Deba ibaia. Ufalak (eu)
Ufalak zer diren
Ufala[1] ibaiko ur emariaren hazkunde bortitza da, denbora laburrean ematen dena.
Deba ibaia motza eta malkartsua da. Bere emaria ez da oso handia, bataz beste 11,85 m3/s, baina adierazgarria da urtean zehar dituen emari aldaketak.
Esaterako, 1996 eta 2014 artean hartutako datuen arabera, 0,95 m3/s-ko gutxieneko emaria eta 132,63 m3/s-ko gehieneko emaria neurtu ziren. Honek esan nahi du 140 aldiz biderkatu daitekeela ibaian behera datorren ur kopurua; eta gainera, orografia malkartsuaren ondorioz, emari aldaketa hau oso denbora gutxian gerta daiteke. Soraluzen ematen den uholde mota, ufala, bat bateko ur mailaren igoera ezaugarri nagusitzat duena da. Hau da, ibaiaren emari arrunt edo txikiago batetik bere emari maximora ordu gutxitan pasatzen deneko uholdea.
Sorrera
Fenomeno hau, ekaitz bortitzek sortzek dute eta normalki udara erdi edo bukaeran ematen da, abuztua eta urria artean. Udan, beroaren ondorioz ur lurrun asko pilatzen bada atmosferan eta gainera goi geruzetan aire hotza sartzen bada, euri jasa handiak jausteko arriskua egoten da[2].
Hau gertatzen denean, orografia malkartsua ez da gai botatze duen ur guztia xurgatzeko eta honela sortzen dira ufalak.
Deba ibaia ez da ufalak sortzen dituen bakarra, Soraluzeko mendi magal aldapatsuetatik jaisten diren errekak ibaia bezain arriskutsuak izan daitezke: ur mailaren igoera bortitzagoa eta azkarragoa da, eta kasu askotan, lokatza, harriak, enborrak eta antzeko hondakinak dakartza berarekin urak. Hortik erreka hauen arriskua ufala dagoenean.
Bideoa: Deba ibaia 2021ko azaroa (Alberto Arizaga 2021) |
Ufal gogoangarriak
Lau ufal handi gertatu dira azken bi mendetan gure herrian, orduko kronikek eta kontakizunek adierazten diguten bezala: 1834, 1953, 1983 eta 1988 urteetan, hain zuzen.
Azken biak 1983ko abuztuaren 26an eta 1988 uztailaren 19an gertatu ziren, eta oraindik oso gogoan dituzte herritarrek orduko galera eta hondamendiak.
1553eko iralak 14ko ufala
Oso ekaitz bortitza izan zen Oñati eta Elgoibar artean, kalte ugari sortuz:
- ...urte hartako irailak 14an, Gurutze Santuaren Gorespena jaian, bota zuen aguaduchoak kalte handiak egin zituen sagarrondoetan, boronatan[3] eta presatan.
1593eko iralak 21ko ufala
San Mateo egunaren gauaz izan zen, eta Deba arroko herri guztietan kalte handiak izan ziren: itota hildakoez gain, uraren indarrak errotak, burdinolak, etxeak, zubiak[4]... apurtu eta eraman zituen, baita sotoetatik sagardo kupelak eraman ere... Mende laurden geroago halaxe kontatzen zuen behintzat Altzolako biztanle batek, ufal hura oso presente zuela oraindik.
Pablo Gorosabelek jasotzen duenez[5], ufalak Deba eta Urola arroetan izan ziren, aurretik inoiz ezagutu gabekoak. Legazpian Urolaren urak lau zubi nagusi eroan zituzten aurretik eta beste hiru zubi txiki; Deba ibaiak, berriz, Bergaran sei zubi nagusi eta beste honenbeste txiki, Mendaron zegoen zubi bakarra... Soraluze ez da aipatzen, baina zubi nagusia eramatea ere ez zen harritzekoa.
1775eko ekainak 20ko ufala
Hamabost egunotan euria bota eta bota ari ostean, goizeko zortziretan Sologoen inguruko sastrakadian haitz handi bat apurtu zen eta, behera etortzerakoan, etxe bat bota zuen. Atoan hil ziren bertako Maria de Ganuza, 50 urtekoa, eta 12 urteko alaba, Ana Maria; aita, berriz, hondakinen artean bizirik ateratzea lortu zuten. Orduko adituen arabera harria 304.448 libratakoa omen zen[6].
Udalak Jose de Arluciaga bizilaguna bidali zuen lubiziaren tokia aztertzera, baina bertara heltzerakoan bigarren lubizi batek harrapatu eta hil egin zuen.
Honetaz gain, egun hartan bertan egundoko ufala izan zen, hainbat burdinola eta etxebizitza aurretik eruan zuena.
1790eko maiatzak 7ko ufala
Egun honetako ufala zela eta, pertsona bat ito zen.
1801eko maiatzak 20 eta 21eko ufala
Egun hauetan ere oso ufal handiak izan ziren:
- ...trumoi-hodei izugarri eta ikaragarriak ur superrugariak eta haziak ekarri zituen.
Ufalaz gain, haitzak apurtu eta askatu ziren, batez ere Txara inguruan:
- Inoiz ikusi gabeko euri-jasa ikaragarriak zirela eta, Erregetxearen gainean dagoen farotik arkaitz batzuk askatu ziren, hango baratzeko horma-zati bat eta bolborazko ordezko zaharrari itsatsitako etxetxo bat eraitsi zituztela[7].
1801eko abuztuak 20ko ufala
Hiru hilabete geroago, abuztuak 20an, beste ufal handia izan zen, aurrekoek egindako kalteak areagotuz.
Erregetxeko biltegiak konpondu artean, azaroan herriko hainbat toki izendatu zituzten armak biltzeko: "...antzinean ospitale izandako etxea... Filipinetako Erret Konpainiaren zerbitzura egondakoa... Jauregi dorretxearen behe solairuak... biltegiko zaindariaren etxeko beheko egongela... San Salbador ermitaren aurrean dagoen dorrea, hiribildu honetako kalean... udaletxearen goiko solairua"[8]. Honetaz gain, apurtutako faroa, etxetxoa eta horma konpontzea erabaki zuten.
Ufal hauek zirela eta, Erregetxe zaharra leku berean berrizteko 1785 urteko egitasmoa bertan behera geratuko zen. Ura beheko sotoetan sartzen ohi zen, armak hondatzen; eta Txaratik askatutako harkaitz handiak inoiz Erregetxe barrura sartzen ziren, triskantza handiak eginez.
Horregatik, 1803 urtean Erregetxe berria egiteko proiektua onartu zuten, baina Deba ibaiatik eta Txaratik toki seguruago batean, Plaza Zaharraren gainean hain zuzen.
1834ko ekainak 30ko ufala
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Egun honetan ekaitz ikaragarria izan zen Deba arroa osoan, ibai eta erreka guztiak gainezka egin zituztela.
Herri kaltetuena Antzuola izan zen, baina Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Bergara, Soraluze eta Elgoibarren ere kalteak itzelak izan ziren: guztira, ufalak 19 errota, 22 zubi, 76 eraikin era 3 eliza eraman zituen, eta beste 15 errota, 28 zubi, 6 burdinola eta 121 eraikin hondatu. Hildakoak 89 izan ziren.
Soraluzen, behitzat, gogoratzen den ufal gogorrena izan zen. Santa Ana kaleko 16. zenbakian dagoen oroigarriak dioen bezala, ura puntu horretaraino igo omen zen; dagoen tokia kontutan harturik, ibaia gutxi gora behera 8-10 bat metro hazi zen gertakizun hartan.
Egun hartan Soraluzen ez zen inor hil, baina kalteak ugari izan ziren. Ramiro Larrañagak topatutako eskuizkribu batean jasotzen denez[9], urak eraikin asko eroan zituen: dozena t'erdi etxe, dozena erdi burdinola, arraindegia, San Salvador ermita, ogi-errotak, kainoiendako barrenoak, bolatokia, probaderoa... Eta kaltetutakoak ez ziren gutxi: berogei bat etxe, erregetxe zaharra, Oleako presa berria...
Zubi nagusiaren arku nagusia ere eraman zuen, herriko bi aldeen arteko komunikazioa eteten. Udalak zerga bereziak ezarri zituen berreraikuntzarekin hasteko, baina orduan Rodil jeneral liberala sartu zen herrian, eta bildutako dirua eraman zuen[10].
Zubi Nagusia eta 1834ko ufala |
1953ko urriak 14ko ufala
XX. mendeko lehen ufal handia 1953ko urriaren 14an gertatu zen, seguru aski 80. hamarkadakoak baino indartsuagoa[11].
Kalteak, gehien bat, Gipuzkoan izan ziren, Deba, Urola, Oria eta Urumea ibaien ibarretan. Soraluzeren inguruan (Eibarren), esateko, 24 ordutan matro koadroko 200 litrotik gora bota zuen, eta beste tokietan hori baino gehiago ere: Legazpian 237 litro, Villabonan 221 litro eta Arditurrin 313 litro.
Guztira 27 hildako izan ziren (Soraluzen bat ere ez). Kalte ekonomikoak ere oso altuak izan ziren, Gipuzkoan bakarrik orduko 1.000 miloi pezeta.
(handiago ikusteko, sakatu gainean)
1980.eko abenduak 19ko ufala
Euri jasa-gogorren eraginez, Deba ibaiak gainezka egin zuen Elgoibar, Elgeta, Bergara, Arrasate eta, batez ere, Mendaron. Soraluzen ere eragina izan zuen, apalagoa.
1983ko abuztuaren 26ko ufala
1983ko uhoaldean, Gipuzkoa eta Bizkaiko 110 herri gune katastrofiko bezala izendatu zituzten. 40 bat herritar hil edo desagertu ziren, eta galera ekonomikoak 1.200 milioi eurotik gorakoak izan ziren. Ostiral hartan, aste guztiko eurite handien ondoren, azken euri jasa erraldoi bat etorri zen: 24 ordutan 500 bat litro bota zituen, ostiraleko goizeko bederatietatik larunbateko bederatziak bitartean.
1988 uztailaren 19ko ufala
Orokorrean 1983eko ufala baino arinagoa izan bazen ere, Deba eta Urola arroetan askoz gogorragoa izan zen, bai hildakoen aldetik zein galera ekonomikoetatik[12].
Ibaia asko hasi zen, bost bat metro, eta urak zenbait etxebizitza hartu zituen. Baina kaltegarriagoak izan ziren mendietatik jeisten zirenak: euriteen eraginez minutu gutxitan ur pila hasi zen jaisten maldan behera, lohi eta hondakin ugariekin batera.
Herritar askok ez zuen izan denborarik beren buruak babesteko, eta 15 hildako egon ziren, horietatik 9 Elgoibarren bertan. Honetaz gain, orduko kroniken arabera eskualdeko galera ekonomikoak 120 milioi eurokoak izan ziren[13].
2004.ko uztaileko ufala
Ekaitzak zirela eta, Deba, Elgeta eta Soraluzen etxe batzuk kaltetu ziren. Eibarren, aldiz, indarra falta izan zen.
2021. abenduak 9eko ufala
Egun honetan Deba ibaiak gainezka egin zuen Carmelo Mendizabal parean, Bergarako errepidea hainbat ordutan moztuz[14].
Herrian, nahiz eta ibaiak altura ikusgarria hartu, ufalak ez zuen bestelako kalterik eraginik.
Erreferentziak
- Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica. Ramiro Larrañaga (Soraluzeko Udala 1993).
- Revisión y actualización de la evaluación del riesgo de inundación (EPRI 2º ciclo) D.H. Cantábrico Oriental. Anexo 1: Registro de eventos de inundación.
- ↑ Ufala Soraluzeko berba da. Batuaz eta gipuzkeraz uholdea esaten zaio, eta uriola bizkaieraz.
- ↑ Fenomeno hauen artean egoten da tanta hotza izenekoa.
- ↑ Erderaz, boronas. Arto sailak segur aski.
- ↑ Sasiolako zubia, esaterako.
- ↑ Guipùzcoa bajo su aspecto físico. Del clima y temperatura. Pablo de Gorosabel (Euskal-herria. Revista vascongada 1907).
- ↑ 130 eta 140 tonelada artekoa
- ↑ "...con motivo de las copiosas y nunca vistas llubias... se desprendieron algunas peñas del faro que está al frente de la Casa Real que derribaron un retazo de pared de la huerta de ella y casilla pegante al repuesto antiguo de pólbora" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1801/10/11).
- ↑ "...la casa que en lo antiguo fue hospital... que a servido a la Real Compañía de Filipinas... los suelos vajos de la casa torre de Jauregui... el salón bajo de las casa del Guarda almacén... la torre frente a la hermita de San Salvador en la calle desta villa... el suelo de arriba de la casa Consistorial" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1801/10/11).
- ↑ 30 de junio de 1834. Hoy se cumplen 144 años de la gran inundación de Placencia de las Armas. Ramiro Larrañaga (La Voz de España 1984/06/04)
- ↑ Karlistentzako arma biltegiak topa omen zituen, eta 200.000 errealeko isuna jarri zion herriari.
- ↑ 14 de octubre de 1953: El día en el que la lluvia cayó "a cielo roto" sobre Euskal Herria. Gara (2008/10/14)
- ↑ Ocho muertos y varios desaparecidos, primer balance de la tromba de agua que asoló el País Vasco. ABC Sevilla (1988/07/21)
- ↑ Se cumplen también 30 años de la tragedia de 1988, que dejó 15 muertos. Javier Peñalba (Diario Vasco 2018/08/26).
- ↑ Deba ibaiak gainezka eginda jarraitzen du Carmelo Mendizabalen zubian. Egoitz Unamuno (plaentxia.eus 2021/12/10).