Lope de Elío (eu)

    Sorapediatik
    Lope de Elio y Sarasa
    Lope Elyo / Lope Ellio
    Argazkirik ez.jpg
    Jaio 1535
    Hil 1595/10/16
    Profila Kudeatzailea
    Soldadua


    Lehen urteak

    Elíoko jauregia

    Jaiotza

    Lope de Elío y Sarasa kapitaina 1535.ean jaio zen, Etxauri bailarako Elíoko jauregian (Nafarroa). Gurasoak Juan Periz de Elío, Elíoko jauna, eta Agueda de Sarasa, Sarasa jaunaren alaba.

    Anaia zaharrena, Tristan de Elío y Sarasak, hurrengo Elíoko jauna izan zen. Lope familiako laugarrena izanik (hirugarren semea), kanpora irten behar zen bizitza irabaztera.

    Zaragozako garrotea

    1555.ean Zaragozara joan zen, bertako erregeordearen maestresala izateko. Erregeordearen aginduz, Lope de Elíok Zuerako errementaria garrotez hil zuen, zaldi kontrabandoan aritu zelako. Prozedura Aragoiko foruen aurka zen, eta aragoitarrek Lope de Elioren atzerik ibili ziren, eliza batean babestu zen arte. Azkenean Lopek Zaragozatik ihes egitea lortu zuen, Aragoiko Justiziak heriotz zigorra ezarri zion bitartean.

    Erregearen soldadua

    Hurrengo urtean Flandes inguruan ibili zen, gudari: Saint Quintin, Jatelet, Ham, Calais…

    1567.ean erregeak urteko 80 dukat[1]agindu zizkion, eta hurrengo urteetan (1567-1576) erregearen zerbitzuan aritu zen "armak eta zaldia bere kontura" eskatu zioten guztietan.


    Arma ikuskatzailea Soraluzen

    Izendapena

    1568.ean Felipe II.ak lehen Gipuzkoako probintzia eta Bizkaiko jaurgoaren arma ikuskatzailea[2] izendatu zuen: Hernando de Aguirre debarra. Eta bost urte geroago (1673) Soraluzeko armagileek Soraluzeko Erret Lantegiak sortu zituzten, urte haietako armagintza hobeto kudeatzeko.

    1576.ean Felipe II.ak Lope de Elío Gipuzkoako probintzia eta Bizkaiko jaurgoaren arma ikuskatzailea izendatu zuen.

    Betebehar nagusiak armagile guztiak lanean mantendu eta armen kalitatea ikuskatzea zen; eta azterketa gainditzen ez zutenak atzera itzuli, ezer ordaindu barik. Horrerarako urteko 300 dukateko soldata agindu zioten[3].

    Bi baldintza jarri zizkioten, inguruan bizi izatea (Soraluzen jarri zen bizi izaten, 1572.etik Suzko Armen Erret Lantegiak bertan zeudelako) eta erregearen baimenik gabe inora alde ez egitea[4].

    Hondarribirako laguntza

    1579.ean, frantsesek Hondarribia setiatu zutenean, 150 lagun arkabuzez armatu eta laguntza ematera joan zen, gastu guztiak bere gain hartuta.

    Serpentina giltza erabiltzen duen arkabuza

    Jarduera arrunta

    Alde batetik jasotzen zituen eskaerak armagileen artean banatu behar zituen. Urte haietan, gehien bat, eskatutako armak arkabuzak eta pikak izaten ziren; mosketeak ere, baina askoz gutxiago; azkenik, noizean behin ballestak, ezpatak eta bestelako armak.

    Eskatutako armak jasotzerakoan, ikuskatu egin behar zituen; hau da, azterketak egin. Eta horreratako behar zen polbora eta beruna eskuratzea ere bere gain zegoen.

    Azkenik, armak bidalketaz ere arduratzen zen: logistika (mandazainak lehorretik, alak eta itsasontziak kostatik), babesa (soldaduak, kainoiak…), aseguruak…

    Eta hau guztia ahal zen epe motzenean, noski.

    Jarduna ez zen armadarentzako armeei mugatzen, partikularrentzat egindakoez ere bera arduratzen zen.

    Erregearen gutuna

    Eguneroko arazoak

    Jarduera arruntaz gain, sortutako arazoak konpontzea ere berari zegokion, behin eta berriz errepikatzen zirenak.

    Lehenik eta behin, erregearen arma ikuskarzailea zenez, Soraluzeko armagileek armadarako eskaerak lehenestea lortu behar zuen, batzutan partikularrentzakoak atzeratuz edo, behin baino gehiagotan, debekatuz.

    Beste batzutan, ordainketak atzeratzen zirenean, armagileek ez zituzten eskaera berriak onartu nahi, edota lanean ari zirenak eman.

    Hirugarren arazo mota armen prezioak izaten zen. Armagileei beti oso txikia irizten zitzaien, eta igo nahi zuten. Armadak, aldiz, eutsi edo jaitsi. Arazo hauek ez ziren partikularreekin, baina armadakoak lehenestu behar ziren…

    Azkenik, egurrarekin arazo lojistikoak izaren ziren: lizarrak falta izaten ziren pikak egiteko, eta intxaurrondoak arkabuz eta mosketeen kutxak lantzeko.

    Agiriak eta gutunak

    Lope de Elíok agiri eta gutun asko idatzi eta jaso zituen, batez ere armadaren eskaerei buruzkoak. Hiltzerakoan, denak ondo sailkatuta eta gordeta utzi zituen.

    Gaur egun, familiako artxiboan 400dik gora gordetzen dira.

    Laguntzailea

    Erregea oso pozik agertu zen Lope de Elíoren lanarengatik, eta arazoak sahiesteko/ konpontzeko zuen trebeziarekin. Hala ere, Soraluzeko Erret Lantegietan lanean aritu zen hogei urtetan ez zioten soldata igo: urteko 300 dukat kobrarzen hasi zen, eta urteko 300 dukat kobratzen zituen hiltzerakoan.

    Dena dela, lana arintzeko ofizial laguntzailea jarri zioten 1591. urtean. Ofizial honi hileko 15 dukat agindu zioten.


    Azken urteak

    Alaba era emaztea

    Lope de Elíok, ezkongabea artean, Domenja Subimendi[5] andreakin alaba izan zuen, Maria Symon Elyo Subimendi, Soraluzen jaio zena (1591/10/28).

    Lau urte geroago, 1595.eko urrian, Lope larri gaixotu zen. Urriak 13an Domenja Subimendirekin ezkondu zen, Soraluzen. Eta egun berean testamentua eman zuen Lucas de Iraola eskribauaren aurrean.

    Eliza XVI mende bukaeran (J.C. Astiazarán 2021)

    Heriotza

    Testamentua egin eta hiru egunetara Lope de Elío hil zen, Soraluzen (1595/10/16). eko urriak 16an hil zen, Soraluzen bertan.

    Biharamunean testamentua zabaldu zuten.

    Soraluzeko parroki elizan hilobiratzeko eskatu zuen, San Pedro aldarearen aurrean edo Jesusen aldareko ilaran; edo bestela, Arantzatzuko monastegian. Eta lau urtetara bere hezurrak Elíoko San Andres elizara eramateko, gurasoenekin jartzeko.

    Soraluzen laga zituen altzariak, urreak, zilarrak, bitxiak (urrezko bi kate eta eraztuna) eta liburuak. Añorben (Nafarroa), berriz, etxea, armak, lurrak eta mahatsondoak.

    Maria Symon Elyo Subimendi uzten zuen oinordeko bakarra, ordutik aurrera Maria Simona Elío Zuimendi agertuko zena, eta albazeak izendatu zituen, Soraluzen eta Nafarroan. Honetaz gain, liburuak Juan de Orduña morroiari utzi zizkion, eta hainbat limosna banatu zituen eliza, monastegi, kofradia, ermita eta antzekoen artean, tartean Soraluzeko Santa Maria la Real parrokia, Errosario kofradia eta Vera Cruz kofradia.

    Testamentuan ere erregeari adierazten zion zituen ondasun apurrak bere zerbitzuan egindako 40 urteetan erabili zituela, eta alarguna eta alaba urteko 300 dukatekin laguntzeko eskatzen zion.

    Alarguna eta umezurtza

    Hurrengo urtean erregeak 25.000 marabedi urteko agindu zizkion Domenja de Subimendi alargunari… baina urtetan ezin izan zuen ezer kobratu.

    Ama alabak Soraluzen jarraitu ziren, Elíoko jaunaren eskuzabaltasunari esker bizi zirela.

    Simonak 22 urte egin zituenean (1613) Iruñera joan ziren. 1616.ean Simona bertan ezkondu zen, Zangotzako Pedro Baztán y Beltrán jaunarekin.

    Eta amak, Domenza de Zuimendi ordurako, 1616 urte hartan bertan lortu zuen hogei urte lehenago erregeak agindutakoak kobratzen hastea.


    Erreferentziak

    1. 30.000 marabedi.
    2. Gazteleraz veedor de armas.
    3. Aurreko arma ikuskatzaileak, Martin de Esquivel jaunak (1572-1576), urteko 45 dukat kobratzen zuen.
    4. 1583.ean bi hilabeterako Madrila alde egin zuen, eta Pedro de Sagarreta laga zuen ordezko; 1589.ean berriro joan zen Madrila sei astetarako, Hernando de Aguirre arduran lagata.
    5. Domenja Subimendi hau Urretxuko Domenja Çuemendi izan zitekeen, 1669/05/05an jaioa, gurasoak Domingo eta Magdalena izan zituela.