Industrialdeak (eu)

    Sorapediatik

    Industrialdeak

    Gaur egun zortzi industrialde daude Soraluzen.

    Industrialdea Eraikia Bideak etab Guztira Beste izena/k
    Aginaga-Maltzaga 18.200 m2 3.800 m2 22.000 m2 Gabilondo
    Amillaga 2.300 m2 13.700 m2 16.000 m2 Agate/ Ansola
    Mendiola 23.000 m2 12.700 m2 35.700 m2
    Mendizabal 4.600 m2 2.000 m2 6.600 m2
    Olea 3.900 m2 1.700 m2 5.600 m2
    Sagarraga 3.150 m2 5.150 m2 8.300 m2
    Sagar-erreka 6.500 m2 5.100 m2 11.600 m2
    Sologoen 1.100 m2 400 m2 1.500 m2
    Unamuno 4.450 m2 7.750 m2 12.200 m2
    Guztira 67.200 m2 52.300 m2 119.500 m2


    Kokapena

    Lau industrialde handienak Deba ibaiaren eskumaldean kokatzen dira, ibaia eta aintzinako trenbidearen artean. Forma luzea eta okerra dute, beraz. Beste bi Sagar-errekan daude. Gainontzeko biak Deba ibaiaren ezkerraldean daude.

    Mapa kargatzen...


    Historia

    XV mendetik aurrera, burdinolak zeuden inguru guztietan, armagintzarako lan egiten. Indarra behar zutenez, kainoigileek zein giltzagileek ur jauzien arabera antolatzen ziren (ikus Olak, errotak eta zentralak). Bestelako gremioek, aparejeroek eta kutxagileek, etxe azpietan zituzten lantegiak.

    XIX mendetik aurrera enpresa handiak sortu ziren. 1861 urtean La Euscaldunak Baltegietan jaso zuen fabrika, eta honen ordezkoak, The Placencia de las Armas Company Limited-ek, 1926 urtetik aurrera Baltegieta kalearen bukaeran.

    XX mendean hainbat enpresa sortu ziren; hasiera batean etxe sotoetan ezartzen ziren, eta inoiz Erregetxean ere. Txikiak ziren bitartean hasitako tokitik ez zuten aldatu behar, baina handitzen zirenean leku gehiago behar zuten, eta garai hartako herriko inguruetara mugitzen ziren: Construcciones Sacia, Aranguren, Amuchastegi, Arizaga… Behin esparruak beteta, hazkundea gora egiten zen, pisu gehiago eraikitzen.

    Lehen industrialdeak Olea eta Sagar-errekakoa izan ziren, han topa zuten enpresa batzuk hedatzeko tokia. Dena dela, ez ziren planifikatutako industrialdeak.

    1970 hamarkadarako herria asko hazi zen, eta enpresa gehienak herri-kaskoan zeuden. Lantegi handiak kenduta, gainontzekoak herri-kaskotik ateratzeko premia ikusten zen, eta hainbat enpresa txikik Mendiola industrialdea sustatu zuten. Baina behin poligonoa industua petrolioaren krisiak eztanda egin zuen (1973), enpresa askok kiebra jo zuten eta gainontzekoek ez zuten diru nahikorik inbertsio handiak egiteko. Mendiola poligonoa urtetan egon zen bere hartan, hutsik.

    Beste enpresa batzuk, berriz, beren industrialdeak eraiki zituzten. Gabilondok (Vicente Gabilondo e Hijos) 1956 urtean Aginaga-Maltzaga industrialdea sortu zuen, hurrengo hamarkadetan behin eta berriz hedatu eta 2018 itxi zen. Embalajes Ansolak, berriz, 1970 hamarkadan Amillaga industrialdea sortu zuen, hainbat aldiz handitu baina 2010 hamarkadan itxi zen ere. Lucio Ariznabarreta enpresak bere esparrua sortu eta handitu zuen ( Sologoen industrialdea), eta 2018 urtean itxi zen. Industrialde hauek, Sagar-errekaren antzera, ez ziren planifikatutakoak.

    Eta bada 1970 hamarkadako beste kasu bat mota bietatik daukana, Mendizabal industrialdea: enpresa batek sustatua (Carmelo Mendizabal), baina planifikatuta aldi berean. Bere lantegiaz gain besteentzako pabiloiak eraiki zituen.

    1970-1980 hamarkadakoa ere Unamuno industrialdea da. Kasu honetan ere, planifikatu gabekoa.

    Azken industrialdea Sagarraga izan da. 2000 hamarkadan planifikatu eta egin zen, Galvanizados Arrate enpresak erabiltzeko.


    Etorkizuna

    Lantegi berriei lekua egiteko ez daude aukera asko Soraluzen. Industrialde batzuk ia beteta daude (Mendiola, Sagar-erreka, Unamuno, Sagarraga) edo eskasak dira, zabaleraz edota irisgarritasunez (Sologoen).

    Mendizabal industrialdeak baditu erabilgarri diren pabiloiak, irisgarritasun mugatukoak. Azkenik, Amillaga edota Aginaga-Maltzaga industrialdeak egokitu beharko lirateke goitik behera.


    Erreferentziak