Kotxebidea (eu)

    Sorapediatik

    Kokapena

    Garai bateko Kotxebidea Etxaburueta kaletik tren geltokiraino zihoan.

    Kaleak S baten forma zeukan; 120 metro luze zen, eta 5 metro zabal.


    Mapa kargatzen...


    Argazkiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Historia

    XIX mende bukaeran, 1888. urtean hain zuzen, trena Soraluzera etorri zenean, geltokia herri kaskotik kanpo geratu zen, azken etxeak baino dezente altuagoa.

    Orduko bideak oso desegokiak ziren tailerretatik geltokira eta alderantziz materiala garraiatzeko: oso aldapatsuak izateaz gain, zoruak oso irregularrak zituzten. Beraz, bide berria egin behar zen, aldapa gutxikoa eta zoru laukoa.

    Bide berri hau Etxaburueta bukaeratik hastea erabaki zuten, eta horretarako tarte horri aldapa eman zioten, Kotxebidea bera altuagotik hasteko. Eta bidea zuzen egin beharrean, aldapa gutxitzeko bi errebuelta egin zioten. Azkenik, zorua galtzada-harriz edo adokinez egin zuten, gurdiak gora eta behera eroso ibiltzeko. Hortik zetorkion izena, kotxeen bidea (zaldi kotxeak hasieran, automobilak gero).

    Garai hartan kaleari Kotxebidea edota Estaziño kalea esaten zitzaion. Gerra ostean Kotxebidea izena ez zen ofizialki erabiltzen, baina kale plaka elebiduna ez zuten kendu.

    Azkenik, XX mende bukaeran SACIA zena bota zuten eta etxebizitzak eraiki, bere artean errepide berria zabalduz. Orduan inguruko kaleak berrantolatu zituzten: Kotxebidearen (Estaziño kalearen) lehen 75 metro Etxaburuetari eman zioten eta gainontzeko zatia, peatonalizatuta, Estaziño kalean geratu zen.

    Etxeak eta atariak

    Kotxebideak oso atari gutxi zuen, kalea baino errepidea zen.

    Eskumatik, lehen zatia Etxaburuetaren zenbaki bikoitien atzetik pasatzen zen, eta gero Elizburu kaleko zenbaki bakoitien atzekaldetik. Ostean, Arias fundizioari buelta ematen zion tren geltokira heltzeko.

    Ezkerretik, biltegi bati buelta ematen zion (gaur egun Udal merkatua) eta Etxaburuetako 5 zenbakiaren atzekaldetik pasatzen zen. Bigarren errebueltan bertan Arias fundizioaren beste pabiloiaren sarrera zegoen, eta SACIA enpresa. Azken zatia geltokiaren albotik pasatzen zen.


    Erreferentziak