Soraluze - Azurtza ibilbidea (eu)
1993 urtean Debabarreneko Aisialdia eta Turismoaren Mahaiak fitxategi bi argitaratu zituen, Debabarreneko herrien inguruetako ibilbideak proposatuz. Ibilbide hauek oinez zein mendiko bizikletaz egiteko aproposak dira.
Soraluze - Azurtza ibilbide hau bertan agertzen zen- Honetaz gain beste bi ibilbide agertzen ziren, Soraluze - Kortazar eta Soraluze - Krabelin-aitz.
Ibilbidea
lbilbide honek (gutxi gora-behera 6 kilometro) Sagar-errekatik barrena Azurtzako landa berdeetara hurbiltzeko aukera eskaintzen digu, Topinburu, Galdaramino eta Azkonabietako tontorretatik hurbil daude.
- Soraluzeren ipar-mendebaldeko sarrera izango da abiaburu, hau da, Maltzagako bidegurutzetik gatozela hirigunearen hasiera. Bariantearen hasieran gaudelarik, berau ezkerrean utzi eta eskuineko bidea hartuko dugu, hainbat industri pabiloiren ondotik iraganez.
- Berehala bidegurutze batera helduko gara eta ezkerrera jo ezkero San Martzial baselizara helduko gara. Bidegurutzea utziz eskuinera hartuko dugu, antzinako zabortegi baten albotik pasatuz errepidean gorantz jarraitzeko.
- Ibilbidearen hasieratik kilometro bat pasatxora Ospitxal-lturri ondotik pasatuko gara. Gorantz jarraituko dugu...
- ...eta laster Arregibaso baserrira doan pistaren sarreran dagoen iturrira helduko gara. Iturri hori eskuinaldean utzita, aurrera jarraituko dugu...
- ...eta aurreraxeago, lehengo bidegurutzetik 500 metrora, hainbat metroko urjauzi zoragarri batek liluratuko gaitu.
- 400 metro aurrerago, Sagar-errekako presa handira iritsiko gara.
- Errepideari jarraituz kilometro bat gorago, bailara zabaldu egiten da; landa artean dagoen lbarrola baserria eta errota abandonatuaren ondoko iturria ikusiko ditugu.
- Errepidean gora segitu, nekosta eta pagadien artean bailarako zonalde garaira heldu arte. Gero Bergaretxe baserri ondotik pasatuko gara eta berehalaxe...
- ...gure Basoetxe elkartea dagoen bidegurutzeraino helduko gara. Eskubira Topinburu, Salbador, Ilordo eta Irurerantz aldera abia gaitezke errepideari jarraitu eta...
- ...goraxeago Azurtza baserrira ailegatuko gara. Oso toki polita da eta bertatik Galdaraminoko tontorrera joan daiteke erraz.
- Azurtza baserritik 500 metrora edo, ikusmira ederreko bidegurutze batera ailegatuko gara; bertatik Egoarbitza ikusten da. Bidegurutze horretatik hainbat norabide har ditzakegu Azkonabietarantz, Karabieta gainerantz, Elgeta-Eibar errepidera jaitsi edo Arraoz baserritik zehar Galdaramiñorantz joan.
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)