Historia. Milurte berriko aldaketak (eu)

    Sorapediatik
    Adi! Artikulu hau oraindik argitaratze prozesuan dago.
    Zuzentzen baduzu, edo informazioa gehitzen baduzu, mesedez ez kendu ohar hau. Eskerrik asko!

    Milurteko berriarekin, ekonomia hobetzen hasi zen. Teknika eta lanabes berriak erabiliz, nekazaritzak indar handiagoa hartu zuen: uzta hobeak jasotzeaz gain, lur berriak hartu ziren lantzeko.

    Aberastasun berri honek merkataritza bultzatu zuen, eta merkataritzarekin batera Debarroko bidea berpiztu zen. Ordorioz, Erlai eta Ibaizabal ibi ingurueran biztanleak bildu ziren: Herlaibia eta Soraluze sortu ziren.

    Aldaketa hauen aurrean jauntxoak ez ziren geldi geratu. Aurreko diru iturriak areagotzeaz gain (nekazaritza), iturri berriak eskuratu zituzten: bidaiarien "babesa", erroten alogera eta, batez ere, elizetako "hamarrenak".

    Bitartean, "inoren lurraldean" egotetik Soraluzeren ingurua Iruñea/ Nafarroako erresumaren eskuetatik Gaztelakoren eskuetara pasa zen, eta alderantziz; azkenean, Gaztela menpean geratu zen.


    Aurretik, Goi Erdi Aroa

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Soraluzeren bilakaera

    Soraluze eta Herlaibia

    XI. eta XII. mendeen artean herrixka asko mendi magaletatik ibarren hondoetara pasa ziren. Soraluze ez zen salbuespena izan.

    Hazkunde ekonomikoak merkataritzaren susperketa ekarri zuen. Ardatz nagusiak aurrekoak ziren, lehorrekoa (Santio bidea orain) eta itsasokoa. Eta hauekin batera, biak lotzen zituzten bideak berpiztu ziren, tartean Arabako lautadatik itsasorainokoa.

    Erromatarren garaietan gertatu zen moduan, etxe multzo txikiak sortzen hasi ziren ibi inguruetan, zerbitzuak emateko asmoz: ibaiak zeharkatzeko laguntza, jan eta lo egiteko aukera, mandoak eta abereak artatzeko tokiak, konponketak...

    Soraluze inguruan bi ibi nagusi zeuden, eta bien inguruetara bildu zen jendea. Bat Herlaibia zen, Debarroko bidean zegoena, Erlai erreka zeharkatzen zuen ibian (hortik izena). Bigarrena garrantzitsuagoa zen, Debarroko bideak eta Bizkaiatik Gipuzkoarakoak bat egiten zuten ibian, Ibaizabal parajean hain zuzen.

    Azken herrixka hau, Soraluze, bi mende geroago hiribildu berriaren oinarria izango zen.

    Jauntxoak agintean

    XI. mende hasierako herrixken (biztanleen) autonomia asko apaldu zen. Bertan sortutako buruzagiek, herri ordezkariak zirelakoan, ondo baliatu zituzten erregeekiko harremanak. Beraien leialtasuna saritzeko (edota erosteko) erregeek hainbat mesede eman zieten jauntxoei, beti menpekoen kontura: zergak (zuzenak edo zeharkakoak) jasotzeko eskubidea, doako eskulan behartua, jauntxoen baliabide batzuk erabili eta ordaintzeko premia (errotak, esateko), agintari eta epaileak kapare izateko premia[1]... beti azpikoen kaltetan!

    Gainera, aberatsagoak izanik, porrot egindako etxaldeak jauntxoek erosi eta lurjabeak bihurtu ziren.

    Poliki poliki herritarren harremanak aldatzen joan ziren, hiru maila sortuz: kapare aberatsak (jauntxoak), lur jabe arruntak eta maizterrak. Ondorioz, jauntxoak herrixken jaun eta jabe bilakatu ziren.

    Soraluzeko eliza

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Ekonomia hobetzerakoan, biztanle kopurua ere handitu egin zen. Orduan eliza berriak jasotzen hasi ziren, jendeari gertuko zerbitzu erlijiosoak emateko asmoz.

    Riqueza y economía del País Vasco liburuan jasotzen duenez, Andoni de Astigarraga soraluzetarraren arabera 1215. urtean bazegoen eliza bat Soraluzen[2].

    Eliza hau erret patronatukoa zen; hortik Santa Maria la Real izena. Garai haietan nekazariak elizari hamarrenak ordaintzera behartuta zeuden: uztaren hamarrena, jaiotako abereen hamarrena… Diru hauek elizaren patroiak kobratzen zituen, eta haiekin abadeak ordaindu eta mantentzeko lanei aurre egiten zien. Hala ere, hamarrenak diru asko izaten ziren eta, gastu guztiak ordaindu eta gero, patroiari erdia edo bi herenak geratzen zitzaizkion oraindik. Oso diru iturri garrantzitsua zen.

    Erregeak, aurretik esan denez, kapareen leialtasuna bermatzeko mesedeak egiten zizkieten, eta horietako bat patronatuak oparitzea (zehazki, bizi artean uztea) izaten zen. 1267.eko agiri batean jasotzen denez, urte hartan Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak berea zen Soraluzeko monastegiaren[3] patronatua Elgoibarko Olasotarren Etxeko Jaun zen Lopez de Ganboari aitortu zion.</ref>. 26 urte geroago, 1293.eko apirilak 3an, Gaztelako Antso IVak María González de Olasori berretsi zion patronato hau (eta Olaso, Eibar eta Errezilgoa).

    XVII. mendea arte familia honek eta oinordekoek Soraluzeko elizaren patroiak izan ziren. Hau da, herrian jasotzen zen hamarrena, besteak beste, beraiek kobratzen zuten: Soraluzeko benetako jauntxoak ziren.


    Markinako lurraldea

    Bailarak zer ziren

    Mariano Ciriquiainen arabera, hiribilduak sortu baino lehen gizarte egiturak bi ziren[4]. Alde batetik auzune edo herrixkak ziren, batez ere abelzaintzan aritzen ziren borda gutxi batzuk biltzen zituztenak. Eta gero "bailarak" ziren[5].

    Bailara hauek partzuergoak izaten ziren, larreak eta mendiak ustiatzeko. Urte eta mendetan zehar abelzainak elkarrekin batzen joan ziren, eta egiturak gero eta handiagoak sortu; denborarekin bailara hauek oso zabalak izan ziren.

    Markinako bailara

    Soraluzeko abeltzainak Elgoibar, Eibar eta Markinakoekin bat egin zuten, Markinako bailara sortzeko (gerora Markinako lurraldea moduan ezaguna[6]).

    Hiribilduak sortu eta askoz geroago ere sistemak bizirik zirauen. 1548. urtean Elgoibarko mendizainek Soraluzeko eta Eibarko abereak bahitu zituzten, 18 urte lehenago Soraluzek eta Eibarrek gauza bera egin zutelako Elgoibarko ganauarekin[7].

    Gipuzkoako "bailarak", hiribilduak sortzen hasi baino lehen (Mariano Ciriquiainen arabera)

    Gipuzkoako gainontzeko bailarak

    Markinako bailaraz gain, ia beste dozena bat zegoen Gipuzkoan:

    • Deba-Mutriku ingurua.
    • Markinako bailara. Gutxi gorabehera, geroko Markina, Soraluze, Elgoibar eta Eibarko udalerriak hartzen zituen.
    • Bergara ingurua: Bergara, Uzarraga (Antzuola) eta Elgeta.
    • Iraurgi bailara: Azkoitia eta Azpeitia.
    • Saiatz: Aia, Beizama, Bidania, Errezil eta Goiaz.
    • Aiztondo: Asteasu, Astigarraga, Larraul eta Sorabilla (Lasarte).
    • Bozue Nagusia: Abaltzisketa, Amezketa, Baliarrain, Ikaztegieta eta Orendain,
    • Bozue Txikia: Altzaga, Arama, Ataun, Beasain, Gainza, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Ordizia eta Zaldibia.
    • Areria: Arriaran, Itsaso, Lazkao eta Olaberria.
    • Altzania: Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain Gipuzkoan, Agurain, Asparrena eta San Millán Araban.
    • Urumea bailara: Hernani eta Urnieta.
    • Oiartzungo bailara: Oiartzun bera eta Irun.

    Hiribilduak sortu ahala partzuergo gehienak desegin ziren, baina arrasto luzea utzi zuten mendien ustiaketan. Hala ere batzuk, batez ere herrixka txikiak biltzen zituztenek, mende asko iraun zuten alkatetza nagusiak bihurtuta: Aiztondo, Areria, Saiatz. Altzaniako partzuergoak oraindik bizirik dirau, Urbia eta Aralarreko larreak kudeatzeko.


    Jauntxoen diru iturri berriak

    Erregeek emandako diru iturri sendo eta oparoetaz gain, milurte berriarekin kapareek hazkunde ekonomikoa aprobetxatu zuten diru iturri berriak eskuratzeko. Eta horrela, poliki poliki, kapareak zire ak "jauntxoak" bilakatu ziren.

    Nekazaritzaren loraldia

    Milurteko berriarekin, nekazaritza teknika berriak zabaltzen hasi ziren, eta uzta hobeak jasotzen hasi ziren. Emaitza onak ikusita, jauntxoek nekazaritza bultzatzen hasi ziren, lur berriak zabaltzen abeltzaintzaren kaltetan.

    Horretarako, hasiera batean mendietetako kortak erabili zituzten, zelaiak zirenak luberritzen. Eta gero, basoetako esparru berriak ere luberritu zituzten. Guztira, prozesu hau luzea izan zen, mendeak iraun zituena.

    Garapen honen ondorioz lortutako nolabaiteko aberastasunak biztanleen hazkundea ekarri zuen, atzerrira irtetzeko premia gutxiago zegoen eta.

    Bidezaintza

    Hazkunde ekonomiko orokorrak merkataritzaren susperketa ekarri zuen. Hasieran, aurreko ardatz nagusietan, lehorrekoa (Santio bidea orain) zein itsasokoa (portuen arteko kabotajea). Eta hauekin batera, biak lotzen zituzten bideetan, tartean Arabako lautadatik itsasorainokoa.

    Eta jauntxoak aurki hasi ziren beraien babesa eskaintzen… eta kobratzen. Ez da kasualitatea Soraluzeko baserri eta etxe zaharrenak orduko bide bazterretan sortu izanak. Debarroko bide nagusiaren ondoan Atxuri, Arregia, Espilla, Armendia, Iturbe… agertu ziren. Eta Bizkaitik Gipuzkoarako bide alboan gauza bera: Irure (Iruñako erregearen Don Celinos lehengusuak sortua, XII. mendean), Bagozkoitia...

    Herriko agiri zaharretan abizen hauek behin eta berriz agertzen dira, aurre-aurrean dauden familiak izanda. Beste abizen batzuk Egotza, Txurruka, Unamuno, Urruzkarate

    Dena dela, baserrien loraldia askoz geroago etorri zen, XV. mendetik aurrera, baina kasu honetan maizterrekin.

    Errotak

    Beste diru iturri bat errotak izan ziren. Errotak egiteko diru asko behar zenez, bi aukera ziren: edo guztion artean jaso, edo aberats batek (jauntxo batek) eraikitzea.

    Bigarrena izaten zen ohikoena. Gainera, erregeek emandako mesedeen artean "monopolioarena" zen; hau da, menpekoek ezin zutela beste errotarik erabili, beraien jaunarena baizik, eta honek jarritako prezioan: ordainetan, sortutako irinaren %4 edo 6a laga behar izaten zuten.

    Elizen hamarrenak

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Azkenik, diru iturri oparoenetakoak hamarrenak ziren. Nekazariak behartuta zeuden elizari emateko sortutako guztiaren hamarrena: uztak, jaiotako abereak…

    Baina hamarren hauek ez ziren Elizarenak, eliza bakoitzaren patroiarenak baizik; hau da, eliza sortu edota sustatu zuenarenak. Patroiak inoiz herriak baziren, gehienetan kapareak izaten ziren, zuzenean (eliza beraiek sortu zutelako) edo erregeak izendatuta (jatorrizko patroia erregea izanda, patronatua kapare bat oparitzen zion, bizi bitartean). Hamarrenak diru asko zirenez, elizen patroiak herrietako jauntxo nagusiak bihurtzen ziren.

    Soraluzeko jatorrizko eliza erregeak sustatu omen zuen, eta hamarrenak berarentzat ziren. Hauen ordez, bertako abadeak izendatzen eta ordaintzen zituzten, konponketen kargu egiten ziren eta, behar zenean, zabaltze lanei aurre egin behar zizkieten.

    Baina 1267. urtean Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak Elgoibarko Olasotarren Etxeko Jaun zen Lopez de Ganboari eman zion patronatua, eta XVII. mendea arte familia horrek eta oinordekoek Soraluzeko elizaren patroiak izan ziren.


    Nafarroa eta Gaztela artean

    Milurte berriaren ostean ere, aurretik gertatu zen moduan, Soraluze inguruko mugak atzera eta aurrera erabili zituzten: konkistaz, banaketaz edota ezkontzaz.

    Aurretik Soraluzeko ingurua "inoren lurraldea" bazen, milurte berriarekin inguru honetako mugak askoz zehatzagoak ziren, eskualde honek interesa irabazi zuen seinale (zergak, soldaduak…).

    Berrehun urtetan Iruñeko erresumak eskuratu zuen, handik Gaztelara pasa zen, Nafarroako erresumara gero era, azkenik, Gaztelara behin betiko. Soraluze zegoen eskualdeari Markinako lurraldea zeritzon.

    Iruñeko erresuman (1076 arte)

    X. mende hasieran, Soraluze ingurua Iruña eta Asturias/ Leon erresumen arteko muga lausoan zegoen. Nafarroa zela edo Gaztela zela esateak ez du zentzurik, garai hartan ingurua oso pobrea zen, eta ez zuen interes berezirik sortzen.

    Baina X. mendean Iruñeko erregeak lanean hasi ziren mendebaldeko mugak zabaltzeko, eta goia XI. mendean jo zuen. Antso III.a Gartzes Nagusiak (1004-1035) bere azpiko lurraldeak hedatu zituen, konkistaz, ezkontzaz edo aliantzaz: 1032.erako, Iruñeko, Aragoiko, Sobrarbeko, Ribagorzako, Baskoniako, Gaztelako, Leongo eta Astorgako errege izendatu zuen bere burua. Beraz, sasoi hartan Soraluze ingurua ere bere menpean zeukan.

    Antso Nagusia hiltzean (1035), bere erresuma lautan zatitu zen. Soraluze ingurua Iruña eta Naiarako errege berriaren menpe geratu zen: Gartzea III.a Santxez Naiarakoa. Eta hau hiltzerakoan (1053), errege berria Antso IV.a Penalengoa izan zen, Normandiako Placenciarekin ezkondua.

    Gaztelara (1076-1116)

    Antso IV.aren izaera zakarrak tirabira latzak sortu zituen Iruñeko Gortean bertan.

    Orduan, Alfontso VI.a errege gaztelarrak, Antso V.a Ramirez Aragoiko kondeak eta al-Muqtadir Zaragozako buruzagiak xaxatuta, eta Iruñeko noble batzuek babestuta, Raimundo eta Ermesinda anai-arrebek Antso IV.a hil zuten[8].

    Usteak ustel, Nafarroako nobleek ez zuten Raimundo Iruñako erregetzat nahi izan, eta anai-arrebek Nafarroatik alde egin behar izan zuten.

    Orduan, erresuma banatu zuten hilketa xaxatzaileen artean: Antso Aragoiko kondea Iruñeko errege bihurtu zen, eta Alfontso VI.a Gaztelakoak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa ia osoa, Bureba eta Errioxa okupatu zituen. Ondorioz, Soraluze Gaztelako Alfontso VI.aren menpe geratu zen.

    Nafarroara atzera (1116-1199)

    Gaztelako Alfontso VI.aren seme bakarra eta oinordekoa, Antso, 1108.ean hil zen. Beste semeren faltan eta heriotzatik gertu zela, Alfontso VI.ak Urraca alaba ezkontzarazi zuen Nafarroako eta Aragoiko erregea zen Alfontso I.arekin (1109).

    Aste batzutara erregea hil zen, eta Urraca koroatu zuten. Baina hurrengo urteetan Urraca eta Alfontso andra-gizonak elkarren aurka borrokatan aritu ziren (1111-1114) eta, ondorioz, berrogei urte lehenago Alfontso VI.ak eskuratutako lurraldeak (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Bureba, Errioxa eta Soria) Alfontso I.aren eskuetara pasa ziren.

    Ordurako lehorreko zen itsasoko merkataritza pisua irabazten hasi zenez, nafar erregeek haien kontrola jauntxoen eskuetatik kentzeko ahaleginetan hasi ziren, zergak zuzenean kobratu ahal izateko. Erabilitako tresna hiri gutunak ematea zen; hau da, jauntxoen azpiko herrixkak zirenak errege menpeko hiribilduak bihurtuz. Nafarroako Antso VI.a Jakitunak hiri gutuna eta foruak[9] eman zizkien Donostia (1180) eta Gasteizi (1181).

    Aitzorrotzeko tenentzia

    XI. mendetik aurrera Nafarroako erregeek mendebaldeko lurrak tenentziatan antolatzen hasi ziren.

    Gaur eguneko Gipuzkoari dagokionez, 1025. urtean Iputzeko tenentzia ezarri zuten, batez ere Urola eta Oria bailarak hartzen zituena. Bertako tenientea Getarian zegoen. Geroago Oarsoko tenentzia ere eratu zuten, tenientea Oiartzun/ Errenterian zegoela.

    Azkenik, 1148. urtean Aitzorrotz edo Burandongo tenentzia antolatu zuten[10], horretarako Debarroa Bizkaitik bereizten[11]. Tenientea Aitzorrotzeko gazteluan zegoen.

    Gutxi gora behera, Aitzorrotzeko tenentziak Debagoiena eta Debaerdikoa hartzen zuen, Durangoko barrutitik bananduta: Leintz bailara (Gatzaga, Eskoriatza eta Aretxabaleta), Arrasate, Oñati, Bergarako Ariznoa, Soraluze, Eibar eta Elgoibar[12].

    Hiru gaztelu zeuden tenentzia honetan: Aitzorrotz bera, Arrasate eta Elosua.

    Gaztelara behin betiko (1199.tik aurrera)

    Nafarroako Antso VI.a Jakituna hiltzean, honen seme Antso VII.a Azkarrak hartu zuen tronua (1194-1234). Erregealdi honetan, Aragoiko eta Gaztelako erregeek nafar lurraldea beren artean banatzea erabaki zuten eta, mende bukaeran, Gaztelako Alfontso VIII.a indarrez sartu zen Araban eta Gipuzkoan, Akitanian zeuzkan eskubideak zaintzeko aitzakiaz (Eleonor Akitaniako dukesarekin ezkonduta zegoen eta).

    Geroztik, eta bost urtetako parentesia kenduta (1368-1373), Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren patua Gaztelakoarekin loturik egon da. Eta haiekin batera Soraluzekoa.

    Markinako lurraldea

    Gaztelako Alfontso VIII.aren inbasioaren ostean, Markinako lurraldea (Deba eta Artibai arroen arteko ingurua) kontrol handirik gabe geratu zen, ez Bizkaia ez Gipuzkoa ez zirelako. Ondorioz, bertako jauntxoen lapurretak areagotu ziren, eta beraien arteko borrokak biderkatu ere.

    Inguru guzti honi Markina esan zioten (Bizkaia, Iputz eta Aitzorrotz arteko “marca” edo muga zelako). Marka hau bi aldetan antolatuta zegoen: Goiko Markina (Marquina de Suso: Eibar eta Markina) eta Beheko Markina (Marquina de Yuso: Soraluze eta Elgoibar).

    Estanislao Labayru historialariaren arabera[13] Bizkaiako merindade berria sortu nahi izan zuten, gaur eguneko Markina, Mallabia, Soraluze, Eibar eta Elgoibar esparruetan. Baina Aitzorrotzeko tenentziak, nahiz eta orain Gaztelako parte izan, oraindik pisu handia zuen, eta Soraluze, Eibar, eta Elgoibar ez ziren inoiz Bizkaian sartu.


    Eta ostean, hiribildu berrien garaia

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen


    Erreferentziak

    • La evolucion del hábitat y el poblamiento en el País Vasco durante las Edades Media y Moderna. Álvaro Aragón Ruano (Domitia, 2011).
    • Erdi Aroko euskararen historia kanpotik eta barnetik (Historia apur bat). Urtzi Reguero Ugarte (Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" 2021).
    1. Garai hartan kapare bakarrak jauntxoak ziren, kaparetasun orokorra geroago etorriko zen.
    2. Dena dela, aipatuko liburuan ez du berri honen iturririk aipatzen.
    3. Monastegia. Hamarrenak apezpikuari ordaintzen ez zizkion elizari esaten zitzaion.
    4. La formación de las villas en Guipúzcoa. Mariano Ciriquiain-Gaiztarro (Revista de Administración Local 1947).
    5. Ez dira nahastu behar haran edo arroekin, bailara geografikoekin. Ezta baserri hauzoekin ere.
    6. Gazteleraz, Tierra de Marquina.
    7. Trashumancia “media”, entre las sierras interiores y la costa guipuzcoanas, ¿desde tiempo inmemorial? Álvaro Aragón Ruano (Euskal Herriko Unibertsitatea).
    8. Funesko Peñaleneko arroilatik jaurti omen zuten, baina beste iturri batzuk sastakatu zutela esaten zuten.
    9. Forua = legea. Kasu hauetan, hiribilduaren barne jarduera arautuko zuen legea.
    10. Inoiz Aitzorozia edo Bidonia modutan agertu izan da (“Placencia de las Armas. Monografia”. Ramiro Larrañaga. Donostiako Aurrezki Kutxa 1970).
    11. La tenencia nabarra de Aitzorrotz en el 45. Aitzol Altuna.
    12. Ez dira aipatzen Antzuola, Bergarako Oxirondo, ezta Maia/ Elgeta ere.
    13. Historia General del Señorío de Bizcaya. Estanislao Jaime de Labayru (Bilbao 1895).