Kalegurutze (eu)
Kokapena
Puntu honetan Deba Arroko errege bidea gurutzatzen zen Bizkaia-Gipuzkoa zeharkako ardatzarekin.
Esan daiteke Soraluze puntu honen inguruan jaio zela: Soraluze hiribildu zaharreko bi kale garrantzitsuenak (eta bakarrak) bertan elkartzen ziren.
Testuinguruaren arabera, Kalegurutze puntuari esaten zitzaion, edota Deba ibaitik gorako kale osoari. Gazteleraz hainbat izenekin aipatu da: calle Cruzada, calle de Cruzada, calle de la encrucijada, Cale Cruz (sic)...
Gaur egunean goiko zatiari Udaletxeko aldapa esaten zaio.
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Sorrera
Soraluze sortu baino lehen erregebideak ziren. Nagusia, Arabatik itsasorakoa (Deba). Erromatarrek zabaldua, Soraluzen bertan Deba ibaia zeharkatzeko ibia zegoen. Honetaz gain, Iruretik barrena Eibar eta Bizkaia alderakoa, eta Azkoitirakoa, azken hau Pagobedeinkatutik pasatzen zela.
Bi bide hauek bidegurutzea Euskal Herriko lotune garrantzitsuenetakoa zen. Bideak besterik ez zirenean, zubia egin baino lehen, inguru honetan sortu zen Soraluze, ibiaren ondoko bidegurutzean. Bertan pilatuko ziren orduko zerbitzuak: ostatuak, ikuiluak, perratzaileak, tabernak, dendak… eta poliki poliki herrixka hazi zen: Soraluze.
1343. urtean, Algecirasen setioan zela, Gaztelako Alfonso XI.ak Placencia de Soraluce sortzeko hiri gutuna eman zuen. Hiribildu berriaren planoan ikus daitekenez, hiri berria sortzeko bidegurutzea hartu zuten ardatz: hiri bilduaren barruan geratuta, bidegurutzea zena Kalegurutzea bihurtu zen.
Bilakaera
XVIII. mende bukaera arte, Kalegurutze Euskal herriko bidegurutze garrantzitsuenetakoa izaten jarritu zen. Inguruan aldaketa batzuk izan zituen: zubi berria, Enparan jauregia, Labaderogaineko plaza, Udaletxe berria, Plaza Barria... baina inguruko garraio gehiena bertatik pasatuz segitzen zen.
XVIII mende bukaeran Bergara-Altzola errepide berria zabaldu zuten, eta kanpoko trafikoa ez zen gehiago Kalegurutzerik pasa... baina bai udalerriko ia guztia.
Sasoi hartan etxeen egoera ez omen zen oso ona, ze 1787 urtean Udalak erabaki zuen eskaera luzatzea Kalegurutzean zeuden "etxe-germatuen" jabeei[1], hormak bermatzeko ezer ez jausteko eta inork minik ez hartzeko, eta garbitzeko prozesioak pasatzen diren kale txukuntasuna gordetzeko[2].
XX mende bukaeran, herri hazkundeak ekarri zituen premia berriei aurre egiteko, barne saihesbidea egin zen. Honi esker Kalegurutzetik pasatzen den trafikoa asko arindu da. Gaur egun berau eta ingurua oinezkoentzako gunea dira, trafikoa lanegunetako goizetan bakarrik baimentzen dela.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Erreferentziak
- ↑ Suteen aurkako ermandadekoak edo Hermandad de casas germadas.
- ↑ "...pase los oficios que tubiese por conbenientes a los dueños de las casas germadas que se hallan en el parage de la calle cruzada a efecto de que probidencien el aseguro de las paredes que de por sí van caiéndose para precaber de este modo suceda desgracia alguna en personas, y las limpien para aseo de las calles por donde pasa las procesiones" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1787/04/27).