Armendia baserria (eu)

    Sorapediatik
    Armendia
    Armendia baserria. Ikuspegi orokorra 01 (Kontrargi 2002).jpg
    Izen formala Armendia
    Bailara Ezozia
    Altuera 215 m
    Hedadura 10 Ha
    Kaletik 1,8 km


    Bertako familia

    Iribar-Belategitarrak


    Irudiak

    (handitzeko, sakatu gainean)


    Kokapena

    (Pantaila osoan ikusteko sakatu hemen)

    Mapa kargatzen...

    Baserriaren inguruko kontuak [1] [2] [3]

    Armendia abizena Soraluzekoa da, eta mendi harritsua esan nahi du.

    Baserria eraikin errektangularra da eta bi isurkiko teilatua du, gailurra fatxada nagusiaren perpendikularra duela. Kanpoko hormak harlangaitzezkoak ditu, eta ertzak eta beheko oineko leiho inguruak harlanduzkoak. Beheko aldena, halaber, gezileihoak ditu.

    Goiko oinetan egurrezko bilbadurak ditu agerian, eta oholarteak harlangaitzezkoak. Albo-fatxada batean, goiko aldean, oinetxearen armarri barrokoa ikus dezakegu: urrezkoa gaztelu gorriaz (gules) bi zuhaitz orlegi (sinople) artean; eskumakoan, zilarrezko (sable) otsoa kate urdinez (azur) enborrari lotua. Baina Soraluzeko beste batzuk heraldika hau erabili zuten: zilarrezkoa, zilarrezko (sable) bi basurdekin zutik jarrita. Buelta guztia gorria (gules), pikoduna.

    Teilategalean egurrezko pieza landu batzuk ere aipagarriak ditu. 1994. urtean, Gipuzkoako Aldundiaren laguntzaz, estaldura konpondu zuten.

    Barruko aldea oso aldatua du. Badu oraindik jatorrizko egituraren pieza bat edo beste, baina nabaria da etxe barruan berrikuntza eta aldaketa asko egin dituztela, batzuk orain dela ez asko, baserriaren alde bat ostalaritzarako erabiltzearren: gaur egun berrogetamar urtetik gora darabil jatetxe moduan, eguneko menua eta karta.

    XVI. menderako bazen Armendia baserria. Lope Martínez de Isastik ere aipatzen du geroago, 1625ean, oinetxe hau.

    Soraluzeko Udalaren 1649tik 1704ra bitarteko Akta Liburuan irakur daitekeenez, 1671ko apirilaren 26an Udalak eta Pedro Otxoa Armendiakoak lur batzuk trukatu zituzten. Armendia baserriko nagusiari baserriko sagastiaren ondoan zeuden lur batzuk eman zizkion Udalak, Ezoziako Andra Mariaren baselizako ataria egiteko hark Udalari eman zizkion lurren "trukean eta ordainez".

    Antonio Ochoa de Armendia jaunak, baserri honen jatorrikoa, bere kaparetasuna (edo hidalguia) Mutrikun frogatu zuen 1707. urtean. Bertako Armendia doktorea Oñatiko Unibertsitatearen errektorea izan zen.

    1725. Martin Ochoa de Armendia zen baserriaren jabea, eta garai berean Ventura de Armendia agertzen zen casilla de Armendia izenekoan. XIX mende hasieran Justo Antonio de Armendia zen jabea.

    1890. urteko erroldaren arabera, bertan Francisco Churruca Alberdi bizi zen, 26 urtekoa; ez zekien irakurtzen ezta idazten. Francisco Churruca hau 1936 urtean hil zen, 80 urte zituela.

    Erreka aldera errota zeukan, Armendia errota, baina aparkamientua egiterakoan desegin zuten. XIX mendean martxan zegoen oraindik, José Salaverría ardurapean.


    Erreferentziak

    1. Soraluzeko baserriak. (78. orrialdea)
    2. Caseríos de Guipuzcoa. (300. orrialdea)
    3. Soraluze. Monografía histórica. (241 orrialdea)