Errabaleko ospitalea (eu)
Izena
Hirutasun Santuaren ospitalea edo hospital de la Santísima Trinidad
Ospitalea pobreak aterpetzeko sortu zen, bai herrikoak zein kanpoko eskale edota erromesak. Kutsaduren beldurrez, gaixoak oso gutxitan hartzen zituen. Esateko, legendunak Elgoibarrera bidaltzen zituzten, eta izurriteak zirenean gaixoak beren etxeetan gordetzen ziren, edo inguruko ermitetan biltzen ziren. Izatez, inguruko herrietako ospitaleen kontura txiroen joan-etorri asko izaten zen: Eibar, Elgoibar, Bergara...
Kokapena
Mota honetako erakundeak hiriko harresietatik kanpo eta errepide edo galtzada nagusi baten ondoan egoten ziren, eta Soraluzeko ospital zaharra ez zen salbuespena izan, Errabal kalean[1] zabaldu zutelako, errepidea eta ibaiaren artean, gaur egungo Errabal kaleko 18. zenbakiaren parean.
Azalpena
Errepidetik begiratuta, ezkerrean ibairako pasabidea zegoen, gaur arte oraindik gorde dena; eta eskuman baratza, Uribarri etxeraino[2] iristen zena.
Barruko azalpena, Merzedariak ehun urte Soraluzen liburuan[3] jasotzen den moduan:
- Goian zegoen lehenengo solairuko ate nagusira joateko, harlanduzko eskailera igo behar zen. Horrez gainera, bazeukan "sobrado" edo ganbara ere, eta goiko solairu hartan zegoen bertan babesten zirenen logela. Lehenengo solairuan zeuden egon ospitalezainen oheak, sukaldea, "troje" edo aletegiak, arropak gordetzeko "kutxak”, etab. Solairu horretan zeuden, bestalde, eraikinak zeuzkan leiho bakarrak; bat, errekari begira, eta beste bi, aurreko aldean.
- Hirutasun Santuaren Ospitaleak bederatzi ohe zeuzkan babestuentzako, eta ohe bakoitzak lumazko koltxoia eta burukoa, izarak eta ohazalak zituen; azken horiek, bestalde, uste baino maizago aldatzen ziren, gaixotasun kutsakorrak zirela eta, oso kezkatuta bizi zirelako. Horretarako, bertako linuarekin edo itsasoz ekarritakoarekin egindako ehuna erabiltzen zuten: "lienzo de la tierra" edo "de la mar"; batez ere Herbehereetatik zetorren ehun hori eta "anseia" deitzen zioten. Izara eta estalki horiei ("uazalak"), kotoizko gurutze bat josten zieten, Ospitalekoak zirela adierazteko; hiriko jostunak aritzen ziren lan horretan, eskuzabaltasun osoz.
Historia
Sorrera
Lehengo aipamenak 1.517ko maiatzekoak dira.
Dena dela, ospitalea hori baino askoz zaharrago omen zen. 1.695eko uztailaren 4an Bernardo de la Mata Kalagorriko kalonjeak idatzi zuenez: aginduta, ziurtatutakoak: ...ez liburu zaharrean, ez eta aipatutako ospitaleko paperetan, ez da adierazten nork eta noiz egin zuen, ez eta haren fundazioa eta antzinatasuna ere. Eta urte berean, Errabaleko ospitalea saldu zenean, Joseph Larzagurek[4] idazten zuen Gomuta galtzen den denboretatik, errebalean pobreentzako ospitale eta hospizio zena...
1659.ko sua
1659.ko abuztuaren lehen egunetan suak hartu zuen, baina ez zen osorik erre. Sua alboko etxeetara zabaldu zen, eta lau osorik erre ziren. Udalak bi erabaki hartu zituen; lehenik eta behin tabernan saltzen zen azunbre-ardo bakoitzari lau marabediko zerga ezarri kaltetutako ospitala laguntzeko; eta bigarrena erretako etxeen jabeei berrehuna dukat ematea, etxeak berriro eraikitzeko: Domingo de Espilla Huribarri, Domingo de Goenechea Ybarra eta Madalena de Iturriaga alarguna[5]. Beste agiri batean (data barik) Pedro de Abaunça izeneko batek dio "...herri honetako tellerian teilak eta adreiluak egin dituela, hiribildu honetako Arrabalean erretako etxeak eraikitzeko"[6]. Segururena sute honengatik ariko zen.
Martin de Elcanoren bisita
XVI. mende bukaeran ospitalen krisia egon zen: asko eta txikiak ziren, eta gehienak errenta gutxikoak. Felipe II erregeak zerrenda egiteko eskatu zuen, eta Gipuzkoako korrejidoreak 1586. urtean Martin de Elcano zarauztarrari eman zion enkargua. Lana Donostian hasi zen, irailak 21an, eta gero beste herrietara joan zen, Soraluze azkenetakoa izanik[7].
Soraluzera 1587.ko otsailak 27an heldu zen. Bertako alkatea Martín Martinez de Arechaga zen, eta Elcanori informazioa helarazi ziotenak Juan Ochoa Aguirre eta Juan de Vidania Loyola.
Herrian ospitale bakarra zen, udalarena. Txiroak, eskaleak eta erromesak biltzen zituen 16 ohe jantzitan, emakumeak eta gizonak aparteko logelatan. Maiordomo batek kudeatzen zuen ospitala, udalak urtero izendatuta. Diru iturri propio eskasak zituen: ezer gutxi ematen zuten 50 gaztainondo (lursaila barik) eta harizti txiki batzuk egurretarako; gehien bat parrokian jasotako limosnaz bizi ziren.
Herrian hiru kofradia ziren: Vera Cruz, Errosario eta Jesusen Izena, hirurak inolako errenta edo ondasun gabekoak.
Martin de Elcano etorri zenean eraikina egokia eta ohez ondo hornitua zela baieztatu zuen. Hala ere, beharrezkoa iritzi zitzaion emakumeen logelarako sarrera berria egitea, gizonena ez erabiltzeko.
Ospitale berri baten premia
XVII mende bukaeran ospitalea oso egoera txarrean zegoen. Udalak idazten zuenez: bertan ezin delako modu onean apaizik bizi izaten jarri, ez eta altarerik ipini ere, zeren eta ia erortzekotan aurkitzen baita, eta, guztiz jakinekoa eta publikoa denez, etxe zaharra eta lurzoru gutxikoa izanik, konponketa asko behar baitu....
Horregatik, 1.695eko ekainean, Kalagorriko elizbarrutiko Elizepaile eta Bikario Nagusiak Hirutasun Santuaren Ospitalea bota eta berria jaso eta erakitzeko baimena eman zuen. Ospitale berria Errekalde kalean zabaltzeko asmoa zuten, Udalak Maala ermita egiteko erositako esparruan, gaur eguneko 1. zenbakian, gerora Ospital zaharra izenez ezagutu zena.
Lau hilabete geroago, 1.695eko irailean, Kontzejuak enkantera atera zuen ospital zaharraren higiezinak, bi baldintzekin. Alde batetik, altzariak eta enparauok ospital berrirako gorde zituen. Gainera, beheko solairua beste urte bitan pobreak babesteko erabilgarria behar zela, ospitale berria eraiki arte.
Abenduan egin zen enkantea, eta eskaintzark onena Domingo Saloguen eta Espilak[8] egin zuen, 4.500 erreal hain zuzen.
1.697rako hustu behar bazuten ospitale zaharra, 1.701 urte artean erabili izan zuten. Urte hartan eruan zituzten pobreak ospitale berrira.
Errabaleko ospitalea itxita, ordutik aurrera Errekaldeko ospitaleak hartu zuen haren ardura.
Antolakuntza
Udalak maiordomoa[9] edo etxezaina izendatzen zuen urtero[10].
Kontuak eramateaz gain, arauen betebeharraz arduratzen zen: osasun onean zeuden pobreak ezin ziren gehiegitan gelditu bertan lotan, erlijiorako atxikimendua eta portaera itxurosoa eskatu behar zitzaizkien babestuei, arloteek eta gaizkileek ezin zuten sorospenik jaso, etab.
Egunerokotasunerako bi ospitalezain[11] ziren, senar-emazteak. Ordaintzeko, Udalak urtero-urtero izendatzen zuen diru kopurua. Beren lana, Mertzedariak ehun urte Soraluzen liburuaren arabera:
- ...zentroan babesten zirenak behar bezala zaintzea eta garbiketa-lan orokorrak egitea zen; horretarako, egoera hobezinean eduki behar izaten zituzten oheak, eta pobreen lapikoan egin behar zuten eguneroko janaria. Lapiko hori kobrezko galdara kirtendun bat zen, eta hamabi librako edukiera zeukan; dena den, ospitalezainek lapikokoak prestatzeko erabiltzen zuten ontziari topiña deitzen zioten herri-hizkuntzan: metalezko eltzea zen, konkortua, goiko tapa zeukan, eta sarritan konpondu behar izaten zen, ziurrenik metal arinarekin eginda zegoelako.
- Era berean, arropak, izarak, etab. ospitalezainek garbitu behar izaten zituzten. Lisiba egiteko, "piba" edo zurezko upela erabiltzen zuen ospitalezainek, emazteak alegia; upel hori etzanda eta lurrari lotuta zegoen, eta goiko zatia ebakitzen zitzaion. Ospitalean ematen zen jatekoa ez zen herri xeheak jaten zuenaren oso desberdina.
- Ogia, haragia (behikia edo aharikia) eta urdaia ziren oinarrizko elikagaiak; eta horiekin, esnea eta esnekiak (gazta, etab.), arraultzak, eztia eta garaiko elikagaiak (gaztainak, intxaurrak, pikuak, etab.) izaten ziren dietaren osagaiak. Edateko, aldiz, ura eta sagardoa, erreferentzia asko egiten baitira Ospitalearen beheko solairuan sagardoa gordetzeko upel handiari buruz: cuba grande de envasar sidra.
Udalak emandako diruaz gain, ospitaleko gastuak finantziatzeko hiru bide izaten ziren nagusiak: testamentuetan lagatakoak, parrokian igande jakin batzuetan batzen zena eta isilpeko ekarpenak. Diruaz gain, oso garrantzitsuak ziren ondasun higiezinak (gaztainadiak, hariztiak, lursailak...) eta maileguen interesen lagapenak, ospitalerako urteroko sarrerak sortzen zituztelako.
Erreferentziak
- ↑ Izan ere, herriko harresietatik kanpo egoteak eman dio izena Errabal kaleari (arabierazko ar-rabadetik).
- ↑ XVI mende bukaeran Erregetxe zaharra bilakatu zena.
- ↑ Merzedariak ehun urte Soraluzen. Javier Elorza (Soraluzeko Udala 1995).
- ↑ Ospitaleko maiordomoa eta Erret Lantegien kontuegilea.
- ↑ "...las casas que se han quemado en el arrabal de la dicha villa y el daño que deste incendio ha tenido el ospital de la dicha villa que se ha escapado, después de averse encendido, por el milagro de Dios, aviéndose quemado quatro casas al dicho ospital contiguas... Lo primero decretaron que el primer lugar se acuda al reparo necesario de la dicha casa del ospital que se ha descalabrado con el dicho yncendio de dinero de la sisa. Lo segundo decretaron que a Domingo de Espilla Huribarri, mayor en días y a Domingo de Goenechea Ybarra y Madalena de Iturriaga viuda, a quienes se les han quemado sus casas en el dicho arrabal d'esta villa con todo lo demás que tenían en ellas se les dé a cada doscientos ducados a cada uno para que fabriquen de nuebo las dichas sus casas quemadas" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1659/08/10).
- ↑ "...ha fabricado texa y ladrillo en la texería de esta villa, para la hedificación de las cassas que se quemaron en el Arrabal de esta dicha villa" (Soraluzeko Udal Artxibategia Eskritura Publikoen Errejistroa).
- ↑ "Hospitales en Guipúzcoa en 1.586" J. Ignacio Tellechea Idígoras (Boletín de Estudios Históricos sobre San Sebastián 2006).
- ↑ Erret Lantegietako eskribaua eta ikuskari ofiziala.
- ↑ ...haren errentak etxezainak banatzen dituela, eta herriko alkateak eta apaizek egiten dutela pagamendua, ospitaleko patroi bakarrak direnez ("que la distribuzión de las rentas del mismo corren a cuenta del Maiordomo, con libramiento de los señores Alcalde y Curas de esta villa como Patronos únicos de él"). Bernardo de la Mata Kalagorriko kalonjearen aginduak.
- ↑ XVI. mendean bi aukeratzen ziren.
- ↑ Gazteleraz hospitaleros.