«Hiri aztarnak ibilbidea (eu)»: berrikuspenen arteko aldeak

    Sorapediatik
    No edit summary
    No edit summary
    89. lerroa: 89. lerroa:




    [[Fitxategi: Kalebarren._9_zenbakia_(Rafael_Barrio).jpg | thumb | right | 200px | Kalebarren 9. zenbakia (Rafael Barrio)]]
    ==Kalebarreneko ate ingurukoak==
    ==Kalebarreneko ate ingurukoak==
    :''(Kalebarren barrena segi, eta 7 zenbaki parean geratu).''
    :''(Kalebarren barrena segi, eta 7 zenbaki parean geratu).''

    23:20, 29 iraila 2019(e)ko berrikuspena

    Ibilbide honek Soraluze hiribilduaren barruan eramango gaitu, XV mende arteko aztarnen bila. Hasiera Labaderogainean emango diogu, Kontzupearen parean.

    Mapa kargatzen...


    Jatorria: Ibaizabalen ibia

    (Kontzupetik aurrera egingo dugu, Labaderogainera, eta Gaztetxearen ondoan kokatuko gara).

    Soraluzeren jatorria toki horren azpian dago, ibaia zeharkatzeko ibian hain zuzen. Puntu honetan ibaiak Ibaizabal zuen izena, eta zabala izateaz gain sakonera gutxiago zuen.

    Ertaroan Bitorixatik itsasorako erregebidea Deba ibaia zeharkatzen zuen hemen: Bitorixatik Bergarara lehen, handik Soraluzera (gutxi gorabehera gaur eguneko errepidetik) eta, Ibaizabaleko ibia pasa eta gero, Ezozia eta San Roketik Elgoibarrera eta Debako portura. Kontutan hartu behar da sasoi hartan Maltzaga ingurua oso oso estua zen, eta bertatik pasatzerik ez zegoen, ez Elgoibarra ez eta Eibarra ere ez. Gaur eguneko bide berriak XVIII mende bukaeran eta XIX mende hasieran egin ziren.

    Eibarra joateko erregebideak, berriz, Ibaizabal ibia pasa beharrean aurrera egiten zuen eta Iruretik Azitainera jeitsi. Horregatik XII mendean Nafarroako erregeak Don Celinos lehengusua bidali zuen Irurera, bertan Irure Handikoa etxea egiteko eta bidea zaintzeko (Azitaingo Untzueta jauregiak ere jatorri berbera dauka).

    Azkoitiarako erregebideak ibitik gora egiten zuen, eliza ondotik pasatuz eta San Andres eta Pagobedeinkatutik aurrera (inguruan galtzada zaharraren ehun bat metro gordetzen dira).

    Bitorixa-Deba erregebide hau aspalditik erabiltzen ari zen, erromatarren garaitik eta aurretik ere. Orduan galtzada Veleiatik[1] (Bitorixa ondoan) Tritium Tuboricum[2] (Astigarribia, Sasiolaren aurrean) portura zihoan, eta Soraluzen Ibaizabaleko ibia erabiltzen zuen.

    Toponimiak beste bi izen gorde ditu, ibaiaren ezkerreko aldekoak, ibiaren ondoan baino altuxeago kokatuak: Arriogain eta el Castillo, agian ibia bera bertatik zaintzeko.


    1343 urtea: Placencia de Soraluce hiribildua

    (Kontzupe parera bueltatuko gara, eta Abadetxeren ondoan geratu).

    Alfonso XI erregeak Placencia de Soraluce hiribildua sortu zuenean, ibaiaren alde honetan bazen Soraluze izeneko herrixka bat.

    Baina hiribildua sortzeak, berez, berarekin zekarren aurrekoa bota eta planta berriko herria eraikitzea. Aurrena esparrua marraztu, arloak egin[3] eta biztanleen artean esleitu[4]. Gero, harresiak altxatu behar ziren eta, azkenik, norberak bere etxea egin.

    Placencia de Soraluce hiribildu txikia sortu zuten, hektarea erdiko azalera gutxi gorabehera, bi kalek zeharkatua (Kalegoen-Kalebarren ardatza ibaiaren paraleloan eta beste kalea perpendikularrean, ibaitik mendira). Abadetxe-Udaletxe puntuan gurutzatzen ziren, eta lau etxe-multzo osatzen zuten.

    Gaur egun ez da harresietatik aztarnarik geratu, baina uste da iparraldean eta mendebaldean etxeetako hormak zirela harresi, eta ekialdean (mendialdean) zein mendebaldean (ibaialdean) ortuak zeudela etxe atzekaldetan, eta harresiak gero.

    Eliza lauki honengatik kanpo geratu zen, pixkat gorago (nahiz eta erregeak eliza berria egiteko agindu, aurrekoa erabiltzen jarraitu zuten).

    Dena dela, hiribildua 1343 urtean sortu bazen bost urte geroago, 1348 urtean, izurri baltza etorri zen. Nafarroan, esateko, biztanleen %60a hil zen urtebetean, eta Agurainen %40a; Soraluzen ez zen askoz jende gutxiago hilgo.

    Bidegurutze honetatik lau erregebide irtetzen ziren: Kalebarrenetik aurrera kostaldekoa, mendian gora Azkoitikoa, eta Ibaizabal ibia zeharkatuz ezkerrera Bitorixakoa eta Eibarkoa eskumara.


    Aintzinako etxegintza

    (Kontzupetik Santa Ana kaletik segi, Ormaetxearaino).

    Hiribildua sortu zenean, 1343 urtean, puntu honetan zegoen muga, Kalegoengo atean hain zuzen. Eskumako azken etxea Ormaetxea zen, eta haruntzago erreka zegoen, gaur egungo ibairako jetsieratik zetorren hain zuzen.

    Orduko etxe gehienak oso apalak ziren: beheko solairua edota solairu batekoak ziren, eta gainean ganbara ederra zuten. Oinarriak harrizkoak, agian, baina gainontzekoa egurrezkoa zuten, suteen kasuetan garrak batetik bestera ondo bizkor pasatzen zirela.

    Salbuespen bakarra Ormaetxea jauregia zen. Etxaurrea harrizkoa zuen, bigarren solairuraino, gainontzekoa egurrezkoa eta adreiluzkoa zen. Hortik etortzen zitzaion izena, harrizko horma zuen etxe bakarra zelako.

    Hiribilduak jauntxoen kontra sortu baziren ere, jauntxo batzuk herrietara aldatu ziren, jauregi era etxeak sortuz. Iruretarrak ez ziren salbuespena izan, Irure Handikoa laga eta herrira jaitsi ziren, Ormaetxea jauregia hiribildu barruan eraikiz.

    Hiribildua sortzeko orduan, Alfonso XI erregeak Logroñoko forua eman zion. Hau da, Placencia de Soralucen indarrean behar zen legea sortzeko Logroñokoa erabili zuten. Foru hau oso aurreratua eta berdinzalea zen garai hartako; besteak beste, jauntxoek zein jende arruntak zerga berdinak ordaindu behar zuten, Soraluze inguruko baserritarrak bertara etor zitezkeen bizi izatera jauntxoen hatzaparretatik ihesi...

    XV mendean Soraluze hazi zen biztanle gehiagori lekua egiteko. Zeuden etxeak goitik behera aldatu egin ziren. Alde batetik, etxeen arteko hormak, mehelinak, arautu egin ziren suteen hedapena ekiditzeko: harrizkoak behar zuten izan, eta sendoak, zabalera jakin batekoak. Behe solairuko etxaurrea bitan antolatu zen: alde batean atari ederrak egin ziren, arkudunak gehienetan, eta bestean lehioa izaten zen, askotan bertako negozioen erakuslehioa. Aurreko pisuari bigarren pisu bat erantsi zioten, eta gainean ganbara ederra, lehiatila eta guzti.

    Toki gehiago egiteko, garai hartan hasi ziren kaleari tokia kentzen. Lehen solairu parean mehelinak aurreratzen ziren kalearen gainean, eta tartean egurrezko zorua jartzen zen. Adibide ederra dago Santa Ana kaleko 2. zenbakian.

    Modu honetan etxe "gotikoak" sortu ziren: harrizko mehelinak, etxaurreko beheko solairua harrizkoa, lehen solairuan mehelin aurreratuak azalera handitzeko, bi/hiru solairukoak (Soraluzen XX mende artean gehienak 2 pisutakoak ziren) eta ganbara ederrak. Behe solairuan ate handia arkuduna, eta lehioa alboan erakuslehioa.

    Harresien ateerako kanpo aldean ere etxe berriak egin ziren; esateko, Santa Ana kaleko 11 eta 13 zenbakidun etxeak. Etxe hauek ere "gotiko" estilokoak dira, eta aurreratutako mehelinen aztarnak dituzte.


    Kalebarrengo etxe "gotikoak"

    (Kalebarren aldera jo, eta Kalebarren 1 zenbaki parean geratu).

    Inguru honetan gordetzen da Soraluzeko etxe gotikoen multzo osoena, Kalebarren 1, 3 eta 5 zenbakiek osatua.

    Bertan mehelin aurreratuak antzeman daitezke, denak zabalera berdinekoa (arautua); behe solairuak bi zatitan antolatuak: ate ederrak alde batean eta lehioak (gaur egun galduak) bestean; bi solairu t'erdiko altura, mehelinetan nabarmentzen denez; eta, batez ere, mehelinen arteko harrizko arkuak, oso toki gutxitan erabiliak, Soraluzen ez bada.

    Multzo hau zabalagoa zen, baina Plaza Barria egiteko 1831 urtean hiru etxe bota zituzten. Hala ere, Kalebarren 1eko mehelinean, Plaza Barriko aldean, arkuaren hasiera nabarmendu daiteke oraindik.

    Multzo honek hiribildu zaharraren bitxikeri bat gordetzen du. Orube guztiak oso antzekoak badira ere (laukidunak, 6 kanako zabalera eta kale batetik bestera), Kalebarren 3 etxeak orube "erdia" hartzen du; hau da, 6 kanako zabalera baina sakonera erdia). Eta, etxe-multzoaren erregulartasuna berreskuratzeko, hurrengo etxea ez da laukia, L formaduna baizik; Etxaburuetatik dauka sarrera.

    Kalearen beste aldean Kalebarren 4ko etxea dago, Loiola etxea. Orube hori Loiola-Oñaz familiako zaldun bati esleitu zioten erregearen aginduz. Armarria gordetzen du oraindik.


    Kalebarren 9. zenbakia (Rafael Barrio)

    Kalebarreneko ate ingurukoak

    (Kalebarren barrena segi, eta 7 zenbaki parean geratu).

    Kalebarren 5 zenbakiraino heltzen zen 1343eko hiribildua, eta hemen zegoen Kalebarreneko atea.

    Horren bi aztarna geratu zaizkigu. Alde batetik, Kalebarren 7 eta 9 zenbakien azpitik pasatzen den erreka, hiribildua iparraldetik mugatzen zuena. Eta bestetik 14 eta 16 zenbakiko etxeak, besteak baino estuagoak: etxe hauek eraikitzerakoan ez zuten arautegia segi, harresietatik kanpo eraiki zituztelako.

    Etxe hauek bi solairukoak dira, eta ganbara ederra dute, kalerako lehiatila eta guzti. Antolaketa bertikalari dagokionez, garai bateko Soraluzeko etxe gehienak antzekoak ziren.

    Pareko etxeak, Kalebarren 7 eta 9 zenbakia dutenak, harresien kanpo zeuden ere, baina etxe "gotikoak" ziren: araututako 6 kanako zabalera, bigarren solairurainoko aurreratutako mehelinak, arkuak finkatzeko hutsuneak... Gaur egun nahikoa desitxuratuta daude.


    Hiribildu kanpoko jauntxoak

    (Plaza Zaharra zeharkatuz, Arregia jauregiraino segi).

    Arregia dorretxea hiribildua sortu baino zaharragoa da. Oso leku estrategikoan eraiki zuten: kostarako erregebidearen eta ibaiaren artean, erregebidearen beste aldean harkaitzarra dagoen tokian. Beraz, handik bideratzen ziren guztiak etxe albotik pasa behar ziren, oso leku aproposa bidesariak kobratzeko.

    Garai hartan ez zen plaza zaharrik, eta dorrea gaur eguneko jauregia baino askoz eraikin gordinago zen. Ibaitik gora lau solairutan antolatuta, ia ez zituen barruko eskilararik, solairu bakoitzak bere sarrera zuela. Bi sotoetara ezkerretik (Plaza Zaharretik) sartzen zen, arkuaren dobelak oraindik antzeman daitezkeela; behe solairura erregebidetik sartzen zen (gaurko sarreratik, baina XX mende hasieran Gabolats kalea puntu honetan jaitsi zutenean, atea ere jaitsi zuten goiko aldean lehiatila jarriz), eta goiko solairura etxetik kanpo zeuden eskumaldeko eskilaretatik.

    Bertako jauntxoak oso aberatsak ziren: lurrak, baserriak... Eta negozio berritan ere sartu ziren; besteak beste, dorretxearen azpian eta parean dauden Igaretako errota eta presa bereak ziren.

    XVI mendean dorretxea goitik behera berregin zuten, jauregia bihurtuz. Bertako Marina Pérez de Arreguia, etxeko jaunaren alaba bakarra, Andrés Ibáñez de Irure jaunarekin ezkondu zen, Carlos V enperadorearen medikua izandakoa. Arregian jarri ziren bizi izaten eta Andrések, Europako jauregi politenak ezagutu zituela, andrearen etxea zaharberritu zuen: galeria ederra eraiki ibai aldean, itzelezko armarri handia ("bere" armarria, ez andrearena) ate gainean, goiko solairurako eskilarak etxe barruan "sartu", bigarren solairua gehitu...


    Hiribilduaren iparraldeko mugak

    (Plaza Zaharra atzera zeharkatu, eta Goikokaletatik segi bertako karkabaraino).

    Goikokaletan dagoen karkaba 1805 urtean egin zen, Erregetxe berriaren aurrean enparantza zabaldu ahal izateko, bertako sartu irtenak errazteko. Azpitik pasatzen den erreka hiribilduaren iparraldeko muga zen 1343 urtean, Kalebarreneko atearen aurretik pasatzen zen.

    XV mendean etxeak egin zituzten harresiez kanpo, baina aurretik zeudenen parean. Goikokaletan Kalebarren 7 eta 9ren atzekaldeak ikus daitezke, Kalebarren 5eko etxe parean geratzen direnak.

    1343 urtean Goikokaletan ortuak zeuden, etxeak eta harresiaren artean. XV mendean, Etxaburuetako etxeak egin zirenean kalea zabaldu zuten, bertako ortuak deseginez.


    XV mendeko hedapena: Etxaburueta

    (Goikokaletatik gora segi, eta Plaza Barriko iturri gainean geratu).

    Esandako moduan, hiribildua sortu zutenean Goikokaleta eta Galipota ortuak ziren, eta harutzago harresia zegoen.

    Baina XV mendean, biztanleria hazten ari zela etengabe, herria hedatzeko tokirik egokiena Etxaburueta zen[5]. Harresia erabili zuten etxaurreak egiteko, eta etxeak haren atzetik egin zituzten. Eta etxeen atzetik pasabidea eta harresi berria.

    Etxe haietatik geratzen den bakarra Elizburu 1 etxea da, lehen harresiaren kokapena adierazten duena. Etxaburuetako gainontzeko etxeak honekin lerrokatuta zeuden, baina Erregetxe berria egin zenean (1804-1809) Etxaburuetako etxeei zati bat kendu zitzaien Erregetxerako bidea egiteko.

    Hasiera batean, Etxaburuetako etxeek Soraluzeko gainontzeko etxeen antzeko luzera eta zabalera zituzten, arautuak zirelako. Gero, herriko etxe batzuk luzatu ziren (ibai aldeko galeriak sortuz, edo Kalebarren 1 eta Etxaburueta 1 Etxaburuetaruntz) edo moztu (Etxaburuetako zenbaki bikotiak).


    Soraluzeko monastegia

    (Segi Elizburuko eskilaretatik Eliz atariraino).

    Elizburu 3 etxearen atzean kale izkutu bat dago, sarrerarik ez duena ez alde batetik ez bestetik: Elizburuko karkaba. Garai batean Etxaburuetako etxeen eta harresi berriaren artean zegoen, baina XX mendean bi aldetik itxi zuten.

    Labanan, berriz, Soraluzeko monastegiko eliza zaharraren aurriak antzeman daitezke, eliza berriaren azpikaldean. Gaur eguneko eliza baino bost bat metro atzerago zegoen, eta txikiagoa izango zen.

    Monastegi hau XII mendean aipatzen da lehen aldiz, Elgoibarko Olasoko jauna bertako ugazaba zela. 1343 urtean hiribildua eraiki zutenean ez zuten eliza berririk egin, baina hiribildua elizatik pixkat aparte geratu zen[6].

    XVI mendeko eliza berriak ez dauka atea erdi erdian, alde batera baizik. Zergatik? Agian eliza zaharraren ate parean geratzeko.

    Etxaburueta egin eta gero, harresi berria elizaren parean geratzen zen, eta bertara ekartzea oso errez zuten, modu honetan Soraluzeko monastegia harresien barruan sartuz. Orduko elizaren eta Galipot arteko esparruan herriko esparru publiko bakarra zegoen; ondo aldapatsua, hori bai.


    Erreferentziak

    1. Iruña-Veleia. Wikipedia (euskaraz).
    2. Tritium Tuboricum. Wikipedia (euskaraz).
    3. Soraluzeko kasuan 6 kanako zabalerakoak ziren, 5 metro inguru.
    4. Esparru horietako bat Loiola-Oñaz izeneko zaldun batentzat izan zen, Alfonso XI erregearen aginduz. Etxe hau Loiola etxea moduan ezagutzen da, Kalebarren 4 zenbakian dago, eta armarria gordetzen du.
    5. Etxaburueta: azken etxetatik gaineko lurrak.
    6. Elgoibartarrek askoz modu gogorragoan jokatu zuten, 1346 urtean sortutako hiribildu berria eliza zaharretik 600 metrotara egin zutela).