Frantsesbaso zista (eu)
Frantsesbaso | |
---|---|
Estiloa | Historiaurrekoa |
Mendea | Neolito-Brontzea |
Kokapena | Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa |
Mota | Zista |
Azalpena
Bergarako udalerrian dagoen trikuharria, Azkoitiko mugaren ondoan. Frantsesbaso izeneko parajean, Atxobaso tontorreko iparraldean, Elosumendi eta Sorusaitza (Sorodusko haitza) muinoen artean, Elosumendiko hegoaldeko hegiaren hasieran, itxas mailatik 840 metrotara. Sorusaitzako errepikagailutik Irukurutzetarako bide ondoan, Santutxoko leporik datorren errepide bidegurutzetik 230 metrotara. Azkoitia aldetik pagadia du, eta Bergara aldetik pinudia. Agerreburu trikuharria 285 metrotara dago, hego-hegoekialderuntz.
Trikuharriak 3,50 metrotako diametroa eta 10 zentimetroko altuera dituen tumulua dauka. Harlosa bakarreko ganbara, 1,55 x 0,55 x 0,20 metrotakoa, harripiloan erdigunean, ekialde-iparekialde orientatuta, eta iparraldera pixka bat makurtuta. Eraikuntzan erabilitako materialak bertako basaltoak dira.
Albotik pasatzen den pistak mendebaldeko aldea hondatu du.
2019 urtean industu zuten. Itxura denez, aurretik suharri pusketa batzuk (laskak, noduloak) topa omen ziren alboko pista inguruan, megalito parean; dena dela, inork ez daki non egon daitezkeen.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Historia
Aurkikuntza (2001)
Estazio dolmenikoaren gainontzeko trikuharriak ez bezela, Frantsebaso 2001. urteko abenduak 1ean aurkitu zuten[1]. Taldekideak B. Barrero, I. Gaztelu, G. Mercader, L. Millán eta M. Tamayo izan ziren.
Izendapena
Eusko Jaurlaritzak 2003.eko ekainak 24an kalifikatu zuen.
Arbasoak egitasmoaren indusketak (2019)
- Sarrera nagusia: Frantsesbaso trikuharria. Indusketak (eu)
Arbasoak egitasmoaren barruan, 2019 kanpainan lau tokitan egin zituzten indusketak: Agerreburu, Irukurutzeta, Frantsesbaso eta Sabua. Frantsesbaso indusi gabeko monumentua izanik, aztertu nahi zuten zein motakoa den (dolmena, tumulua, zista), noizkoa eta zer nolako materialak kontserbatzen dituen.
Indusketak agertu dute hilobia hildako bakarrarendako eraikitakoa dela, hilobi kolektiboak egiteari laga eta indibidualak egitera pasatu zirenekoa; Kantauri-itsasaldeko megalitismoaren azken uneetan kokatu daiteke, Kalkolitoaren bukaera eta Brontze Aroa bitartean.
Tumuloa arpilatuta zegoen eta ondorioz, aurkitu duten materiala espero zutena baino urriagoa izan da: hezurrik ez, metalik ez… Harri motatan, berriz, aberatsa izan da uzta: suarriak, kuarzoak eta ebakitzeko harrizko tresnak agertu dira, itxura batean hainbat lurraldetako harriekin eginak: Ebro ingurukoak, Trebiñokoak…
Erreferentziak
- Frantsesbasoa. Debabarrena Turismoa.
- Memoria de la excavación del dolmen de Frantsesbaso (Azkoitia-Bergara). Jesus Tapia (Aranzadi Zientzia Elkartea, Donostia 2019)
- ↑ Megalitos en Gipuzkoa 2002-2011. Luis del Barrio Bazaco (2011) Kultura Saila. Eusko Jaurlaritza