Justo Iriondo (eu)

    Sorapediatik
    (Sanson (eu)(e)tik birzuzenduta)
    Justo Iriondo Aranburu Sanson
    Justo Iriondo Aranburu. Erretratua.jpg
    Jaio 1863/05/28
    Hil
    Profila Gurdizaina, talde-arduraduna


    Bizitza

    The Placencia de las Armas Company Limited enpresako laneko fitxan Justo Iriondo Aranburu 1863ko maiatzaren 28an Elgoibarren jaiotakotzat agertzen da. Alabaina, badirudi Ziortzan (Bizkaia) jaio eta Elgoibarrera aldatu zela San Roke auzoko Sansongua baserria oinordetzan hartu zuenean. Sanson izena Sansongua izenaren laburpena zen.

    Zurgina ofizioz, 1889ko urriaren 1ean Soraluzeko Euscalduna fusil fabrikako langileen zerrendan sartu zen. 1861ean sortutako fabrika horrek esku aldaketa asko izan zituen, azken bi izenak iraunkorrenak izan zirela: The Placencia de las Armas Company Limited eta Sociedad Anónima Placencia de las Armas. baina aldaketa garrantzitsuena 1908an izan zen, Vickers enpresa ingelesak erosi eta kanoiak egiten hasi zirenean.

    Indar handikoa eta abilezia bereziko gizona omen zen. Eskarmentuaren eskarmentuz bolumen eta pisu handiko (kanoi eta makinak) ondasunak manipulatu eta garraiatzeko aditutzat jotzen zuten inguruko guztiek. Izaera gogorrekoa, pioien maixuari dagokion indarrez agintzen zion sei peoiko talde bati. Herri xehearen asmamenak laster jarri zion izena: Sanson eta sei filistiarrak.


    Ibilbide profesionala

    The Placencia de las Armas Company Limited enpresan arotz sartu zenean, 1889ko urriaren 1ean, orduko 0,30 pezeta irabazten zituen; gero, igoera txiki batzuk izan ondoren, soldata 0,40ra iritsi zen peoi-buru izendatu zutenean, hots, 1898ko maiatzaren 10ean. Hogeita bost urte igaro ondoren, 1922ko otsailaren 22an, alegia, pezeta bat ordaintzen zioten lan egindako ordu bakoitzeko. 1942ko urtarrilean, 1,86 pezetara iritsi zen.

    Justo Iriondok alkandora zuria janzten zuen, drillezko jaka, praka gris argiak eta txapela. Lanaldian zehar eskuan makila luze bat zuela ibiltzen zen; makila hori gurdiari erradioetan sartzeko izaten omen zen. Bere izaera gogorra eta abilezia herriaren oroitzapenean geratu dira.

    ‘Sanson’ek 1944ko otsailaren 29an hartu zuen erretiroa.


    Garraio lanak

    Trena 1888ko ekainean iritsi zen Soraluzera, eta geltokia nahiko leku garaian jarri zuten egungo fabrika zaharrekiko. Beraz, geltokitik enpresa horretara zegoen desnibela handia izatez gain, bi leku horiek lotzen dituen kalearen amaiera aldean dauden kurbak bereziki estuak ziren. Kotxebidean (hala deitzen zaio oraindik ere kale horri) gora edo behera ibiltzea erdian bi gurpileko eta ardatz bakarreko plataforma-karro batekin, metalezko uztaidun gurpilak, egurrezko erradioak eta animaliak tiratzeko langa-uztai luze batekin, eta gainera kanoi edo makina bat gainean zuela, ingeniaritza lana izango zen benetan Sanson eta bere taldearentzat. Geltokian bazuten garabia, baina batzuetan geltokitik fabrikarako bidea egin behar izaten zuten.

    Justo Iriondo eta bere taldearen eginkizun nagusienak fabrikatik tren geltokira kanoiak, makinak eta hainbat merkantzia eramatea izaten zen, hala nola enpresen barruan pieza eta produktu batzuk mugitzea. Garraio berezi horiek sarri egiten ziren hamarkada luzetan trenbideak izan zuelako pieza handiak garraiatzeko monopolioa.

    Iragan mendeko ia hirurogeiko hamarkada arte, enpresa nagusienen arteko garraioa, hau da, batetik bestera egiten zutena, nahiko handia izaten zen. Orbea enpresa eibartarrean, karreterua karro eta zaldiaz departamentuz departamentu ibiltzen zen lanaldi osoan zehar, bizikletak fabrikatzeko behar ziren osagaiak batetik bestera eramaten. Soraluzeko kanoi fabrikan, batetik bestera eraman beharreko piezak pisu handikoak izaten ziren oso, eta horiek Sanson-en esku uzten zituzten, lehiakortasunez eta profesionaltasunez lan egiten zuelako.


    Kainoien probak

    The Placencia de las Armas Company Limited eratu zutenean (1886), aurki hasi zuten kainoiak egiten. Baina arazoa sortu zen, kainoiak nun probatu.

    Trenbidea Soraluzera heldu zenean (1888) itsasertzean egiteko aukera zabaldu zitzaien. Eta horrerarako Deba aukeratu zuten[1]. Deban, leku bat baino gehiago erabili zuten probak egiteko; esate baterako, Sorginetxe izenekoan, eta batez ere hondartza gainean dagoen zabalgune batean, El probadero eta La bateria izenak dituena.

    1946.ean probaleku bat egiten zuten Maltzagarako bidean, gaur egun Unamuno enpresa dagoen lekuan. Geroago, 1960an, Ulia mendira hasi ziren eramaten, eta geroxeago Jaizkibelera.


    Istorioak

    Badira anekdota ugari berari gertatutakoak omen direnak.

    Horietako batean esaten denez, kanoiak torneatzeko ordura arteko fabrika zeuzkaten makinetan handiena ekarri omen zuten, baina makina hori fabrikan jarri nahi zuten lekuan, aurretik forjatzeko matxino makina baten oinarri handi bat kendu eta beste leku batera eraman behar zen, bertakoek ez baitzuten beren baliabideekin holakorik lortu, ez eta Bilboko “nabal”ekoen aholkuekin ere[2]. Konponbideak Sanson'-ek eman zuen: Zulua egin eta enterrau.

    Beste batean, fabrikako ingeniari bat bisitan etorritako ingeles batzuk gidatzen ari zela eta Justo Iriondo patal zebilela ikusiz, galdetu omen zion: Sanson, ze pausu dek ori. Eta Sanson-ek bat-batean erantzun omen zion: Sei errialeko jornalena.


    Erreferentziak

    1. Debara trenez eraman aurretik, enpresak asmatutako lurrunezko kamioi bat erabili ohizuten.
    2. SECN. Sociedad Española de Construcción Naval.