Aizpuruko Zabala trikuharria. Indusketak (eu)

    Sorapediatik
    Ikuspegi orokorra (Jose)

    1921ko kanpaina (indusketa historikoa)

    Aranzadi, Barandiaran eta Egurenek 1921 urtean Elosua-Plazentzia estazio megalitikoa ikertu zuten, eta Aizpuruko Zabala izan zen estazioan aztertutako bigarren trikuharria. Exploración de dieciseis dólmenes de la sierra Elosua-Plazentzia liburuan Aizpuruko Zabalari buruz honako hau idatzi zuten:

    Kokapena
    Uztailak biak bertan, Arribiribileta harria ikusi eta gero, Aizpuruko zabala trikuharriraino joan ginen. Trikuharri hau Kûtzebakar-retik Osintxuruntz jaisten den mendiko zabalune estu batean. Kokapena zehazteko, Kûtzebakar-retik metro gutxitara dago, Osetarako bidetik ezkerrera (begira planoan).
    Tamaina eta egitura
    Garo trinkoak ia estalita, Aizpuruko zabala osatzen duten harri nabarrak antzeman daitezke. 14 metrotako diametroa eta metro t'erdiko altuera du. Harri guztiak ofitazkoak dira, bai tumuloarenak zein trikuharriaren kamararenak. Hiru harlauzak gordetzen dira: hegoaldekoa, sarrerakoa eta ipar-ekialdekoa. Hona hemen neurriak
    • Alboko a harlauzak 2,10 metroko luzeera du, 1,70 metro altuera eta 0,25 metro lodiera.
    • Alboko b harlauzak 0,53 metroko luzeera du, 1,30 metro altuera eta 0,12 metro lodiera.
    • Sarrerakoak 0,80 metroko luzeera du eta 0,30 metro lodiera.
    Harlauza hauen kokapenari kasu eginez, trikuharriaren kamarak, apurtu aurretik, Ekialde-Mendebalde orientazioa izango zuen, eta gutxi gorabeherako neurri hauek izango zituen: 2 metro luze, metro 1 zabal eta 1,40 metroko altuera.
    Indusketa
    Uztailak bian garoz eta añarrez betetako ingurua garbitzen hasi ginen. Gero Polpoleko sakanetik bueltatu ginen; eta lainoak eta basoak orientazioa galerazten zutenez, denbora eta traba asko izan genituen.
    Uztailak 3, igandea. Jaia zenez ez ginen mendira igo; baina historiaurreko esparruan txangoak egiteko aukerak izan genituen, Elosuako sakristauaren memoriari esker; honek tradizio asko kontatu zigun, eta hauetako ez gutxi Aizpuruko zabala monumentua eraiki zuten jentil haietako garaitik datoz, dura barik.
    Uztailak 4. Aizpuruko zabalara itzuli ginen eta, mendebalde-hegomendebaldetik tumuluaren argazkia hartuta, hobi kamararen miaketari berrekin genion. Indusketa bukatuta, ateratako lurra miatu eta iragazi genuen. Bi sukarri pusketa agertu ziren, horietako bat triangularra, ahizto baten modukoa, eta hiru rodete lauak, 5 milimetrotako diametrokoak, Axpeako tumuluan (Arabako Trespuentes) agertutakoen antzekoak, Gasteizko Marianistek miatuta. Gainera, leundutako sukarri pusketa txiki-txikia ere agertu zen.
    Aizpuruko zabalan, Irukûtzeta modutan, garai batean izandako gorpuzkinak desagertu dira. Induskatutako trikuharriaren argazkia hartu eta bueltatu ginen.

    Ondorengo materialak berreskuratu ziren indusketan:

    • Harrizko industria: 1 triangelu eskaleno eta 1 printza.
    • Apaingarriak: disko-formako hezurrezko 3 lepoko ale (galduak).


    2020 kanpaina (indusketa modernoak)

    2012 urtetik aurrera, Dolmenen ibilbidearen inguruan Arbasoak egitasmoa martxan jarri zen. Herri arteko egitasmoa da, Elgoibar, Soraluze eta Bergarako Udalek sustatua, Debegesa Garapen Agentziaren koordinaziopean, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.

    2020 urtean, COVID-19 pandemia zela eta, indusketa kanpaina berezia izan zen[1]. Hala ere, irailean trikuharria industeari ekin zioten. Trikuharriaren erdian industuaz gain, alboan ere kata bat egin zuten, eta etxola baten barrenak topatu ere.

    (Handitzeko, sakatu gainean)


    Trikuharria eta etxolaren barrena (J. Tapia 2021)

    2021 kanpaina (indusketa modernoak)

    Aurreko urtean topatutako etxolaren barrenak industu eta miatu zituzten.

    Etxola egiteko tumuluko harriak kendu zituzten, arkaitza agerian geratu arte. Tumuluaren bestekaldean harrizko zokaloa jarri zuten, eta gainontzeko egiturak egurrez eta antzeko osagaiez egin zituzten. Utzitako arrastoen arabera etxolaren neurriak 4 x 2 metrotakoak zirela esan daiteke. Barruan errautsak, erretako haziak eta biltzeko ontzien hondarrak agertu ziren.

    Etxola Brontze Aroko dela ematen du, trikuharria baino modernoagoa, alegia. Korta baino, baso ustiaketarako etxola dela esan daiteke, noizean behin erabiltzekoa.

    Dena dela, etxola hau Muskiritsun aurkitutako lehen bizitokia da, eta Gipuzkoan agertu direnen artean (San Miguel de Irura, Haltzerreka edo San Adrian) egoera onenean dagoena.


    Erreferentziak