Ramiro Larrañaga Arma Museoa (eu)
Azken bostehun urteetan Soraluzen miloika arma egin dira, zuriak zein suzkoak, luzeak zein motzak zein kainoiak.
- Soraluzeko armagintza historia ezagutzeko, sakatu hemen
- Eta ekoiztutako armei buruz jakiteko, sakatu hemen
Egindako arma gehienak suntsitu dira, baina oraindik ehundaka gordetzen dira: Eibarko Armagintza Museoan multzo ederra, inguruko museoetan beste batzuk, eta bilduma pribatuetan asko eta asko.
Gaur eguneko teknologia digitalei esker, Ramiro Larrañaga Arma Museoa izeneko honek arma horietako ehundik gora biltzen eta sailkatzen ditu, era birtualean bada ere.
Modu honetan edozeinek, soraluzetarra izan ala ez, Soraluzen memoria historikoan zehar ibilbidea egiteko aukera dauka, herri honek landu dituenak gozatzeko eta hainbat mendeetan gure aurrekoek aurrera egiteko gauza izan direla jabetzeko.
Gelak
Museoan jasotako armak hainbat "gelatan" antolatuta daude, aintzinatasuna eta arma motaren arabera. Bertara sartzeko, sakatu izenen edota irudien gainean:
Ibilbideak
Ibilbide historiko osoaz gain, museoak ibilbide tematikoak eskaintzen ditu:
- Suzko arma luzeak: lehen zutabeko gelak.
- Suzko arma motzak: bigarren zutabeko gelak.
- Kainoiak: hirugarren zutabeko gelak.
- XIX eta XX mendeko tailer txikiak: lehen bi zutabetako azken bi gelak.
- Teknologia: horizontalean.
Eibarko Armagintza Museoa
- Sarrera nagusia: Eibarko armagintza museoa
Eibarko Armagintza Museoak Soraluzen egindako 18 arma gorde eta erakusten dira: 2 txispa-fusil, 4 fusil pistoi giltza dutenak, 7 atzekargako arma luze eta 5 pistola, bostak aurrekargakoak.
Bildumaren osaketak ondo erakusten du Soraluzek arma luzetan izan zuen garrantzia, eta ez honenbeste arma motzetan.
Ramiro Larrañaga
- Sarrera nagusia: Ramiro Larrañaga.
Ramiro Larrañaga Fernández de Arenzana (1924-2005) Soraluzen jaio zen. Armagile familiakoa, bera ere grabatzailea izan zen.
Jakinminak bultzatuta, herriko historia ikertzen eta zabaltzen hasi zen; eta aurki konturatu zen Soraluzeko armagintzak munduan izan zuen eraginaz. Orduan Euskal Herriko armagintza landu gabe zela, berak zabaldu zuen bidea, ikertzaile porrokatua bihurtuta. Jarduneko bi ardatz nagusi horietan, Soraluzeko historia zein Euskal Herriko armagintza, berak sortutako lanak ezinbestekoak dira oraindik.
Eragin nabarmena izan du Soraluzen, bere liburu eta artikuluekin bertako identitatea sendotzen lagundu zuen eta.