Armagintzaren hastapenak (eu)
1573.ean Soraluzeko Erret Lantegiak sortu ziren, eta hurrengo hiru mendetan Soraluze izan zen euskal armagintzaren ardatza, Europa osoan ospea irabaziz.
Baina Erret Lantegiak Soraluzen ezartzeko bertako armagileek aurreko mendean egindako bidea funtsezkoa izan zen.
Suzko armen agerpena Euskal Herrian
Suzko armen lehen aipamena 1420. urtekoa da, oinaztarren eta ganboatarren leinu gerren sasoikoa. Lazkanoko ahaide-nagusiak Loiolako etxea inguratu zuen, eta bere hormak hautsi ezinez Ihartzakora jo zuen eta, bi lonbarda edo bonbarda[1] erabilita, azken etxe hau eraitsi zuen.
Hurrengo urteetan lonbarden erabilera zabaltzen joan zen, Lope Gartzia Salazarrek Istoria de las bienandanças e fortunas bere liburuan azaltzen duenez. Ez da ezagutzen arma hauek Euskal Herrian bertan eginak ziren, edo kanpotik ekarriak.
1452. urtean Bizkaiko fueroak hainbat armen (lonbarda, trabukete eta gainerakoak) erabilera debekatu zuen, baina eragin eskasarekin.
Armagintza Euskal Herrian
Arma zuriak...
Burdingintza oso zaharra da Euskal Herrian. Ia V. mendean baziren haize olak, baina oso etekin eskaseko teknologia zen. XI. mendetik aurrera teknologia berriak zabaldu ziren, tartean ura erabiltzen zituenak, eta burdingintzak loraldia ezagutu zuen Euskal Herrian, baldintza ezin hobeak zituelako: burdin meatzak, baso ugari, ur asko eta aldapa gogorrak.
Aurki, Debarroko burdinolak totxoak egitetik produktua ekoiztera pasa ziren: arma zuriak. XIII. mendean euskal armagintza ospea irabazten hasi zen: Arrasaten zegoen burdin-mineralarak oso ezaugarri onak zituen altzairua egiteko, eta honetaz baliatzen ziren inguruko armagileak arma zuriak eta babesekoak ekoizteko. Ia 1248.ean, Sevillako konkistarako, Gaztelako itsas-armadak euskal armak erabili zituen.
...eta suzko armak
Bi mende geroago, arma zuriez gain suzko armak ere egiten ziren. 1480.ean Gaztelako Isabel erreginak Burgoseko agintaria Diego de Soria bidali zuen Euskal Herrira, 15.000 lantza eta 4.000 pavesa, lombarda era zerbatana erosteko. Aldi berean, erreginak Errege Zedula eman zuen, bertan Euskal Herriko armagileei ahalik eta arma gehien ekoizteko eskatzen ziela, eta ahalik eta azkarren emateko.
Soraluzeko lehen berriak urtebete geroagokoak dira, 1481. urtekoak hain zuzen[2]. Eta hurrengo urtean, Medina Sidoniako dukearen enkarguz, Eibarren bi bonbarda egin ziren (1482).
1488. urtean lehen debekua etorri zen, armarik ezin zela saldu Gaztelatik kanpo (1488/11/19). Eta Sancho Ibáñez de Mallea Euskal Herrira bidali zuten, zortzi urte lehenago emandako "gomendioa" indartzeko.
Agiri hauetan Euskal Herriko zein partetan egiten ziren armak esaten ez bazen (maizenik ere, Gipuzkoa probintziako eta Bizkaia Jaurerriko lantegietan[3]), XVIgarren mendearen lehen erdian hasi ziren aipatzen Soraluze, Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate herriak suzko esku-armagintzan, eta Araba eta Tolosa arma zuriak ekoizpenean.
Lehen armagile soraluzetarrak
XVI. mendean hartu zuen garrantzia kontutan hartuta, eta Soraluzeko agiri zaharrenak desagertu direnez[4], pentsatzekoa da Soraluzen suzko armagintza XV. mendeko azken laurdenean hasiko zela.
Gainontzeko Debarroan moduan, Soraluzen ere arma zuriak egiten hasi ziren. Lehengaia gertu zuten (Arrasateko altzairua, bertan edota inguruko herrietan landua) eta orografia ere alde (ur asko eta oso aldapa gogorrak, burnioletara indarra eramateko). Baina XV. mende bukaeran, agian arma zuritan zegoen konkurrentziarengatik, suzko armeei ere ekin zieten. 1481.ekoak dira Soraluzeko armagintzaren lehen aipamenak, baina XVI. mende hasieran ez zen nabarmentzen, beste herri batzuk ere aipatzen dira suzko armatan: Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate.
1512.ean Juan Ibáñez de Loyolak eskopeta eta arkabuzak egiteko kontratua sinatu zuen. Agiri batek dionez, 100 eskopeta zituen eginda, baina behar iza eta gero hileko 350 egiteko ahalmena zuen. 1515.ean Juan de Ondarzak infanteriarako 30 kofelete[5] eta beste horrenbeste barbolete egin zituen infanteriarako. 1516.ean Juan Ibáñez de Loyola eta Juan Martínez de Churruca armagileek 50 espingarda saldu zizkioten Juan López Aizpiri eibartarrari, 14.000 marabeditan.
1522.eko kontratu batean arkabuzak agertzen dira lehen aldiz: 50 arkabuz bereziak egin behar ziren, bakoitza urrezko lau dukatetan. Urte berean Juan Ibáñez de Loyola armagileak Francisco de Badilo kapitainari esan zion 100 eskopeta zituela saltzeko prest, eta nahi izan ezkero hilabete batean (maiatzak 25etik ekainak 24ra) beste 350 egiteko prest zegoela, zilarrezko 7 errealetan. Eta Martin de Unamuno soraluzetarrak urte batzuk geroago demostratu zuenez, 1526.ean Martin Ibáñez de Unamunok aittaittak arkabuzak egiteko lehen sutegia jarri zuen Soraluzen.
1542. urtean Carlos I.ak Francisco de Roxas artilleria kapitaina bidali zuen arma ekoizpena zaintzeko, eta honek Soraluze aukeratu zuen egoitza. Ez dakigu zerikusirik izan zuen 20 urte lehenago Acuña korrejidorearen aferan Soraluzek izandako jarrera. 1548. urtekoak dira Espainiako armadarentzako lehen kontratuak[6].
1561.ean, berriz, Juan Ibáñez de Churrucak 600 moskete eta beste honenbeste arkabuz egin zituen. Gainera, armagintzako maisutzat aitortu zuten, agertzen den lehen maestro armero Juan de Churruca soraluzetarra da eta (1561).
Ekoizpenaren antolaketa
Asientoak
Arma lantegiak aipatutako herri guztietan sakabanaturik ziren lantegi ttipiak besterik ez ziren. Elkar-lanean ari ziren lau gremiotan bildurik, bakoitzak bere espezialitate bereziak zituzten.
Bezero handiek (Espainiako itsas-armada batez ere) ez zuten armagile guztien atzetik ibili nahi, beren lana antolatuz. Eta beste sistema lehenetsi zuten: armak behar zituenean enkantera ateratzen zituen (asientoak), kontratista batek hartzeko; honek lana banatzen zuen beste azpikontratista artean, diru bat aurreratuz, eta hauek ekoizpen prozesua antolatzen zuten, lanak adituen (gremioen) artean banatuz.
Lehen ikuskatzailea: Hernando de Aguirre
Gero eta erosketa gehiago egiten zituenez, kudeaketa hobetzeko eta arma guztiak probatzeko, Felipe II.a erregeak zera erabaki zuen, Gipuzkoako probintzia eta Bizkaiko jaurgoaren arma ikuskatzailea[7] izendatzea, Debarroan bizi behar zuena.
1568.ean Hernando de Aguirre debarra izendatu zuen. Funtzionari hau hasi zen antolatzen gerora Erret Lantegiak izango zirenak[8].
Burgoseko eskaera
1568.eko bukaeran Alpujarretako moriskoak matxinatu ziren, eta Felipe II hasi zen gudarosteak prestatzen aurka egiteko. Burgoseko gudarostea armatzeko, Bizkaia eta Gipuzkoa probintziei 150-200 arkabuz prestatzeko eskatu zien (1569/12/03), Pedro de Trigueros erosketaz arduratuko zela. Eta honek Soraluzera jo zuen zuzenean.
Erregearen eskaerari aurrea hartuz, azaroan Pedro de Trigueros honek 200 arkabuz lotu zituen Soraluzeko hainbat armagileekin: Domingo de Mendiola, Juan de Churruca eta Jerónimo de Igueribar. Arkabuz bakoitzeko 23 errealetan egin zuen tratua, osagarri guztiekin: flaskoak, flasko txikiak, moldeak, arraskagailuak, sacapelotas, hembrillak" eta baketak.
Abenduan bertan Hernando de Aguirrek beste 200 arkabuz eraman zizkion Gasteizeraino; hauek 22 errealetan ordaindu zituen. Armagile soraluzetarrek 179 arkabuz bidali zizkioten 1570.eko urtarrilaren erdialderako: 50 Domingo de Mendiolak, 50 Juan de Churrucak, 50 Martin Ibáñez de Unamunok (kontratoan azken momentuan sartu zena) eta 29 Jeronimo de Igueribarrek. Azken honek otsailean eman zituen falta ziren 21 arkabuzak[9].
1573.eko Erret Lantegiak
Ekoizpena antolatzeko eta eskaerak bermatzeko, 1573.ean Soraluzeko armagileek Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la Villa de Placencia sortu zuten.
1576.ean Felipe II.ak Lope de Elío nafarra izendatu zuen arma ikuskatzailea berria. Hurrengo hogei urtetan (1576-1595) honek Soraluzeko Erret Lantegiaren jarduera garatu eta finkatu zuen.
Erreferentziak
- Origen de la armería placentina. Ramiro Larrañaga (Fiestas patronales 1948)
- Plaentziako fabrikaren laurehun urteburuan. Juan San Martin (Hoja del Lunes 1943)
- ↑ Lehenetariko kainoia, tamaina ederrekoa eta kalibre handikoa
- ↑ Mosquetes españoles en la batalla de Almansa. Alejandro Mohorte Medina (2014).
- ↑ Hau da, en las fábricas de la provincia de Guipúzcoa y Señorío de Vizcaya.
- ↑ Gaur egun geratzen diren lehen agiriak 1509.ekoak dira. Gerra aurretik Policarpo Larrañagak Eibarra eraman zituen zaharrenak, aztertzeko asmoarekin; baina 1937.eko bonbardaketetan Eibar erdia erre zen, Soraluzeko agiri zaharrak barne.
- ↑ Kofeletea eta barboletea soldaduen kasko zatiak ziren.
- ↑ Mosquetes españoles en la batalla de Almansa. Alejandro Mohorte Medina (2014).
- ↑ Gazteleraz veedor de armas.
- ↑ Influencia de los armeros vascos en la armeria española. Antonio Aldecoa (Bilbao 1976).
- ↑ La contribución de la ciudad de Burgos y su jurisdicción a la pacificación de las Alpujarras, 1569-1570. Ángela Pereda López (Obradoiro de historia moderna 2021).