Teknologia: aurrekarga jaurtigaiak (eu)

    Sorapediatik

    Aurrekarga armak suzko armak dira, kainoi edo tutu muturretik bai polbora zein jaurtigaia kargatzen dela.

    Teknologiak bi maila izan ditu. Aurretik, polbora eta jaurtigaiak banatuta eramaten bazituzten ere, XVII mendean kartutxoak asmatu ziren.


    Balak edo pilotak

    Turkesa

    Berunezkoak ziren, eta arkabuzari bakoitzak bereak egiten zituen, turkesa izeneko eskuzko moldeak erabiliz. Beruna 300 gradotan urtzen denez, ez da behar su handirk: beruna urtu, turkesa bete eta, gogortzen denean, askatu.

    Arma motaren arabera diametroa desberdina zuten. Esateko, arkabuzentzako pilotak 15 mm-tatik 20 mm-tarakoak izaten ziren, kainoiaren arabera. Dena dela, armaren tutua baino estuagoak egiten ziren, tiro gutxirekin tutuak asko zikintzen eta estutzen zirelako.


    Polbora

    Polboraren proportzioak tutuen araberakoak dira. Arkabuzenak, gehienetan, zituen: %71a potasio nitratoa[1], %12a sufrea eta %17a egur-ikatza, ahal bazen sahats-ikatza.

    Tiroen arteko denbora murrizteko, polbora egurrezko tutuetan eramaten zuten, bakoitza polbora gordinaren karga zehatz batekin. Tutuak uhal batean lotzen ziren, soinean gurutzatuta. Orokorrean hamabi tutu erabiltzen zutenez, hamabi apostoluak esaten zitzaien.

    Soinean gurutzatuta ere, polbora meheaz betetako hauts-kaxa zeramaten, gero almetxan jartzeko. Alboko beste poltsatxo batean berunezko balak edo pilotak. Eta, azkenik, txinpartak sortzeko suharria eta katebegia.


    Paperezko kartutxoak

    Kartutxoak

    XVI. mendean polbora karga bakoitza egurrezko tutu batean gordetzen bazen, XVII. mendearen hasieran karga eta jaurtigaia paperezko tutuetan biltzen hasi ziren. 1630. urtean Suediako Gustavo Adolforen soldaduak paperezko kartutxoak erabiltzen hasi ziren beren fusiletan.

    Honekin batera, kartutxoak segurtasun estalkiak zituen kartutxo-uhaletan gordetzen ziren. Lehen mosketari batek 12 tiro egiteko kargak eraman balezakeen, sistema berriarekin uhalak 20tik 40ra karga eduki zezakeen.

    Soldaduak hortzekin apurtzen zuen kartutxoa, su hartzeko kazolatxoa bete zuen, eta gero bolbora kanoiaren ahotik sartzen zuen. Ondoren, papera sartzen zuen, eta hagatxo batekin zapaltzen zuen. Gero, bala sartzen zuen, paperez bilduta tuta ondo betetzeko, eta berriro zapaltzen zuen. Arma tiro egiteko prest zegoen.

    Teknologia guzti hauekin mosketeen erabilera erraztu zen, eta arriskuak gutxitu. Ondorioz, eta soldaduen trebetasuna landuz, minutuko hiru tiro egin zitekeen, aurretik baino askoz gehiago.


    Bilakaera

    Behin pistoi giltza asmatu eta gero, XIX. mendean hurrengo urratsa eman zuten, pistoia kartutxoari eransten.

    Honek erraztu zuen suzko armen hurrengo jauzia, jaurtigaiak kainoi atzetik sartzea, atzekarga armak sortuz. Jaurtigaiak ere egokitu ziren sistema berrira: atzekarga jaurtigaiak.


    Erreferentziak

    1. Nitroa edo salitrea.