Teknologia: eskopetak (eu)
Hastapenak
1861ean, George Henry Daw jaunak, Londresko 57. Threadneedle kalean armagintza zuenak, François Schneiderri erosi zion atzera egiteko su-arma zentraletarako patentea, eta hurrengo urtean erregistratu zuen patente hau hobetua. Kirol-armetan asko erabili zen atzekargako bere erdiko perkusio-sistema, orratz kolpekariak baskularen zehar jotzen zutenekoa.
Aurretik Lancasterrek egin bezala, G. H. Daw ere munizioaren fabrikazioa monopolizatzen saiatu zen, baina 1865ean Londresko Eley Brothers Ltd munizioaren fabrikazioaren aurkako auzia galdu zuen. Izan ere, bere patenteak Schneider sistemaren diseinua bakarrik estaltzen zuen, eta ez su zentraleko kartutxo guztiak. Ondorioz, Eley Brothers Ltd-ek kartutxoak jo ta sua ekoizteari ekin zion; G.H. Daw-k, bere aldetik, bere kartutxoa patentatu zuen AEBetan (1869/05/04) 89.563 zenbakiarekin.
(Handiago ikusteko, sakatu gainean)
Modu honetan eta bapatean, denek lortu ahal izan zuten su zentraleko munizioa, eta, beraz, ekoizle guztiak hasi ziren atzekargako perkusio zentraleko pistolak egiten.
Anson & Deeley sistema (1875)
Historia
1876ko otsailaren 1ean Westley-Richards enpresarentzat lan egiten zuten William Ansonek eta John Deeleyk Boxlock (kutxa-giltzak) sistema patentatu zuten Ingalaterran.
Eskopetarako baskula sistema bat zen, giltza-gorputzaren barruko itxiera, perkusioa eta tiro-sistema integratzen zituena, eta, gainera, perroen premia ez zuena (hammerless). Gainera, mailuak blokeatzeko segurtasuna erabiltzen zuen, ordura arte ematen oi zituen noizean behingo arazoak sahiestuz.
1882.eko hobekuntza batek katua blokeatzeko asegurua gehitu zuen, automatikoki aktibatzen zela mailuak armatzen zirenean.
Nahiz eta jende askok pletina laburrekoak deitu, modu okerrean, eskopeta hauek pletinarik gabekoak dira. Anson & Deeley Boxlock sistema hau sendoa, sinplea eta fidagarria zenez, eskopetaz gain beste arma mota batzuk egitea ere ahalbidetu zuen.
Erabilera
Eskopetaren irekierak hodiak jaitsarazten ditu, karga-palanka (a) eta malguki erreala (b) ixten duen mailuaren (c) punta birarazteko energia emanez. Era berean, mailuaren atzeko koska (c) segurtagailuan (d) katigatuta geratzen da, eta muntaketa-posizioan mantentzen du.
Eskopetak tiro egiten du katua sakatuz (e). Katuak buztan segurtatzailea altxatzen du (d), sudurra mailutik askatuz (c). Mailuak aurrera egiten du, benetako malgukiaren tentsiopean (b), arma jaurtitzeko.
Euskal Herrian
Sistema hau oso erabilia izan zen euskal armagintzan.
Victor Sarasquetak EDER eredua izenarekin patentatu zuen Espainian (1909), eta euskal armagile gehienek egin zuten, tartean soraluzetarrok ere.
Drilling sistema
Historia
Anson & Deeley Boxlock sistemaren lehen bilakaerak Europa erdialdean egin ziren. Suhl (Alemania) eta Brno (Txekiar Errepublika) garai hartako oinordeko dira gaur egun.
Bilakaera honek arma berean eskopeta-kanoia eta errifle-kanoia elkartu zituen. Horri esker, erabiltzaileak hiru arma zituen batean: ehiza txikirako, ehiza nagusirako eta defentsarako.
Euskal Herrian
Victor Sarasqueta (Eibar) erdiko suzko Daw drilling eskopetak egiten hasi zen, XX. mendearen hasieratik.
Honetaz gain, lehenetarikoa izan zen Holland and Holland sistemarekin errifle expresak egiten.
Purdey sistema (1880)
Historia
1814an James Purdeyk bere eskopeta eta errifle enpresa sortu zuen Londresko Prince kalean, eta 1865ean su zentraleko bere lehen armak egin zituen. 1880. urtean Beesleyri erosi zion bere irekiera lagundutako sistemaren patentea.
Erret familiari eskopeta eta errifle asko saltzen zizkionez, 1868an Gales Printzeren (gerora Eduardo VII.a izango zena) hornitzailea izendatu zuten, eta 1878an, berriz, Victoria erreginarena ere. Beraz, bi Royal Warrant of Appointment lortu zituen. 1882an South Audley kalera aldatu zuen egoitza, gaur egun bertan jarraitzen duela.
1918an, frankotiratzaileentzako lehen errifle-sistema patentatu zuen, eta beste arma batzuk eman zizkion Gerra Departamentuari. 1923an Ernest and Harry Lawrencek lehen eskopeta gainjarrien sistema sortu zuen.
1949an James Woodward & Sons erosi zuen, Londresko armagile ezaguna, arma gainjarriengatik ospetsua. Purdey eskopeta eta errifle express gainjarri onenak Woodward.en diseinuen bilakaera dira.
1994an Compagnie Financière Richemont S.A.k, luxuzko ondasunen suitzar konpainia, Purdey enpresa erosi zuen.
Purdey giltza
1879an Frederick Beesleyk alboko giltza bat diseinatu zuen, benetako-malgukiaren hondar-energia erabiltzen zuena arma irekitzeko eta erabilitako kartutxoak ateratzeko.
Hurrengo urtean Bessleyk Purdeyri saldu zion patentea eta, harrezkero, bere eskopeta eta errifle expresetarako erabili izan dute. Purdey giltzak garai guztietako diseinu bikainenetakoak dira, eta askorentzat alboko giltzarik onena.
Purdey - Beesley sistemak arma-espeka pare bat ditu, baskularen goiko aldean irteten direnak. Eskopeta irekita, benetako malgukiak ez du tentsiorik. Tiro egiteko ixten denean, benetako malgukia berriro konprimatzen da baskularen espekei esker. Beesleyk lagundutako irekiera duen eskopeta batean, errege-malgukiak bi funtzio ditu: mailua kolpekatzeko orratza jotzera behartzea, eta eskopeta irekitzen laguntzea, kanporatzaileei eragitearekin batera.
Tiro egin aurretik, eskopeta itxita dagoela, malgukia erabat konprimituta dago (1. irudia). Katua sakatu eta mailua askatu ondoren, malgukiak ez du tentsio osoa galtzen (2. irudia), zati bat automatikoki irekitzen den unerako gordetzen dela (3. irudia). Hori gailurrari alde batera eragiten diogunean gertatuko da.
Holland and Hollanden irekiera automatikoarekin ez bezala, Purdey-Beesley giltza duten eskopetak, irekiera lagundutakoak, gehiago kostatzen dira ixten, une horretan sakatzen dugulako benetako malgukia.
Diseinuaren zehazpenak
Beesleyren ekintza erraz antzematen da baskulako oholen espeketatik; izan ere, kanoiak ixtean, tontorrak atzerantz indartzen dituzte mailuak muntatuz. Giltza mota horren diseinua oso konplexua da, eta edozein gainazalen tamainan edo forman aldaketa txiki bat gertatzen bada, mekanismoak ez du behar bezala funtzionatuko. Konpontzen zailak dira, armaginak ez badaki zehatz-mehatz nola funtzionatzen duen eta zer egin behar duen behar bezala erregulatzeko.
Purdey-Beesley lagundutako irekiera-sistema horrek eskopetaren irekiera zabala eskaintzen du, eta kanoiak angelu nabarmenean uzten ditu, kartutxo hutsak jaurtitzeko eta berriak kargatzeko.
Hala eta guztiz ere, Beesleyren irekitze sistema automatikoak ere baditu bere kontrakoak.
Batzuek konplexuegia dela uste dute, eta horregatik ekoizle gutxiagok kopiatu zuten HOlland & Hollandekoa baino. Baina sistema hori erabiltzen duten eskopetarik zaharrenek ehiztari askori ematen diete zerbitzua, eta agerian uzten dute haien sendotasuna. Beste kritika bat, arma ixteko egin behar den indarrari zuzenduta dago. Benetako malgukiaren indarra gainditzeko behar den presioaren ondorio da hori, eta teknika pixka batekin konpontzen da.
Euskal Herrian
Purdey-Beesley giltza-sistema asko zabaldu zen, baina ekoizpena eta konponketa oso zaila izanik, Europako armagin gutxik erabili izan dute, Holland and Kolland sistema baino askoz gutxiago. Euskale Herrian Eibarko Ignacio Ugaertecheak erabili zuen.
Holland and Holland sistema (1883)
Historia
Holland & Holland Londresko armagile ospetsua da, 1835. urtean Harris Holland-ek sortua.
1885.ean, patenteak eman zioten Holland & Holland-i bere Paradox eskopetarentzat, kanoien aurrealdean bi hazbeteko luzera duen eskopeta ildokatua, balak eta perdigoiak jaurtitzeko gai zela.
Holland & Holland sistemako eskopetetarako giltza 1883an patentatu eta 1890 inguruan hobetu zuten.
Holland & Holland giltza
Sistema horrek arma-espekak ditu, baskulatik irteten direnak. Eskopeta irekitzean eragiten die espekei, eta atzeko aldea altxatzen da mailuak muntatzeko.
Holland & Holland giltzaren piezak:
- Seguru bikoitzaren malgukia.
- Fidatzailea: Behin desblokeatu eta gero, mailuaren eragina ahalbidetzen du.
- Fidatzailearen malgukia.
- Seguru bikoitza. Bigarren fidatzailea, eskopetak katua sakatzerakoan bakarrik tiro egitea. Eskopeta erori edo jotzen bada tirorik ez jotzeko.
- Mailua.
- Garabato: Giltzaren pieza guztiak biltzen duen pieza metalikoa.
- Mailuaren topea.
- Benetako malgukia. Mailua bultzatzen du perkusioa lortzeko.
Holland irekiera automatikoa
1922. urtean enpresa honek ekarpen handia egin zion elkarren ondoan jarritako kanoien armen garapenari, Holland & Holland lagundutako irekiera-mekanismoa patentatu zuenean. Sistema horri esker, eskopeta esku bakarrarekin ireki zitekeen, erabilitako kartutxoak kanporatu, eta beste eskuan kartutxo berriak prest eduki, azkar-azkar kargatzeko.
Malguki helikoidalak dituen unitate independente batez osatuta dago, kanoien azpian muntatuta.
Malgukiaren enboloa konektatuta dago baskularen beheragunean dagoen sistemaren aurreko muturrarekin eta atzeko muturrarekin. Eskopeta itxita dagoenean, malgukia konprimituta dago, baina irekitzeko palankari eragitean, malgukiaren presioak automatikoki irekitzen du eskopeta.
Euskal Herrian
Holland & Holland giltza sistema akzio mota sinple, indartsu eta fidagarria da, eta mundu osoko eskopeta-fabrikatzaileek kopiatu dute. Euskal armagintzan pletina luzeko eskopetak bezala ezagutzen dira.
Giltza-sistema horrekin gama altuko eskopeta oso esklusiboak fabrikatu dira, baita Holland & Holland express errifle ospetsuak ere.
Eskubabesak eta kulatak
Eskubabes ohikoenak hiru dira: aurreko ingelesa, kastorraren itsatserdia eta kastorraren itsatsa.
Ipurtondo edo kulatak ere hiru dira: ipurtondo ingelesa, pistolet erdia (Galeseko Printzea deitua ere) eta pistoleta.