Bizkaiko Placencia herria (eu)
Bizkaiko Placencia | |
---|---|
Mota | Herria, ibaia eta badia |
Kokapena | Bizkaia (Euskal Herria) |
Garai bateko Bizkaiko Placencia gaur egun Plentzia[1] da. Uribe Kosta eskualdean dago, kostaldean, Bilbotik 25 bat kilometrotara, Butroe ibaiaren azken bihurgunearen eskuinaldean, ibai hori Plentziako badian isuri aurretik.
5,79 kilometro koadro dauzka, eta 2015. urtean 4.397 biztanle zituen. Biztanleria udan laukoiztu egiten da (16.000 biztanle gutxi gorabehera).
Irudiak
(handitzeko, sakatu gainean)
Kokapena
(Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)
Historia
Erromatar aztarnak aurkitu dira herrian, baina hiribildu moduan XIII. mendean sortu zen, Plasentia de Butron izenarekin (hortik eratorria da gaurko Plentzia), Diego Lopez Harokoak balea arrantzan eta merkataritzan ziharduen eta Gorlizena zen lurralde bateko gunea mugarritu zuenean, hain zuzen ere, 1299an, Gorlizena zen Gaminiz auzoan. Hiribildu berriaren lurraldeak Gorlizi hartu zitzaizkion, beraz. Hiribilduari Logroñoko Forua eman zitzaion, eta hurrengo Bizkaiko jaun-andreek eta Gaztelako errege-erreginek forua berretsi zuten.
Butroetarrak herriaz jabetu ziren, baina XVI. mendean horren gaineko boterea galdu zuten. Hortik aurrera bere goraldia izan zuen Plentziak, ontzigintza, balea-arrantza eta merkataritza zirela eta. Ontzigintzaren azken aztarna Astillero plaza da.
XVIII. mendean beheraldi handia hasi zen, izan ere, Espainiar-Britainiar gudan flota guztia galdu eta herrian industrializaziorik gertatu ez zenez, bere inguru naturala bere horretan mantendu zuen Plentziak. Azken arrazoi horregatik, burgesia txikiak udako herri bihurtu zuen Plentzia, batez ere XIX. mende amaieratik aurrera.
Gaur egun, berriz, Plentzian dago Bilboko Metroko amaierako geltokietako bat. Plentziari hainbat urbanizazio berri dagozkio, esaterako Isuskitza deritzona (Plentziako Abanikoa, horrela deitua airetik daukan itxuragatik), Butroe ibaian gora dago, Plentziatik bi kilometrora ibaiak egiten duen errebolta zabal baten barruan.
Izena
Hiribildu moduan XIII. mendean sortu zen, Plasentia de Butron izenarekin.
Gerora, izena Plentzia bihurtu zen, baina Madozen hiztegi famatuan (Diccionario de Madoz) Placencia izenarekin lotua agertzen da[2]:
PLENTZIA, XVI mendea arte PLACENCIA deitua, Bizkaiko probintzian (Bilbora 3 legoa), Gernikako epai barrutian... (PLENCIA: v. llamada PLACENCIA hasta el siglo XVI, en la provincia de Vizcaya (a Bilbao 3 leg.), part. jud. de Guernica...)
Hiztegi honetan bertan ere izen bereko ibaiaren aipamena egiten da[3]:
PLENTZIA, lehen PLACENCIA: Bizkaiko ibaia, Butroe izenarekin ere ezagutua, Gernikako epai barrutian... (PLENCIA, antes PLACENCIA: r. de Vizcaya conocido también con el nombre de Butrón, en el part. jud. de Guernica...)
2010 urtean, Euskaltzaindiaren Onomastika Sailak badiari Plentziako badia izena zegokiola ebatzi zuen. Erabilitako argudioen artean Plentzia izenaren jatorria eta bilakaera dago. Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Erreferentziak
- ↑ Plentzia. Wikipedia (euskaraz)
- ↑ Diccionario de Madoz. New York-eko Liburutegi Publikoa (Public Library of New York)
- ↑ Diccionario de Madoz. New York-eko Liburutegi Publikoa (Public Library of New York)