Probaleku zaharra (eu)
- Oharra. Ez da nahastu behar Maltzagako bidean zegoen probaderoarekin, SAPAk 1946 eraiki zuena.
Azalpena
Eraikin hau eskuzko su armentzat egiten ziren kainoien probaleku moduan erabiltzen zuten. Soraluzen eta inguruan egiten ziren moskete, arkabuz, fusil, karabina, pistola... guztien kainoiak hemen aztertzen zituzten.
Eibarko irteeran zegoen, Baltegieta kalearen bukaeran. Errepidea eta Deba ibaiaren artean zegoen, Mendikute dorretxea eta San Salvador ermita baino pixka bat haruntzago; SAPAren fabrika berriaren bigarren nabea[1] egin zuten lurretan, gutxi gorabehera.
Florencio Joseph Lamoten mapan (1756) bi aldiz agertzen da. Lehena, Soraluzeko ikuspegi orokorrean, ezkerreko aldean: H batez markatua agertzen da, eta alboan San Salvador ermita. Eta bigarrena Soraluze inguruko mapa borobilaren goiko ezkerreko ertzan, zera esatenaz: Examen de cañones que se hacen por mesadas; marrazkian Maisu Aztertzailea ikusten da, aginte itxuran, bere ofizialak zuzentzen, azken hauek arma andana disparatzen, kainoi denak ondo lerrokatuta.
Eraikin luzexka eta altura gutxikoa erakusten du, errepide alderik itxirik, leiho bakarra ikusten da; eta ibai aldetik agertzen den kearengatik (saio hauek polbora beltzez egiten ziren eta), leiho edo inolako baoak izango zituen han.
Beste marrazki batean, José Solís teniente koronelak egindakoan (1849) itxura osoagoa erakusten du, agian birreraiketak eraginda. Planoek eraikin txikia erakusten dute, luzexka, solairu bakarrekoa eta hirutan banatua.
Probaleku bera erdiko zatian zegoen, laukia zen eta altuagoa berau. Inor ez mintzeko, arma saioak egiteko tiroak Deba ibairen aldera jotzen zituzen, pareta hura lurrez estalia bazen, eta gero lur hartatik balak (berunezko esferak) berreskuratzen zituzten, garestia zelako; erregebide aldeko etxaurrea, berriz, itxia zen, leiho txiki bat besterik ez zuela. Erdiko areto honek bi gela laguntzaile zituen ezker-eskuman, besterik beste probalekutik sartu eta irtetzeko.
Historia
Probalekua XVI mendeko agirietan agertzen da lehen aldiz.
Bizpahiru mende toki berean egin eta gero, 1834 urtean Soraluzen izandako ufal handienak aurretik eraman zuen. Garai hartako agiri baten arabera[2] ur mailak hamalau bat metro egin zuen gora, eta hainbat eraikin eraman zituen aurretik: 15 bat etxe, 6 bat lantegi, arraindegia, zubi nagusia bera... eta San Salvador ermita osoa zein alboko probalekua.
Ufalaren ostean behin behineko beste probalekua eraiki zuten, baina hau Santa Ana komentuko goiko harresien ondoan, mojen kanposantuaren gertu. Bitartran, probaleku zaharrearen birreraiki zuten, eta 1849.ean Josè Solìs teniente koronelak bere planoa marraztu zuen.
Soraluzeko Erret Lantegiak desegin zutenean erabiltzeari laga zioten, eta poliki poliki galdu zen. Eta 1917.ean hondarrak zeharo desagertu ziren, fabrika berriaren bigarren nabea eraikitzen hasi zirenean.
Mendikute jauregia eta inguruak 1756 urtean (2020) |
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Erreferentziak
- ↑ Herritik gertuena, 1917-1918 tartean jasoa. Bestea urtebete lehenago eraiki zuten (1916-1917).
- ↑ Inundación del 30 de junio de 1834. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1978).