Arregia jauregia (eu)

    Sorapediatik
    (Arregia de Yuso (eu)(e)tik birzuzenduta)
    Arregia jauregia
    Arregi-torrea / Arregia de Yuso
    Arregia jauregia. Ikuspegi orokorra (Gipuzkoako ondarea).jpg
    Estiloa Gotiko-Berpizkundea
    Mendea XV-XVI
    Kokapena Gabolats kalea
    Mota Arkitektura


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)

    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...


    Azalpena eta historia

    XV mendeko balizko itxura

    Arregia de Yuso izena zuen, gertu duelako Arregia Goikoa edo Arregia de Suso etxea.

    Oin karratua eta hiru isurialdeko teilatua dituen eraikina. Hiru solairu eta ganbara dauzka. Hormak harrizkoak dira eta harlanduak ditu horma-izkinetan eta bao batzuen ertzetan.

    Antzinako euskal dorretxea da, Erdi Aroko elementu arkitektonikoak dituena, hala nola, lobulu-modiloiak. Garai batean altuera ezberdinetako sarrera-ateak zituen: sotoetakoa Plaza Zaharreko etxaurrean zegoen, oraindik dobelak ikusten direla.

    Fatxada nagusi ederrean, Gabolats aldera, puntu erdiko arkua duen ate handi bat, hareharrizko armarria, egurrezko erlaitz tailatua eta habe tailatuekiko teilatu-hegala daude. Ateak bi armaila eder zuen; XX mende hasieran, Gabolats kaleko sarrera jaitsi zutenean, atea ere ia metro bat jaitsi izan behar zuten.

    Ezker fatxadan balkoi besodun bat dauka, burdina forjatuzkoa. Atzeko fatxada babestuz, bi horma-bular ditu izkinetan. Goiko solairuetako sarrera kanpoko eskilara zen, gerora estali eta atari barrura sartu zutena. Oraindik ere garbi ikusten dira aztarnak. Erreka aldera duen galeriak berpizkunde garaikoa ematen du.

    Eraikin hau kultur ondasun kalifikatu izendatzeko espedientea irekita dago 1978ko urtarrilaren 4ko ebazpenez.

    Geroago hiri-jauregi bihurtu zen. Izatez, XV mende bukaeran, eta batez ere XVI mende osoan, Arregitarrek lur sail handiak zituzten. Mende honen erdialdean bertako alaba eta dorretxeko oinordekoa, Marina Pérez de Arreguia, Andres Ibáñez de Yrure doktorearekin ezkondu zen. Andrés hau, Irure Handikuan jaioa, Carlos V enperadorearen medikua izan zen eta Alemaniako gerran hil zen. Beste iturrien arabera, Andrés Ormaetxea jauregian jaio zen, gaur eguneko Santa Ana kalean.

    Dorretxeari dotorezia emateko, senar-emazteek herriko armarri ederrena jarri zuten aurrekaldean; ezkontzean Iruretarren leinukoen jabetza izatera pasatu zenez, Irureko armarria hain zuzen: urdina (azur), erdian zuhaitza, Nafarroako armak dituen eskututxoaz, eta gainean gurutze gorri (gules) lili loreduna, eta lehoia enborraren kontra; buelta osoa orlegia (sinople) eta bertan zakur dogoak eta zezenak. Armarri hau dela eta, inoiz jauregi honi Irure Jauregia izen ezegokia eman zitzaion.

    Armarriak mende batzuk aurrerago Nafarroako erregeari eskeinitako zezenketa islatzen du. Sancho de Irure, Don Celinos jaunaren semea zen, eta Celinos de Unzuetaren anaia. Don Celinos hau Antso Jakituna Nafarroako erregearen lehengusua omen zen, eta 1.165 urtean zezenketa egin zituzten Iruren bertan, erregearen bisita ospatzeko.

    Armarria hiru aldiz agertzen da herrian: Irure Handikuan, Irure Hamenguan eta kaleko Arregia jauregian.

    Dionisio Adame Arregiak sortutako lotura (binkuloa) eta maiorazgoa zituztenek Ibaizabaleko (Deba erreka) errota eta barrenak erabiltzeko eskubideak zituzten. Halaxe agertzen da 1713 urteko agirietan, Pedro de Aguirrek, Erret Kontseiluen abokatuak, aurkeztutako demandan. José Antonio Gómez jaunak, Entzutegiaren prokuradorea, Udala ordezkatu zuen.

    1791 urtean, Plaza Zaharra berriro zabaltzeko asmoa zela eta, Arregia jauregia eta Arregia Goikoaren jabeek behar zen lursailaren erabilera laga zioten Udalari, jabetza gordetzen zuten bitartean[1]. Orduan Clara de Churruca, Pedro de Irureen alarguna, eta Pedro de Irure bere semea ziren Arregia jauregiaren jabeak.

    Eraikinean egindako azken lanak 2002 urtekoak dira, teilatua zaharberritu zutela. Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza izan zuten.


    Erreferentziak

    1. Soraluzeko Udal Artxibategia (1791/06/26).