Erregetxea (eu)
Errege-etxea | |
---|---|
Estiloa | Neoklasikoa |
Mendea | XIX |
Kokapena | Herrigune historikoa |
Mota | Eraikina |
- Sarrera hau Erregetxearen adiera nagusiari dagokio. Bestelako esanahietarako, ikus Erregetxea (argipena)
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Erregetxea zerutik 3Dtan (bideoa)
(Óscar Pérez 2016)Erregetxea gertutik 3Dtan (bideoa)
(Óscar Pérez 2015)
Azalpena eta historia
Felipe II.aren garaian Soraluzek aurreneko Errege-etxea moldatu zuen, Deba ibaiaren ezker aldean, Errabal kalean hain zuzen.
XVIII. mendearen bukaera aldean egoera txarrean zegoenez, 1785 urtean Miguel Antonio de Jáureguik bigarren Errege-etxea proiektatu zuen, zaharraren aldamenean eraikitzekoa.
Plan honek ez zuen aurrera egin, baina erregetxearen egoera txarra baliatuta Eibarko Udala eta armagileak ahaleginetan ari ziren Erret Lantegiak bertara eramateko. 1803.eko martxoak 13an Soraluzeko Udalak biztanleak bildu zituen, egoerari aurre egiteko. Ondorioz, Miguel Antonio de Jáureguik beste proiektu bat prestatu zuen, Erregetxe berria herri kaskoaren ondoan eraikitzeko, Plaza Zaharraren gainean. Eraikin berriak miloi bat erreal pasatxoko aurrekontua zuen, eta ordaintzeko herri guztia hipotekatu zen: etxeak, baserriak, zuhaiztiak, errotak, olak...
Plana onartu eta lanak 1804. urtean hasi ziren. Lehengo lanak orubea prestatzea izan zen: atzeko mendia jan, Plaza Zaharreko horma eta eskilarak egin, Zabaleta erreka estali Erregetxeko karkabaz... 1806 urtean paretak lehen bigarren solairuraino heltzen ziren: bertan zegoen eguzki erlojuak zioen: Viva Carlos IV 1806.
Ordurako, eraikinaren hormen altura ikusita, Arregia Goikoaren biztanleak kezkatuta agertu ziren, Erregetxearen teilatuak beren etxearen gainean botako zituela urak eta sor zitezkeen kalteak. Udalari txostena aurkeztu zioten, kezka hau kontutan hartzeko[1].
1809 urtean bukatu zen eraikina, eta ekainak 30an José Bernardo de Aldasoro alkateak garaiko erregeari, Jose I Bonaparteri, eskaini zion.
1865 urtean arma ekoizpenaren monopolioa desagertu zen, eta horrekin batera Soraluzeko Erret Arma Fabrikak desegiteko legeak etorri ziren (1865ko urtarrilak 13an eta urte bereko martxoak 8an).
1867 urtean Estatuak Udalari pasa zion eraikina. Baina 30 urte geroago, 1897an hain zuzen, eraikina itzultzeko eskatu zuen, 1809an Errege-etxea Jose Bonaparteri eman zitzaiolako (legez kanpoko erregea). Azkenik, 1900. urtean Madrilgo Epaitegi Gorenak Soraluzeko Udalaren aldeko epaia eman zuen.
Ordutik aurrera Erregetxean denetik egon da: eskola arruntak, etxebizitzak, musika eta marrazki eskolak, berdura eta arrain plaza, herri-garbitzaileak, postetxea, torloju tailerrak, kortak eta komunak. Eta ostean asto tokia eta perra tokia zeuden.
Eraikina gero eta makalago zegoenez, 1976 urtean Udalak eraitsi zuen, eta geroztik orubea aparkaleku moduan erabiltzen da. Eguzki erlojua, aldiz, gorde zuten eta urteetan plazan egon zen erakusgarri; gaur egun Estazioan dago, autobus geltokiaren aurrean.
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Artikuluak
- (1973) Plaentziako fabrikaren laurehun urteburuan. Juan San Martin
- (1980) Errege-etxea. La casa del Rey. Ramiro Larrañaga
- (1992) Un ejemplo de arquitectura industrial en la Guipúzcoa del siglo XVIII. La Real Fábrica de Armas de Placencia. Maria Isabel Astiazarain
- (2005) Erregetxe orubea (Soraluze). Alfredo Moraza eta Arantza Agirre
- (1817) Canción al Rey y a la Reyna. Manuel Tapia
- ↑ Soraluzeko Udal Artxibategia (1807/05/10).