Miguel Antonio de Jauregui (eu)

    Sorapediatik
    Miguel Antonio de Jauregui y Ondarza
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio 17..
    Hil Bergara, 1833
    Profila Eskultorea, arkitektoa


    Sorrera

    Familia

    Aita Thomas Jauregui Badiola[1] urretxuarra izan zen (1723-1768) eta ama Agustina Ondarza Yturrieta bergararra (1720-1791).

    Thomas erretaulagilea zen lanbidez, rokoko estilokoa, eta azkenetako lana Soraluzen egin zuen (1767), Nazareno eta Dolorosa kaperetako erretaulak hain zuzen.

    Gipuzkoa eta Nafarroan lan egin zuen gehien bat, familia herri batetik bestera aldatzen zela lanaren arabera, seme alaben bataio agiriak erakusten dutenez: Juan Antonio (Bergara, 1742), Maria Manuela Antonia (Segura 1749), Francisco Thomas (Segura 1750), Maria Antonia Rosa (Oñati 1751), Engracia Antonia (Zumarraga 1758) eta Assensio Antonio (Oñati 1760).

    Miguel Antonioren bataio agiririk ez da Gipuzkoako eliz artxibategietan agertzen. Ez dakigu Nafarroan jaio zen, edo Juan Antonio izenarekin inskribatu zuten, edo...

    Ikasketak

    Arkitektura eta eskultura ikasi zituen Madrilen, San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian hain zuzen[2].

    Horretarako diru laguntza bat eman zioten ("pensionado").


    Asteasuko san Juan Nepomuceno

    Bizitza profesionala

    Eskultore lanak

    Madrildik bueltan lehen lan urteak eskultore lanetan eman zituen, aitaren moduan.

    Hala ere, estilo oso desberdina zuen; aita rokoko bazen, Antonio Maria neoklasizismoari jarraitzen zitzaion. Noticias de los Arquitectos y Arquitectura de España liburuan aitari buruz esaten zenez (1823):

    Zegaman hil zen 1768. urtean, 60 urte zituela, maisuaren gustu txarrari eusten dioten ikasle batzuk utziz. Salbuespena Miguel Antonio bere semea da, Bergarako Mintegian diseinu maisua dena, arkitektura ordenen arabera tajuz lan egiten duela.

    1771 eta 1773 artean Zegamako (Gipuzkoa) parrokiarentzat lanean aritu zen, besteak beste, sakristian gordetzen den "Kristo hilzorian" egiten. Asteasuko (Gipuzkoa) parrokiako erretaula amaitzeko San Pedroren eta Espiritu Santuaren tronuak egin zituen eta 1779.an eliza hartarako San Andres eta San Juan Nepomucenoren estatuak egin zituen.

    1785. urtean Montevideorako (Uruguay) erretaula egin behar zuela, emaztea eta Soraluzeko bi koinatu abal-emaile agertu ziren.

    Arkitekto lanak

    1780. urtean arkitekto lanekin hasi zen, Ventura Rodriguez[3] ospetsuak bultzatuta. Aurreko urteetan Santa Maria la Real elizako erretaula barrokoa erre zenez, Soraluzetik Venturari proposatu zioten erretaula berria marrazteko, eta honek onartu. Baina gauzatzeko orduan Madrildik etortzeko gogorik ez zuzenez, Miguel Antonio de Jauregui proposatu zuen lanak zuzentzeko. 1792.ean bukatuta omen zeuden lanak[4].

    Ordutik aurrera Miguel Antoniok Gipuzkoa osoan lan egin bazuen ere, proiektu gehienak Bergara eta inguruetan gauzatu zituen, horietako batzuk Soraluzen bertan.

    1784. urtean Euskal Erret Mintegi Abertzalea[5] zenaren eraikina orduan marraztu zuen eta[6].

    1785.ean, Lacy-ko konteak eskatuta, Soraluzeko Erret Lantegien zabaltzea proiektatu zuen, bigarren Erregetxea. Baina diru faltaz ez zen egin.

    1788. urtean errebote-frontoia egiteko proiektua marraztu zuen. Hogei urte lehenago Bartolomé de Eguizabalek Guatemalatik bialdutako diruarekin, eta Aldasorotarrek emandakoarekin egin zen.

    1791. urtean Santa Ana komentuko erretaula nagusia egiteko eskritura sinatu zuen[7].

    Bigarren Erregetxea egin ez zenez, 1803. urtean beste proiektu bat prestatu zuen, Erregetxe berria herri kaskoaren ondoan eraikitzeko, Plaza Zaharraren gainean.

    1818.ean Hondarribiko Santa Maria del Manzano parrokiko erretaula nagusia zein albokoak marraztu zituen.

    Bestelako lanak

    Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademiaren kidea izan zen.

    1784.rako Bergarako Nobleen Erret Mintegiko marrazki irakaslea zen, eta gutxienez 1807 arte aritu zen.

    1799.ean Soraluzeko Eliz Kabildoak aditu moduan kontratatu zuen[8], hainbat eliz ondasun tasatzeko, Konbentzioaren Gerrak utzitako egoera larria konpontzeko, 1798.eko Erret Agindu batek eliz ondasun batzuk saltzeko eskatzen zuen eta. Lanak urte horretako abuztua eta urria artean egin zituzten.

    Bergaratik Alzolarainoko bide berria egin zenean, Joaquín de Maquibarrekin batera berak irabazi zuen enkantea Bergara eta Soraluze arteko zortzi zatiak egiteko[9].

    Eta hainbat kasutan aditu moduan ere kontratatu zuten: 1806.ean Antzuola ibaiaren planu topografikoa egiteko eskatu zioten[10], 1819.an Albisua baserritik Barrutia errotara doan errekari buruzko txostena eginarazi zioten[11], 1820.ean Bergarako zeharbidea konpontzeko aurrekontua prestatzeko eskatu zioten[12]...


    Bizitza pribatua

    Ezkontza eta familia

    Soraluzen ezkondu zen (1785), Maria Barbara de Aguirre Yraolabeitia y Azcarate soraluzetarrarekin (1760).

    Bergaran jarri ziren bizitzen, eta seme bakarra izan zuten, Jose Antonio Bruno (1785).

    Ondasunak

    Hurrengo urteak oso zailak izan ziren orokorrean (Frantziako Konbentzio gerra, Espainiako Independentzia gerra…) eta irabazitako diruak hainbat ondasun publiko erosteko erabili zituzten.

    1800.ean Estatuak eliz ondasunak saldu zituenean, San Pedro elizako abadeen etxe bat erosi zuen[13]. Eta 1813.ean Udalak saldutako bi esparru bereganatu zituen[14].

    Ondasunen alogerak izan ziren bikotearen beste diru iturri bat[15].

    Maria Barbararen kapilautza

    Gehiago jakiteko sakatu hemen

    1788-1789 urteetan Maria Barbararen osaba batek kapilautza bat sortu zuen Soraluzen, bere errentekin. Lehen kapilaua Jose Maria de Aguirre neba izan zen.

    1812. urtean José María hil zen, eta Maria Barbara arrebak kapelautza berarentzat eskatu zuen, nahiz eta emakumea izan. Kapelautzaren patroiak, Soraluzeko Udalak, eskaera onartu zuen.

    Zazpi urte geroago Kalagorriko apezpikuak Deba bailara bisitatu zuenean, egoera guztiz arbuiagarria iritzi zitzaion. Eta zegokion prozesua martxan jarri zuen, eliz-epaitegietan. Maria Barbarak eta Miguel Antoniok bigarren auzia abiatu zuten, epaitegi zibiletan baina, kapilautzaren errentak berreskuratzeko.

    Hurrengo urtetan gauzak gehiago korapilatu ziren, bsste abade batzuk kapilautza eskatu zutelako, auzia berriak abiatzen. Gainera, sasoiko politikaren arabera auzitegiak behin eta berriro berrantolatu ziren, auziak batetik bestera pasatzen.

    Azkenean, 1828. urtean Kalagorriko eliz-epaitegiak kapelautza Maria Barbara de Aguirre-ri kendu zion, eta 1812.tik kobratutako errentak itzultzeko agindu. Epaitegi zibilak 1833.ean eman zuen epaia, hau ere Maria Barbara de Aguirreren kontra.

    Senar-emazteen heriotza

    Miguel Antonio Bergaran hil zen, 1833. urteko maiatzak 29an, azken auzia bukatu zen urte berean.

    Handik hilabete batzuetara Maria Barbara emaztea hil zen, azaroak 27an hain zuzen.


    Erreferentziak

    1. Tomás de Jauregui. Real Academia de la Historia.
    2. San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademia. Wikipedia (euskaraz).
    3. Ventura Rodríguez. Wikipedia (euskaraz).
    4. Expediente sobre execución del retablo de la parroquial de Placencia de las Armas (Gipuzkoako Artxibo Orokorra 1792).
    5. Real Seminario Patriótico Vascongado.
    6. 1784/08/01. Escritura de construcción de obras de cantería y carpintería del Real Seminario Patriótico Bascongado, con arreglo al diseño y plan hecho por Miguel Antonio de Jauregui, maestro de dibujo, por Juan Antonio de Thomasa, Lorenzo Diez de San Martin y Jose Nicolas de Aguirre (Bergarako Udal Artxiboa).
    7. Escritura de declaración y condiciones dadas por Miguel Antonio de Jauregui, arquitecto, vecino de la villa de Vergara, para la realización del retablo del altar mayor del convento de Santa Ana de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1791/07/09).
    8. Ignacio Bartolomé de Muguruza, maestro agrimensor y obras aprobado y vecino de Elgoibar, hace relación de las haciendas de obras pias en Placencia (fue acompañado para ello por D. Miguel Antonio de Jauregui, perito nombrado por el cabildo; a Muguruza le nombró la villa de Placencia) (Elgoibarko Udal Artxibo Historikoa 1799/08/01).
    9. 1800/10/24. Autos para la tasación de las obras por Alexo de Miranda, maestro arquitecto, hechas en 8 trozos del camino real de coches desde Bergara a Placencia, por los asentistas y Miguel Antonio de Jauregui (Bergarako Udal Artxiboa).
    10. Joaquín Ignacio de Zunzunegui arkitektoarekin batera egin zuen. Biak Madrilgo San Fernandoko Arte Ederren Errege Akademian batera ikasitakoak ziren.
    11. 1819/12/11). Informe de los peritos Miguel Antonio de Jauregui, arquitecto, y José de Zuloeta, agrimensor, nombrados respectivamente por José Joaquin de Amuchastegui y consortes y por Miguel de Albisua y consortes, sobre el curso de las aguas que bajan de la casería de Albisua a la caseria y molino de Barrutia (Bergarako Udal Artxiboa)
    12. 1820/04/11. Presupuesto y condiciones de la obra de la calle principal de la Villa que hace de carretera general, firmado por Pedro Manuel de Ugartemendia y Miguel Antonio de Jauregui (Bergarako Udal Artxiboa).
    13. 1800/04/28. Autos de posesión de la casa nº 3 de la plaza de la Magdalena solicitada por Miguel Antonio de Jauregui, que la compró en subasta por 18.080 reales y era del cabildo eclesiástico de San Pedro (Bergarako Udal Artxiboa).
    14. 1813/03/10. Escritura de venta real de dos terrenos propios de la villa, uno en el monte de Osaiz y otro en el monte de Galarraga a favor de Miguel Antonio de Jauregui (Bergarako Udal Artxiboa).
    15. 1809/05/30. Escritura otorgada por Miguel Antonio de Jauregui, encargado de Pedro de Landazuri y Lizaola y éste de su madre Josefa de Lizaola Lili, a favor de José Ignacio de Lasarte y María Ignacia de Murua Mendiaraz, su muejr, de arrendamiento de la casa pequeña pegante a la mayor titulada de Zabala u Oxirondo existente en la calle Vidacruceta (Bergarako Udal Artxiboa).