Aratusteak (eu)
Aratusteak, lehenengo dokumentuen arabera, gutxienez erdi arotik Europa osoan ospatu diren jaiak dira. Garai horretan, kutsu erlijiotsua hartu zuten arren, badakigu aurretik ere ospatzen zirela eta kristau erlijioaren zabalkuntza aurretiko jaiak direla. Duela milaka urte, Erromatar inperioaren garaietan eta baita Egipto zaharrean ospatzen baitziren antzerako jaiak. Aratusteak edo inauteriak, egungo garaietara heldu diren festa pagano bakarretakoak dira, kristau aurretikoak hain zuzen.
Egutegia
Aratusteek (edo Ihauteriek edo Iñauteriek) ez dute data finkorik, garizuma[1] aurreko jaiak direlako.
Udaberri ekinozio osteko lehen domekan Pizkunde Pazkoa ospatzen da, eta aurrekoan Erramu Domeka; bien bitartean Aste Santua dago. Erramu Domeka aurreko berrogei egunek Garizuma osatzen dute. Garizuma hausterre egunean hasten da, eguaztena.
Aurreko egunetan Aratusteak izaten dira. Lehen eguna Eguen Gizena da, eta gero Bariku Argala, Zapatua, Aratuste Domeka. Azken eguna Aratuste martitzena izaten da, bertan Sardinaren Hileta egiten dela.
Hausterre Egunean elizkizuna izaten zen. Bertan, abadeak eliztarren bekokietan gurutzea egiten zuen errautsez, latinez sasoi batean: Pulvis es et in pulverum reverteris[2].
Hau da Aratusteen egutegi zabalduena, baina toki batzuetan aurretik hasten dira Aratusteak (Ituren, Zubieta), eta beste batzuetan ostean ospatzen dira (Piñata domeka, Altzan).
Euskal Iñauteriak
Euskal herrian badira kristau aurretiko ohiturak eta sinbologia gordetzen dituzten Aratusteak; Lantz edo Iturengoak Nafarroan edo Mundakakoak Bizkaian. Iñauteri hauetan, herritarrak kultura herrikoiarekin eta mitologiarekin lotutako pertsonaiez mozorrotzen dira, Miel Otxin eta Ziripot adibidez.
XIX. mendetik aurrera Aratusteek kutsu hiritarragoa hartu zuten, mitologia eta naturarekin zer ikusia zuen kultura nekazal gune eta herri txikietara mugatuz. Hala ere, gaur egun, Festaren oinarria hasierakoarenaren berbera izaten jarraitzen du: mozorrotzea eta ondo pasatzea.
Aratusteak Soraluzen
Gerra aurreko Aratusteak
Eliza inguruko jendeak eta, batez ere, karlistek ez zuten Aratusteak ospatzen, moral katolikoaren kontrakoak zirelako.
Eguen gizen egunean, bazkaldu aurretik txorizo egosia jateko ohitura zegoen (txistorrarik ez, mesedez!) eta, bazkalostean, esne-torradak[3] ardo goxoaz.
Hurrengo egunetan, karrozak irtetzen ziren desfilean, eta Batzokikoak izaten ziren ikusgarrienak. Ander Ezenarro zenak hainbat abesti egin zituen konpartsetako, karrozaren gaiaren arabera: Lisiberak, Pintoriak, Arraunlariak, Sorgiñak, Sudango Sultana, Zapatariak, Aratoste ontako, eta abar.
Beste aldetik, dantzak izaten ziren. Liberalekoak famatuak ziren, batez ere Piñata igandeko dantzaldia: garizuma hasita zegoen baina aratustetako azken dantza izaten zen; gainera pastelak izaten ziran, eta umeak bertara joan behar pastelak jatera!
Saloiaren erdi erdian zutabe borobila zegoen. Bertan Santiago Gojeascoechea Fati egoten zen makil handi batekin erritmoa markatzen, eta bikoteak zaintzen aldi berean, ezer arrarorik ez gertatzeko. Berak markatzen zuen piezak noiz bukatu.
Frankismo garaiak
1936ekoak izan ziren urte askotan ospatutako azken Aratusteak. Udan gerra sortu zen, eta irailean frankistek herria hartu zuten.
Erregimen berria, beste gauza askoren artean, moral katolikoaren defendatzaile sutsua zen eta Aratusteak debekatu zituen. Euskale Herrian Tolosakoek lortu zuten 1937urtean Udaberriko Jaiak antolatzea, frankismo urte guztietan iraun zutenak.
Soraluzen, Aratusteen oroimena geratu zen (Jueves gordo, viernes flaco, sábado regular y domingo Carnaval) eta eguen gizeneko txorizoa eta esne-torradak jateko ohitura.
Frankismo osteko Aratusteak
Franco hil eta gero, 1.975tik aurrera berreskuratu ziren Aratusteak.
Urteen arabera jaien programa aldatu egin izan da, baina azken urteetan hiru ekitaldi egonkortu dira. Eguen gizenean Euskal Aratusteak ospatzen dira, ume zein guraso euskal iñauteri tradizionalen hainbat mozorro janzten dituztela. Aratoste domekan mozorro lehiaketa izaten da, banakakoa zein taldeena. Eta Aratoste martitzenean Sardinaren hileta ospatzen da; hau da, aratosten bukaera; dantzaldia izaten da.
Hurrengo egunean Elizak Hausterre eguna ospatzen du.