Sasikoak (eu)
Sasikoak, edo sasikumeak, ezkontzaz kanpo jaiotako umeei esaten zitzaien. Arrazoi asko egon zitezkeen honen atzean: aita beste emakume batekin ezkonduta egotea, edo alde egindakoa izatea (nahita edo behartuta), edo amarekin zerikusirik nahi ez izatea... Aitak onartzen zituenean, bataio agirietan aita eta amaren izenak agertzen dira; baina onartzen ez zituenean, amaren izena agertzen da bakarrik.
- Oharra. Sarrera honetan aitarik ez baina ama duten sasikoak hartuko ditugu. Aitak onartutako sasikoak atzeman ia ezinezkoak dira, aita eta amarekin agertzen direlako; esateko, Maria Symon Elyo Subimendi (1591/10/28), gurasoak Lope de Elío eta Domenja Subimendi izan zituela, artean ezkondu gabe.
Kopuruak
Donostiako Elizbarrituko bataio agirien arabera, 1900. arte Soraluzen gutxienez 728 sasiko errejistratu dira[1], jaiotza guztien %4a.
Baina urteen zehar sasikoan kopurua ez da beti antzekoa izan. Hiru aro bereizten dira, ondo nabarmen. Lehen aroak XVI. eta XVII. mendeak hartzen ditu, kopurua oso altua dela. Bigarrena XVIII. mendea, ia sasikorik izan ez zirela. Azkenik, XVIII.ren bukaeran hasi ziren gerra eta krisi ekonomikoekin batera, bai sasiko zein kajakoen kopuruak hasi ziren, paraleloan, XIX. mendearen lehen erdian goiak jotzen duela. Hala ere, kopuruak ez dira oso handiak.
XVI. eta XVII. mendeak
Sasoi hartan sexu morala zein ohiturak ez ziren zorrotzegiak edo, behintzat, hurrengo mendeak bezain zorrotzak. Ondorioz, sasikoen kopurua oso altua zen: Soraluzen, 1525-1625 tartean jaiotza agirietan aitaren izenik ez dutenak %15-20 izan ziren, urtearen arabera. Eta gogoratu behar da honetaz gain bazirela aitak aitortutako sasikoak ere.
Sasikoen kopuruak 1600-1625 tartean jo zuen goia: 196; hau da, jaiotakoen %22,4a, ia lautik bat (kajakoez gain). Baina baziren urteak ratio altuagoekin: 1613 (%38), 1616 (%38), 1545 (%34), 1627 (%32), 1542 (%32), 1634 (%32), 1543 (%30)...
Baina 1625.tik aurrera beste haize batek jo zuen, eta 75 urtetan aitarik gabeko sasikoen kopurua amildu zen, ia desagertu arte. Zergatik? Segururena, ez sasikoen kopurua amildu zelako, agirietan aitaren izena gero eta gehiagotan agertzen zelako.
XVIII. mendea
XVIII. mendean, ohitura aldaketak zirela, eta ekonomia giro opariari esker, sasikoen kopurua %1 azpitik mantendu zen. Salbuespen bakarra azken 10 urtetan eman zen, kopurua %2ra heldu zela. Urte haietan Frantziako Konbentzioaren Gerra lehertu zen, eta 1795.an errepublikar frantsesek Soraluze hartu zuten, besteak beste herriko ekonomia hankaz gora jarriz.
XIX. mendea
1790-1800 urteetan emandako joera aldaketa 1850. arte mantendu zen, inoiz sasikoen ratioa %3tik gora igo zela. Gizonen mugikortasunak eragingo zuen igoera hori; mugikortasun hau inguruan izandako gerrek[2] eta ekonomiaren gainbeherek eragingo zituzten.
Guzti honek sakiko zein kajako kopuruei eragin zien baina, hala ere, ratioak ez ziren asko igo. 1850.tik aurrera, berriz, sasikoak %1en azpitik mantendu ziren; baina kajakoak ez ziren honenbeste jaitsi.
Jenero ikuspegia
Bada missing girls izeneko fenomenoa[3], gizarte batean andra baina gizon dezente gehiago direnean. Honen jatorria haurraldian izaten da: neska gehiago abortatzen dira, edo umetan hiltzen dira, edo bazterretan uzten dira, edo mutilak baino gutxiago elikatzen edo artatzen dira… Arrazoia baliabideen eskasean datza: denentzako ez baleude, mutilak lehenestuko ziren nesken aldean. Gaur egunean Asian eta Afrikan ematen bada ere, aspaldian Europan ere eman zen fenomeno hau.
Soraluzen izandako sasikoen jeneroa aztertuta, 378 mutil eta 342 neska agertzen dira (eta beste zortzi izenik ere ez daukatenak). Zenbaki hauekin pentsa daiteke nesken %10a "falta" dela (378 - 342 = 36, baina gutxiago izango dira, izenik gabeko 8 horien gehienak neska izango zirelako), baina "missing girls" horiek ez zituzten bazterretan laga, ez Soraluzen behintzat, bertako kajakoen artean ez dira agertzen eta.
Ezin da esan neska horiek abortatuak izan ziren, edo Soraluzetik kanpo lagata, edo zenbakiak berez halakoak izan zirela.
Kajakoak. Inguruko herriak
- Oharra. Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Eibar, Elgoibar eta Debako datuak hartu dira, baita Gipuzkoakoak ere.
XVI. mendean Gipuzkoako sasikoen ratioa igotzen hasi zen, 55ean hasi eta %8a arte, eta 1625.tik 1700. arte amildu zen, Soraluzen gertatu zen moduan... baina Soraluzeko ratioak Gipuzkoakoak baino hiru aldiz handiagoak ziren, gutxi gorabehera.
Debarroan, orokorrean, ratioak Gipuzkoakoak baino pixkat altuagoak izan ziren, baina gorabehera handiekin herritik herrira: Elgoibar eta Soraluze oso kopuru altuetan ibili ziren (eta Mallabia, Azkoitia, Elgeta eta Markina), Deba nahikoa parean eta gainontzeko herriak azpitik.
Zerk eragin zuen desberdintasun hau? Herri batzuetan sasiko gutxiago sortzen zirela? Edo presio handiagoa zegoen aitek umeak onartzeko? Ala emakumeek ez zuten halako premia ikusten aitaren izena jartzeko?
1700.etik aurrera, berriz, sasikoen kopurua asko jaitsi zen herri guztietan. Hala ere, Soraluze (% 0,5) besteon azpitik ibili zen (bataz besteko %1ekoa), Mallabia izan ezik.
Abizenak
Aztertutako sasikoak, noski, amaren abizenak erabili zituzten, baina ñabardura batekin.
1615. urtea baino lehen abizen bakarra agertzen da, ama abizen bakarrarekin errejistratzen delako. Hortik aurrera, amaren bi abizenak hartzen dituzte.
Honetaz gain onartutako sasikoak izan ziren, aitaren zein amaren abizenak hartu zituztenak.
Erreferentziak
- ↑ Zuzenean aitaren izenik gabe agertzen direnak.
- ↑ Frantziako Konbentzioaren gerra (1792-1795), Espainiako Independentzia gerra (1808-1814), lehen Karlistada (1833-1839)... gehi hainbat gerrilla, pronuntziamiento, liskar eta matxinada.
- ↑ Missing women. Wikipedia (ingelesez).