Armagintzaren hastapenak (eu)

    Sorapediatik

    1573.ean Soraluzeko Erret Lantegiak sortu ziren, eta hurrengo hiru mendetan Soraluze izan zen euskal armagintzaren ardatza, Europa osoan ospea irabaziz.

    Baina Erret Lantegiak Soraluzen ezartzeko bertako armagileek aurreko mendean egindako bidea funtsezkoa izan zen.


    Suzko armen agerpena Euskal Herrian

    Suzko armen lehen aipamena 1420. urtekoa da, oinaztarren eta ganboatarren leinu gerren sasoikoa. Lazkanoko ahaide-nagusiak Loiolako etxea inguratu zuen, eta bere hormak hautsi ezinez Ihartzakora jo zuen eta, bi lonbarda edo bonbarda[1] erabilita, azken etxe hau eraitsi zuen.

    Hurrengo urteetan lonbarden erabilera zabaltzen joan zen, Lope Gartzia Salazarrek Istoria de las bienandanças e fortunas bere liburuan azaltzen duenez. Ez da ezagutzen arma hauek Euskal Herrian bertan eginak ziren, edo kanpotik ekarriak.

    1452. urtean Bizkaiko fueroak hainbat armen (lonbarda, trabukete eta gainerakoak) erabilera debekatu zuen, baina eragin eskasarekin.


    Armagintza Euskal Herrian eta Debarroan

    Arma zuriak...

    Burdingintza oso zaharra da Euskal Herrian. Ia V. mendean baziren haize olak, baina oso etekin eskaseko teknologia zen. XII. mendetik aurrera teknologia berriak zabaldu ziren, tartean ura erabiltzen zituenak, eta burdingintzak loraldia hasi zen Euskal Herrian, baldintza ezin hobeak zituelako: burdin meatzak, baso ugari, ur asko eta aldapa gogorrak[2].

    Bizkaioko burdina eta Arrasateko zein Tolosako altzairua erabiliz, aurki Debarroko burdinolak burdin-totxoak sortzetik produktua ekoiztera pasa ziren. Alde batetik lanabesak ziren: laiak, aitzurrak, aitzur luzeak, golde muturrak, palak, pikatxoiak, segak, sartaginak, saretak, pertzak, ultzeak, perrak... Baina arma zuriak ere, espatak, pikak eta sastagaiak batez ere.

    XIV. mendean euskal armagintza ospea irabazten hasi zen: Arrasaten zegoen burdin-mineralarak oso ezaugarri onak zituen altzairua egiteko, eta honetaz baliatzen ziren inguruko armagileak arma zuriak eta babesekoak ekoizteko. Ia 1248.ean, Sevillako konkistarako, Gaztelako itsas-armadak euskal armak erabili omen zituen.

    1455. urtean Gaztelako Erregeak Gipuzkoako Batzarrei eskatu zien "fusteko armak" (lantzak, pikak...) zein lanabesak (aizkorak, aitzurrak...) ekoizteko eta bertara bidaltzeko. 1480. urtean ere, Siziliako egoera larria zela eta, mota guztietako armak lehen bailehen bidaltzeko eskatu zieten Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako burdinolei.

    Eta 1495.eko irailak 18an, Errege Katolikoek lege berria ezarri zuten, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako ekoizleek altzairu eta burdinezko "fusteko armak" egiteko, gero Gaztelara eramateko, bakoitzak bere mailari zegozkionak erosteko. Eta prezio apalekoak izatea ere gomendatu zuten. Aipatutako ia arma guztiak zuriak ziren, baina lehen suzko arma ere aipatzen zen: espingarda.

    ...eta suzko armak

    XV. mende bukaeran arma zuriez gain suzko armak ere egiten ziren.

    1480.ean Gaztelako Isabel erreginak Burgoseko agintaria Diego de Soria bidali zuen Euskal Herrira, 15.000 lantza eta 4.000 pavesa, lombarda eta zerbatana erosteko. Aldi berean, erreginak Errege Zedula eman zuen, bertan Euskal Herriko armagileei ahalik eta arma gehien ekoizteko eskatzen ziela, eta ahalik eta azkarren emateko.

    Soraluzeko lehen berriak urtebete geroagokoak dira, 1481. urtekoak hain zuzen[3]. Hurrengo urtean, Medina Sidoniako dukearen enkarguz, Eibarren bi bonbarda egin ziren (1482); handiak era astunak zirenez, Eibartik Debaraino eramateko larogei idi pare erabili zituzten. Eta 1485.ean Gipuzkoako eskopeteroak Granadako gerrara joan omen ziren.

    1488. urteko bukaeran lehen debekuak etorri ziren, armarik ezin zela saldu Gaztelatik kanpo, eta arma ekoizpen osoa Siziliako erresuma, artean konkistatu berria, gordetzeko erabiltzeko (1488/11/19 eta 1489/01/20). Eta Sancho Ibáñez de Mallea Euskal Herrira bidali zuten, emandako "gomendioa" indartzeko.

    Agiri hauetan Euskal Herriko zein partetan egiten ziren armak esaten ez bazen (maizenik ere, Gipuzkoa probintziako eta Bizkaia Jaurerriko lantegietan[4]), XVI. mendearen lehen erdian hasi ziren aipatzen Soraluze, Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate suzko esku-armagintzan, eta Araba eta Tolosa arma zuriak ekoizpenean. Suzko armagintzaren loraldia XVI. mendeko lehen urteetan hasi zen, aurreko urteetan ezer gutxi aipatzen da eta[5].

    Lehen suzko armak, espingardak, 1495. urtean aipatzen dira. Baina mende berriarekin batera moskete eta arkabuzen ekoizpena hasi zen. Bi produktu hauek suzko armagintzaren iraultza ekarri zuten Euskal Herria eta Soraluzera.

    1509.eko maiatzak 21ean Fernando erregeak Gipuzkoa eta Bizkaiako korrejidoreei idatzi zien, Portugaleko erregeari armak bidaltzeko eskatuz.

    Eta 1511. urtean 500 matxete Gasteizkoak, 3 lombarda lodi, metalezko 2 arkabuz eta metalezko beste 24 eskopera bidali zituzten Ameriketako La Española uhartera

    1514.eko otsailak 20an Cisneros kardinalak 500 ballesta eta 1.000 espingarda prestatzeko eskatu zien "Markina eta Soraluze eta Bergara eta Zumaia eta beren esparruetako kontzeju, justizia, agintari, ofizial armagile eta beste edozein pertsonei".

    Molukasetarako bidaia prestatzen ari zela, 1518. urtean Fernando de Magallanes "Bizkaian" erosi zituen 50 kulebrina, 7 falkonete, 3 lombarda lodi, artilleriarentzako harrizko pilotak, 100 kortxete, 60 ballesta, 50 eskopeta eta 200 rodela. Hurrengo urtean (1519) irten ziren, bost itsasontzitan, eta 1522.eko irailak 8an Juan Sebastian Elkano itzuli zen, lehen munduabira egin ostean.

    Azpimarratu behar da Euskal Herrian ekoiztutako arma gehien-gehienak seriekoak zirela, soldaduek erabiltzekoak. Espainiako gortea eta kapareak urruti egonda, luxuzko armak egiteko eskaera gutxi heldu ziren.


    Lehen armagile soraluzetarrak

    Arma zuriak eta lehen suzko armak

    XVI. mendean hartu zuen garrantzia kontutan hartuta, eta Soraluzeko agiri zaharrenak desagertu direnez[6], pentsatzekoa da Soraluzen suzko armagintza XV. mendeko azken laurdenean hasiko zela.

    Gainontzeko Debarroan moduan, Soraluzen ere arma zuriak egiten hasi ziren. Lehengaia gertu zuten (Arrasateko altzairua, bertan edota inguruko herrietan landua) eta orografia ere alde (ur asko eta oso aldapa gogorrak, burnioletara indarra eramateko). Baina XV. mende bukaeran, agian arma zuritan zegoen konkurrentziarengatik, suzko armeei ere ekin zieten. 1481.ekoak dira Soraluzeko armagintzaren lehen aipamenak, baina XV. mende bukaeran eta XVI. mende hasieran ez zen asko nabarmendu, beste herri batzuk ere aipatzen direla suzko armatan: Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate. Hala ere, aipamen batzuk gordetzen dira.

    Agirietan agertzen den lehen armagilea Joan Ybañez de Loyola zen. Burdinola eta sutegia zituen Errebal kalean, eta ordurako eskopetak ekoizten ("fazer escopetas") ospetsua zen. 1512. urtean Domingo de Loyola alkatea, Andres de Irure eskribaua, Francisco de Badilo erreginak bidalitako kapitaina eta Juan de Sepulveda erreginaren zerbitzariaren aurrean “...egun, maiatzak 25, 100 eskopeta prest zituela saltzeko, eta ekainak 24rako, San Joan Bautista eguna, beste 350 egingo zituela, zilarrezko zazpina errealetan, eta bestela berrogetamar mila marabediko isuna ordainduko zizkiola Erreginari[7] aitortu zuen[8]. Eta aitorpen berean aurretik beste eskaera batzuk jaso zituela esaten zuen.

    Agiri horietan armagile honen laguntzaile batzuk ere aipatzen dira. Martin Anton de Yrure eta Martin de Acondia ziren “oficiales de hacer cureñas de espingardas e de engastornarlas e asentarlas a ellas”. Martin de Liçarraldek zioen “que él es uno de los oficiales que hazen las espingardas con Juan Ybañez de Loyola y que también las transportaba en acémilas”. Eta Martin de Bagozcoitiak espingarden giltzak egoiten zituen. Honek denak erakusten du Soraluzeko armagintzan ordurako (1512) bazela serieko ekoizpena.

    Urte haietan ere Joan de Ondarza maisu soraluzetarrak serieko armadura, kaskoak, eskopetak, arkabuzak... ekoizten zituen. Esaterako, 1515.ean 30 kofelete eta beste horrenbeste barbolete[9] egin zituen infanteriarako. Eta ez zen herriko armagile bakarra, horretan aritzen ziren Ochoa Ibañez de Aguirre eta aurretik aipatutako Martin de Bagozcoitia ere, azken hau etxea eta sutegia "herriko harresiaren ondoan" izan zuela.

    1516.ean Joan Ybáñez de Loyola eta Juan Martínez de Churruca armagileek (azken hau Errebal kalekoa ere) 50 espingarda saldu zizkioten Juan López Aizpiri eibartarrari, 14.000 marabeditan. Urte berean, Joan Ybáñez de Loyola eta martin de Bagozcoitiak beste 141 espingarda “horniadas de atacadores (baquetas) e llabes buenas” saldu zizkioten Lope de Vitorita Eibarko merkatariari, 220 marabeditan. Arma hauek Sancho de Arechua mandozain eibartarrak eraman zituen Eibarra, Martin de Leyçarralde maisu ermuarrak kutxak bukatzeko. Azkenean, salmenta Gasteizko epaitegian bukatu zen (1519), modu txarrean.

    Arkabuzen hasiera

    Sortu zutenetik, arkabuzak ondo erakutsi zituen bere ezaugarri onak. Espingarda eta beste suzko armen ondoan, eramangarriagoa, fidagarriagoa eta, batez ere, hilkorragoa.

    Horregatik, XVI. mende hasieran arkabuzen eskaera izugarri hazi zen, eta Soraluzen ere 1520. hamarkadan maisu armagile guztiak arkabuzak egiten hasi ziren.

    1522.eko kontratu batean arkabuzak agertzen dira lehen aldiz. Martxoan, Mirandako Kontea, Nafarroako erregeordea artean, Juan Ybañez de Loyola eta Juan Martinez de Churruca armagilekin 50 arkabuzen salerosketa lotu zuen. 50 arkabuz egin behar zituzten 40 egunetan, bakoitza urrezko lau dukatetan (1.500 marabedi). Oso arkabuz garestiak ziren, segururena "arcabuces hechizos" zirelako (neurrira egindako arkabuzak): neurriak, pisua, kañoiaren egitura, barnizea edo margoa, kalibrea... eroslearen arabera eginten ziren. Serieko arkabuzak ("docenales" esaten zieten), berriz, gutxi gorabehera200 marabeditan saltzen ziren.

    Bi urte geroago (1522) Garcia Jofre de Loaisak Molukatarako espedizioa prestatzen ari zela[10] Juan Ybañez de Loyola berak “quarenta arcabuces de fierro, con un largor de siete palmos el cañon, e de peso de 48 fasta 50 libras”[11] saldu zizkion, 629 marabeditan bakoitza. Gainera, beste 215 eskopeta-espingarda ere saldu zizkion, 258 marabeditan.

    Iloba batek geroago aitortu zuenez, 1526. urtean Martin Ibañez de Unamunok Baltegieta kalean ezarri zuen bere sutegia: "puso su fragua en esta villa para hacer arcabuces en 1526, en servicio del Emperador Carlos V". Berrogei urte geroago, Eta 1569. urtean, Juan de Unamuno eta Arizaga semea Sevillan hil zenean, Martin oraindik lanean ari zen bere sutegian.

    Martin Ibañez de Unamuno ez zen bakarra izan arkabuzen eskaera aprobetzatzen. Baltegietan bertan beste bi sutegi zabaldu zituzten, tartean Pero Ibañez de Mendiola koinatuarena.

    Erroten birmoldaketa

    Hurrengo urteetan lantegien kopurua hazi eta hazi egin zen, igerak[12] kañoiak barrenatzeko erabiliz: martxan ziren irin-igerak birmoldatuz, albo batera utzitako igera zaharrak berreraikiz eta errota berriak altzatuz, urte haietan Soraluzeko armagintzaren oinarriak finkotu zituzten.

    1534. urtean Soraluzeko Udalak, Juan Garcia de Uribarri eta Pero Perez de Arreguia jaunekin batera, Ybaiçabal errota jaso zuen. Bertan, errotarriak jartzeaz gain, burdinola ere eratu zuten ("ferreria sotil").

    1543.ean, Catalina de Zabalak Alçubiaga errota (Aurteingo Yguerea ere) alokatu zien beren jabeei, tartean Ernizketa baserriaren jabea zela, “para que aprovechase de él barrenando arcabuces en los rodeznos que al presente andan, por tiempo de un año, por prescio de diez ducados y medio”. Hurrengo urtean (1544) Juan Ibañez de Churruca eta Martin de Churruca anaiak errota hau erabiltzen ari ziren arkabuz eta mosketeen kañoiak barrenatzeko.

    1543.ean ere, Pero Ibañez de Mendiola hil zen. Alargunak, Estibariz de Unamunok, negozioaren ardura hartu zuen. Urte batzuk geroago Domingo de Mendiola eta Unamuno semeari pasa zion, Maria de Churruca eta Armentiarekin<tref>Maria hau Juan Ybañez de Churruca arkabuzgilea eta Maria Perez de Armentiaren alaba zen.</ref> ezkondu zenean; eman zien "Errabaleko sutegi-etxea, lanabes eta trepeta guztiekin".

    1547.ean Juan Ybañez de Churrucak Agirre errekako errota alokatu zion Maria Beltran de Aguirreri (Juan Perez de Arechaga merkatariaren alarguna), arkabuzak barrenatzeko, urtean urrezko sei dukaten truke. Urte berean Anton Garcia de Ygarça, Oleako jabea, Santuru de Narbayza armagileari bertako burdinola zaharra alokatu zion, "Arnaçacoerrecan arkabuzak barrenatzeko".

    Errota txikiak osorik alokatzen baziren, handiak zatika, etekin handiagoa lortzeko. 1558.ean Maria Garcia de Uribarri Ybaiçabal errotako bi errotarri alokatu zizkion urtean urrezko 25 dukaten truke Juan Ybañez de Churruca y Aguinagari, bertan arkabuzak barrenatzeko. Urte berean, bere bazkidea zen Pero Perez de Arreguiak Martin Ybañez de Unamunori beste errotarri bat alokatu zion, arkabuzak barrenatzeko ere, urteko 12 dukatetan.

    1561.ean, berriz, Juan Ibáñez de Churrucak 600 moskete eta beste honenbeste arkabuz egin zituen. Gainera, urte berean (1561) armagintzako maisutzat aitortu zuten, agertzen den lehen maestro armero Juan de Churruca soraluzetarra da eta.

    Erregea bezero

    Gaztelako erregearen eskaerak gero eta gehiago zirenez, 1542. urtean Carlos I.ak Francisco de Roxas artilleria kapitaina bidali zuen arma ekoizpena zaintzeko, eta honek Soraluze aukeratu zuen egoitza. Agian ordurako suzko armen gune nagusia zelako, edota 20 urte lehenago Acuña korrejidorearen aferan Soraluzek erregearen alde izandako jarrerarengatik.

    1548. urtekoak dira Espainiako armadarentzako lehen kontratuak[13].


    Ekoizpenaren antolaketa

    Lanaren banaketa

    Lehen momentutik ekoizpena lantegi txikietan antolatu zen. Integrazio bertikalaren ordez (hau da, suzko arma osoa lantegi bakar batean egin ordez) kontratista-azpikontratista sare trinkoa eratu zen.

    Batzuetan, bezero berak kudeatzen zuen sarea, beharrekoak ziren lantegi guztiekin kontratuak eginez, eta lojistika kudeatzen, lehegaiak zein piezak lantegiz lantegi eramaten.

    Baina urteekin maisu armagile batzuk "zerbitzu osoa" eskaintzen hasi ziren, kate lojistikoaren kudeaketa bere kargu hartuz: bezeroak eskaera egin, diru bat aurreratu, eskatutako armak eskuratu eta ordaindu, besterik ez zuen egin behar.

    Gremioen sorrera

    Maisu armagilek zortzi bat ofizial erabiltzen zituzten, bakoitzak bere alorrean. Soldataz gain, janaria ere ematen zien eta, askotan, bizitokia ere. Soldatak langile mailaren araberakoak ziren: langile normal batek 40 marabedi eta janaria jasoko zituen, baina maisuek gehiago: Martin Ybañez de Churruca maisu forjariak 68 marabedi eta janaria jasotzen zituen.

    Inoiz (ekoizpen handiko sasoietan, eskaera larriak heltzen zirenean) lantegiek dozenatik gora langile ere izaten zituzten. Baina lantegi hauek ez ziren handiagoak izan. Lehen urteetan arkabuzen eskaera oso handiak izan zirenez, behin ofizioa ikasita ofizialek beren lantegiak ezaertzen zituzten.

    Asientoak

    Arma lantegiak aipatutako herri guztietan sakabanaturik ziren lantegi ttipiak besterik ez ziren. Elkar-lanean ari ziren lau gremiotan bildurik, bakoitzak bere espezialitate bereziak zituzten.

    Bezero handiek (Espainiako itsas-armada batez ere) ez zuten armagile guztien atzetik ibili nahi, beren lana antolatuz. Eta beste sistema lehenetsi zuten: armak behar zituenean enkantera ateratzen zituen (asientoak), kontratista batek hartzeko; honek lana banatzen zuen beste azpikontratista artean, diru bat aurreratuz, eta hauek ekoizpen prozesua antolatzen zuten, lanak adituen (gremioen) artean banatuz.

    Lehenetarikoa (1524) Juan Garcia de Uribarri merkataria izan zen, herriko gizon aberatsenetakoa garai hartan. Beste asentista batzuk kanpokoak ziren, Juan Martinez de Recalde bilbotarra kasu (1551-1555).

    Ekoizpenaren baldintzak eta ikuskatzaileak

    1558. urteko bi agirietan agertzen dira ekoizpenaren baldintza zurrun eta zehatzak[14].

    Gero eta erosketa gehiago egiten zituenez, kudeaketa hobetzeko eta arma guztiak probatzeko, Felipe II.a erregeak zera erabaki zuen, Gipuzkoako probintzia eta Bizkaiko jaurgoaren arma ikuskatzailea[15] izendatzea, Debarroan bizi behar zuena.

    1568.ean Hernando de Aguirre debarra izendatu zuen. Funtzionari hau hasi zen antolatzen gerora Erret Lantegiak izango zirenak[16].


    Burgoseko eskaera

    1568.eko bukaeran Alpujarretako moriskoak matxinatu ziren, eta Felipe II hasi zen gudarosteak prestatzen aurka egiteko. Burgoseko gudarostea armatzeko, Bizkaia eta Gipuzkoa probintziei 150-200 arkabuz prestatzeko eskatu zien (1569/12/03), Pedro de Trigueros erosketaz arduratuko zela. Eta honek Soraluzera jo zuen zuzenean.

    Erregearen eskaerari aurrea hartuz, azaroan Pedro de Trigueros honek 200 arkabuz lotu zituen Soraluzeko hainbat armagileekin: Domingo de Mendiola, Juan de Churruca eta Jerónimo de Igueribar. Arkabuz bakoitzeko 23 errealetan egin zuen tratua, osagarri guztiekin: flaskoak, flasko txikiak, moldeak, arraskagailuak, sacapelotas, hembrillak" eta baketak.

    Abenduan bertan Hernando de Aguirrek beste 200 arkabuz eraman zizkion Gasteizeraino; hauek 22 errealetan ordaindu zituen. Armagile soraluzetarrek 179 arkabuz bidali zizkioten 1570.eko urtarrilaren erdialderako: 50 Domingo de Mendiolak, 50 Juan de Churrucak, 50 Martin Ibáñez de Unamunok (kontratoan azken momentuan sartu zena) eta 29 Jeronimo de Igueribarrek. Azken honek otsailean eman zituen falta ziren 21 arkabuzak[17].


    1573.eko Erret Lantegiak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Ekoizpena antolatzeko eta eskaerak bermatzeko, 1573.ean Soraluzeko armagileek Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la Villa de Placencia sortu zuten.

    Urte berean Felipe II.ak Reales Fábricas de Armas de Guipúzcoa y Vizcaya maila aitortu zien.

    Hiru urte geroago (1576), Felipe II.ak Lope de Elío nafarra izendatu zuen arma ikuskatzailea berria. Hurrengo hogei urtetan (1576-1595) honek Soraluzeko Erret Lantegiaren jarduera garatu eta finkatu zuen.

    Erreferentziak

    1. Lehenetariko kainoia, tamaina ederrekoa eta kalibre handikoa
    2. 1290 eta 1300. urteetan Segurako burdinolak aipatzen dira, bertako hiri gutunean. 1328. urtean, berriz, Alfonso XI.ak Burdinolen Forua eman zuien Oiartzungoei. Azkenik, ehun urte geroago (1459) Mendaro bailarako burdinolek ere bere Forua lortu zuten.
    3. Mosquetes españoles en la batalla de Almansa. Alejandro Mohorte Medina (2014).
    4. Hau da, "en las fábricas de la provincia de Guipúzcoa y Señorío de Vizcaya".
    5. 1499.eko Soraluzeko Udal Ordenantzetan, "Defentsarako Armak" izeneko atalean, lantzak, sastagaiak, geziak, ballestak, babesak eta kasketak aipatzen dira, baina suzko armarik ez.
    6. Gaur egun geratzen diren lehen agiriak 1509.ekoak dira. Gerra aurretik Policarpo Larrañagak Eibarra eraman zituen zaharrenak, aztertzeko asmoarekin; baina 1937.eko bonbardaketetan Eibar erdia erre zen, Soraluzeko agiri zaharrak barne.
    7. "...tenía 100 escopetas para la venta aquel mismo día 25 de Mayo, pero que se comprometía para el día de San Juan Bautista 24 de Junio a otras 350 escopetas, a razón de siete reales de plata cada una, so pena de incurrir en una sanción de cincuenta mil maravedís con destino a las arcas o fisco de la Reina”.
    8. Oñatiko Unibertsitatearen Protokoloen Probintzi Artxiboa (1512/05/25).
    9. Kofeletea eta barboletea soldaduen kasko zatiak ziren.
    10. Bidai honetan Loaisak [Juan Sebastian Elkano] eraman zuen pilotu, baina getariarra espedizioan bertan hil zen (1526).
    11. Kañoiak metro t'erdi neurtzen zuen, eta arkabuzen pisua 22 edo 23 ingurukoa zen.
    12. Igera, garai hartan errota izendatzeko berba.
    13. Mosquetes españoles en la batalla de Almansa. Alejandro Mohorte Medina (2014).
    14. Sobre la fabricación de arcabuces. Ramiro Larrañaga (1986).
    15. Gazteleraz veedor de armas.
    16. Influencia de los armeros vascos en la armeria española. Antonio Aldecoa (Bilbao 1976).
    17. La contribución de la ciudad de Burgos y su jurisdicción a la pacificación de las Alpujarras, 1569-1570. Ángela Pereda López (Obradoiro de historia moderna 2021).