Suteak (eu)

    Sorapediatik

    Ordenantzak

    1499. urteko ordenantzak

    Etxeak egurrezkoak izanik, arriskua handia dela azaltzen dute, eta ordenantza zorrotzak beharrezkoak direla[1].

    Sute kasuan zelan hots egin azaltzen badu ere, gainontzeko atalak suteak ekiditzeko aginduak dakarte, dagozkien bere isunekin: etxeen miaketak arriskuen bila, lihoa gauez ez espalatzea, etxeetan ura galdaratan prest izatea gauez, busti gabeko lihorik zein lastorik ez gordetzeko etxean eta piztutako kandelak egur gainean ez jartzeko .

    1526. urteko ordenantzak

    1526.eko Cuaderno de ordenanzas izenekoak suteari buruzko 9 atal dakartza (24tik 32era).

    1499. urteko ordenantzetan datozenak kopiatzen ditu, eta bi atal berri sartu: lasto errea ez erabiltzeko eta haizete kasuetan gauez kaleetan jagoteko.

    Azkenik, eta gaiari dagokion garrantzia emanik, udalkideei baimena ematen die suteei buruzko ordenantza berriak egiteko, behar izanez gero.

    1900. urteko ordenantzak

    1900. urteko Udal ordentzantzen 13. atalak, suteei buruzkoak, 5 artikulu ditu.

    Bost artikuluak suteak amatatzeari buruzkoak dira: sutea antzeman eta gero zelan abisua eman, sutea amatatzera zeintzuk joan behar diren, auzokoek suhiltzaieei pasoa zabaltzeko beharra, ura eramateko ontziak laga beharra eta, behar izan eta gero, suhiltzaileei laguntzeko beharra.


    Izandako sute batzuk

    Soraluzeko Udal Artxibategiak herrian izandako sute batzuen memoria gordetzen du.

    1659.ko abuztuaren lehen egunetan suak hartu zuen Errabaleko ospitala, baina ez zen osorik erre. Sua alboko etxeetara zabaldu zen, eta lau osorik erre ziren. Udalak bi erabaki hartu zituen; lehenik eta behin tabernan saltzen zen azunbre-ardo bakoitzari lau marabediko zerga ezarri kaltetutako ospitala laguntzeko; eta bigarrena erretako etxeen jabeei berrehuna dukat ematea, etxeak berriro eraikitzeko: Domingo de Espilla Huribarri, Domingo de Goenechea Ybarra eta Madalena de Iturriaga alarguna[2].

    1710 urtean Larreategi baserri oinetxea aipatzen da, erre zena baina Soraluzeko auzotarra den Juan de Larreategui jabeak behereala jasoko duena[3]. Santa Cruz ermitaren auzunean dagoela esaten du (gaur egun San Roke).

    Hogei urte geroago, 1730. urtean, erretako Ibaizabaleko barrenen etxea berreraikitzen ari ziren[4].

    1746. urtean, berriz, Egotza baserria erre zen. 1750. urtean Ezoziako santutegiko seroraren etxea (gaur eguneko Ezozia baserria) osorik erre zen; Udalak berriro eraikitzea erabaki zuen[5]. Eta hurrengo urtean Arrizabaleta baserria ere erre zen.

    1762. urtean, berriz, udaletxearen teilatuak sua hartu zuen, bigarren solairuan bizi zen Juan Angel de Olavegoitiak azaldu zuenez[6].

    1804. urtean gaur egungo Plaza Barrian zeuden etxeak erre ziren, eta Udalak orubeak garbitzeko agindu zuen. Jabeak, Manuel Silvestre de Mendiola, Francisco José de Enparan y Orbe eta Nicasio de Belasco, Azpeitian eta Gasteizen bizi ziren[7].


    Libro de Hermandas de casas germadas

    Bergarako suteen aurkako ermandadea

    Aspalditik sortu ziren suteen aurkako ermandadeak, zaharrena Azpeitikoa izanik (1541).

    Zabalduena 1657. urtean Bergaran sortutako Hermandad de las Casas Germadas de la Villa de Vergara delakoa[8]. Baserriak eta kaleko etxeak hartzen zituen, Bergarakoak zein ingurukoak (Bizkaiko batzuk ere). XVIII mendearen erdialdera hirurehun bazkide baino gehiago zituen.

    Urtero diru kopuru politak jasotzen zituen, eta aise egiten zien aurre "...kasualitatez suak hartutako..." baserri edota etxeak berreraikitzeko gastuei.

    Agirietan agertzen denaren arabera, Soraluzen Udala bera zen ermandadearen ordezkaria.

    Sartzeko eskaerak

    1759 urtean Domingo Thomas de Ganuzak Etxaburuetan eraiki zuen Pintorekua etxe berria suteen aurkako ermandadean sartzeko eskatu zion Udalari, eta honek onartu zuen[9].

    1787 urtean Udalak erabaki zuen eskaera luzatzea Kalegurutzean zeuden "etxe-germatuen" jabeei, hormak bermatzeko ezer ez jausteko eta inork minik ez hartzeko, eta garbitzeko prozesioak pasatzen diren kale txukuntasuna gordetzeko[10].

    Urte berean hiru lagunek Udalari eskatu zioten suteen aurkako ermandadean beraien etxeak sartzeko: José de Argaratek Egotza-etxetxoko baserria eta errota, Martín Ignacio de Arizagak Aritzagako etxe berria eta Eugenio de Arluciagak Errekalde kaleko bere etxea[11].

    1805 urtean Bergarako Agustin de Larrañaga Itzio baserria erosi eta suteen aurkako ermandadean sartzeko eskatu zuen[12].

    Suteen osteko laguntzak

    Sute bat izan ostean, erretako etxeen jabeei ermandadeak diru bat ematen zien, etxeak berreraikitzeko. Diru hori biltzeko, gainontzeko bazkideei diru bat eskatzen zitzaien; Kopuru hau, XVIII. mendearen erdialdean, dukat t'erdikoa zen.

    Egotza[13] (1746) eta Arrizabaleta[14] (1751) baserriak erre zirenean halaxe eskatu zitzaien herriko milarista eta etxe zein baserri jabeei.


    Erreferentziak

    1. "...por quanto las casas desta villa e de los arrabales della son de madera e estan en grand peligro del fuego, que Dios las gorde, e es neçesario faser para el reparo dello con la ayuda de Dios buenas hordenanças por ende abemos acordado fazer e fasemos las hordenanças" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1499/10/09).
    2. "...las casas que se han quemado en el arrabal de la dicha villa y el daño que deste incendio ha tenido el ospital de la dicha villa que se ha escapado, después de averse encendido, por el milagro de Dios, aviéndose quemado quatro casas al dicho ospital contiguas... Lo primero decretaron que el primer lugar se acuda al reparo necesario de la dicha casa del ospital que se ha descalabrado con el dicho yncendio de dinero de la sisa. Lo segundo decretaron que a Domingo de Espilla Huribarri, mayor en días y a Domingo de Goenechea Ybarra y Madalena de Iturriaga viuda, a quienes se les han quemado sus casas en el dicho arrabal d'esta villa con todo lo demás que tenían en ellas se les dé a cada doscientos ducados a cada uno para que fabriquen de nuebo las dichas sus casas quemadas" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1659/08/10).
    3. "...que al presente esta quemada por incendio que padeció pero ofrece de redificarla inmediatamente y es en el barrio de la hermita de Santa Cruz juridicción de esta dicha villa" (ACSBA-ASBKA Eskriturak 1710/09/03).
    4. "...que padeció incendio" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1730/04/23).
    5. Soraluzeko Udal Artxibategia (Udal Akta liburua 1746-1766 1750/05/31).
    6. "...habiendo padecido yncendio una ala del tejado de la casa concejil de esta villa el año pasado de mil setecientos sesenta y dos... en la qual vivia el suplicante en el segundo suelo alto de ella" (Udal Akta liburua 1766-1782 1767/05/10).
    7. "...que se hallan en la misma calle principal de Calabarren que confina con la que se dirige a la Iglesia Parroquial, propios de D. Manuel Silvestre de Mendiola... de Don Fco. José de Enparan y Orbe y Don Nicasio de Belasco, vecinos de la villa de Azpeitia y Vitoria" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1804/07/22).
    8. Ermandadean etxeak sartzen ziren, eta ez jabeak. "Germada" (inoiz "jermada") horrek ondatua esan nahi du, errea gehienetan.
    9. "...de entrar la su casa nueba de Pintorcua, sita en Echaburueta de la poblazión de esta dicha villa, que la ha redificado toda de nuebo, en la escritura de hermandad que ay en esta dicha villa en razón de casas que por casualidad padeciesen incendio" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1759/09/29).
    10. "...pase los oficios que tubiese por conbenientes a los dueños de las casas germadas que se hallan en el parage de la calle cruzada a efecto de que probidencien el aseguro de las paredes que de por sí van caiéndose para precaber de este modo suceda desgracia alguna en personas, y las limpien para aseo de las calles por donde pasa las procesiones" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1787/04/27).
    11. "Molino y casilla que llaman de Egoza (Jose de Argarate), a dicho Martín Ignacio con la casa nueba de Arizaga y al dicho Eugenio con lo que posee en la calle de Recalde y se alla en medio de la de Dña. Juaquina de Saloguen y don Joaquin de Mendiola" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1787/06/17).
    12. (Soraluzeko Udal Artxibategia 1805/03/01).
    13. Auto de pago contra los millaristas y dueños de casas y caserías de la jurisdicción de la villa de Placencia, de 1 ducado y medio de vellón, para que Juan Antonio de Argarate, reedifique la casería de Egoza, en virtud de una escritura de hermandad de incendios fortuitos (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1746/05/29).
    14. Auto de pago contra los dueños de casas y caserías de la jurisdicción de la villa de Placencia, de 1 ducado y medio de vellón, para que María Francisca de Orduña Otalora, viuda, vecina de la villa de Oñate, reedifique la casería de Arrizavaleta, en virtud de una escritura de hermandad de incendios fortuitos (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1751/11/13).