Maristak (eu)
Maristak 55 urtetan (1909-1964) egon ziren Soraluzen, Colegio Sagrado Corazón del Jesús-en eskolak ematen.
Etorrera
Testuingurua
Maristena[1] hezkuntzara bideratutako istitutu erlijiosoa da, 1817 urtean Marcellin Champagnat (1789-1840) beatoak sortua Frantzian.
1886 urtetik aurrera Frantziako III Errepublika Eliza eta eliz-erakundeak gero eta estuago hartzen hasi zen, batez ere irakaskuntza laikoa bultzatuz eta praile eta mojak jazartzen. Azkenean, askok eta askok atzerrirako bidea hartu zuten, ekaitza pasa artean behintzat.
Maristek ere Frantziako beren "probintziak" atzerrian ezartzea erabaki zuten. Halaxe, Labacanekoak Oñatira etorri ziren 1903 urtean, eta han eskola zabaldu, Antzuolako egoitza nagusia prestatu bitartean. 1907an Antzuolako Nobizio-etxea onartu zieten eta 1908an zabaldu zuten. Halaxe sortu zen Labacane-Antzuola probintzia marista.
Aurki, inguruko herrietan zabaldu zituzten ikastetxeak: Azpeitia (1904), Durango (1904), Zalla (1906), Soraluze (1909), Ordizia (1914), Galdakao (1918), Bilbao (1918) Balmaseda (1920)...
Soraluzeko ikastetxea
Soraluzeko ikastetxea Udalak sustatu zuen; maristekin sinatutako hitzarmenaren arabera, hiru anaia marista egongo ziren Soraluzen, eta Udalak mantenduko zituen. 1909ko irailean heldu ziren lehen maristak, baina utzi zieten eraikina ez zen oso egokia: Ikastetxea... arkitektura eskaseko eta kabida gutxiko eraikina[2].
Azkenean, 1912 edo 1913 urtean martxan jarri zuten ikastetxea. Azken urte honetan Soraluzeko komunitatea hiru lagunek osatzen zuten: Agilio anaia (zuzendaria), Niceas anaia (bigarren ikasgelan) eta Aureliano anaia[3] (sukaldaria eta laguntzailea).
Ikastetxearen antolaketa
Soraluzeko ikastetxearen izena Colegio del Sagrado Corazón de Jesús[4] zen.
Kudeaketa
Arestian aipatu denez, ez zen Maristena, Udalarena baizik. Honek batzordea izendatzen zuen ikastetxea kudeatzeko. Hurrengo urtetan Patronato de Enseñanza Profesional izenekoa sortu zen, ikastetxea kudeatzeko.
Maristen ikastetxea pribatua zen; hau da, ordaintzekoa era erlijiosoa. Eta gainera, mutilendako bakarrik. Hiru ezaugarri hauek bereizten zuten ikasleen jatorria.
Kuotak diruz[5] ordaintzen baziren ere, inoiz ikasle baserritarrei lan truke ordaintzeko aukera ematen zitzaien.
Egunerokotasunean maristek, zuzendariak batez ere, erabakitzen zuten. Erabaki garrantzitsuenak Patronatoaren esku zeuden. Horregatik, oso interesgarria izaten zen maristen nagusia era Patronatoaren lehendakarien arteko harreman ona izatea.
Maristen taldea
Udalarekin adostuta, maristek talde bat mantendu zuten Soraluzen, hiru anaiek osatua.
Hasiera batean zuzendaria (eta irakaslea), bigarren irakaslea eta sukaldaria (eta irakasle laguntzailea) izaten ziren; herrian direktoria, erdikua eta kozinerua moduan ezagutzen ziren.
1936 urtean ere hiru anaia zeuden Soraluzeko egoitzan: Antonio Agustín, Juan Gregorio eta Faustino José. Eta ikasleak 128 ziren. Hurrengo hilabeteetan bizi eta eskolak eman zituzten inolako eragozpenik gabe.
Soraluzen izandako beste anaien izenak: Víctor Andrés (zuzendaria), Norberto (zuzendaria), Anselmo, José...
(handiago ikusteko, sakatu gainean)
Eskolak
Eskolak astelehenetik zapatu arte izaten ziren, goiz eta arratsaldez; azken urteetan eguen arratsaldetan jai izaten zen, atsedena. Domeketan, ikasle guztiak ikastetxera joaten ziren, zerrenda pasa, eta bi ilararan parrokiara bideeatzen ziren, mezetaea, irakasleak lagunduta.
Eskolak gaztelaniaz ematen ziren eta, irakasleak maristak izanik, kutsu erlijioso nabarmena zuten.
Bi irakasle zirenez, ikasleak bi ikasgeletan antolatzen zituzten. Azken urteetan hiru anaiak ziren irakasle, eta txikiendako ikasgela antolatu zuten egoitzaren behe solairuan.
Jolas-orduak patioan eta frontoian egiten ziren. Zapatuetan, berriz, Udal frontoira jeistkeo baimena zegoen, Buztiñatik.
Eraikinak
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
Ikastetxea parrokiaren ostean zegoen, San Andreseko bidea eta tren geltokiaren artean.
Bi mailatan antolatuta zegoen. Goikoan, mendebaldetik ikusita, ezkerrean egoitza zegoen (behe solairua eta lehen solairua, geltokiko plazatik sarrera zuen), ikasgeletako eraikina (behe solairua bakarrik, bi ikasgelatan antolatuta eta lehio handiak mendebaldera) eta oilategia. Erdian maristen ortua zegoen, egoitza ondoan herriko kaki bakarra eta erdian patiora jeisteko eskilarak.
Beheko mailan patioa zegoen, trapeziodala. Ezkerrean aterpe luzea zuen, frontoi moduan erabiltzen zena. Eskuman, berriz, ikasleen atea, komunak eta txabola-lantegia.
Bukaera
Maristak berrogetamar urte baino gehiago Soraluzen aritu era gero, azken ikasturtea 1963-1964koa izan zen.
Urte hartan, zuzendaria Samuel Soto anaia (1925-2015) izan zen, eta beste bi irakasleak Jose anaia eta Lorenzo Suescun anaia.
Maristak Soraluzerik joan eta gero, Colegio del Sagrado Corazón de Jesús beste hamabi urtetan luzatu zuen bere lana, baina irakasle laikoekin. Azkenean, 1976 urtean desegin zen, ondasunak Soraluzeko Udalari pasatuz.
Erreferentziak
- ↑ Eskoletako Anaia Mariazaleak, latinez Fratres Maristae a Scholis, frantsesez Frères Maristes des Ecoles, gaztelaniaz Instituto de los Hermanos Maristas de la Enseñanza.
- ↑ "El colegio… un edificio de pobre arquitectura e insuficiente capacidad" (Boletin Ibérica Marista, 35 zbk. 2011ko ekaina).
- ↑ Aureliano anaia (Torralba del Río, Nafarroa, 1908 - Badajoz, 1936), Pedro Ortigosa Oráa jaioa (beste erlijioso askoren moduan, maristek ere izena aldatzen dute, aurreko bizitzarekin etetzeko moduan). Maristetan sartu eta gero, 1913an Soraluzeko ikastetxean hasi zen, irakasle eta sukaldari batera. Euskal Herriko hainbat ikastetxean aritu ondoren, 1935 urtean Badajozera bidali zuten. Gerra hasi zenean miliziano batzuek preso hartu eta erail zuten. Beato egin zuten (2013/10/13).
- ↑ Jesusen Bihotza ikastetxea.
- ↑ Ramiro Larrañagak jasotzen duenez, 1935 urtean kuota 2,50 pezeta astekoa zen.