«Santa Maria la Real eliza. Historia (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak

    Sorapediatik
    No edit summary
    16. lerroa: 16. lerroa:


    ::Olasoko San Bartolome, Soraluzeko Santa Maria, Eibarko San Andres eta Zallorroako San Martin monastegiak berresten dizkizut, laborari eta hilobi guztiekin, eta errenta, korta, etxe, baserri, jaraunspen, mendi eta dehesa eta eskubide eta hamarrenekin, eta aipatutako monastegienak diren beste gauza guztiekin.
    ::Olasoko San Bartolome, Soraluzeko Santa Maria, Eibarko San Andres eta Zallorroako San Martin monastegiak berresten dizkizut, laborari eta hilobi guztiekin, eta errenta, korta, etxe, baserri, jaraunspen, mendi eta dehesa eta eskubide eta hamarrenekin, eta aipatutako monastegienak diren beste gauza guztiekin.


    ==Gaurko elizaren eraikuntza==
    ==Gaurko elizaren eraikuntza==

    23:36, 7 azaroa 2021(e)ko berrikuspena

    Aurreko elizaren balizko aztarnak

    Aurreko elizak

    Riqueza y economía del País Vasco liburuan jasotzen duenez, Andoni de Astigarraga soraluzetarraren arabera 1215. urtean bazegoen eliza bat Soraluzen. Dena dela, aipatuko liburuan ez du berri honen iturririk aipatzen.

    Soraluzeko parrokiari buruzko lehen berriak herriari buruzko 1267ko dokumentu batekoak dira: agirian herri zaharrean monastegi bat zegoela eta bere patronatua Gaztelako Alfontso Jakintsu erregeak zeukala esaten da; urte horretan, erregeak Elgoibarko Olasotarren Etxeko Jaun zen Lopez de Ganboari eman baitzion[1] . Patroiak elizari laguntza eman behar zion, premia zenean; ordainetan, bertako abadeak izendatzeko eskubidea zuen eta, batez ere, urtero urtero bertako errentak kobratu eta erabiltzekoa.

    Garai hartan monastegia esaten zitzaion jabe laiko baten elizari; jabe hau patroia zen, hamarrenak eta gainontzeko eliz zergak jaso eta bertako abadeak izendatzen zituena. Gainera, gizon eta emakume gutxi batzuk ustiatutako esparru bati ere esaten zitzaion, elizan daukatela batzeko funtsezko elementua [2].

    26 urte geroago, 1293eko apirilak 3an, Gaztelako Antso IV.ak María González de Olasori berretsi zion patronato hau (eta Olaso, Eibar eta Errezilgoa).

    1400. urte inguruan eliza berria eraiki zuten, herritarrek ordainduta. Halaxe esaten zuten ehun eta berrogei urte geroago, elizaren patroiaren kontra abiatu zuten auzian:

    Eta diogu guk, azpian sinatzen dugunok, gutako bakoitza bertako eliztarra dela, Soraluzeko hiribilduko Gure Anderea Santa Maria la Real parroki eta bataio-eliza gu eta gure arbasoek eraikita izan zela, udal lur eta lekuan, erregearen baimenarekin, kanpoko inoren laguntza edo mesede barik, orain dela ehun eta berrogetamar urte gutxi gorabehera.

    1417.ean Juan II.ak berretsi zituen monastegi batzuen jabetza Fernando de Gamboari, tartean Santa María de Placencia[3]:

    Olasoko San Bartolome, Soraluzeko Santa Maria, Eibarko San Andres eta Zallorroako San Martin monastegiak berresten dizkizut, laborari eta hilobi guztiekin, eta errenta, korta, etxe, baserri, jaraunspen, mendi eta dehesa eta eskubide eta hamarrenekin, eta aipatutako monastegienak diren beste gauza guztiekin.

    Gaurko elizaren eraikuntza

    Gaur egungo elizaren eraikitze lanak XVI mendean hasi ziren (erdiko habeartea, absidea eta gangak), eta baliteke, gehienetan gerta ohi zen bezala, aurreko elizaren kondarren gainean egitea: elizaren oinetako ezkerreko aldean, Labana izeneko tokian hain zuzen, eraikin zaharrago baten aztarnak agertzen dira.

    Lanen hasiera

    Ezaguna da 1532.ean Martin de Igarza maisuak eliza eraikitzeko traza bat burutu zuela; eta bederatzi urte geroago (1541) Pascual de Iturriza mutrikuarrak kapera nagusia jasotzeko beste traza bat eman zuen. Itxura denez, Kontzejuko partaideen artean eztabaidak izan ziren traza bat aukeratzeko orduan, azkenean ordea, Pascual de Iturrizarena hautatu zen Geometria artean maisu zelako.

    Pascual de Iturriza 1538-1544 tartean agertzen da Santa Maria la Real elizaren lanekin erlazionatuta. Epe honetan hiru ikasle izan zituen ondoan, gutxienez: Juan Alzua (1538 edo 1541 inguruan), Domingo Elordui (1541-1544) eta Bartolome Loyola (1541-1544). Eliza eraikitzeko harri horniketa, berriz, 1541.ean Pedro Aerbeguikin hitzartu zuten. Geroago Domingo Martinez de Iribekin gauza bera egin zuten.

    Pascual de Iturrizaren planoei jarraituz, lau ataleko nabe bakar eta abside poligonaleko saloi-oinplanoko eliza da. Nabe nagusia gurutze-gangarekin estaltzen da. Lanak kapera nagusia edo absidetik hasi ziren, nabe nagusiarekin jarraituz. Murruak harlanduzkoak dira, kontrahormekin kanpotik. Gangaren euskarriak gotiko estiloan hasi bazuten ere, metro batetik gora estilo errenazentistan jarraitu zuten.

    Errekurtso ekonomikoak urriak zirela dirudi, 1542.eko dokumentu batzuen arabera eliztarrek konpromezua hartzen baitute elizako lanetarako dirua mailegatzeko, eta lan berriak ez hasteko aurrekoak ordaindu artean. Beste dokumentu batzuen bitartez berriz, maiordomoek beren buruak maileguen zenbatekoa ordaintzera behartzen dituzte.

    1544 urterako kapera nagusia bukatuta zegoen, eta urte hartan bertan Domingo de Elorduy-k margotu zuen.

    Eliza 1606 urtean (J.C. Astiazarán 2021)

    Patroiari diru eske

    Elizako patroiarekin ere, Olasoko Jaunarekin, arazoak izan ziren: patroiak elizaren "hamarrekoak" kobratzen zituen, eta ezer gutxi lagatzen zuten lanekin jarraitzeko. Soraluzeko Udalak auzia hasi zuen 1545 urtean, baina ezer gutxi lortu zuen.

    Urte batzuk geroago, 1606 urtean, Gipuzkoako korrejidoreari, Juan del Espinar lizentziatuari, parte hartzeko eskatu zion[4]. Korregidoreak azaldu zuenez, lanak 1588.tik geldi zeuden, eta zorrak oso handiak ziren. Gainera, Udalak ez zuen dirurik, 1598ko izurriteak sortutako kalteak oraindik konpontzeke zeuden eta. Elizaren burualdea bukatuta eta itxita bazen ere, sarrera aldeko hormak erdiraino altzata ziren. Egoera arriskutsua zen, haizearekin teilatuko olak erortzeko arriskua zegoelako; eta gainera, euri egunetan ez zegoen inolako babesik.

    Ostera, Kalagorriko apezpikuak lanak bukatzeko aurrekontua egin zuen (hormak bukatu, gangak eraiki, teilatua eman, dorrea jaso...), baita eliza barrutik osatzeko ere (erretaula nagusia, apaingarriak, eliz jantziak...). Gainera, elizaren diru sarrerak eta Diego de Avendaño patroiak sakeleratzen zituenak ere aztertu zituen.

    1607an epaia eman zuten, patroiaren kontra. Honek hogeitamar urtetan "hamarrekoen" herena eman behar zion elizari, eraikitze lanetan erabiltzeko; eta honetaz gain abadeen soldatak eta mantenua lehengo moduan ordaindu behar zituen. Avendaño jauna kontra agertu zen, eta errekurtsoa aurkeztu zuen, baina alferrik izan zen: 1612 urtean behin betiko ebazpenak aurrekoa berrestu zuen eta.

    Erretaula zaharreko Ama Birjina (Arantza Cuesta Ezeiza)
    Gangak argituta (Rafael Barrio Goñi)

    Lanen bukaera

    Korrejidorearen esku-hartzeari esker diru arazoak konpondu ziren. Hormak bukatu ondoren, eliza goitik itxi zuten ganga gotikoez, eta teilatua jarri zuten azkenean. 1632erako eliza berria bukatuta zegoen, orduan alboetako habeartetan kaperak eraiki zituzten eta.

    Erretaula nagusia ere urte hauetan egin zuten, eta Valladolideko Gregorio Fernandez-en eskolakoa omen zen[5].

    Erretaula pintatzeko, berriz, José de Ganuza iruindarra deitu zuten. Herrian beste lan batzuk ere egin zituen, eta bertan geratu zen bizitzen, Etxaburueta kaleko Pintorekua etxean.

    Urte batzuk lehenago, 1590 urtean hain zuzen, organoa erosi zioten Alemán izeneko jaunari, Orduñako organogilea zena.

    1598ko izurrite handian, San Roke eta San Sebastian irudi berriak jarri zituzten parrokian[6].

    1623. urtean beirateak jarri zituzten, 300 errealetan (Donostiako Pedro Gonzalez de Lugo).


    Zabaltze eta osatze lanak

    1632-1636 urteetan alboetako habeartetan kaperak eraiki zituzten (Juan de Esnaola Ybaiguren). Erabilitako harriaren arabera, bi fasetan egin zuten lana: hasiera batean, epistola aldeko (hegoaldeko) hirurak eta iparraldeko Dolorosaren kapera jaso zituzten. Geroago ebanjelio aldeko (iparraldeko) beste biak bukatu zituzten. Vera Cruz kaperako Kalbario erretaula garai honetako da.

    Zurezko atrioa edo elizataria 1666 urtean eraikia izan zen, Antonio de Aziondo Debako arotz-maixuaren trazari jarraituz. Bere piezen taila eta dekorazioa Pedro de Aldazabal, herriko tailistak, burutu zuen, eta badirudi hartutako obligazioak gainditu ere egin zituela. Elizatariaren burdinsarea Antonio Fernandez de Betolaza, Elgoibarko forjariak egina da. Gipuzkoako bakarra da oparo tailaturiko bere egurrezko estrukturak duen balioarengatik, eta pilare eta habeen lantzeari dagokionez parerik ez du eta.

    1686.ean Juan de Aranceta hargin maisu soraluzetarra dorrea eraikitzen hasi zen; ia 20 urte geroago, 1703.ean, oraindik bertan ari zen, lana bukatu gabe zegoenez[7].

    Urte batzuk geroago (1715) koru berria egin zuten. Antonio de Anguiozarrek arku eskartzano harearrizkoa landu zuen, barrokoko estilokoa. Honekin batera, koruaren ondoko kaperetako arkuak harri landuaz osatu zituen, goi erdian armarri modukoak dituztela.


    XVIII mendeko erretaulak

    Nazareno eta Dolorosa erretaulak

    Nazareno erretaulari buruz gehiago jakiteko, sakatu hemen.
    Dolorosa erretaulari buruz gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XVIII mendeko erdialdean bi kapera berriztu zituzten batera; sarreratik gertuenak, parez pare daudela.

    Handik urte batzuetara Antonio de Anguiozarrek atondutako kaperetan erretaula berriak paratu zituzten, rokoko estilokoak, ia ia berdinak. Ebanjelio aldean Dolorosa (edo Bakardadeko Ama) eta San Migelen irudiak jarri zituzten, eta Epistola aldean, berriz, Nazarenoa eta Loiolako San Ignazioarenak.

    Erretaula nagusi berria

    Gehiago jakiteko, sakatu hemen.

    XVIII mende bukaeran, erretaula nagusia erre zen. Gaizki amatatutako kandela batek aldareko maindirea erre omen zuen, eta honen garrak erretaula hartu zuten. Konturatu zireneko, erretaula oso hondatuta geratu zen. Hala ere, irudi nagusia salbatzea lortu zuten, Igokunde Andramaria hain zuzen. Gaur egun beheko kaperan dago, Abadetxeko kaperan hain zuzen.

    Erretaula berriaren diseinua Ventura Rodriguez arkitektoak egin zuen, sasoiari zegokion estilo neoklasikoan. Egurrezkoa izan beharrean, estukoz egin zuten. Gainera, absideko horma zulatuz kamarina egin zuten, eta goian linterna handia Amabirginaren irudia argitzeko.


    XIX eta XX mendeetako aldaketak

    XIX mendean, berriz, eliz atariak kalte handiak jasan zituen, eta ia erdia berreraiki behar izan zuten. Baina ez zuten lehengoaren berdina egin: apurtutako pieza asko ebaki eta egituraren beste lekuetan jarri zuten, aurreko erdiko zutabea ordezkatzeko harrizko kolumna toskanoa jarri zuten eta, azkenik, teilatuaren forma aldatu zioten.

    1872 urtean organo berria ekarri zuten, Azpeitiako Aquilino Amezua-rena[8], bere garaiko organogilerik ospetsuen zena.

    Pare bat kapera ere antolatu zituzten, Animen kapera eta Mirarietako Amabirjinarena. Honetaz gain, Animen kaperan Paduako San Antonioren aldarea ere jarri zuten.

    Epistola aldeko kaperen gainean aretoak eraikitzen joan ziren. Igotzeko eskilara Vera Cruz kaperaren atzekaldean zegoen.

    1910 urtean, berriz, Aquilino Amezuaren organoa ordeztu zuten, Bartzelonako Lope de Alberdik egindako batekin. Lope de Alberdi hau Aquilino Amezuarekin ikasitakoa zen. Azken organo hau da gaur egun erabiltzen dena.


    Santa Barbara erretaula (Arantza Cuesta Ezeiza)

    1950ko hamarkadaren lanak

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    Gerraosteko susperraldi ekonomikoa hasi zenean, Santa Maria la Real elizan hainbat aldaketa eta hobekuntza egiteko aprobetxatu zuten.

    Eliza ondoan Soraluce zinema eraiki zutenean, azpian sakristia berria eta bulegoa antolatu zuten, eta kaperen gaineko teilatuak kendu eta porlanezko terraza ureztatuekin ordeztu zituzten, hegoaldekoa zein iparraldekoa. Urte haietan Frontoiko aldapa egin zenez, azpian airezko berogailuaren kaldera-gela ezarri zuten.

    Barrutik ere elizaten itxura hobetu zuten, beti garaiko estiloa jarraituz: zorua terrazoz osatu zuten, aurreko sepulturak estaliz; erretaula nagusiko azpikaldean bi medailoi handi jarri zituzten, Jesusen eta Mariaren Bihotzak irudikatuz; eta, azkenik, berpizkunde garaiko pulpitu zaharra kendu eta presbiterioan marmolezko bi jarri.

    Sakristia zaharra libre zegoenez, bertan Santa Barbara kapera berria sortu zuten. Eta dorre barrua antolatu zuten bataiategi berria eta korurako eskilara jartzeko.

    Hurrengo hamarkadan kanpandorreko lau erlojuak jarri zituzten, eta aldare osteko ekisaindua edo ostensorioa kendu zuten, meza jendeari begira eman ahal izateko.


    Zaharberritzea

    Gehiago jakitzeko, sakatu hemen.

    XX mende bukaeran Soraluzeko eliza oso egoera txarrean zegoen. Alde batetik, burualdetik hezetasuna gogoz sartzen zenez (gogoratu Buztina izenekotik errekatxoa pasatzen dela), pareten eta erretaula nagusiaren margoak desegiten ari ziren. Teilatuetan ere itokinak ziren. Eta gainera, habe nagusiak brintzatuta zirenez, gangen gainera etorriak ziren, teilatuko pisu guztia bertara pasatzen: gangakapurtzeko arrisku handia zegoen.

    Eliz ataria ere ez zegoen hobeto. Itokinez beteta egoteaz gain, egurra oso kaltetuta zegoen ehundaka urteetako eguraldia jasan eta gero. Istalazio elektrikoa ere ez zen batere segurua, edozein momentuan sutea sortzeko arriskua zegoen eta.

    Hainbat saio egin ondoren, azkenean eliza hiru fasetan zaharberritu zuten, batez ere arrazoi ekonomikoengatik. Eta larritasunak markatu zituen lehentasunak:

    • Lehengo fase batean (1983-1986) eliz ataria zaharberritu zuten, egoera txarreko piezak eta latak ordezkatuz lehen eta ondoren erreteilatuz eta euriurak kanalizatuz.
    • Bigarren fasean (1999-2002) kanpoko aldeari ekin zioten: drenatze lanak, teilatuak eta dorrea batez ere.
    • Hirugarrenean (2003-2008), berriz, barrualdea zaharberritu zuten. Fase honen arkitektoak Xabier Barrutieta eta Gudiker Beaskoa izan ziren[9].

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Lapurretak

    Debako eliza. Kutxa gotorra eskumaldeko horman

    Elizetan lapurtzeko bi motako ondasun izaten ziren. Alde batetik, udalek "kutxa gotorra" izaten zuten parrokiatan. Horman egindako zuloan egoten ziren, 6 edo 8 metrotako altueran, errejak itxita. Bi eta hiru zarraila zituzten eta, herriko agiri garrantzitsuenez gain, inoiz udalak esku artean zituen diru handiak gordetzen ziren (zerga bilketak, laguntzak...). Bigarren mota meza emateko tresnak izaten ziren, askotan urre edo zilarrezkoak: kalizak, patenak, lanparak...

    Jasotako lehen lapurteta 1612.ekoa da. Urte hartan Miguel de Egozak, Juan de Cortavarriak eta Juan de Galdosek elizan lapurtu zuten[10]

    Ia mende t'erdi geroago, 1777. urtean, Soraluzeko Santa Maria la Real artxibotik (hau da, "kutxa gotorretik") 173.437 erreal eta 24 marabedi lapurtu zuten. Zilarrezko erreal hauen pisua 580 kilo baino handiagoa zen, eta gaur eguneko balioa 700.000 eta 2.000.000 € artekoa. Bost laguni egotzi zioten lapurreta, eta auzipetu zituzten: Pedro eta Sebastian de Leybar anaiak, Maria Antonia de Ascasua, Andres de Zaldibia eta Pedro de Maistegui. Bostak senideak ziren, eta Soraluzen jaioak edota bertan bizi zirenak.

    Urtebete geroago, Ambrosio Ruiz de Arcaute arabarrak[11] lanpara batzuen zilarrezko piezak lapurtu zituen[12].


    Erreferentziak

    • Noticias de los arquitectos y arquitectura de España desde su restauraciòn. Eugenio Llaguno (Madrid 1829).
    • El Renacimiento en Guipúzcoa. Maria Asuncion Arrazola (Donostia 1969).
    1. Ahaide nagusien sasoi hartan Olasotarrak ganboatarrak ziren, eta Iruretarrak, aldiz, oinaztarrak.
    2. "La fundación de la villa de Eibar: llegando a Villanueva, desde el Monasterio de San Andrés de Eibar y las Ferrerías del Ego, en el valle de Markina". E. Barrena (Eibar 1346-1996. Ekarpen historikoak 1999).
    3. Vos confirmo los dichos monasterios de San Bartolomé de Olaso, y Santa María de Plasencia, San Andrés de Eibar, y San Martín de Zallorroa, con todos los labradores y mortuorios y rentas y seles y casas y caserías y heredamientos y montes y dehesas y derechos y diezmos, y todas las otras cosas a los dichos monasterios y a cada uno d'ellos pertenescidos (1417/08/20).
    4. El atrio de la iglesia de Placencia de las Armas, Soraluze. Ramiro Larrañaga (1987)
    5. Besteak beste, Gregorio Fernándezek Eibarko Isasi komentuko erretaula ere egin zuen, 1630 urtean.
    6. Gaur egun San Roke ermitan daude.
    7. Bitartean 1689. urtean Udaletxe berria altzatzeko lehiaketa irabazi zuen.
    8. Aquilino Amezua. Wikipedia (euskaraz).
    9. Reforma iglesia Sta Maria la Real de Soraluze. Xabier Barrutieta y Gudiker Beaskoa, arquitectos.
    10. Pleito criminal de oficio contra Miguel de Egoza, Juan de Cortavarria y Juan de Galdos, por hurto en la iglesia parroquial de Santa María de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1612/04/26).
    11. Ambrosio Ruiz de Arcaute Fernandez de Ayala Dulantzin jaio zen 1753/12/09an.
    12. Auto de oficio contra Ambrosio Ruiz de Arcaute, natural de la villa de Alegría de Alava, por hurto de hembrillas de lámparas de plata en la iglesia parroquial de Santa María la Real de la villa de Placencia (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1778/10/24).