Santa Maria la Real eliza (eu)

    Sorapediatik
    Santa María la Real
    Santa Maria la Real parrokia. Eliza eta elizataria.jpg
    Estiloa Gotikoa-Berpizkundea-Barrokoa
    Mendea XVI-XVIII
    Kokapena Herrigune historikoa
    Mota Eraikina


    Ramon Leturiondo historialari soraluzetarraren hitzetan: Gaur egun Soraluzen ezagutzen dugun Andre Maria Jasokundearen parrokia-eliza XVI. mendean hasi zen eraikitzen, eta atalez atal joan zen osatzen XVIII mendera arte. Hori dela eta, gaurko elizak Moderno Aroan zehar jorratu ziren estilo desberdinak barnebiltzen ditu: gotiko gardun berantiarra, euskal gotikoa edo kolumnarioa, barrokoa eta neoklasikoa; horrek guztiak, ordea, ez du oztopatu gure garaietaraino heldu zaigun elizak batasun estetiko taxuzko eta ederra lortzea.


    Kanpo aldeko irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Barrualdeko irudiak


    Santa Maria la Real barrutik (NeBi AIR 2020)


    (handitzeko, sakatu gainean)

    Alboko kaperen irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Elizburu kaleko profila (Xabier Barrutieta (2007)

    Azalpena

    Gaur egun Soraluzen ezagutzen dugun Andre Maria Jasokundearen parrokia-eliza XVI. mendean hasi zen eraikitzen, eta atalez atal joan zen osatzen XVIII. mendera arte. Hori dela eta, gaurko elizak Moderno Aroan zehar jorratu ziren estilo desberdinak barnebiltzen ditu: gotiko gardun berantiarra, euskal gotikoa edo kolumnarioa, barrokoa eta neoklasikoa; horrek guztiak, ordea, ez du oztopatu gure garaietaraino heldu zaigun elizak batasun estetiko taxuzko eta ederra lortzea.

    Habearte edo nabe nagusia

    Santa María la Real eliza oin lauki zuzeneko tenplua da. Jatorriz habearte bakarra zuen, gaur eguneko nabe nagusia, baina XVII mendean beste bi erantsi zitzaizkion.

    Presbiterioa, abside oktogonala duena, XVIII. mendean eraldatu egin zuten kamarina erantsiz; baina gurutze ganga okerdura makurrekikoa XVI. mendekoa da. Habeartearen lau atalek gurutze ganga konplexuak dituzte, hiruertzeko arkuekin eta nerbio makurrekin, lore irudiak osatzen dituztela. Hiru zutabe sortek osatzen dituzte euskarriak, presbiterioan harroina dutenak eta kapitelak gotikoak.

    Oinean korua du, dekorazio ederrez hornitutako XVIII. mendeko karpanel arkuaren gainean; burdin landuko baranda bat du. Korupean, epistolaren aldean eta dorrearen azpian, bataio kapera zuen, sarrera arku zorrotzekoa zuena.

    Hutsarte gisa ditu ebanjelioaren oinetarako eta alderako sarbideak, goi koroan irekidura biribila eta leiho bat behealdean, ebanjelioaren aldeko lehenengo atalean leihoak eta baita epistolaren lehenengo hiruetan ere. Absidean beste bi leiho gotiko bifora ditu, erretaulak ezkutuan uzten dituela.

    nahiz eta leiho gutxi, txiki eta altuakizan, habeartea ez da oso iluna.

    Erretaula nagusia, tamaina handikoa, neoklasikoa da, karez egina, eta diseinua Ventura Rodríguezena du.

    Barrualdean hormak zarpiaturik daude, eta agerian gelditzen da nerbioetako, arkuetako eta oinarrietako hareharria.

    Kaperak

    Albo bakoitzean elizak nabe bana du, hiruna kaperek osatuak. Edo, nahi bada, hiru kapera ditu alde bakoitzean, arkuen bidez lotuta. Kaperak eta nabe nagusia puntu erdiko arkuen bidez lotzen dira.

    Epistolaren habeartea (hegoaldekoa) gangekin estaltzen da. Ebanjelioarena (iparraldekoa), aldiz, XX mende erdialdetik hona estalkia laua du.

    Epistolaren habearteko kaperak, oinetatik hasita:

    • Nazarenoaren kapera. XVIII. mendeko erretaula barrokoa du, Nazarenoa eta Loiolako San Ignazioren irudiekin. Iñaki Itxasoik egindako eliz atariaren maketa bertan erakusten da.
    • Zerbitzu gunea. Gaur egun komunak, biltegi txiki bat eta Buztina alderako atea daude. XX mendeko bigarren erdian Santa Barbarako kapera izan zen, eta aurretik sakristia.
    • Sakristia. beirate handiz itxita dago, horietako bat zabaltzen dela elizkizunetan pantaila moduan erabiltzeko. Barruan XVII mendeko Kalbario erretaula gordetzen da, Vera Cruz kapera zen garaitik.

    Ebanjelioaren habearteko kaperak, oinetatik hasita:

    • Dolorosaren kapera. XVIII. mendeko erretaula barrokoa du, Dolorosa eta San Migelen irudiekin. Kapera honetan elizaren bigarren atea dago, ate txikia.
    • Aitorpen kapera. Zurezko egitura handia dauka bertan, barruko esparrua aitorleku moduan erabiltzeko. Aurretik Animen kapera izan zen.
    • Sagrarioaren kapera. Azken zaharberritzean sagrarioa presbiteriotik hona ekarri zuten, marmol zurikoa. Aurretik Mirarietako Andramriaren kapera izan zen (la Milagrosa)
    Absidea kanpotik (J.C. Astiazarán 2020)

    Kanpoaldea

    Kanpoaldetik elizak horma bularrak ditu, barrualdeko euskarriekin bat datotzenak, eta absidean lau horma bular handi ikus daitezke, absidearen hiru aldeak bereizten dituztenak. Aurretik aipatutako leihoez gainera, absidean gargola bat du, mota horretako bakarra, eta XVI. mendeaz geroztik (garai hartan oraindik erabiltzen ziren) gorde dena gotikoaren oroitzapen gisa.

    Kanpoaldean harriak kare harri eta ofitazko harlanduak dira; jatorrizkoak ez diren eraikuntzak harlangaitzezkoak dira; XX mendean erantsi zizkioten porlanezko zatiak atzera kendu zuten. Hormek harrizko erlaitzak dituzte. Dorreak, hegoaldeko eta mendebaldeko fatxaden angeluan dagoena, epai laukia du; goiko aldea oktogonala du eta kanpaietarako puntu erdiko hutsune bat du. Buruko kupulak lore handiak eta burdin landuko bola eta gurutzea du.

    Zutabe landuak (Arantza Cuesta Ezeiza)

    Eliz ataria

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    Oinean atrioa du, iparraldeko fatxadan luzatzen dena, alde batez, eta bi sarbideak babesten ditu horrela: nagusia arku eraldatukoa eta bigarrena arku beheratua. Oinetako hormak hiru leiho bikote pare zituen, ajimez gabeak, eta puntu erdiko arkuarekin; bi bakarrik gordetzen dira, ate alboetakoak.

    Aipagarria da ataria, oso ederra, zurezko egituran eraikia eta apaindurazko motiboen ugaritasun handiarekin dekoratutako piezekin. Modiloi moduko batean honela dio: 1666. Atari hau Pedro de Aldazabalek egin zuen.

    Eliz atariaren kalitatea dela eta, kultur ondasun kalifikatu izendatuta dago, Eusko Jaurlaritzaren 1984ko uztailaren 17ko 265/1984 Dekretuaren bidez. 2011.ko maiatzak 26an, berriz, eliza sartu zuten Eusko Jaurlaritzaren behin-behineko inbentarioa.


    Artelanak

    Gorago aipatutakoak eta gehiago ditu.

    Erretaula gehienak gordetzen dira:

    Honetaz gain, santu irudiak ere gordetzen dira, baina denak ez Soraluzen:

    Urrezko eta bolizko pieza txikiak ere baditu:

    Azkenik, ezin ahaztu Eliz ataria, berpizkunde/ barrokoa.


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Aurreko elizaren balizko aztarnak

    Historia

    Aurreko eliza

    Soraluzeko parrokiari buruzko lehen berriak herriari buruzko 1267ko dokumentu batekoak dira: agirian herri zaharrean monastegi bat zegoela eta bere patronatua Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak zeukala esaten da; urte horretan, erregeak Elgoibarko Olasotarren Etxeko Jaun zen Lopez de Ganboari eman baitzion. Patroiak elizari laguntza eman behar zion, premia zenean; ordainetan, bertako abadeak izendatzeko eskubidea zuen eta, batez ere, urtero urtero bertako errentak kobratzekoa.

    Gaur egungo tenpluaren eraikitze lanak XVI mendean hasiak dira (erdiko habeartea, absidea eta gangak), eta baliteke, gehienetan gerta ohi den bezala, hasierako elizaren kondarren gainean egitea: elizaren oinetako ezkerreko aldean, Labana izeneko tokian hain zuzen, eraikin zaharrago baten aztarnak agertzen dira.

    Lanen hasiera

    Ezaguna da 1532an Martin de Igarza maixuak traza bat burutu zuela eta urte batzuk geroago, Pascual de Iturriza, 1538tik 1544era bitartean eliza honetako lanekin erlazionaturik agertzen denak, beste traza bat eman zuela, 1541ean hain zuzen. Badirudi Kontzejuko partaideen artean eztabaidak izan zirela traza bat aukeratzeko orduan, azkenean ordea, Pascual de Iturrizarena hautatu zen Geometria artean maixu zelako.

    Lau ataleko nabe bakar eta abside poligonaleko saloi-oinplanoko eliza diseinatu zuten. Nabe nagusia gurutze-gangarekin estaltzen da. Lanak kapera nagusia edo absidetik hasi ziren, nabe nagusiarekin jarraituz. Murruak harlanduzkoak dira, kontrahormekin kanpotik. Gangaren euskarriak gotiko estiloan hasi bazuten ere, metro batetik gora estilo errenazentistan jarraitu zuten.

    Errekurtso ekonomikoak urriak zirela dirudi 1540eko hamarkadako dokumentu batzuen arabera eliztarrek konpromezua hartzen baitute elizako lanetarako dirua mailegatzeko. Beste dokumentu batzuen bitartez berriz, maiordomoek beren buruak maileguen zenbatekoa ordaintzera behartzen dituzte.

    Patroiari diru eske

    Elizako patroiarekin ere, Olasoko Jaunarekin, arazoak izan ziren: patroiak elizaren "hamarrekoak" kobratzen zituen, eta ezer gutxi lagatzen zuten lanekin jarraitzeko. Soraluzeko Udalak auzia hasi zuen 1545 urtean, baina ezer gutxi lortu zuen. Urte batzuk geroago, 1606 urtean, Gipuzkoako korrejidoreari, Juan del Espinar lizentziatuari, parte hartzeko eskatu zion[1].

    Juan del Espinarrek azaldu zuenez, lanak geldi zeuden aspaldi. Elizaren burualdea bukatuta eta itxita bazen ere, sarrera aldeko hormak erdiraino altzata ziren. Egoera arriskutsua zen, haizearekin teilatuko olak erortzeko arriskua zegoelako; eta gainera, euri egunetan ez zegoen inolako babesik.

    Ostera, Kalagorriko apezpikuak lanak bukatzeko aurrekontua egin zuen (hormak bukatu, gangak eraiki, teilatua eman, dorrea jaso...), baita eliza barrutik osatzeko ere (erretaula nagusia, apaingarriak, eliz jantziak...). Gainera, elizaren diru sarrerak era Diego de Avendaño patroiak sakeleratzen zituenak ere aztertu zituen.

    1607an epaia eman zuten, patroiaren kontra. Honek hogeitamar urtetan "hamarrekoen" herena eman behar zion elizari, eraikitze lanetan erabiltzeko; eta honetaz gain abadeen soldatak eta mantenua lehengo moduan ordaindu behar zituen. Avendaño jauna kontra agertu zen, eta errekurtsoa aurkeztu zuen, baina alferriz izan zen: 1612 urtean behin betiko ebazpenak aurrekoa berrestu zuen eta.

    Lanen berpiztea

    Korrejidorearen esku-hartzeari esker diru arazoak konpondu ziren. 1632erako eliza berria bukatuta zegoen, orduan alboetako habeartetan kaperak eraiki zituzten eta (Juan de Esnaola Ybaiguren). Erretaula nagusia ere (XVIII mendean erre zena) urte hauetakoa zen.

    Zurezko atrioa edo elizataria 1666 urtean eraikia izan zen, Antonio de Aziondo Debako arotz-maixuaren trazari jarraituz. Bere piezen taila eta dekorazioa Pedro de Aldazabal, herriko tailistak, burutu zuen, eta badirudi hartutako obligazioak gainditu ere egin zituela. Elizatariaren burdinsarea Antonio Fernandez de Betolaza, Elgoibarko forjariak egina da. Gipuzkoako bakarra da oparo tailaturiko bere egurrezko estrukturak duen balioarengatik, eta pilare eta habeen lantzeari dagokionez parerik ez du eta.

    1686an dorrea eraikitzen hasi ziren (Juan de Aranzeta). Hurrengo mendean (1715) koru berria egin zuten. Korua eusten duen arku eskartzano ederra barrokoko estiloarekin landutako harearrizkoa da (Antonio de Anguiozar). Eta mende bukaeran, erretaula erre zela eta, Ventura Rodriguez arkitektoak diseinatutako erretaula neoklasikoa eraiki zuten, horretarako absideko horma zulatuz eta kamarina eginez.

    1950ko hamarkadaren lanak

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    Gerraosteko susperraldi ekonomikoa hasi zenean, Santa Maria la Real elizan hainbat aldaketa eta hobekuntza egiteko aprobetxatu zuten.

    Eliza ondoan Soraluce zinema eraiki zutenean, azpian sakristia berria eta bulegoa antolatu zuten, eta kaperen gaineko teilatuak kendu eta porlanezko terraza ureztatuekin ordeztu zituzten, hegoaldekoa zein iparraldekoa. Urte haietan Frontoiko aldapa egin zenez, azpian airezko berogailuaren kaldera-gela ezarri zuten.

    Barrutik ere elizaten itxura hobetu zuten, beti garaiko estiloa jarraituz: zorua terrazoz osatu zuten, aurreko sepulturak estaliz; erretaula nagusiko azpikaldean bi medailoi handi jarri zituzten, Jesusen eta Mariaren Bihotzak irudikatuz; eta, azkenik, berpizkunde garaiko pulpitu zaharra kendu eta presbiterioan marmolezko bi jarri.

    Sakristia zaharra libre zegoenez, bertan Santa Barbara kapera berria sortu zuten. Eta dorre barrua antolatu zuten bataiategi berria eta korurako eskilara jartzeko.

    Hurrengo hamarkadan kanpandorreko lau erlojuak jarri zituzten, eta aldare osteko ekisaindua edo ostensorioa kendu zuten, meza jendeari begira eman ahal izateko.

    Zaharberritzea

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    1983 urtean eliz ataria konpondu zuten, egoera txarreko piezak eta latak ordezkatuz lehen eta ondoren erreteilatuz eta euriurak kanalizatuz.

    1999-2007 urteean artean zaharberritze lanak egin ziren elizan bertan, herriaren eta Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz[2]. Lanaren deskribapena: Eliz estalkiaren zurezko egituraren sendatzea, egoera txarreko piezak eta latak ordezkatuz eta ondorengo erreteilatzea eta euriuren kanalizatzea, dorrea birgaitzea eta alde bateko nabearen estalkiaren zati bat berritzea eta kanpoko hormak iragazgaiztea eta drainatzea. Barrualdea egokitzea. Erretaulu nagusia eta albokoak zaharberritzea. Urte tarte honetan Aldundiaren laguntza 1.019.550 €-takoa izan zen.

    Arkitektoak Xabier Barrutieta eta Gudiker Beaskoa izan ziren[3]. 2007 urteko abenduak 15ean parrokia reinauguratu zuten[4].


    (handitzeko, sakatu gainean)


    Artikuluak


    Erreferentziak

    1. El atrio de la iglesia de Placencia de las Armas, Soraluze. Ramiro Larrañaga (1987)
    2. Andre Mariaren Zeruratzea. Zaharberri (Gipuzkoako Foru Aldundia).
    3. Reforma iglesia Sta Maria la Real de Soraluze. Xabier Barrutieta y Gudiker Beaskoa, arquitectos.
    4. Santa Maria la Real parrokiaren reinaugurazioa. Lan Batzordea (Soraluze 2007).