Usadio zaharrak (eu)
Aurreko mendeetan hainbat eta hanbat usadio sortu eta erabili izan dira arazoei aurre egiteko: osasuna zaindu, heriotza bideratu, ekaitzak sahiestu...
Gaur egun, gizarteak aurrera egin ahala, gehienak galdu dira edo galtzekotan daude.
Osasuna
Barea kentzeko, digitopuntura
Askotan, aintxitxiketan[1] ari denari gerri inguruan mina sortzen zaio, gorputzeko ezkerrean edo eskuman izan daiteke.
Mina mota honen jatorria ez da zehatz mehatz ezagutzen (mediku batzuk diotenez, diafragma behartzeagatik omen da; beste batzuk, aldiz, pleuraren bi geruzak itsasten direnean sortzen omen da...), eta Soraluzen baria edo baria izan esaten zaio, barearen inguruan izaten da eta. Hortik abiatuta, limako esaten diote, batez ere erdaldunek (tener el limako).
Mina kentzeko nahikoa da musuzapi bat lotzea kontrako eskuan (hau da, mina ezkerraldean bada eskumako eskuan eta alderantziz), batez ere erpurua eta erakuslearen arteko aldea ondo estutuz: mina minutu batean edo gutxiagotan desagertzen da.
Ematen duenez, digitopunturaren puntu erreflexua omen dago bertan. Horregatik, musuzapirik ezbada nahikoa da erpurua eta erakuslearen arteko aldea beste eskuko hatzamarrekin estutzea... baina, modu honetan, aintxitxiketan jarraitzea askoz zailago da! korrikaBarea kentzeko musuzapiarena (digitopuntura)
Garatxoak kentzeko, olioa
Garatxoak kentzeko, oliotan busti behar ziren. Gero, olio hau eta San Martzial ermitara eraman behar zen eta olio lanpara batean laga.
Lanpara piztu eta, olioa desagertzearekin batera garatxoak desagertzen ziren.
Haginetako mina kentzeko, Santa Apolonia
San Andres bailarakoek, haginetako mina kentzeko, kandela pizten zuten San Andres ermitan zegoen Santa Luzia eta Santa Apolonia koadroren aurrean.
Titia emateko, Santa Ageda
Garai batean, umeei titia emateko arazoak zituzten amak Santa Ageda ermitara joaten ziren.
Otoitz egin, kandela piztu eta limosna lagatzen zuten[2].
Ume negarrak bukatzeko, San Esteban
San Esteban egunean (abenduak 26) amek bere ume negartiak eramaten zituzten Irureko ermitara. Bertan errezatu eta kandela piztu era gero, umeak baretzen omen ziren, negarrak bukatuz.
Umeen aize-itxiak kentzeko, San Esteban ere
Aize txikiak edo haize-minak zituzten umeak sendatzeko, San Esteban ermitako aldare gainetik pasatzen ziren. Gero, kandela piztu behar zen eta limosna laga. Oso entzutetsua zen, eta urrutitik ekartzen zituzten amek beraien seme-alabak.
Umeen toteltasuna konpontzeko, San Andres
Ume totelak San Andres ermitara ekartzen zituzten amek, sendatzeko.
Eztarrirako, opilak, goxokiak eta lokarriak
Urte guztian eztarria babesteko San Blas opilak modukorik ez zegoen.
Aurreko egunetan San Blas opilak prestatu, eta egunean bertan elizara eramaten ziren bedeinkatzera. Fruta, goxokiak, lokarriak... eramaten dituena ere badago. Ahal bazen, neska-mutilak arduratzen ziren lan honekin, edo bestela andrak.
Eguerdian, San Blas opila apurtu eta lehen zatiarekin Aitaren egin eta gero, jan zitekeen.
Usadio honek gogor eta sendo irauten du oraindik.
Kolpeentzako, ukenduak
Betidanik ezagutu izan dira ukenduak kolpeentzat.
XX mende hasieran oso ezagunak ziren Ezequiela Galarragarenak, Santa Ana kaleko 12. zenbakian bizi zena, Ormaetxea jauregian. XX mende bukaeran, berriz, Osintxuko Paulitarenak ondo apreziatuta zeuden.
Heriotzak
Hil kanpaiak
Aurrena hilzoriko jotzea izaten zen. Inor hilzorian bazegoen, jotze honek herri guztia jakinarazten zuen, pertsona horren alde otoitz egiteko. Nahiz eta kanpaiak ezin izena zabaldu, hiltzoriko jotzearekin batera asmakizunak eta esamesak hasten ziren, zein izango ete zen.
Pertsona bat hil eta gero, hil kanpaiak jotzen ziren: andrentzat 7 jotze, eta gizonentzat 9. Eliz jendeak (abadeek, praileek eta mojek) jotze gehiago zuten, mota bakoitzak bereak. Umeentzat, berriz, kanpai-errepikea jotzen zen, repique de gloria esaten zitzaiona[3].
Eta, hileta elizkizunak egun bertan baziren, kanpaien bidez ere iragartzen zen.
Erramuak
Etxeetan Erramu Domekan bedeinkatutako erramua gordetzen zen, eta inoiz ur bedeinkatua ere.
Hilzorian zeudenak laguntzeko erabiltzen ziren.
Hil-beilak
Garai batean, heriotza gehienak etxean izaten ziren.
Heriotza osteko gauan hil-beila egiten zen. Familikoak biltzen ziren, eta gau osoa lo egin barik ematen zuten. Noizean behin errezoak egiten zituzten, eta gainontzeko denbora kontu-kontari, inoiz jaten eta edaten ere pasatzen ziren.
Hileta mezak
Hileta elizkizunak familiaren diruaren araberakoak izaten ziren: lehen motakoak, bigarren motakoak, hirugarren motakoak...
Gainera, familia aberatsetan, aldare nagusian meza ematen ari ziren bitartea alboko aldareetan ere beste mezak ematzen zituzten, paraleloan. Beti gastatzeko diruaren arabera.
Ekaitzak eta arriskuak
Kandelak
Kandelaria egunean bedeinkatutako kandelak ondo gordetzen ziren.
Etxean apururik bazen, edo ekaitz bortitzak baziren, kandela bedeinkatu haiek pizten zituzten. Modu honetan etxekoak, pertsonak zein animaliak, babestuta geratzen ziren.
Soro bedeinkapena
Baserrietan zegoen arriskuetako bat txingorra zen, urteko uzta osoa desegin zezakeelako, eta honekin batera familiaren ekonomia.
Ekiditzeko, abadeek soroak bedeinkatzen zuten, txingorretik babesteko.
Bedeinkapen hau ordaindutakoa izaten zen. Ba zen ordaintze ez zuen baserritarrak ere: Alboko soroak dagoeneko babestuta badaude, nireak ere babestuta egongo dira!
Ore-kanpaiak
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen
Hodei tontor beltzen bat (orea) antzematen zuenean (uda partean batez ere), (Arteta baserriko nagusia San Andreseko kanpaia jotzen hasten zen (Han, han, han!), euri edo txingor zaparradak heldu aurretik baserritarrek egiten ari zireneri laga eta azkar etxeratzeko.
Ekaitza ez ba zen urruntzen, parrokiko Santa Barbara kanpaia jotzen zuten (Nun, nun, nun?). Eta Santa Ana monjen konbentuko kanpaia ere ez zen ixilik geratzen. Orduan, abadeak ekaitza konjuratzen zuen, larreak eta uztak ez galtzeko.
Erlijio usadioak
Aurrekoez gain, erlijioarekin lotutako usadio asko izan dira (eta dira) Soraluzen. Batzuk herriko jaiekin lotuta zeuden.
Karidadea
- Gehiago jakiteko, sakatu hemen.
San Marzial bezperan (abuztuak 31an), txahala hiltzen zuten. Gau guztian erretzen zuten eta biharamonean, San Martzial egunean, meza ostean ogia, okela eta salda banatzen zieten etorritakoei. Karidadea esaten zitzaion, eta Osintxun ere egiten zen[4].
Jose Migel Barandiaran ere jaso zuen, pixkat desberdina:
- San Marzial egunean, egunsentian, txahala hiltzen zen eta jendearen artean karidadea (okela eta ogia) banatzen zen.
Ezoziako santutegian ere karidadearen ohitura izan zen, baina XVIII mendearen bigarren erdian galdu zen.
Gabonetako sua
- (Jose Miguel Barandiaranek jasoa)
Gabonetan beheko suan enbor edo egur berezia jartzen omen zen.
Gabon kantak
Gabon egunaren goizaldean, neska mutilak etxez etxe joaten ohi ziren gabon kantak abesten, batez ere Gabon gabonete, gero aginaldoa eskatzeko.
Eguzki amandrea
Aspaldi aspaldian, iluntzerakoan eguzkiari agurra igortzen zitzaion.
Honelaxe hasten zen: Eguzki amandrea badoia bere amangana...
Erreferentziak
- ↑ Antzitziketa, lasterka, korrika...
- ↑ Santa Águeda. Auñamendi Eusko Entziklopedia (erderaz)
- ↑ Aingerutxoa zerura zuzenean joaten zelako.
- ↑ Caridades, cofradías y fiestas. Los santos mártires Emeterio y Celedonio de Osintxu (Bergara) y de Soraluze-Placencia de las Armas [Gipuzkoa]. José Ignacio Homobono (Kobie, 1988).