola industrialdea eta Sagar-erreka auzunea lotzeko. Sahiesbidea egin zutenean pasabidea egokitu zuten.

    Mende bukaeran, berriz, Gabilondo izandako lantegira sartzeko Sidenorrek bigarren zubia eraiki zuen, aurrekoa baino gorago.


    Saihesbide eta autobideko zubiak

    1970.eko hamarkadan saihesbidea egin zutenean Erleiko zubia eraiki zuten Erlei erreka gainetik. Honetaz gain, San Martzialeko pasabidea ere egin zuten, saihesbidearen gainetik, bide zaharra mantentzeko.

    1985. inguruan Osintxuko saihesbidea egin zuten, eta harekin batera Mugarriko zubia, hegoaldetik Soraluzeko muga markatzen duena.

    2000.eko hamarkadako hasieran, eta herri barruko saihesbidea[1] egiteko Oleako presaren ondoan izen bereko zubia egin zuten: Oleako zubia.

    Urte berberetan, Eibar-Gasteiz autobidea eraikitzerakoan lau zubi egin zituzten Soraluzen: Larreategiko bi zubi paraleloak eta Sagar-errekako biak.


    Beste zubi txikiak

    Galipoteko zubia

    Harrizko zubi eder hau Galipotaren gainean dago. Frontoitik Santa Ana kaleko 13 zenbakiko bigarren pisura heltzeko balio du.

    Sokazko zubia

    Gabolats 4ko eta Baltegieta 12ko etxeen artean, sokazko zubia egon zen. Hiru soka zituen, bat oinentzat eta beste biak eskuez oratzeko. Zubi hau ez zen publikoa, partikularra baizik.


    Etorkizuna: egitasmoak

    Errekaldeko zubiak irisgarritasun arazoak sortzen ditu, Atxuri aldetik eskilara asko ditu eta. Horregatik, pasabide berria aurrikusita dago metro batzuk gorago, Erlei erreka parean: Errekaldeko pasabidea.

    Beste aldetik, gaur egungo Eibarko joan-etorriak ez dira oso seguruak, Mendiola industrialdeko zubitik egin behar direlako. Horregatik Olabarrena presaren gainetik zubi berria egin nahi da, Eibarko joan-etorriak bertan bideratzeko.


    Erreferentziak

    1. Errekalde >> Olea >> Estazio kalea >> Ezoziabidea >> Mendiola industrialdea.