Errekaldeko ospitalea (eu)
Izenak
Hiru izen erabili izan dira Errekaldeko ospitalea izendatzeko: Erruki-ospitalea[1] (Kalagorriko eta Ozkabarteko elizbarrutiko ikuskariek), Maala edo Madalena[2] (Soraluzeko biztanleek) eta Hirutasun Santua[3] (Soraluzeko Udalak).
Errekaldeko ospitalea Errabalekoa ordezkatzeko sortu zuten, helburu berberekin.
Kokapena
Mota honetako erakundeak hiriko harresietatik kanpo eta errepide edo galtzada nagusi baten ondoan egoten ziren, eta Soraluzeko bigarren ospitalea ez zen salbuespena izan,
Errabal kaleko ospitala zabaldu zenetik (XV mendea) berrehun urte eta gehiago pasa zirenez, pentsatzekoa da Soraluze ordurako nahikoa haziko zela. Agian horregatik ospitale berria egiterakoan kanporago bidali zutela, Herlaibiara.
Ospitale berria Errekalde kaleako 1. zenbakian egin zuten.
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Eraikuntza
XVII mende bukaeran Errabaleko ospitale zaharra oso egoera eskasean zegoen. Horregatik, 1695.eko ekainean, Kalagorriko elizbarrutiko Elizepaile eta Bikario Nagusiak Hirutasun Santuaren Ospitalea bota eta berria jaso eta erakitzeko baimena eman zuen.
Berria egiteko elkarren ondoko bi orube erabili zituzten. Bata Maala ermita egiteko orubea zen, Udalarena; eta bestea Teresa Beiztegi-Egozak, Juan Agirre Aranbururen alargunak, erosi eta Udalari doan emandakoa.
Izatez, Maala ermitaren orube ondoan bazeuden harlanduzko etxe batzuk, Francisco Hernizketaren oinordekoenak. 1695ko martxoan Teresa Beiztegi-Egozak etxeak erosi zizkien zilarrezko 300 dukatengatik[4], eta Soraluzeko Udalari doan eman bertan Hirutasun Santuaren ospitale berria egiteko[5]
Ospitalea eraikitzeko Lukas Longakoa aukeratu zuten. Eta bi kontrata nagusi egin ziren. Bata Juan Aranzeta Elgetako hargin-maisuarekin harri eta silarri lanetarako, 3.176 zilarreko errealetan. Eta bigarrena Andres Aldaeta Bergarako arotzarekin, 5.800 errealetan.
Lanak bi urtetan egitekoak baziren ere[6] 1701 urtean nahikoa aurreratuak ziren ospital berria erabiltzen hasteko.
Historia
1701 urtean bertan 195 erreal erabili ziren pobreak Errabaleko ospitale zaharretik ospitale berrira ekartzeko.
Dena dela, lanak ez ziren bukatuak, diru faltaz. 1705, urtean Udalaren agirietan jaso zen eraikuntza lanak geldirik zeudela, eta jarraitu ahal izateko limosna eske irtetzeko agindu zela[7].
Bertako antolakuntza eta bizimodua aurreko ospitalearenak ziren: maiordomoa eta bi ospitalezainak alde batetik, eta pobre eta eskaleak bestetik.
- Gehiago jakiteko sakatu hemen.
Baina Errekaldeko ospitaleak ez zuen historia luzea izan. 1718.ean, Felipe V.k aduanak Ebrotik itsasertzera mugitzeko agindu zuenean lehenego matxinada sortu zen. Sortutako arazoak zirela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak ospitaleak ixtea agindu zuen, baina Soraluzen zenbait pertsonek ezkutuan erabiltzen jarraitu zuen denbora batean: 1730.ean Udalak ospitalea konpontzea onartu zuen[8].
1756 urtean hiriko diruzaina zenak, Joseph Mendiolak, Errege Aginduz ospitalea itxita dagoela jasotzen du.
Hiru urte geroago (1759) orduko alkateak ospitalea itxitzat ematen du, eta bere ondasunen jabe udala egiten dela: Hirutasun Santuaren ospitale beraren etxea (bukatu gabe oraindik), Elizburun orube bat eta Ospital erreka inguruko lursail bat (Sagar-errekan, Osteittako bide ondoan).
Hurrengo mende t'erditan Soraluzen ez zen ospitalik egon, baina Kontzejua arduratzen zen balizko behartsuez.
- Gehiago jakiteko sakatu hemen.
Bitartean, eraikina beste zereginetan erabili zen. 1791 urtean, esateko, Thomas de Amuchastegui maisu arotzak lanak egin zituen "kanoi-gurdien biltegia etxe-ospitalean"[9].
XIX mende amaieran herrian babesetxea ezartzeko kontakto ofizialak hasi ziren. Etxe hori erruki-ordenaren batek zuzenduko luke, eskualdeko beste herri batzuetan egin ohi zen moduan, esate baterako Elgoibarren (1869) edo Arrasaten (1892).
Erreferentziak
- Merzedariak ehun urte Soraluzen. Javier Elorza (Soraluzeko Udala 1995).
- ↑ Hospital de la Misericordia.
- ↑ La Magdalena.
- ↑ La Santísima Trinidad.
- ↑ Teresa de Veiztegui andereari salmenta "para sí sus herederos y para quien tubiese su derecho unos suelos de casas con sus edificios de cantería que quedaron por fin y muerte del dicho Francisco de Hernizqueta y de su herencia para los otrogantes en el barrio de Erleyco Recalde que confina por un lado con las casas que fueron de Martín de Irigoien y por arriba el camino real que baja desde Vergara a esta villa y por abajo el río principal de ella llamado Deba y por el otro lado el arroyo que baja por los montes del barrio de Erlaeguia que está pegante otro solar que tiene esta dicha villa para hacer hermita con la bocación de la Madalena y los dichos suelos dan y venden con todas sus entradas y salidas derechos caminos, servidumbres" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1695/03/29).
- ↑ Aipatutako Teresa de Veizteguik solairuak eta hargintza eraikin bera ematen dizkio "a la dicha villa de Placencia que es patrona del hospital viejo, para que en ellos haga fabricar y fabrique un hospital nuebo con la misma bocación de la Santissima Trinidad que tiene el viejo" (Soraluzeko Udal Artxibategia 1695/03/29).
- ↑ Errebaleko ospitala saldu zenean (1695ko abendua) baldintza bat zen bi urteetara pobreek ospitale berrira pasata egon behar zirela.
- ↑ Soraluzeko Udal Artxibategia (1705/03/25)
- ↑ ...se acordó hacer obras y reparos de la Casa del Hospital (Soraluzeko Udal Artxibo Historikoa 1730/05/19).
- ↑ Soraluzeko Udal Artxibategia. Biztanleen Matrikula Liburua 1791).