Erret Lantegiak Soraluzen (eu)

    Sorapediatik
    Erregetxea (1804-1976)

    Aurrekariak

    XV mendeko bigarren zatian armagintza oso garatu zegoen Euskal Herrian. Lehen agiria Isabel la Católica-ren 1480ko Cédula Real-ean agertzen zaigu, hemengo armaginei deia eta eskaria eginez, armak behar zituela eta ahalik azkarren eta gehien egiteko aginduaz. Ordutik aurrera gero eta eskari gehiago etorri ziren.

    Euskal Herriko zein partetan egiten ziren esaten ez bazen (maizenik ere, Gipuzkoa probintziako eta Bizkaia Jaurerriko lantegietan; hau da, en las fábricas de la provincia de Guipúzcoa y Señorío de Vizcaya), XVIgarren mendearen lehen erdian hasi ziren aipatzen Soraluze, Bergara, Eibar, Markina, Ermua, Elorrio eta Arrasate herriak suzko esku-armagintzan, eta Araba eta Tolosa arma-zurigintzan ere. Gainera, armagintzako maisutzat lehendabizikoz agertzen dena plaentziatarra da, Juan de Churruca, maestro armero, 156lean.

    Uribarri dorrea (Oscar Pérez 2017)

    Ordura arte arma lantegia edo fábrica de armas esaten zena, herri horietan sakabanaturik ziren lantegi ttipiak besterik etziren. Elkar-lanean ari ziren lau gremiotan bildurik, bakoitzak bere espezialitate bereziak zituzten.


    Behin behineko Erret Lantegia

    Elkar-lan honen ugaritze eta zabaltasunak antolakizun berriak eskatzen zituen. XVI mende hasieran orduko erregeak arduradunak izendatu zituen armak eskatu, kontratatu eta erosteko. Lan asko zutenez, 1.542 urtean agertzen da Francisco de Roxas izeneko artilleria kapitana Soraluzen bizi zela[1].

    Eta urte batzuk geroago, 1.558an hain zuzen, Pedro Gonçalez de Escalante ikuskatzaileak Errabaleko Uribarriko dorretxearen goiko solairuak alokatu zituen, armak aztertu eta gordetzeko, modu honetan Soraluzeko Erret Lantegiak sortuz[2].

    Beste egile batzuren arabera, Hernando de Aguirre izan zen harrera eta aztertze gune hau 1.568 urtean sortu zuena; hau da, hamar urte geroago[3].


    Erregetxe zaharra 1.751 urtean. Eskuman, Uribarri dorrea (Oscar Pérez 2017)

    Lehen Erret Lantegia

    Erregearen biltegia (Florencio Joseph Lamot 1756)
    Sarrera nagusia: Erregetxe zaharra (eu)

    Armagintza hartzen ari zen garrantziaz jabeturik, armagintzan ari ziren guztiak beren borondatez bildurik, elkargo finkatuago bat erabaki zuten eta Felipe II.aren garaian hemendik sortu zen, 1.573 urtean, Fábrica de armas portátiles de fuego y blancas de guerra de la villa de Placencia izenekoa.

    Halaxe, Soraluze armak aztertu, probatu eta bidaltzeko gune gisa eratu zen. Hartarako Errabaleko Uribarri dorretxea erabili zuten, bertan errege-gizonek (errege ministroak edo ministros reales, orduko hizkeran), bizitokia zutelarik.

    Errege-etxe honetan ez zen armarik egiten, biltegi ofiziala zen. Funtzionarioek armen eskaerak banatzen zituzten inguruko armagileen artean. Lana bukatu eta gero, armagileek bertara eramaten zituzten, arterketa pasatzeko. Produktua onartuta, bertan gordetzen zen behar zen lekuetara bialdu baino lehen. Bidalketa hau gurdiz egiten zen, Alzolaraino. Hemendik Debaraino alatan jeisten zen (gabarra modukoak ziren) eta hortik aurrera itsasoz.

    Uribarriko dorretxea 1.622 urtean erre bazen ere, berritu eta handitu zuten. Berez, 1.751 urtean Iñigo Espadak egindako grabatuei[4] kasu eginez, argi ikusten da jatorrizko Uribarri dorretxea, eta nola handitu zuten hegoalderuntz bi alditan. Bukatu zenean eraikinak oso orube estu eta luzea hartzen zuen, mendia eta erreka artekoa, Iñigo Espadaren planoak erakusten duenez.


    Erregetxe bigarrena (1785)

    Bigarren Erregetxea (proiektua)

    Sarrera nagusia: Erregetxe bigarrena (eu)

    Erreka ondoan egonda, oso tokia hezea zen eta bildutako armak herdoiltzen ziren; gainera, ufalak zirenean ura biltegietara sartzen zen, armak hondatuz. Bestekaldetik, Txara aldeko lurrak inoiz oso egonkorrak izan ez direnez, noizean behin lur jauziak gertatzen ziren.

    Arazo hauek zirela eta, XVIII. mendearen bukaera aldean egoera txarrean zegoenez, 1785 urtean Miguel Antonio de Jáureguik bigarren Errege-etxea proiketatu zuen, zaharraren aldamenean eraikitzekoa.

    Baina, diru falta zela eta, plan honek ez zuen aurrera egin.


    Erregetxea

    Sarrera nagusia: Erregetxea (eu)

    1.803 urtean Miguel Antonio de Jáureguik beste proiektu bat prestatu zuen, Errege-etxe berria herri kaskoaren ondoan eraikitzeko, plaza zaharraren gainean. Eraikin berriak miloi bat erreal pasatxoko aurrekontua zuen, eta ordaintzeko herri guztia hipotekatu zen: etxeak, baserriak, zuhaiztiak, errotak, olak...

    Plana onartu eta lanak 1804 urtean hasi ziren. 1806 urtean paretak lehen bigarren solairuraino heltzen ziren: bertan zegoen eguzki erlojuak zioen: Viva Carlos IV 1806. 1809 urtean bukatu zen, eta ekainak 30an José Bernardo de Aldasoro alkateak garaiko erregeari, Jose I Bonaparteri, eraikina eskaini zion.

    1865 urtean arma ekoizpenaren monopolioa desagertu zen, eta horrekin batera Soraluzeko Erret Arma Fabrikak desegiteko legeak etorri ziren (1865ko urtarrilak 13an eta urte bereko martxoak 8an). Eta 1867 urtean Estatuak Udalari pasa zion eraikina.

    1.976 urtean Udalak eraikina eraitsi zuen, eta geroztik orubea aparkaleku moduan erabiltzen da.

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapenak

    Mapa kargatzen...


    Artikuluak eta aipamenak


    Erreferentziak

    1. Fiel estante en la villa de Plazenzia.
    2. Soraluze. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993).
    3. La industria armera nacional 1830-1940. Fábricas, privilegios, patentes y marcas. Juan L. Calvó 1997.
    4. Planos ichonographios y ortographios d la casa y almacenes que S M tiene en sus Rs Fs d armas d fuego en Plazencia de Guipuscoa